Txirrindularitzaren munduan Euskal Herrian aditurik baldin bada, hori Xabier Usabiaga (Asteasu, 1969) telebista aurkezlea da. Gaztetan txirrindulari profesionala izan zen Clas Cajastur eta Euskaltel taldeekin, eta hiru urte egin zituen pelotoi nagusian asteasuarrak. Bihotzeko arazo bat medio, erretiroa hartu behar izan zuen. Hainbat hedabideetan kolaboratzen ibili ondoren, irratian eta telebistan daramatza azken urteak. Gozatu egiten du txirrindularitzaz hitz egiten.
Nondik datorkizu txirrindularitzarekiko zaletasuna?
Asteasuko Kale Nagusian, gure auzoan, bazen Jexux Mari Larrarte izeneko txirrindulari bat. 18 edo 19 urte izango zituen, eta ziklo-krosean aritzen zen. Nik, artean, 8 edo 9 urte izango nituen. Bera izango zen herrian besteren batekin, lasterketetako bizikleta zuen bakanetakoa. Gu txundituta egoten ginen bizikleta hari begira! Noizean behin haren bizikleta garbitzera ere joaten nintzen. Larrartek nahiko maila ona erakutsi zuen ziklo-krosean, eta haren arrastoari jarraika sartu zitzaidan niri ere harra txirrindularitzarekiko. Halere, garai hartan, futbolean edo pilotan ere ibiltzen ginen. Dena jolas bat zen orduan guretzat.
Zure kirol ibilbidean, txirrindularitza noiz pasa zen jolas bat izatetik joko bat izatera?
Afizionatu mailara iritsi nintzenean zalantzarik gabe! Kadete mailan garaipen batzuk lortu nituen, baina artean jolas bat izaten jarraitzen zuen. Jubenil mailan, aldiz, Gipuzkoatik atera eta Euskal Herrian lehiatzen hasi ginen. Maila horretan ere txukun aritu nintzen beste garaipen batzuk lortuta. Ordura artekoa jolasa izan zen. Lekuak ezagutu, lagunak egin, eta Euskal Herriko txoko gehienak ezagutzeko aukera izan nuen. Atzerrira joateko aukera ere izan nuen, eta niretzat mundu berri bat zabaldu zen. Hizkuntza ezberdinen mundua ere han hasi zen niretzat. Suitzako lasterketa garrantzitsu batera joateko gonbita jaso nuen, eta ekialdeko txirrindulariak ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan, jada, jokoaren lehen zantzuak azaltzen hasi ziren. Handik aurrerako guztia joko hutsa izan zen.
Gaur egun, gero eta lehenago iristen dira punta-puntako txirrindulariak profesional mailara. Zuk, aldiz, afizionatu mailako urte guztiak erre zenituen.
Bai. Orduan hiru edo lau urte izaten ziren afizionatu mailan. Nire hirugarren urtean, anaia gazteagoa soldaduskara joan zen. Berak, lana lortu berri zuen, eta lana ez galtzearren, nik joan behar izan nuen bere ordez. Aita ere galdu berria genuen, eta aldi berean lanean eta bizikletan ibili nintzen. Denbora askorik ez nuen ezertarako! Halere, urte hori kenduta, dena ondo joan zen. Urtetik urtera maila igotzen joan nintzen. Azken urtean profesionaletara igotzeko aukera sortu zitzaidan, eta txoratzen hartu nuen gonbita.
«Aita ere galdu berria genuen, eta aldi berean lanean eta bizikletan ibili nintzen»
Gogoan duzu profesionaletara igotzeko aukera nork eskaini zizun?
Gogoan dudana da taldekide nuen Luis Vicente Otini nola galdetu zion zuzendari batek, ea ni nor nintzen. Afizionatutako bigarren urtean izan zen hura. Ondoren, aita zendu zenean aurrera jo hala bizikleta bertan behera uzteko hautua egin behar izan nuen. Garai hartako Jesus Mari Goñi zuzendariak aipatu zidan jarraitzeko, talderen batzuek jada interesa bazutela. Laugarren urtea nahiko txukuna egin nuen; Munduko Txapelketara joan nintzen, Euskadiko txapeldun izan nintzen, beste lasterketa garrantzitsu batzuk ere irabazi nituen… Munduko Txapelketan jada, garai arteko Banesto taldearekin hitz egin nuen. Perico Delgado talde hartan zen, eta Jose Miguel Etxabarri eta Eusebio Unzuerekin egin nuen hitzordua. Halere, Delgadoren erabakiaren baitan zegoen dena. Berak utzi izan balu, bi edo hiru txirrindulari fitxatu behar zituzten. Txapelketa hartatik itzultzean, Clas-Cajastur taldeko zuzendari zen Juan Fernandezek aipatu zidan haiek ere interesa bazutela. Jarraian kontratua eskaini zidaten, eta haiekin sinatu nuen. Oso talde ona zen hura. Gaur egun, World Tourrean puntako taldeetako bat izango zen, fitxatu berri baitzuten besteak beste Tony Rominger suitzarra. Oso talde egonkortua zen. Ordurako jada taldean ziren Fede Etxabe, Iñaki Gaston, Jabier Mauleon…
Profesionaletan hiru urte egin zenituen. Bi urte Clas-Cajastur taldean aritu zinen, eta ondoren Euskaltel taldera joan zinen bihotzeko arazo batek erretiratu zintuen arte.
Txirrindularitza uzteko erabakigarria izan zen arazo bat izan zen hura. Denboraldi hasieran Orio inguruan entrenatzen ari nintzela, serieak egiten hasi eta intentsitate handiko esfortzua egitean zorabio moduko zerbait sentitzen hasi nintzen. Hanketako min izugarria izaten nuen zorabioarekin batera. Konturatu nintzen pultsazioak ere erlojuan desagertu egiten zirela! Bihotzak takikardiak zituelako desagertzen ziren. Hiru alditan izan nituen horrelakoak, eta intentsitate pixka bat sartzen nuen aldiro egoera berarekin egiten nuen topo. Zerbait bazela konturatu nintzen.
Madrilera ere joan behar izan zenuen.
Donostian lehenik mediku batek ikusi ondoren, Madrilera bidali ninduten. Han garbi ikusi zuten arazoa. Garai hartan bazen AEBetan garatuta zegoen teknika bat. Bihotza ireki gabe, arteria batetik kateter bat sartu, bihotzeraino heldu, eta kateter hark bihotzean ikusten zituen takikardiak non sortzen ziren. Irrati-frekuentzia bidez, erredura txiki bat egiten zuten zelula txarretan, eta harekin konpontzen zen arazoa. Zortzi orduko ebakuntza bat egin ondoren, ezin izan zuten arazoa konpondu. Bizitza arrunterako ez zen larria, baina kirolerako ez zidan aukerarik ematen. Esfortzu handiko kirolak ezingo nituela egin esan zidaten. Hantxe amaitu zen txirrindularitzako nire ibilbidea.
Bizikleta utzi eta gutxira, komunikabideetan hasi zinen kolaboratzen.
Euskal Herriko Itzulian hasi nintzen. Cadena Ser etxetik deitu zidaten itzuli hura gazteleraz komentatzeko. Ez dakit ondo aritu nintzen, baina, hura amaitu bezain laster, beste hiru irrati ezberdinetatik deitu zidaten; Herri Irratitik, Radio Pais Vascotik eta Euskadi Irratitik. Euskadi Irratiko Iñaki Elortzarekin hitz egin ondoren, eta, jakinda euskaraz arituko nintzela, haiekin hastea erabaki nuen. Urte amaiera arte sinatu nuen kontratua. Gutxira, Egunkaria-n eta Argia-n hasi nintzen kolaboratzen, baita Ciclismo a fondo aldizkarian ere. Gauza batek bestea ekarri zuen, eta ez neukan pentsatzeko denborarik ere! Gerora, beste hainbat gauza egiteko aukera izan dut. Oso zorteko sentitzen naiz.
Irratian urte batzuk egin ondoren, pantaila aurrean amaitu zenuen. Nolatan?
Hura ere ustekabean etorri zen! Orduko EITBko Miramongo arduraduna zen Joxe Mari Oterminek, ea probaren batzuk egingo nituen eskatu zidan dokumental batzuk aurkezteko. Proba egin nuen, eta, nonbait gustura gelditu, eta Bidaide programa aurkezten aritu nintzen urte batzuetan. Horrekin batera, Pedro Mari Goikoetxeak hots egin zidan Giroko eta Tourreko komentarioak egiteko. Gutxira, kirol tartea aurkeztea eskaini zidaten. Hura, beste esparru bat zen niretzat. Ezezkorik ematen ez dakidanez, hari ere baiezkoa eman eta han hasi nintzen. Zortzi urte beranduago, eguneko albisteak aurkezten amaitu nuen. Gaur Egun-era arte, bertan jarraitzen dut.
«Pedro Mari Goikoetxeak hots egin zidan Giroko eta Tourreko komentarioak egiteko»
Komunikabideetan kolaboratzen aritu zinen urteetan, dopinaren gaia puri-purian egon zen txirrindularitzan. Askotan tokatu zaizu dopinaren gaiaz hitz egin beharra?
Bai, garai haietan erabat. Telebistan ere programa batzuk egin ziren, eta lagunartean ere oso ohikoa zen dopinaz hitz egitea. Orduan ez zegoen beste konturik! Positibo kasuak izaten ziren, errezeloak ere handiak ziren, eta gaia puri-purian zegoen. Egia da bereizi egin behar dela publikoan eta pribatuan hitz egitea. Probarik ezean, ez zegoen hitz egiterik komunikabideetan errezelo hutsagatik. Halere, badira datu objektiboak garai hartan dopina izan zela erakusten dutenak. Nik, behintzat, inoiz ez dut arazorik izan dopinaz hitz egiteko. Zorionez, garai hobeagotan dago gaur egun txirrindularitza.
Jokatu den azken itzuli handia, Italiako Giroa izan da. Aurtengoarekin gozatu duzu?
Bukaera historikoa izan zuen, eta horrek ziurrenik estaliko du aparteko distirarik izan ez duen Italiako Giroa. Giroak beti du zerbait berezia, eta historikoki oso lehiatua izan da. Gero salbuespenak izaten dira noizean behin iaz gertatu bezala, baina ia urtero maila bertsuko korrikalariak izaten dira lehian. Aurten bazegoen, lagun pare bat kenduta, beste guztien artean ziurgabetasun bat. Ustekabe asko izan ziren, eta hori ona da, nahiz eta horrelakoetan aditu lanetan aritzen garenok lotsagarri geratzen garen [barrez]. Alde horretatik oso erakargarria izan da, baina, ibilbidea kontuan hartuta, gehiago eman zezakeenaren sentsazioa utzi du Giroak.
Gaur egungo txirrindularitza historiako onena dela esan dezakegu?
Bai, zalantzarik gabe! Gure garaiko txirrindularitzaren eta gaur egungoaren artean ez dago kolorerik. Orduan ere, hasieratik amaierara arte sufritzen genuen, baina gaur egungo presioa… Gaur egungo txirrindularitza asko hedatu da, eta jada ez du balio zure herrialdeko onenetako bat izateak.
Oso jende gutxik bezala, txirrindularitzari buruzko datu eta istorio asko kontatzen edo azaleratzen dituzu etapen kontakizunetan. Txirrindularitzaren «gaixo» bat zarela esango zenuke?
Datu base izugarria daukat txirrindularitzari buruzkoa, baina horrek ere denbora eskatzen du. Gaur egun iturri askotatik edan beharra dago, eta hori oso gustuko dut. Emankizunetan zerbait ezberdina kontatzea gustatzen zait. Aditu bezala ibiltzen garenok, beste edonork ez dituen datuak ematen saiatu behar gara. Gauza askotan friki xamarra naiz, esaterako, prestaketetan. Fisiologia, esaterako, asko gustatzen zait, baita teknika eta aurrerapenak… Txirrindularitzarekin zerikusia duten gauza guztiak gustatzen zaizkit.