ELKARRIZKETA

«Modalitate berriek pilotan jarraitzeko aukera ematen didate»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko urtarrilaren 25a

Miren Larrarte Maioz Bidaniko frontoian. A.I.

Eskuetako odol zirkulazio arazoek pilota mistoa uztera behartu dute Miren Larrarte Maioz, baina wallball eta frontball modalitateetan lehiatzen jarraitzeko gogoz dago.

Eskuetako arazoak izan dira Miren Larrarte Maioz pilotariarentzat (Bidania-Goiatz, 2002) bere kirol ibilbideko buruhausterik handiena. Hainbat urtez eskuetako minez ibili eta arazoari buelta ematen ari zela, eskuetako odol zirkulazio arazoak izan dira bere gurutzea azkenaldian. Hainbat txapelketa eta domina irabazi dituen arren, pilota mistoarekin jokatzeari utzi beharko dio. Hala ere, ez du pilota baztertzeko asmorik. Aitzitik, pilotak eskaintzen dituen modalitate berrietan aritzeko irrikaz dago.

Nolako urtea izan da amaitu berri dugun 2025eko hau?

Urte hasieran oraindik ere frontoian jokatzen ari nintzen pilota mistoarekin. Federazioko hainbat txapelketa jokatu nituen, tartean GRAVN eta Euskal Liga. Nahiko gustura amaitu nuen lortutako emaitzekin. Udan, jaietako partida asko jokatu nituen. Haiek amaitzean, ordu asko sartu nituen wallball-ean eta frontball-ean. Handik gutxira Herbehereetan izan ginen euskal selekzioarekin Munduko Wallball-eko Txapelketa jokatzen. Orain gutxi, Mexikon ere egon gara frontball-ekoa jokatzen. Domina batzuekin itzuli ginen etxera.

Urtea bai, baina noiz hasten eta amaitzen da denboraldia pilotan?

Frontoian jokatzen baduzu behintzat, ez da inoiz amaitzen [barrez]. Astebururo izaten dira partida bat baino gehiago. Askotan, udan edo Gabon garaian, askok esaten digute: «Orain lasaiago ibiliko zarete?. Bada, guztiz kontrakoa izaten da! Jendea lasaiago egoten den garaian, guri partida gehien jokatzea tokatzen zaigu. Gure bizitzaren parte handi bat da pilota. Astean zehar bakoitzak bere lana dauka, eta asteburuetan ordu asko eskaintzen dizkiogu pilotari. 

Nolako modalitateak dira 'wallball'-a eta 'frontball'-a?

Biak oso antzekoak dira, baina pilotak eta kantxak bereizten dituzte nagusiki. Frontball-ak txapa dauka; wallball-ak, berriz, ez. Frontball-eko pilota laranja kolorekoa da, pisutsuagoa, eta kontrolatzeko errazagoa. Wallball-ean erabiltzen dena, berriz, hemengo fronteniseko pilotaren oso antzekoa da.

Jokatzeko modua ere ezberdina da. Wallball-ean, pilotari jo eta aurkariari ahalik eta enbarazu handiena egin behar diozu, zu geldi geratuta. Frontball-ean, ordea, esku pilotaren antzera jokatzen da: pilotari eman orduko, paretik kendu behar da.

Eskularru moduko batekin jokatzen duzue bi modalitate hauetan. Zertan eragiten dio pilotari?

Eskularrua wallball-ean eta Nazioarteko Jokoan erabiltzen dugu. Pilotak eskua ez pikatzeko soilik da, besterik ez; ez dauka bestelako funtziorik. Eskuak hoztuta baldin badituzu, pilota jotzean asko pikatzen du eskuetan. Babesteko da gehienbat, nahiz eta, hala ere, tarteka ubelduren bat edo beste ateratzen zaigun. 

Azken bi urteak jada etxean daramatzazu bizitzen, baina aurreko urteetan Bilbon bizitzen egon zinen ikasketengatik. Han pilotari bizitza eramatea zailagoa da?

Askoz ere zailagoa da, bai. Hiri handi batean zaude, eta han ez daukazu gertuko klub baten laguntzarik. Lehen urtean, esaterako, astean behin, Dimaraino (Bizkaia) joaten nintzen entrenatzera. Bilbotik 40 minutura dago Dima. Oso-oso gustura joaten nintzen, eta oso ondo hartu ninduten, baina gehiegi zen. Horren ondoren, Bilbon frontoiren bat topatzen saiatu nintzen. Deustu auzoan badago frontoi ireki bat, eta hara joaten nintzen eskuak egitera. Baina, noski, euria egiten zuenean ez neukan frontoirik. Joaten nintzenean ere, bakarrik joaten nintzen, eta asko jaitsi nuen maila. Saiatzen nintzen arren, oso zaila zen. Ez neukan hemen inguruan dudan babesik. 

Bilbon igarotako lau urteetan, asko jaitsi zen zure maila?

Bai, palan ere jokatzen nuen oraindik, eta bi modalitatetan aritzeak… Eskuz behintzat, asko jaitsi nuen maila. Egia da, asteburuak probesten nituela gehiago entrenatzeko, baina iruditzen zait ematen nuena baino askoz gehiago eman nezakeela. Gehiago ez entrenatzeak eraman ninduen egoera hartara.

Ikasketak, entrenamendu faltak, frontoirik ezak… Egoera ikusita, askotan pasa izan zitzaizun burutik pilota uztea?

Bai, askotan. Urte haietan pilota albo batera utzita ere izan nuen. Hala ere, inoiz ez zitzaidan erabat burutik pasa pilota betiko uztea. Denbora bat hartu nuen, gutxiago entrenatu nuen, eta gustuko nituen beste gauza batzuei eskaini nien nire denbora. Hala ere, lehen aipatu dudan bezala, beti itzuli izan naiz pilotara. Ez da erraza pilota mistoarekin ibiltzea, eta orain jokatzen nabilen modalitate berri hauek bizitza eman didate. Orain esku pilota utzita daukat, baina lehenago beste modalitate asko topatu ditut gozatzen jarraitzeko. 

Modalitate berri hauek bateragarriak al dira esku pilotarekin?

Esku pilota utzita daukat gaur egun, jada ez dut jokatzen pilota mistoarekin. Niri, halere, iruditzen zait bateragarriak direla. Arazo handiena zera da: astean zehar pilota mistoarekin entrenatzen baduzu eta asteburuetan gainera partidak jokatzen badituzu, noiz entrenatu zaitezke modalitate berri hauetarako? Euskal selekzioarekin, askotan, igande goizetan edo arratsaldetan geratzen gara entrenatzeko. Modalitate berri hauei denbora gehiago dedikatuz gero, emaitzak askoz ere hobeak izango lirateke. Teknika oso barneratuta daukagu jada, eta badirudi oso ondo moldatu garela guretzat oraindik ere kirol berriak diren hauetara. Ondo moldatzen gara eta bateragarriak dira, baina lan handia eskatzen dute.

Modalitate berri hauek espezializazioa ekarriko dutela iruditzen zaizu?

Nik uste dut oraindik ezetz. Barne eztabaida handia dago. Esku pilota hemengo kirola da, baina lehen aipatu bezala bateragarriak dira. Gaur-gaurkoz, pilotari gutxi batzuk gara modalitate berri hauetan ari garenak. Ni ere jada talde honetan sartzen naiz. Oso alternatiba polita iruditzen zait nik bezala eskuetatik asko sufritzen duten pilotarientzat. 

Egun, Dimako (Bizkaia) kluba da Euskal Herrian modalitate berri hauetan aritzen den talde bakarra. Etorkizunean talde gehiago azalduko dira?

Zergatik ez! Urte batzuetara izan daitekeela iruditzen zait. Gaur-gaurkoz halere ez dut uste talde gehiago animatuko denik. 

Urte asko eman dituzu esku pilotan jokatzen. Gogoan duzu nola hasi zinen pilotan?

Oso umetatik bizi izan dut pilota. Egunero joaten nintzen pilotan jokatzera, izan lagunekin, anaiarekin, edo bakarrik. Egun guztia frontoian pasatzen nuen! Oso oroitzapen politak ditut. Orduan ez zegoen ardurarik. Pilota bakar bat nahikoa izaten zen arratsalde guztia jolasten pasatzeko. Pilotarik gabe ezin nuen bizi. Urteak aurrera joan ahala, 8 urterekin palan jokatzen ere hasi nintzen. Orduan hura zen joera, alegia, emakumeak palan jokatzea. Palan ere gustura aritu nintzen. Nire bizitzaren parte handi bat izan da pilota.

Erreferenterik izan duzu pilotaren munduan?

Eskuz eta neskatan behintzat ez nuen erreferenterik izan. Egia da, palan banituela batzuk, orduan, horretan gehien aritzen zirelako, gure entrenatzaileetatik hasita. Munduko txapelketak ere jokatzen zituzten. 

Bidania-Goiatz beti izan da herri pitolazalea.

Bai, hala ere lehen gaur egun baino gehiago. Gaur egun, frontoian ere futbolean aritzen dira! Indar handia hartu du futbolak herrian. Lehen, beti topatzen zenuen baten bat pilotan jokatzen. Orain, aldiz, edo futbolean aritzen dira edo ez dago inor, edo bertan direnetako asko mugikorrarekin jolasten ikusten ditut. Geroz eta pilotari gutxiago dago herri txikietan ere. Gauzak asko ari dira aldatzen. 

Herri txikiak izan dira historian zehar pilotari gehien eman duten herriak. Alde horretatik arriskua ikusten diozu?

Bai, arriskua hor dago. Pena izugarria ematen dit. Lehen aipatutako futbolak eta teknologia berriek indar handia dute, eta pilotaria izateko ordu asko sartu behar dira frontoian. Gaur egungo gazteek pilota gustukoa ez badute eta zaletasunik ez badago, arriskua areagotu egiten da. 

Eskualdean gizonezko asko ari da pilota profesionalean jokatzen. Emakumeetan, aldiz, bakan batzuk besterik ez.

Bai, Itxaso Erasun da bestea. Nik dakidala ez dago beste inor. Gaur egun ez dut inor gogoratzen pilota mistoarekin lehen mailan aritzeko moduan datorrenik. Gipuzkoan, aldiz, badabil jendea. Federazioarekin egin genuen egonaldi bat, bai neska eta bai mutil, eta nesken artean ikusi nuen pilotan ondo aritzen zenik. Izugarrizko poza hartu nuen haiek ikustean!

Zer pentsatua ematen dizu?

Bai, noski! Askotan galdetzen diot neure buruari: «Guk uzten dugunean, nor etorriko da atzetik?». Pena handia ematen dit egoerak. Hala ere, badaukat esperantza. Gipuzkoako federazioa behintzat lan handia egiten ari da, eta teknifikazio egunak ere iragartzen ditu. Ea ez den haria eteten.

Pilota mistoarekin aritzeko arazo handiak izaten dira emakumeen artean. Asko kostatu zitzaizun pilota goxotik pilota mistorako jauzia?

Nire lehen txapelketa pilota mistoarekin, 14 urterekin jokatu nuen. Orduan, oraindik ere palan jokatzen nuen, eta, bat-batean, Antiguoko Txapelketan (Donostia) emakumeak sartzea okurritu zitzaien. Ezjakintasun betean azaldu nintzen bertara. Eskuentzako tako batzuk egiten lagundu zidaten, eta hara azaldu nintzen. Lehen partida amaitu ondoren, esku guztiak more-more eginda nituen. Ez nintzen batere ondo hasi! Oso gutxi prestatuta joan nintzen, baina, umea zarenean, Antiguotik deitzen dizute, eta asko pentsatu gabe baiezkoa eman nuen. Eskuak ez dira egun batetik bestera egiten. Min askorekin ibili izan naiz beti. 

Nola kudeatu izan duzu eskuko mina urte hauetan guztietan?

Eskuak egiteaz gain, partidak nola kudeatu ikasten da. Gaur egun, neska izanik, txapelketa guztietan sartu nahi zaituzte. Horrela, ostiralean, larunbatean eta igandean jokatzeko aukera izaten da, eta gaztea izanda eta izaten den ilusioarekin, zaila izaten da ezezkoa ematea. Eskaera guztiei baiezkoa emateak, ondorioak ekartzen ditu. Urteak aurrera joan ahala, ezezkoa esaten ere ikasi nuen. Entrenatzeari garrantzia ematen hasi nintzen, eta denboraren poderioz ere takoak ondo egiten ikasi nuen. Asteburuetan gehienez partida bat jokatzeko hautua egin nuen. Hori guztia ondo egiten ikasi nuenean, eskuetako odol zirkulazio arazoak hasi ziren. 

Zein izan ziren arazoaren lehen zantzuak?

Hatzak zuri-zuri nituela amaitzen nuen. Lehenik hatz bat zen, gero bi, ondoren hiru, eta amaitzeko denak. Nire gaur egungo lana fisioa dela jakinda, arazo horrekin ezin nuen jarraitu. Iaz erabaki nuen 2025eko uda izango zela arazoa konpontzeko mugarria. Horrela jarraituz gero, uztera kondenatuta nengoen. Uda arte jokatzen egon nintzen, baina minak eta arazoak hor jarraitzen zuenez, utzi beharra tokatu zait. 

Asko sufritu duzu?

Bai. Frustrazio handiarekin ibilitako bi edo hiru garai ere gogoratzen ditut bereziki. Ondo sentitzen nintzen askotan, baina partida bat jokatu eta berriro ere min handiarekin amaitzen nuen. Eskuetako mina oraindik ere ez da lesio baten moduan ikusten. Egia da, batzuetan, takoak egoki jarrita mina zerbait saihestu daitekeela. Niretzako lesio bat da. Batzuetan, gelditu eta ez genuke jokatu beharko, baina betiko zalantza izaten zen jokatu edo ez. Alde horretatik asko sufritu dut.

 

«Asko sufritu izan dut eskuetako arazoengatik»

Askotan tokatu izan zaizu ezezkoa ematea?

Azkenerako hori ere ikasi egiten da. Oso gaztea nintzen, nabarmendu egiten nintzen, eta horrelakoetan denek nahi zaituzte frontoian. Gero eta gehiago jokatu, diru kontuak ere tartean sartzen dira, ahaztu gabe 14 edo 16 urte dituzula! Adin horrekin, jokoz kanpo harrapatzen zaitu denak. Hala ere, bizitzarako ikasketa handi bat izan da. Asko erakusten du.

Eskuko odol zirkulazioaren arazoari soluzioa bilatzen saiatu zara, edo azkenerako etsi egin behar izan duzu?

Profesional izandako batzuekin hitz egin dut, eta soluzio batzuk eskaini dizkidate; esaterako, krema ezberdinak edo sendagai batzuk. Asko dira eskuetako minarekin aritzen direnak, baina haientzat lana da. Modu batera edo bestera, beti aurkitzen dute soluzioren bat. Eskuko minarekin jokatzen ohituta daude, mina ere barneratuta dute jada. Askok, lehen aipatutako sendagaiak hartzek dituzte, eta jokatzen jarraitzen dute. Baina ni, zein punturaino nago prest sendagai hori hartzeko ez banaiz horretatik bizi? Zein ondorio ekarriko dizkit etorkizunean farmako hauek hartzeak? Ni gainera ez naiz farmakoak hartu zalea. Argi daukat 60 urte pasa bitarte lanean aritu beharko dudala. Dena balantza batean jarri ondoren, uztea erabaki dut.

Ebakuntza gelatik pasatzeko aukera ere baztertuta daukazu?

Aukera hori ere hor dago, noski. Baina ni ez noa ebakuntza gela batera sartzera eskuko odol zirkulazio arazo hau konpontzeko, pilota mistoarekin jokatzen jarraitzearren. 

 

«Ebakuntza gelatik pasatzeko aukera baztertuta daukat»

Gaur egun esku pilotan dauden gizonen eta emakumeen arteko aldeak noizbait parekatuko dira?

Hasteko, iruditzen zait gizonezkoen eta emakumezkoen pilotak ez luketela batera joan behar. Oso zaila ikusten dut parekatzea. Txapelketa askotan lehenik mutilak eta ondoren neskek jokatzen dute, eta alderaketa asko egiten dira. Txapelketa horietan izugarrizko aldeak ikusten dira. Txapelketa bakoitza bere aldetik joan beharko luke, alegia, gizonezkoak alde batetik, eta emakumeak bestetik. Kirol berdina izan arren, oso ezberdinak dira jokatzeko moduan. Profesionaltasun maila berdinera iristea oso zaila ikusten dut. Gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak ikusita, are eta zailagoa izango da. Hemendik 20 urtera ez dakit gauzak nola egongo diren, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa ikusten dut. 

Urte hauetan guztietan bikote eta aurkari asko izan dituzu ondoan. Pilotari osoaren erretratu bat egin beharko bazenu, zein ezaugarri beharko lituzke?

Olatz Arrizabalagaren sakea, fisikoa eta ezker eskua; Enara Gaminderen errestoa; eta Laia Salsamendiren eskuin eskua eta bolea. 

Telebistaren etorrera izan zen gizonezkoen pilotari bultzada eman zion euskarria. Telebistaren laguntzarik gabe, emakumeen pilota ere arrisku larrian legoke?

Bai, zalantzarik gabe. Emakumeen esku pilota EITBrengatik hasi zen ezaguna egiten eta zabaltzen. Gaur egun jokatzen diren txapelketatak, eta telebistak botatzen dituen finalerdiak eta finalak kenduta, oso jende gutxik jarraitzen gaitu. Egia da, gero eta ezagunagoak garela, baina oraindik alde handia dago. Mutilekin jokatzen ditugun jaialdietan, haiena izaten da partida nagusia. Tristea da, baina telebistarik ez balego, ez litzateke emakumeen pilota zabalduko.

Kanpoan jokatzen ere aritu zara zu, esaterako, Mexikon edo Herbehereetan. Nola ikusten zaituztete kanpoan?

Oso-oso ezberdina da! Kanpoan inork ezagutzen ez gaituen arren, profesional oso ezagun baten pare tratatzen gaituzte. Askok pentsatuko dute gure ogibidea hau dela [barrez]. Mexikon egon izan garenean, jende asko gerturatu izan zaigu argazki eske. Oasi batean bezala sentitzen zara horrelakoetan! Etxera bueltatzean errealitate gordinera itzultzen gara. 

Munduko Txapelketak ere jokatu dira orain gutxi, eta pilotari askok aukera egin behar izan dute Espainiarekin edo euskal selekzioarekin jokatzeko. Zuk inoiz pentsatu duzu aukera horretan?

Bai. Baina betiko eztabaida da; edo Espainiarekin jokatzen duzu eta diru asko kobratzen duzu, edo Euskal Herriarekin joaten zara zure koloreak defendatzera baina sosik kobratu gabe itzultzen zara? Eztabaida honek ere oso gazte nintzela harrapatu ninduen. Hala ere, zalantzarik ez dut inoiz izan. Euro asko ordainduta ere, nik nahiago dut euskal selekzioarekin jokatu. Urte askotako borroka da. Espainiak urte askotan ez du nahi izan euskal selekzioak horrelako txapelketetan lehiatzea. Azkenean, Joxe Mari Mitxelenari esker, eta haren ondoan dabiltzanei esker, lortu da euskal selekzioak parte hartzea. Nik ere duela lau urte izan nuen aukera Biarritzen jokatu zen Front Wall-eko Munduko Txapelketa Espainiarekin lehiatzeko. Orduan, artean, oraindik ez zegoen euskal selekziorik, baina, orduan jada argi neukan zein zen nire erabakia. Orain, zer esanik ez!

 

«Beti izan dut argi euskal selekzioarekin jokatuko dudala Espainiako selekzioaren aurretik»

Federazioen artean nabaria da haustura, baina pilotarien artean nola dago harremana?

Joan aurretik nik ere banuen beldurra, gehienbat, Espainiarekin joatea erabaki zuten pilotari asko oso lagun onak ditudalako. Bi selekzioak aparte egon ginen, baina oso ondo moldatu ginen. Koloreak albo batera utzi genituen, baina bakoitzak geureari eusten genion. Guretzat aurkariak ziren, nahiz eta kasu askotan lagunak izan. 

Etorkizunera begira, ikusten duzu zeure burua entrenatzaile?

Gustukoa dut, baina gaur egun ez daukat denborarik. Oso polita da, baina nekagarria ere bai. Denbora gehiago izatean, eta, lehia uztean, ziur nago gazteak entrenatzen ariko naizela. Halere, oraindik ere lehiatzen jarraitu nahiko nuke. Gorputzak laguntzen badit, jokatzen jarraitzeko asmoa daukat modalitate ezberdinetan.

Pilotatik harago, fisioterapeuta lanean ari zara. Betidanik izan duzu gustuko?

Beti izan dut begiko. DBH garaian argi neukan osasungintzako langilea izan nahi nuela. Zalantzak izan nituen karrera aukeratzeko garaian, ez nekien Medikuntza, Erizaintza edo Fisioterapia ikasketak egin nahi ote nituen. Ikusi nuenean zer zegoen, argi neukan ez nuela hainbeste urtez ikasten egon nahi. Fisioko ikasketak egitea erabaki nuen. Kirolariengan gehien gerturatzen ninduen espezialitatea zen eta. Asko gozatu nuen karreran. Ez naiz batere damutzen. Gaur egun lanean nago, eta urte askotan honetan jarraitzea espero dut. Oso gustura joaten naiz lanera. Egunero dago zer ikasia langintza honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!