Eta zer ez da (ez)berdin

«Inoiz ez dugu planteatu ere egin batera aritzea»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko otsailaren 5a

Joseba eta Unai Regillaga.

Nage No Kata judo diziplinan munduko onenen artean daude Joseba eta Unai Regillaga amezketarrak. Eskolaz kanpoko jarduera moduan hasi ziren oso gazte zirela, eta espero gabe goi mailan kokatzea lortu dute.

Egungo Nage No Kata judo diziplinako munduko onenekin lehiatzen dira Unai (Amezketa, 2002) eta Joseba Regillaga (Amezketa, 2004) anaiak. Unai anaia zaharrena izan zen bidea ireki zuena, eta, egun, Unai Saralegi lagunarekin batera aritzen da. Joseba anai gazteak, berriz, anai zaharrenaren arrastoari jarraitu zion. Joseba Etxarri tolosarrarekin batera, anai zaharrenaren emaitzak gainditu nahi ditu.

Noiz eta nola hasi zineten judoaren munduan?

Joseba: Nire kasuan lau urterekin hasi nintzen Amezketako eskolaz kanpoko jarduera moduan. Maddi Amiano altzotarra zen gure irakaslea. Tolosan hasi arte bera izan zen dena irakatsi ziguna.

Unai: Lehen urtea zen judoa sartzen zutela eskolaz kanpoko kirol bezala. Betiko futbolaz, saskibaloiaz eta eskubaloiaz harago, judoan hasteko aukera ikusi zuten gurasoek. Etxean ere ez ginen geldirik egotekoak. Gure energia guztia horretara bideratzeko aukera ere bazen judoa.

Amezketan, pilotari asko, mendi korrikalariren batzuk ere bai, futbolariren bat… Baina judokak?

Unai: Askok esaten digute ez gaituztela Amezketarekin identifikatzen [barrezka]. Kirolari bikainak ditugu modalitate ezberdinetan, eta gu ere saiatzen gara judoan haien pare ibiltzen.

Joseba: Egun oraindik ere jarraitzen du judoak eskolaz kanpoko jarduera izaten, eta gurekin entrenatzen duten asko dira haien irakasle. Kanpoko kirola da judoa, baina herri txikietara gerturatzen saiatzen gara.

Judoan urte batzuk egin ondoren, gaur egun zuen diziplina Nage No Kata da. Nola hasi zineten horretan?

Unai: Gu hasterako, jada Tolosan lantzen zen modalitate bat zen. Egun nire bikotekide den Unai Saralegi Albizturko Aitor Alberdirekin aritzen zen. Haiek izan ziren aitzindariak. Lesio bategatik, biek utzi egin behar izan zuten. Saralegi lesiotik itzuli zenean, harekin aritzeko gonbita luzatu zidan. Gerriko beltza ateratzeko gainera, ezinbestekoa da Nage No Kata modalitatea edukitzea. Hasi ginenetik gaur arte, batera jarraitzen dugu.

Anaiaren arrastoan hasi zinen zu, Joseba?

Joseba: 2018 eta 2019ko denboraldian hasi ginen gu klubean Nage No Kata diziplina jorratzen. Gu ere, gerriko beltza ateratzeko aitzakian hasi ginen. Egun batean, Joseba Etxarriren bikotekidea eta nirea ez ziren azaldu, eta behartuta biak batera hasi ginen. Ondo moldatzen ginela ikusi genuen, eta Oskar Gibelalde entrenatzaileak aipatu zigun batera ibil gintezkeela. Gu ere geroztik ez gara banandu.

Zer diziplina da Nage No Kata?

Unai: Olinpiar Jokoetan ikusten dugun judoak bere izena dauka, Shiai. Borroka moduko bat da. Batak bestearen aurka aritu behar izaten du. Helburua, aurkaria mugitu ezinik uztea da. Bestea lurrera jaurtiz gero eta puntuazio altua lortuz gero ere, amaitu egiten da. Hori lortzen duenak irabazten du. Denbora batzuk daude, eta nola erortzen den ikusita, puntuazio ezberdinak izaten ditu. Geurea, aldiz, Kata, binaka egiten da. Judoan borrokan ikusten diren giltza horiek, sekuentzia batean egitea lortu behar izaten dugu. Eszenifikazio bat da, eta perfekzioa lortzean datza kontua. Bata bestearen atzetik egin behar izaten ditugu giltzak. Planifikatuta dauden giltzak izaten dira. Perfekzio handiena lortzen duenak irabazten du kasu honetan.

Joseba: Bikote bakoitzeko kideak izen bat hartzen du. Nire kasuan, ni Tori nintzateke. Bestea proiektatzen edo lurrera botatzen duenak hartzen du izen hori. Unaik, aldiz, Uke izena hartzen du. Lurrera joaten denak hartzen duen izena da. Bere helburu nagusia mugimendua onartzea eta erorketa segurua egitea da.

Nahiz eta bakoitzak beste bikotekide bat izan, anaiak izanda, askotan entrenatzen duzue etxean?

Unai: Etxean tatami bat botatzen dugu faltan! Borroka normalak egiten ditugu, baina oso ezberdin egiten zaigu bioi ere. Oraindik ez gara txapelketa batera bikote bezala joan.

Joseba: Gertatu liteke gure bikotekideak ezin joan izatea txapelketa batetara, eta gu bikote bezala joatea. Adostu egin beharko genuke geure artean… eta pazientzia izan batak bestearekin [barrezka].

Unai: Askok esaten digute ea zergatik ez garen batera aritzen, baina inoiz ez dugu planteatu ere egin. Ikastaroetan ibili izan gara batera, baina txapelketak beste kontu bat dira. Oraingoz horrela jarraituko dugu.

Nola gogoratzen duzue 2024ko azaroaren 17a?

Unai: Munduko Txapelketako sailkapen fasean lehen postuan sailkatu ginen 26 bikotetatik. Finalean, lehenik laugarren postuan hasi ginen, ondoren lidergoan jarri ginen, baina azken unean herbeheretar batzuk aurreratu gintuzten. Bigarren postuan amaitu genuen.

Joseba: Gurea ezustekoa izan zen. Bigarren mundukoa genuen. Gu ere bi taldetan banandu gintuzten, nahiz eta ez ginen hainbeste bikote. Oso labainkor zegoen lurra, eta gure bikotekideek lan handia egin behar izan zuten. Bion emaitzak aldi berean bistaratu zituzten, eta poz izugarria izan zen. Zortez, irabazteko aukera izan genuen hogeita hiru urtez azpikoen mailan. Ez genuen batere espero! Emozio asko pilatu ziren!

Las Vegas izan zen txapelketa hura. Bertan ospatu al zenuten?

Unai: Afaltzera atera ginen, baina ezin izan genuen parranda handirik egin. Hurrengo egunean itzulerako hegazkina hartu behar genuen. Etxera itzultzean, bai, ospatu genuen. Klubeko jendea eta etxekoak zain genituen, eta orduan konturatu ginen munduko lehenak eta bigarrenak izan ginela. Zaila da sinistea gurea bezalako herri txiki bateko kirolariek horrelako emaitza bat lortzea kirol gutxitu batean.

Munduko txapeldun eta txapeldunorde izan eta gero, zuen bizitza ezertan aldatu zen kirol mailan?

Joseba: Nire kasuan hogeita hiru urtez azpiko azken txapelketa izan zen, eta hura izan zen maila horretan jokatu zen azken txapelketa. Maila kentzea erabaki zuten. Gutxira, Espainiakoak eta Europan ere maila kendu zuten. Urte berean, Espainiako, Europako eta munduko azken txapeldunak izan ginen.

Unai: Konturatu ginen goi-mailan lehiatzeko gaia bagenuela. Inflexio puntu bat izan zen hura. Puntu asko pilatu genituen, eta geroztik rankingean goran ibili gara. Eta orain, Gijonen (Asturias, Espainia) lortutako azken emaitzekin gainera, esan dezakegu Judo Klub Tolosako bi bikote munduko sei onenen artean gaudela.

Bestearen bi gaitasun eskatuko dizkizuet.

Joseba: Lehenengoa, bere eskuzabaltasuna. Segituan konturatzen da bestearen gabeziaz, eta jarraian laguntzeko prest azaltzen da. Gaitasun hori nik baino garatuagoa dauka. Eta bigarrena, gauza txarrei buelta emateko daukan gaitasuna. Nik, horrelakoetan, buelta gehiago ematen dizkiet 
gauzei.

Unai: Bere pazientzia! Nik ez dudan gaitasun hori du Josebak. Azkar berotzen naizen horietakoa naiz. Horretan, ni baino buru hotzagoa da. Eta bestea, gauzak nola gertatuko diren aurreikusteko duen erraztasuna. Badaki gora iristeko zein pauso eman behar dituen. Bidean baten bati ezezkoa eman behar badio, ezezkoa emango dio. Gauzak garbi izaten ditu horrelakoetan.

Zein da zuen kirol ibilbidean izan duzuen egunik ahaztezinena?

Joseba: Nagusiena, Las Vegaseko Txapelketa litzateke, baina, nik, agian, nire kirol ibilbidean jokatutako lehenengo Europako Txapelketa aipatuko nuke. Emaitza hura ere ez genuen espero! Eslovenian izan zen. Orduan ere, hauek, bigarren amaitu zuten gainera.

Unai: Orain dela gutxi Tolosan jaso genuen saria. Gazteetan bi Josebak atera ziren onenak, eta, helduetan, aldiz, bi Unaik jaso genuen saria. Josebarekin une hori partekatzea ederra izan zen.

Judoak kirolaz harago zer eman dizuela pertsonalki esango zenukete?

Unai: Aurkariekiko errespetua ezinbestekoa da kirol honetan, eta alde horretatik balore batzuk eman dizkigu.

Joseba: Urtetik urtera gerrikoa aldatzeko garaian piztu izan didan ilusioa izugarria izan da. Bestalde, Unaik aipatu bezala, besteekiko behar den errespetua nabarmenduko nuke. Aurkariak gara, baina kolpe txarren bat izaten denean parekoaz arduratzen gara lehenik. Errespetuak asko markatzen du kirol honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!