Modaren munduan buru-belarri murgilduta dabiltzan bi ahizpa dira Lurgi Zalakain (Amasa-Villabona, 1987) eta Amets Zalakain (Amasa-Villabona, 1995). Belarritako batzuen aitzakian hasi ziren modaren munduan, eta geroztik hainbat gauzekin jarraitu dute. Lurgi ahizpa zaharrenak, modaz harago, Afrikako dantza ikastaroak ematen ditu noizean behin. Amets ahizpa gazteenak, josten ikasteko ikastaroak uztartzen ditu bere eguneroko lanarekin.
Egun, modaren inguruan aritzen zarete biok lanean. Gaztetatik jarraitu izan al duzue moda?
Lurgi: Nik bai. Txikitan jolasean aritzen nintzen amaren trapu zaharrekin, desfileak egiten, mozorrotzen...
Amets: Nik, aldiz, ez dut horrelako oroitzapenik. Jolasean aritzen ginela bai, sukaldari gisara eta abar, baina modarekin zerikusirik zuenik ez dut oroitzen.
Nola bideratu zenituzten ikasketak modara?
Lurgi: Nik letretako batxilergoa hasi nuen, ez bainekien artistikoa existitzen zenik ere. Batxilergoko lehen urtea amaitu baino lehen artistikoaren berri izan nuen, eta letretakoa uztea erabaki nuen. Gurasoekin hitz egin nuen, letretakoa utzi, eta lanean hasiko nintzela hurrengo kurtsoa artistikoan hasteko. Oso argi nuen zer ikasi nahi nuen. Egia esan, batxilergoa oso ondo joan zitzaidan. Nire asmoa arte ederrak egitea zen, baina bigarren deialdian sartu ez nintzenez, beste ideietara jo behar izan nuen. Garai hartan psikologiak ere asko erakartzen ninduen, baina, hain karrera luzea egin nahi ez nuenez, heziketa berezia ikastea erabaki nuen, guztitik apur bat uztartzen zuelako.
Amets: Nik ere argi nuen. Lurgiren erreferentziekin nik ere batxilergo artistikoa egin nahi nuen, beranduago arte ederrak ikasteko. Azkenean horixe egin nuen, eta oso urte politak izan ziren Bilbo aldetik.
Nola oroitzen dituzue lanean emandako lehen urratsak?
Lurgi: Ni ostalaritzan hasi nintzen lanean 16 urterekin, eta egia esan denbora luzez aritu nintzen horretan. Umeak ere zaintzen nituen. Goizean umeak zaintzen, arratsaldean unibertsitatean, eta asteburuetan tabernetan lanean aritzen nintzen. Beranduago denda ireki nuen, ikasketak amaitzean bidaia luze bat egin eta bueltan moda diseinua ikasi ondoren. Hasieran, azoketan aritzen nintzen eskuz egindako zenbait gauza saltzen, baina, tailer baten beharra sentitzen nuen, eta orduan erabaki nuen denda irekitzea.
Amets: Ni ere ostalaritzan aritzen nintzen, momentu horretan oso gustura gainera, langabezia kobratzen eta bidaiatzeko gogo handiarekin. Pandemia zela eta, bidaiatzeko aukerarik ez zegoenez eta sortze munduan nahiko geldituta nengoenez, eta, ahizpak laguntza behar zuenez, nire erresistentzia guztiarekin laguntzera joan nintzen. Aukera hoberena iruditzen zitzaidan, ostalaritzaz gain, komertzioaz ere ikasten joateko.
Lurgi, asko kosta al zitzaizun ahizpa konbentzitzea?
Lurgi: Apur bat. Egia da berak bidaiatu egin nahi zuela esaten zuela denbora guztian, baina pandemia garaia zenez bidaiatzea ez zen aukeretako bat. Gainera, momentuko proiektu bat zela esan nion, denborarekin ikusten joango ginela. Azkenean, urte hartan inprimagailua erosi eta proiektuarekin hasi ginen.
Hastapenetan, belarritako batzuekin hasi zineten. Zein da egungo esparrua?
Lurgi: Gehien bat belarritakoak. Halere, egia da osagarriak ere egiten hasi garela; poltsoak, motxilak, gerriko poltsak, arropa... Azkenaldian nahiko solte ari gara, asko gustatu baita orain artekoa.
Harrera polita izan du, beraz, zuen lanak.
Lurgi: Bai, polita. Belarritako bilduma guztiak oso ezberdinak izan dira, baina esango nuke guztiak gustatu direla. Gainera, erosle gazteetara bideratuta geundela uste genuen, eta azkenaldian adin guztietakoak etortzen dira. Harrera, orokorrean, ona izan dugu, baina halere beti izaten dira boladak.
Amets: Gure araberakoa ere izaten da. Izan ere, beste proiektu batzuetan ere ari bagara, denbora atera egin behar da, eta hori ere asko nabaritzen da. Gainera, Lurgiren amatasun baja zela eta, ni bakarrik geratu nintzen negozioarekin. Garai horretan jabetu nintzen bakoitzak zer lan egiten zuen, eta denbora tarte horretan nire tokia bilatu nuen.
Gerora, Krisya Jojo Howard bazkidearekin ere Beekop sortu zenuten.
Amets: Honen erruduna gure lehengusuaren bikotekidea da, artzaina baita. Familiako bazkarietan artilearekin lan egiteko esaten zigun, eta Lurgik Krisya ezagutzen zuenez, berarekin hasi ginen lanean.
Lurgi: Krisya artilearekin ibiltzen da telarra egiten, eta, batera lan egiteko gogoa genuela ikusita, kooperatiba bat sortu genuen. Gainera, birziklapenari ere heldu nahi genion, sortutako hondakinak berrerabiltzen saiatu nahi genuen. Hortaz, Ametsek, Krisyak eta nik kooperatiba bat sortu genuen, eta bakoitzak bere esparrutik egindako ekarpenekin, osagarri batzuk sortu genituen. Kutxa fundazioaren programa batzuetan ere sartuta gaude, eta haien laguntzarekin joan gara proiektuari forma apur bat ematen.
Amets: Donostian, moda deialdi bat sortu zen, eta, bertako moda jaialdian, Balentziaga museoan, desfilatzeko aukera izan genuen espresuki bertarako sortutako bilduma batekin.
Zer aurkeztu zenuten desfile horretan?
Amets: Daroa bilduma aurkeztu genuen. Bilduma honetarako gure arbasoek baserri munduan gauzak eskuz garraiatzeko erabiltzen zituzten objektu desberdinetan oinarritu ginen, eta, ondoren, forma, Arantzadiren laguntzarekin eman genion. Hainbat gauzetan inspiratu ginen, esaterako, alforjetan, zakuetan, arrautza ontzietan, sega-potoetan... Zakuan inspiratuta, motxila bat sortu genuen, eta, modelo hori Lurgik egindako arroparekin batera joan zen, birziklatutako materialarekin egindako maila eta top batekin, autoetako gerriko bat zeraman top batekin.
Lurgi: Artileak presentzia handia izan zuen, baina azkenean beste hainbat material ere nahastu genituen. Garai bateko materialak desfile baterako moduan berrinterpretatu genituen. Musika ere sortu genuen, desfilerako musika propioa, Dj Zigorrekin batera.
Horrelako desfile baten bezperan, beldur eszenikoa izaten al da?
Amets: Bai bai, izugarrizkoa, nik ez nuen lorik egin. Zalantza pila bat bat-batean. Azkenean horrelako toki batean maila ez ematearen beldurra ere bagenuen.
Lurgi: «Zertan ari gara gu, hurritz makilarekin eta bi metroko poltsoarekin nora goaz?», pentsatzen nuen nik. Azkenean egungo moda, eta guk generamatzan materiala eta kontzeptuak oso ezberdinak ziren, beraz aurreko eguna oso txarra izan zen. Halere, desfilea amaitzean, guztia jasotzean, jende profesionalaren feedbacka jasotzeak lasaitu handia eman zidan.
Noiz lasaitu zineten?
Amets: Ni koreografoa aditu nuenean. Desfilea arratsaldean izan zen, eta goizean koreografoa entzun nuen gure proiektuaz hizketan eta lasaitu handia hartu nuen.
Amets, zuk josteko ikastaroak ematen dituzu, ezta?
Amets: Bai, Lurgiren txanda hartuta. Lurgik erakutsi zidan beharren arabera; «Amets turbanteak egin behar dira». Turbanteak egiten erakutsi, eta hori egiten nuen. Bere amatasun bajarekin hasi nintzen. Berez Lurgik ematen zituen ikastaroak, baina nik hartu nuen bere lekua. Ikastaro ugari eman izan ditut.
Jostunak falta al dira Euskal Herrian?
Lurgi: Lehengo egunean, makina bat botatzera etorri zen mutil batek esan zigun datozen urteetan arazoak izango direla hemen jostunekin. Asko jubilatzen ari dira, ez dago erreleborik, eta janzten dugun arropa ere josi behar da.
Lurgi, zuk pasioz bizi duzuna dantza afrikarra da. Nolatan?
Lurgi: Bai, dantza afrikarrak hemen ezagutu nituen, Euskal Herrian. Lehenik, perkusioa ezagutu nuen. Gaztetxera mutil bat etorri zen, eta klase pare bat egin genituen eta hor hasi nintzen. Halere, musikarekin betidanik izan dut afizioa. Perkusioa garai horretan hasi zen; Zaragozatik irakasle bat etortzen zen Zizurkilgo kultur etxera klaseak ematera, hor apuntatu nintzen eta ziragarria zela iruditzen zitzaidan. Hor ezagutu nituen dantzak, eta geroztik ikasten eta bidaiatzen jarraitu dut. Gerora, klaseak ematen amaitu nuen. Nire irakasle zenak, lanagatik ezin zuen klaseak ematen jarraitu, eta niri pasa zidan lekukoa. Orain, hilabetean behin ematen ditut klaseak, baina, lehen indartsuago nengoen, eta maizago ematen nituen.
Zuentzako zer da modan joatea?
Amets: Niretzako modan joatea adieraztea da, norberaren adierazteko modu bat da moda.
Lurgi: Niretzat modan joatea aske izatea da. Azkenean, tendentziak-eta egongo dira, baina, zuk zure moda propioa duzu, eta zure moda propioa izatea erreminta bat da, nahi duzun moduan janzteko tendentzietatik kanpo. Tendentziek beti eragiten gaituzte, baina tendentzia zeure egitea da garrantzitsuena.
Euskal Herrian modatik bizi al daiteke? Edo modatik bizi nahi duenak Madrilera edo Bartzelonara joan behar du?
Lurgi: Moda hain da zabala! Egiten duzunaren arabera, agian, Euskal Herrian ez duzu sekulako meriturik izango. Euskal Herrian baloreak ere asko baloratzen dira, eta nik uste dut Euskal Herrian badagoela lekua modarentzat. Ari gara pixkana diskrezio horretatik ateratzen, eta, jendea geroz eta gehiago animatzen da gauza ezberdinak janztera, pentsamoldea ere geroz eta gehiago irekitzen ari da, ondorioz, geroz eta espazio gehiago dago moda berezientzat.
Amets: Kooperatibarekin ere pasa zaigu pixka bat, materiala ere guk sortzen baitugu. Artilea badakigu zein ardietatik datorren, guk lantzen dugulako zerotik hasita, beraz, prezioak garestiagoak dira. Jendea gauza artisauetan eta material jasangarrietan aritzen da, eta kontzeptu bezala guk ondarea ere badugu. Hori dena elkartuz gero, nik uste dut hemen bezeroak badaudela. Batzuk animatuko dira gauza bereziagoetara, eta, azkenean zuk ere marka bezala Euskal Herriaren presentzia eduki nahi baduzu, kontuan izan behar duzu zein bezero den. Nik uste dut, hor bien arteko oreka bat sortzen dela.
Zein da zuen hurrengo proiektua?
Lurgi: Udako bilduma ari gara prestatzen une honetan, Aroa kolekzioaren barruan lantzen ari garenak, hain justu. Orain web orria dugu kooperatiban: Behekoop.com. Salmenta puntuekin gabiltza, eta laster Tolosan puntu bat edukiko dugu, Donostian ere bai, Gipuzkoan pare bat salmenta puntu gehiago ere baditugu…