El Salvadorren ekin dio bigarren urtez denboraldiari Naia Amondarain (Ibarra, 2001) Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindulari ibartarrak. Denboraldiko lehen itzulia, podiumeko hirugarren lekuan amaitu du, taldekide duen Paula Patiño kolonbiarrak irabazitako Tourrean. Datozen egunetan ere lehiatzen jarraituko dute bertan.
Nola ekin diozu denboraldiari?
Gogotsu hasi naiz. Aurten berriz ere El Salvadorren ekin diogu denboraldiari, nahiz eta iaz egun batzuk beranduago etorri ginen. Iazko esperientzia ona izan zen, abentura moduko bat izan zen guretzat. Aurten bagenekien nora gentozen eta zer aurkituko genuen. Urtero moduan ari gara, material berria, taldekide berriak… Oso gogotsu nago.
Emaitza bikainarekin hasi duzu denboraldia.
Denetik izan dugu El Salvadorko Tourrean. Taldearen lana izugarria izan da, eta denok ere lan handia egin dugu. Taldekide bat izan da garailea, eta nik ere hirugarren postuan amaitzeko aukera izan nuen. Oso segundo gutxiren barruan geunden korrikalari asko. Azken etapan segundo bat irabazteko aukera izan nuen azken kilometro eta erdian, eta horrek eman zidan podiuma. Oso pozik nago lortutako emaitzarekin.
Nolakoa izan da denboraldi-aurreko prestaketa?
Espero bezala joan da. Ez dut aldaketa berezirik izan. Taldearekin lehen egonaldia abenduan egin genuen, eta beste astebetez Alteara (Alacant, Herrialde Katalanak) jaitsi ginen eguraldi onaren bila. Bolumen asko sartu genuen lehen asteetan. Azken asteetan, aldiz, lehiatzera El Salvadorrera gindoazela jakinik, intentsitatea sartu genuen.
Zerbait bereziki landu duzu aurtengo denboraldirako?
Neguan gimnasio asko sartu dut aurten ere. Gero eta garrantzi handiagoa ematen ari naiz arlo honi. Lesioak saihesteko ezinbestekoa da. Honez gain, ez nuke ezer berezirik aipatuko.
Laugarren sasoia izango duzu Laboral Kutxa-Euskadi taldean. Zerbait aldatu da zure lana taldean?
Joan den urtean jada aurkitu nuen nire lekua taldean. Taldeari laguntzea da nire eginbehar nagusiena. Halere, aurten, erregularragoa izatea gustatuko litzaidake egin beharreko lan horretan. Iaz, lasterketa batzuetan ez nintzen espero bezala aritu. Ez nuen nire maila erakutsi. Beste jauzi bat eman nahi dut aurten. Urtero ikasten dira gauza ezberdinak, eta ikasitakoak erakusten saiatuko naiz.
Aurreko urteekin alderatuta, ezberdin sentitzen zara fisikoki eta mentalki?
Iazko denboraldia oso gustura amaitu nuen. Lasterketa ezberdinak izan ziren, eta luzeetan ondo aritu nintzen. Mentalki ondo amaitu nuen, eta fisikoki ere bai. Lehiatzen jarraitzeko gogotsu nago. Denboraldi-aurrean beti izaten dugu urduritasun edo zalantza puntu hori. Egindako lan guztia bistaratu nahi izaten dugu. Horren esperantzarekin gaude aurten ere.
Zein helburu jarri dizkiozu zure buruari?
Helburu batzuk norberarentzat gordetzen dira, baina gustatuko litzaidake tokatuko zaidan lan horretan hobekuntza bat ikustea. Azken urteetan pilatutako esperientziari zukua atera nahiko nioke aurtengo sasoian.
Zein egutegi egingo duzu?
Beti egoten diren arren azken momentuko aldaketak, nahiko finkatuta daukat jada nire egutegia. Hilaren amaierara arte El Salvadorko lasterketa hauetan izango naiz. Ondoren, Almeriako Klasikoa (Andaluzia, Espainia) jokatuko dut, eta handik, Belgikako Klasikoetara lehiatzera joango naiz. Maiatzean, etxeko lasterketa batzuk jokatu nahiko nituzke, baina oraindik urruti dago maiatza.
Bereziki gorriz azpimarratuta baduzu lasterketaren bat?
Itzulia, Nafarroako Itzulia, Durango, Eibar… Etxeko lasterketa horietan lehiatzeak berebiziko ilusioa egingo lidake. Ederra litzateke lasterketa hauetara sasoi onean iristea. Halere, gehien gustatuko litzaidakeena Italiako Girora itzultzea da. Iaz, erorketengatik bertan behera utzi behar izan nuen lasterketa. Sentsazio txarrak utzi zizkidan Giroak. Arantza hori atera nahiko nuke.
Zure kirol ibilbideko zein heldutasun puntutan zaudela sentitzen duzu?
Prozesuaz gozatzen ari naizela uste dut, eta bizimodu honetaz disfrutatzen ari naiz. Nire esku dauden gauzetan zentratuta nago, ahalik eta errendimendurik onena emateko. Taldean oso eroso sentitzen naiz, baina ez dut egoera horretan erlaxatu nahi. Hobetzeko motibazioaren bila jarraitu nahi dut.
Hurrengo bi urteetarako kontratua berritzeak lasaitasuna ekarri dizu?
Bai, zalantzarik gabe. Beste bi urtez jarraitzeko aukerak lasaitasuna ematen du. Taldeak zugan konfiantza duela jakitea gauza ederra da. Halere, ezin naiz erlaxatu. Urtetik urtera maila izugarri igotzen ari da, eta ezin dut lo hartu. Lanean jarraitu nahi dut. Taldea jauzi handiak ematen ari da, eta horren parte izatea ere polita izaten ari da.
Zerk egiten du berezi Laboral Kutxa-Euskadi taldea?
Abenduan egin genuen aurtengo lehen egonaldian, taldeko txirrindulari atzerritarrek jada esan ziguten gure arteko giroa izugarri zela, oso familiarra zela. Urtero saiatzen gara txirrindulari berriei gauzak errazten taldera hobeto egokitzeko. Lasterketetan islatzen da taldean dugun giro bikain hori.
Oro har, nola ikusten duzu taldea?
Gogo handiarekin ikusten ditut denak. Lehen egunetik dudan sentsazioa da. Ikusten ari gara urtetik urtera goraka goazela, eta gauzak ondo egiten ari garela. Urte polita daukagu aurretik.
Aurten ere atzerriko txirrindulari berriak iritsi dira taldera. Horrek, emaitzak lortzeko presioa areagotu egiten du?
Exijentzia maila igo egin da, eta gure mentalitatea ere ezberdina da. Taldearen maila gora doan heinean, planteamentuak ere aldatu egiten dira. Denon arteko oreka bilatzen saiatzen gara.
Zer eskatzen diozu aurtengo denboraldiari?
Lehenik, osasuna. Ondoren, gozatzen saiatu nahi dut. Nire esku dagoen guztia egingo dut aurten beste koska bat igotzeko eta hobetzeko.