Eta zer ez da (ez)berdin

«Geure bizitzan kirola egitea ezinbestekoa bihurtu da»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025eko abuztuaren 25a

Oier eta Eider Zubeldia.

Pilotarekin hasi zen Oier, autoekin aritu zen gero, eta mendi lasterketetan barneratu zen ondoren, gaur egun emaitza onak lortuz. Eider, arreba, berriz, arraunean aritu zen zortzi urtez, eta egun, anaiak animatu ostean, mendi lasterketetan dihardu.

Pilotari handiez harago, beste kirolari batzuek ere ibilbide emankorra egiten ari dira Amezketan azken urteetan. Horren adibide dira Oier (Amezketa, 2000) eta Eider Zubeldia (Amezketa, 2001) anai-arrebak. Bietan zaharrena, Oier, mendi lasterketen munduan ari da jorratzen bere kirol ibilbidea. Gazteenak, Eiderrek, nerabezaroko urte guztiak arraunean igaro ondoren, mendi lasterketetan murgilduta amaitu du. Pasioz hitz egiten dute kirolaz.

Nola gogoratzen dituzue kirolean hastapeneko uneak? 

Oier: Txikitan, pilotan aritzen nintzen, Amezketan bizita, betidanik pilota ikusi baitugu. Aitak irakatsita hasi nintzen, eta oso gustura jokatzen nuen. Gainera, maila onean aritzen nintzen, txukun. Beranduago, 17 urterekin, eskuko arazoak medio, pilota uztea erabaki nuen. 2022 urtera arte, Amezketako beste afizioari ekin nion: kotxeekin ibiltzen hasi nintzen. Ondoren, 2022an berriz ere Txindokiko bertikala ospatzen hasi behar zutela jakitean, bertan parte hartzea erabaki nuen. Geroztik mendi lasterketetan jarraitzen dut.

Eider: Gurasoek betidanik mendi aldera eraman gaituzte, eta txikitan sarritan mendian ibiltzen nintzen. Apur bat handitzean, kuadrillako batek arraunean apuntatzeko ideia proposatu zuen, eta lagun taldeko hiru hasi ginen. Infantil mailako bigarren urtea zen guretzat, eta hortxe hasi ginen Tolosako ibaian. Orduan ez zegoen ez Tolosaldeko trainerurik ez ezer. 2016.urtean trainerua atera zen, eta une bereziak bizitu genituen; lehen aldiz Tolosaldeko trainerua, lehen aldiz gu trainera barruan... Azkenerako zortzi urte igaro nituen arraunean, eta, gero, lana zela eta eskola zela, arrauna uztea erabaki nuen. Halere, kirola egiten jarraitu dut. Anaiak animatuta, mendi lasterketa batean izen eman nuen eta horretan jarraitzen dut.  

Eider, orain gutxi, Tolosaldea Arraun Kluba Euskal Herriko Txapeldun izan da.

Eider: Bai bai, inbidia apur bat pasa dut [barrezka]. Badakit garaipen polit horren atzean egon den prestakuntza zein gogorra izan den. Atzean ikusten ez den lan handia dago. Garaipena lortzeak inbidia apur bat eman zidan, baina nik uste, arraunean ibili den edonork irudiak ikusi eta inbidia bera sentituko lukeela.

24 urte dituzu oraindik. Aurten arrauna utzia zuten hiru itzuli dira.  

Eider: Bai bai, inoiz ez dago jakiterik. Ni ere utzita egon nintzen bi urteko tartean. Orduan, nire arraun ibilbidea amaitu zela uste nuen, baina azkenean berriz ere berotu eta bueltatu egin nintzen urtebetez 2023ra arte. Orain ere berdin nabil, alegia, amaitu dudala esaten dut, baina badaezpada ez dut iraganeko ezer baztertuko.

Eiderrek arrauna uztearekin batera, hasi zinen zu korrika Oier. 

Oier: Bai. 2022an egin nuen lehen lasterketa, Txindokiko bertikala. Lasterketako sentsazioak asko gustatu zitzaizkidan, eta entrenatzen hasi nintzen. Urte bukaeran belauneko minarekin hasi nintzen eta horrelaxe amaitu zen urtea. 2023an ere hainbat lasterketa egin nituen, eta uste baino emaitza hobeak lortu nituen. Horrek, aurrera segitzeko motibazioa eman zidan.  

Gogoratzen al duzu irabazi zenuen lehen lasterketa? 

Oier: Aurten izan da! Urtarrilean bertan, Garin auzoan (Beasain). Sekulako poza sentitu nuen, ez baita erraza mundu honetan lasterketa bat irabaztea. Motibazio handia eman zidan urtea horrela hasteak.  

Zuk Oier, asko jarraituko zenuen Eiderren arraun ibilbidea?

Oier: Bai bai! Gogoan dut Kontxan lehen aldiz parte hartu zuenean inork ez zuela euro bakar bat ere ematen haiengatik, ez zuten inolaz ere lehen zortzien barruan ikusten. Azkenean, lehen zortzien barruan sartu ziren, eta sekulako emozioa izan zen ikusten ari ginenentzat. Oso polita izan zen. 2023an ere estropada bat irabazi zuten eta hori ere oso polita izan zen.  

Eider, Kontxan estreinakoz, 16 urterekin leihatu zinen.

Eider: Bai. Lehen Kontxa gazte-gazte! Gogoan dut alboan kuadrillako bat nuela, eta, biok harrituta geundela, 16 urterekin Kontxan parte hartzeaz eta sailkatuta.  

Oier: Korrikako Zegama-Aizkorri baten pare! [barrezka]. 

Eider: Azkenean, Zegama, Zegama dela esaten den bezala, nik uste, Kontxa ere, Kontxa dela. Hamasei urterekin lorpen hura lortzea sekulakoa izan zen. 

Zuk arrauna utzi zenuen Eider, baina anaia jarraitzen al duzu? 

Eider: Bai bai, hortxe egoten naiz; karrera guztietan ez dut esango baina bai, ia denetan. Libre izan ditudan tarte guztietan joan naiz, eta gustura gainera, niri ere gustatzen baitzait saltsa hori. Gainera aitzakiarekin tontorren bat igo, toki berriak ezagutu eta gustura.  

Eta orain zuk ere hortxe amaitu duzu! Orain biak probatu dituzula, zein esango zenuke dela gogorragoa?  

Eider: Hau Oierrekin askotan eztabaidatu dut. Berak esaten zidan mendia baino gauza gogorragorik ez zegoela, eta, nik aldiz, arrauna baino gogorragorik ez zegoela! Orain biak probatu ditudala, ez nuke jakingo esaten. Sufrimendu ezberdina da. Arraunean 11 edo 12 minutu soilik izaten dira, baina 200 pultsaziora joanda tentsioa oso handia da, eta ez dago gelditzerik! Mendia ere oso gogorra da, zalantzarik gabe, baina, benetan aldaparen batean geratzeko beharra baduzu, beti duzu hurrengo aldapa oinez igo eta apur bat errekuperatzeko aukera. Halere, bat aukeratu beharko banu, zalantzak izango nituzke.  

Oier, 2025 urtea, zure urtea izaten ari da.  

Oier: Bai, ez nuen emaitza hauek izaterik espero. Konstantzia izaten ari naiz, eta nik uste emaitza horiek hortik datozela. Urte guztia lesiorik gabe daramat, kilometroak sartzen nabil etengabe, eta hobekuntza ere nabari da.  Aurten jada izen handiagoko lasterketa batzuk egin ditut eta emaitzak oso ongi joan dira. Lasterketa guztietan nire maila ematen dut, eta azkenaldian podium inguruan ibiltzen naiz, Zegama alde batera utziz noski.  

Aurtengo Zegama edozein lasterketa irabaztea baino hobea izan da.  

Oier: Bai bai! Euskal selekzioak Zegama-Aizkorri lehiatzeko aukera ematen zidala esan zidanean, ezin nuen sinetsi. Amets bat zen niretzat. 2022an joan nintzen lehen aldiz Zegama ikustera. Aizkorri puntan egon nintzen, eta animatzen oilo-ipurditan egon nintzen. Egun hartan pentsatu nuen, noizbait, parte hartzen saiatu behar nuela, eta 2025ean hiru urte beranduago selekzioaren eskutik joatea amets bat izan da niretzat. Gainera lasterketa oso ondo joan zen, nahiz eta bero handia egiten zuen. Karranpak ere asko izan nituen. 18. kilometroan jada karranpekin hasi nintzen, eta, egia esan, sufritu nuen, baina gozatu ere asko egin nuen.  

Zuk ere asko disfrutatu al zenuen anaiarekin? 

Eider: Noski! Izena eman zuela jakin genuenean, zozketa itxaroten egon ginen, Zegaman ateratzeko aukera izatea loteria tokatzea bezala baita, eta ondoren selekzioarekin ateratzeko aukera zuela esan zigunean asko poztu ginen guztiok.  

Zuri ere gogoa sartu al zitzaizun Zegamarako? 

Eider: Nik hamabost kilometro inguruko lasterketak egiten ditut, eta oraingoz nahikoa dut. Zegama-Aizkorri ametsa izango litzateke, baina ez dut helburu hori. Zer edo zer egitea gustatzen zaidalako hasi naiz mendi lasterketetan. Nahiz eta nahiko ondo joaten ari zaidan, anaia animatzearekin nahikoa dut.  

Oier, euskal selekzioarekin debutatu duzu jada. Zein lasterketa jokatuko dituzu?

Oier: Bai, lehengo urtean lau lasterketa egin nituen; aurrenekoa Espainiako kilometro bertikala izan zen. Aurten, Euskal Herriko Kopa egiteko ideia nuen, eta oraindik mantentzen dut. Bi lasterketa egin ditut oraingoz, lehena irabazi nuen, eta aurreko astean Galdamesen (Bizkaia) bigarren postuan geratu nintzen. Lau edo bost lasterketa jokatu behar ditut. Uztailean beste bat egingo dut, eta irailean beste bi. Urrian finala izango da, eta emaitza onak izaten baditut, agian, selekzioak deituko dit berriz.  Kopako lehen lasterketa irabazi nuenez, maiatzean joan nintzen selekzioarekin Malagara 32 kilometroko lasterketa egitera. Nire lehen lasterketa izan zen beroarekin, eta utzi egin behar izan nuen. Bertan behera uzten nuen lehen lasterketa izan zen. Bero handia egiten zuen, eta tripetatik ere oso gaizki nengoen.  

Zuentzako zer da kirola? 

Oier: Niretzat bizitzeko estilo bat. Egun txar batean alaitzeko dudan irtenbidea.  

Eider: Niretzat ere antzeko. Lasaitzeko modu bat dela esango nuke. Azkenean egunean dauzkagun gauza guztien ondoren buruari deskantsu bat emateko unea.  

Eider, zuk ezagutu duzu goi mailako kirola, osasungarria al da?  

Eider: Arraunaren kasuan beti entzun izan dira istorioak, baina badago marra bat osasuntsu izatetik ez izatera pasatzen dena. Arraunean, adibidez, beti entzun izan dira anorexia kontuak. Baina nik uste hori ere eramaten jakin behar dela. Nik ez nuen halakorik izan zorionez, niri arraun munduaz guztia ona geratu zait. 

Oier, mendi lasterketak osasuntsuak al dira? 

Oier: Eiderrek esan bezala, bai, osasuntsuak dira, baina, kontuz ibili beharra dago, jende asko obsesionatzen ari baita. Jendeak emaitzak segituan lortu nahi ditu, eta pixkana joan behar den kirola da, inpaktu handiko kirola baita. Nire kasuan nahiko ongi eramaten ari naiz, aurten entrenatzaile eta nutrizionistarekin ari bainaiz. Asko ari naiz ikasten.  

Noiz izango da bat egingo duzuen hurrengo lasterketa? 

Oier: Oraingoz ez dugu datarik.  

Eider: Oierrekin bat egitea zaila da, oraingoz hiru lasterketa soilik partekatu ditugu.  

Oier: Bat egin dugun azkena Txindokiko bertikala izan zen, eta Eiderrek esan zidan lehena eta azkena izango zela [barrezka]. 

Eider: Oso gogorra egin zitzaidan, oso esplosiboa da. Lasterketa mota horiek bai, agian, haiek alderatuko nituzke arraunarekin.  

Polita izango litzateke Zegama batean bat egitea. 

Oier: Bai bai, noizbait pentsatu izan dut. Ni saiatuko naiz bera animatzen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!