elkarrizketa

«Oraindik ez dut nire burua lehen mailan ikusten»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko azaroaren 13a

Etorkizun hurbileko pilotaririk onenetako bat izateko moduko bidea osatzen ari da profesionaletan Arkaitz Gabirondo gazteluar gaztea. Aspe enpresako atzelariak bere maila erakutsi du uda guztian zehar.

Datorren txapelketari begira jarrita dago jada Arkaitz Gabirondo (Gaztelu, 2004) pilotaria. Lehen mailan aritzearekin amesten duen arren, oinak lurrean ditu.

Nolako uda izan da zuretzat?

Uda garai polita izan da. Beti jarri izan dizkidate partida erakargarriak. Uda, sasoi ederra izaten da bikote nahasketak egiteko, esaterako, aurrelari beteranoak atzelari gazteekin probatu ahal izateko. Okupatu xamar ibili naiz partida askorekin, eta udari amaiera polita eman nion Aitor Elordirekin batera.

Partida asko jokatu dituzu udan zehar. Zeure buruari nota jarri beharko bazenio?

Maila neurtzea zaila egiten zait, hori besteek egin behar dutela iruditzen zait. Hortik harago, oso gustura ibili naiz. Gazteei ere animatzen diet pilotan jokatzera. Geuk ere hori amesten genuen. Oso bizimodu polita da, eta dugun lagunartea izugarria da. Jendeak gauza politak esan ditu nire jokoarengatik, baina hori ikusteko dago. Oraindik gazteak gara [barrezka].

Maila goreneko partidaren bat jokatzea faltan bota al duzu?

Ez. Egia da jokatu nituela partida pare bat maila altuan, esaterako, Jokin Altunarekin jokatutakoak, baina ez zituzten telebistaz eman. Horrelakoetan badirudi ez dugula ezer egiten. Ez nago kexatzeko halere. Maila handiko bikoteak izan ditut ondoan, eta mailan aritu naiz. Halere, gaur gaurkoz badakit zein den nire maila, eta etorkizunean ikusiko dugu.

Udako txapelketetan ere aritu zara bigarren mailakoekin. Zer iritzi duzu bigarren mailako pilotariek ere horrelakoetan parte hartzearekin?

Iaz ere aritu nintzen udan partidak jokatzen, eta beti izaten genuen lehen mailako pilotari handi horiekin jokatzeko nahia. Orain, aldiz, jada finkatuta izaten dira bikoteak. Tartean tartean jartzen dituzte lehen jokatzen ziren partida horietakoren batzuk, baina aukera gutxiago dago orain. Pilotari gazteok beti nahi izaten dugu maila handia eman pilotari onenen ondoan. Halere, jartzen diguten partida dela ere, oso gustura aritzen gara.

Uda hasieran Xabi Tolosaren hutsunea zela eta, askok aipatzen zuten zure izena, baina gero Joseba Ezkurdia jarri zuten atzelari postuan. Zuk non ikusten zenuen zeure burua?

Niretzako oraindik goizegi da, badakit zein den nire maila. Gutxinaka maila igotzen noa, baina lehen mailak daukan exijentzia oso altua da. Orain, Martxel Iztuetak erakutsi du bere maila, eta badirudi edonork joka dezakeela maila horretan. Lan handiak dira horiek! Badirudi hurrengo txapelketarako ere Joseba Ezkurdiaren aldeko apustua egingo duela enpresak, eta ondo iruditzen zait. Gaur gaurkoz ez dut oraindik nire burua lehen mailan ikusten.

Bigarren mailako atzelariei, zer pentsatua ematen dizue aurrelariak atzelari postuan jartzen dituztenean?

Niri enpresak beti esan izan dit lasai egoteko, eta nire momentua iritsiko dela ere aipatu izan didate. Nire aurretik badira beste pilotari batzuk, esaterako, Iñigo Bikuña. Sei edo zazpi urte daramatza profesionaletan, eta iruditzen zait aukera bat merezi duela. Gu oraindik iritsi berriak gara, eta itxarotea tokatzen da.

Urte eta erdi igaro da estreinakoa egin zenuenetik. Esperotakoa bezala izaten ari al da bidea?

Hasieratik bikain hartu ninduten enpresako pilotariek, eta izugarrizko harremanak egin ditut guztiekin. Ezin naiz ezertaz kexatu. Pentsatzen nuen modukoa izaten ari da orain arteko ibilbidea, eta oso gustura ari naiz.

Zerk harritu zaitu gehien?

Pilotariek beraiek harritu naute gehien! Telebistan ikustean guztiek serioak dirudite, baina guztiz aukakoak dira [barrezka]. Oso jende ona topatu dut!

Pilotarien artean nor izan da gehien harritu zaituena?

Joseba Ezkurdia. Bikotekide bezala aparta da. Telebistan ez dirudien arren, kantxan lan zikin asko egiten duen horietakoa da. Berak harritu nau gehien. Hori bai, txapelketa bat norekin jokatu nahiko nukeen galdetuko bazenit, Jokin Altuna esango nizuke. Desberdintasun handiak markatzen ditu. Ondo dagoenean ez dago parekorik! Oso azkarra da. Une oro daki zein pilota atera behar duen. Kantxa barruan eta kanpoan asko laguntzen dit.

Pertsonalki, profesionaletara jauzia egindakoan zenituen aurreikuspenak betetzen ari al zara?

Nik ez nuen inongo momentutan debutatzea espero. Oso berandu iritsitako pilotaria naiz. Gaztetan oso txikia nintzen, eta inoiz ez nuen pentsatzen profesionala izango nintzenik. Gero, aurrekontratu bat egin zidaten, eta esperantza pixka bat sartu zitzaidan. Halere, oinak lurrean nituen. Behin estreinakoa jokatuta, nire ametsak beteta ikusi nituen, eta ez nuen beste ezertan pentsatzen. Bigarren urtean, berriz, pentsamoldea aldatu egiten da. Orain, lehen ikusten ez genituen gauzak bururatzen dira, denok nahi dugu laugarren atzelari horren lekuan egon… Nahigabe ere perspektiba aldatu egiten da.

Lehen mailako atzelarien aurka aritu zarenean, nola ikusi duzu zure burua haien parean?

Partida hobeak eta okerragoak jokatu ditut, baina orokorrean nahiko ondo atera dira. Aurrelari on askorekin aritu naiz, eta materiala ere oso ezberdina da, exijentzia altuagoa da lehen mailan. Beste abiadura batean jokatzen da lehen mailan.

Aurki hasiko da binakako txapelketa. Lehen mailan jokatzearekin amesten al duzu?

Amestu beti egin behar da, eta horrekin amesten dugu denok. Halere, kontziente naiz nire egoeraz. Oraindik ere iruditzen zait, lehen mailan jokatuz gero asko sufrituko nukeela. Profesionaletan txapelketa bakarra jokatu dut, eta iruditzen zait hobe izango dela niretzat beste urtebete behintzat bigarren mailan aritzea. Agian, hurrengo urtean beste kontu bat izango da. Halere, argi daukat aukera eskainiko balidate aurrera egingo nukeela. Horretan ez dezala inork zalantzarik izan!

Lau hilabetera amaituko da zure kontratua. Zer espero duzu?

Oraintxe bertan bost pilotari daude Aspe enpresan kontratua amaitzear, eta batzuk oraindik ez dakite jarraituko duten edo ez. Gogorra da azken unera arte berrituko duzun ez jakitea, baina azken urteetan horrela izaten ari da. Nik martxoan amaitzen dut nirea, eta bikotekako txapelketa amaitu ostean iruditzen zait elkartuko garela. Enpresak nigan konfiantza duela erakutsi dit, eta pentsatzen dut berrituko dudala. Horren esperantza daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!