Danena Kirol Elkartean hamar urte egin ditu Eñaut Urkaregik (Larraul, 2007), eta datorren urtean Lidl-Trek taldearekin profesional mailan ariko da. Aurtengo denboraldiaz nahiz bere kirol ibilbideaz aritu da solasean.
Txapelketaz jositako uda eta udazken hasiera izan dituzu. Nola sentitu zara?
Espero ez genituen gauza asko lortu ditugu udan, eta alde horretatik oso uda emankorra izan da. Egun asko pasa ditut gainera etxetik kanpo, baina lortutako emaitzekin oso gustura nago.
Orain jada txirrindulari ezaguna zara Euskal Herri mailan, baina nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Niri bizikletan ibiltzen aitonak erakutsi zidan. Bi urte inguru izango nituen, eta etxean neukan bizikleta txiki batekin hasi nintzen. Frontoian atzera eta aurrera ibiltzen nintzen. Gutxinaka aldapetan murgildu nintzen. Larraulen gainera, jaisten ez dena igo egiten da.
Nolako umea zinen txikitan?
Hori amari galdetzea hobe izango da, baina badakit ez nintzela geldirik egotekoa. Larraul bezalako herri txiki batean gainera, ez geneukan denborapasa handirik, eta, gehienetan, parkean, txabolaren bat egiten edo belarra mozten zutenean bolen gainean ibiltzen ginen. Gurasoak ere lasai egoten ziren, ez baikenuen galtzeko arriskurik izaten.
Bizikleta gainean oso umetan hasi zinen arren, beste kirolik probatu zenuen?
Bai bai! Txikitan denetik probatu nuen; pilota, igeriketa, atletismoa, futbola ere bai… Halere, behin DBHn hasita, ez nuen denborarik dena egiteko, eta orduan erabaki nuen bizikletan bakarrik hastea. Garai hartan jada, bizikletan ibiltzearekin bakarrik ez zuen balio, entrenatu beharra zegoen.
Danena Kirol Elkartean hainbat urte eman eta gero, agurtzeko garaia iritsi zen azaroan.
Benjamin mailan hasi eta jubeniletako azken urtera arte, hamar denboraldi egin ditut haiekin lehiatzen. Ikaragarri lagundu didate urte hauetan guztietan! Talde txiki bat zen ni hasi nintzenean, eta bilakaera guztia ikusi dut gaur arte. Asko hazi da, eta aurrerapauso handiak egin dituzte. Erreferente izan gara, eta gauza asko lortzeko aukera izan dugu. Dena daukat haiei eskertzeko.
Agurtzeko garaian, norekin gogoratu zinen bereziki?
Inguruan beti izan dut jende ona, eta alde horretatik oso zorteko sentitzen naiz. Beti entrenatzaile berdina izan dut, Xabi Irazu asteasuarra. Zorionez, hurrengo urteetan ere nire ondoan izango da talde berrian. Harekin batera joan naiz hazten. Bestalde, ezin dut ahaztu taldeko nagusia, Ander Altuna. Beti izan dut ondoan eta beti egon da laguntzeko prest. Orain arteko bide hau haiekin egin izanak asko bete nau. Oraindik ere haiekin kontaktuan jarraitzeko asmoa daukat.
2025eko denboraldia ez duzu ahazteko.
Ez, izugarria izan da. Juniorretako lehen urtean hiru lasterketa irabaztea lortu nuen. Ondo ibili nintzen, baina ez zen beste munduko ezer izan. Aurtengoa, aldiz, beste kontu bat izan da. Sakrifizio handiak egin ditut entrenamendu aldetik. Beste alde batetik, batxillergoa ere ikasten aritu naiz. Dena uztartzea ez da erraza izan. Halere, azken emaitza ikusita merezi izan du.
Espero zenituen aurtengo emaitzak?
Urtetik urtera maila igotzen joan naiz, bai kadete mailan eta baita jubeniletan ere. Junior mailan ere antzekoa izan da. Halere, junior mailako bigarren urtean eman dudan jauzia beste mailatan eman nuena baino handiagoa izan da. Lasterketa asko irabazteko aukera izan dut.
Bat aukeratu beharko bazenu?
Pista estalian Madison modalitatean lortutako Munduko Txapelketarekin gelditu nintzateke. Oso zaila da munduko txapeldun izatea. Ia ziur esan dezaket nire kirol ibilbidean ez naizela berriro ere munduko txapeldun izango, eta horrek balio berezi bat ematen dio lortutakoari.
Zure kirol ibilbideko unerik politena izan al zen Munduko Txapeldun izan zinenekoa?
Ziurrenik bai! Familia han zegoen, baita lehen aipatutako Xabi Irazu eta Ander Altuna ere… Aurretik lan handia eginda geunden hara ondo iristeko eta maila on bat emateko. Bi egun lehenago ezin izan nuen txapeldun izan bakarkako jazarpenean, eta bigarren amaitu nuen. Baina txapelketetako azken eguneko azken proban urrea irabazi genuen Eric Igualek eta biok. Amaiera izugarria eman genien txapelketei.
Irailean, Kigalin (Ruanda, Afrika) jokatu ziren errepideko munduko txapelketetan ere aritu zinen. Nolako esperientzia izan zen?
Gauzak ez ziren espero bezain ondo atera Kigalin. Bertako altuerak edo klimak ez zidan batere mesederik egin, nahiz eta sasoian iritsi nintzen. Faktura handiegia pasa zidan!
Presioa sentitu al zenuen?
Ez neukan batere presiorik. Halere, nahiko ondo eramaten dut presioa. Presioa izan dudanetan, nire errendimendua areagotu egin izan dut. Oso maila altua dagoela ikusi nuen bertan. Egun, askok, junior mailatik jada profesionaletara zuzenean egiten dute jauzi, eta, horrek, maila igotzen ari dela erakusten du. Maila handia zegoen, baina erdi parean ibiltzeko ez nukeen arazorik behar. Ez nuen nire maila eman.
Arantzarik utzi al zizun mundialak?
Txiki bat bai! Junior mailan aukera bakarra neukan, eta hara joan eta maila ez erakusteak arantza utzi dit. Eskerrak, Europako txapelketan nire bertsiorik onena atera nuen eta bosgarren amaitu nuen.
Euskal Herriko lasterketetan onena izan zara zalantzarik gabe 2025ean. Munduko onenekin lehiatu izan zarenean, nola ikusi duzu zeure burua?
Argi dago jauzia oso handia dela. Ez nago punta-puntan ibiltzeko, gehienbat bost edo sei txirrindulari izugarri daude bertan eta. Bigarren plano batean egoteko moduan ikusten dut neure burua. Txirrindularien kalitatea oso gaztetan jada ikusten dute taldeek, eta txirrindulariak ere gero eta gazteago zukutzen dituzte. Prozesu guztia asko aurreratu da azken urteetan. Gaur egun jada, hogeita hamar urterekin txirrindulari bat beteranotzat jotzen dute.
Datorren urtean Lidl-Trek taldean arituko zara. Nondik etorri zen aukera?
Denboraldia nola joan den ikusita, aukerak izan genitzakeela pentsatzen genuen. UCI mailako erlojuaren aurkako proba bat irabazi nuen, eta handik aurrera hasi ziren taldeak nigatik interesatzen. Azkenean, Markel Irizar jarri zen nirekin kontaktuan, eta harekin izandako elkarrizketa bat eta gero, haiengana batzea erabaki nuen. Taldeak nola funtzionatzen zuen ondo erakutsi zidan, eta nirekin zein asmo zituzten ere argitu zidan. Nire profila ere gustuko zutela esan zidan. Dena baloratu ondoren, baiezkoa eman nien. Zaila da Irizarri ezezkoa ematea! Oraingoz hiru urterako kontratua sinatu dut.
Errespetua ematen al dizu jauziak?
Alde batetik bai. Badakit maila aldetik jauzi handia izango dela, baina maila igo nahi badut ezinbestekoa da jauzia ematea. Talde handi batera noa, eta azpiegitura handia dute, bai talde bezala, materiala, bizikletak, medikuak, nutrizionistak…
Egun gutxi barru hasiko zara haiekin lanean. Gogotsu al zaude?
Bai! Jada lehen entrenamenduekin hasita daude, baina nik ezin izan nuen joan Alemaniako lehen egonaldi hartara, Txileko Munduko txapelketarekin batera izan zen eta. Abenduaren 11tik 20ra goaz Deniara (Alacant, Valentzia). Gogotsu nago taldekide berriak ezagutzeko.