elkarrizketa

«Pilotak ez dit ezer zor, eta nik ere ez hari»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko urtarrilaren 15a

Hamabi urte egin ditu anoetarrak pilotari profesional moduan, eta lesio batengatik ibilbidea amaitu behar izan du. Umetako ametsa bete eta jende on asko ezagutzeko aukera eman dio pilotak.

Abuztuan eskafoidean izandako lesio batetik ezin irtenda ibili ondoren, agur esan beharko dio esku pilota profesionalari Xabier Tolosak (Anoeta, 1995). Hamabi urteko ibilbidea osatu du profesionaletan, eta bigarren mailako bi txapel ere irabazi ditu. Lesioagatik ezin izango du agurreko partidarik jokatu. Pilotarien artean oso estimatua izan da Tolosa. Bakean doa pilotatik.

Zer nolako sentsazioekin bizi izan dituzu azken aste hauek?

Azken urteetan izandako pasadizo txarrengatik, nahiko barneratuta neukan gerta zitekeela. Nire burua askotan ikusi dut pilotatik kanpo. Azken lesio honekin errematea eman diot. Ezin izan diot lesioari bueltarik eman. Oso zaila ikusten nuen berriro pilotan jokatzea, eta arrazoi horregatik gutxinaka dena barneratzen joan naiz. Ezin izan naiz erabat errekuperatu, eta prozesua nahiko ondo eraman dudala iruditzen zait.

Lesioa abuztuan izan zenuen arren, noiz konturatu zinen pilota ibilbidea amaitzera zihoala?

Azken lesioa eskafoidearen haustura izan da, eta denbora asko pasa dut eskumuturra ezin mugiturik. Errehabilitazio lanetan hasi nintzen besoaren atal ezberdinak indartzeko eta lantzeko, baina gauza ez zen hobetzen. Enpresakoekin ere hitz egiten egon nintzen kontratua abenduaren 31n amaitzen nuelako. Haiek ederki zekiten nire eskumuturra nola zegoen. Egoera baloratu genuen, hitz egin genuen, nire iritzia ere eskatu zidaten, baina azkenean kontratua ez berritzea erabaki zuten. Haien aldetik normala da hartutako erabakia. Normaltasun osoz hartu nuen erabakia. Oso harreman ona izan dut enpresarekin. Asko lagundu didate prozesu guzti honetan.

Lesioek buruko min asko eman dizkizute zure kirol ibilbidean.

Bai. Nire kirol ibilbidean bere lekua izan dute lesioek, eta kirolari profesionalak garen unetik lesioak onartzea besterik ez zaigu gelditzen. Gorputza muturreraino eramaten denean, arrisku handienetako bat da lesioen gaia.

Azken hilabeteetan oso gogorra egin zaizu egunero lesioarekin borrokan ibili behar izatea?

Aurretik nuen esperientzia kontuan izanda, oraingoan eramangarriagoa egin zait. Aurretik beste hiru ebakuntza eginda nituen, eta azkenerako ohitu egin naiz gauza guztiak ezker eskuarekin egiten. Oraingoan beste patxada batekin hartu dut lesioa.

Zeure eskuetan zegoen guztia egin duzu, edo azkenerako etsi egin behar izan duzu?

Lehen momentutik nire eskuetan zegoen guztia egin dut, esaterako, fisioekin lan handia, enpresako Txema Urrutia medikuarekin… Ordu asko pasa ditut hizketan arazoari soluzio bat bilatzeko, Justo Lillo prestatzailearekin ere ariketa espezifiko asko egin ditut, ahalegin guztiak egin ditut, baina, ondoren, frontoira joan eta bi kolpe eman ondoren, eskafoideko zonaldean izugarrizko ziztadak sentitzen nituen. Horrela ezinezkoa da pilotan jokatzea.

Denetan gogorrena zer izan da, lehen diagnostikoa jaso zenuenean edo azken egunetan hartu behar izan duzun erabakia?

Ez nuke jakingo esaten. Beharbada, lehen momentuko lesioaren emaitza izan daiteke. Partida jokatzen ari nintzen, eta, eroriko inozo batean tupust egin, eskumuturra lurrean jarri eta orduan apurtu nuen eskafoidea. Unean bertan konturatu nintzen larritasunaz. Zerbait larria egin nuela konturatu nintzen. Berotasunean, jokatzen jarraitu nuen, baina partida aurrera joan ahala gero eta min handiagoa nabaritzen hasi nintzen. Partida amaitzean, takoak kentzen ari nintzela eskumuturra mugitzeko gai ez nintzen. Medikuak hantxe bertan aurreratu zidan eskafoidea hautsita izateko aukera handiak nituela. Ez zuen hutsik egin.

Orokorrean enpresa ondo portatu al da?

Bai, zalantzarik gabe! Lehen momentutik oso ondo portatu da nirekin. Arazo guztiei aurre egiteko baliabide asko eskaini dizkidate, saiakera asko egin dituzte nire onerako, eta nire osasuna inporta izan zaiela iruditzen zait. Beti errespetuz tratatu eta lagundu didate, eta uneoro bikain portatu dira ASPE enpresakoak. Horrelakoetan ere aitortu behar da jasotako laguntza.

12 urte profesionaletan, bi txapel, 480 partida…

Nik ere ez nekien azken datu hori! Ibilbide emankorra izan dela esango nuke, eta harro nago egindakoaz. Bigarren mailan bi txapel lortu ditut, lehen mailan aritu naiz hiru urtetan, gorabehera batzuk ere bai tartean… Bi belaunaldi ezberdinetako pilotariak ezagutu ditut, esaterako, garai bateko Olaizola, Irujo, Titin III, Xala, eta ondoren gaur egunekoak. Batez ere bizitako esperientzia guztiekin geratzen naiz. Umetako ametsa betetzeko aukera izan dut. Jende on asko ezagutzeko aukera eman dit pilotak.

Pilotaren munduan ibilitako urte hauetan guztietan, nork lagundu zaitu gehien?

Gurasoek, horretan zalantzarik ez daukat. Ume umetatik ia partida guztietan izan ditut nirekin, eta une guztietan izan ditut ondoan laguntzeko prest.

Eta frontoi barruan?

Izan ere hainbeste bikotekiderekin jokatu dut! Oso zaila da bat esatea. Txapelketak Jokin Altunarekin edo Joseba Ezkurdiarekin jokatu nituenean oso gustura aritu nintzen. Bi pilotari on izateaz gain, oso pertsona onak dira. Asko lagundu zidaten biek ere. Munduaren amaieraraino joango nintzateke biekin! Erik Jakak ere asko lagundu izan zidan hasierako urteetan. Lesioren bat izan dudan aldiro, asko arduratu izan da nigatik. Asko estimatzen dut. Izen gehiago ere etortzen zaizkit burura, esaterako, Aitor Mendizabal, Aritz Lasa… Oso harreman ona izan dut guztiekin.

Zer eman dizu pilotak?

Bizitzeko modu bat. Pilota izan da nire bizitzaren ardatza. Lagun eta harreman asko egin ditut. Euskal Herria ezagutzeko ere aukera izan dut pilotarengatik. Nire ehuneko ehuna eskaini diot pilotari, eta niri ere asko eman dit pilotak.

Zerbait zor dizu pilotak?

Ez. Nire esku zegoen guztia egiten saiatu naiz. Denok ezin dugu, esaterako, Jokin Altuna bat iritsiko den lekura iritsi. Ni iritsi nintekeen lekura iritsi naiz, eta kontzientzia lasai daukat. Bestalde, nik ere ez diot ezer zor pilotari. Bakean noa alde horretatik.

Lesioarengatik, galtza txuriak jantzita ezin agurtzearen arantza gelditu zaizu?

Nik ez dut horretarako aukerarik izango, nahiz eta oso politak iruditzen zaizkidan horrelako amaierak. Pena ematen dit, baina onartzea besterik ez zait gelditzen.

Eta orain zer?

Lasai egon nahi dut denbora batean. Plan ezberdinak ere egiteko probestuko dut zalantzarik gabe. Irakasle izateko ikasketak ere egin nituen, eta lehen ere ibilitakoa naiz klaseak ematen. Beste lesio baten erdian aritu nintzen, eta oroitzapen onak ditut. Pilotaren munduan ere jarraitu nahiko nuke teknikari moduan. Asko betetzen nauen lana da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!