Lesioengatik urte txarrak izan ziren 2023a eta 2024a Naia Amondarain (Ibarra, 2001) txirrindulari gazte ibartarrarentzat. Haietatik ondo osatuta, berriro ere bere maila berreskuratzeko prozesuan dihardu. Gozatzen ari da aurtengo denboraldian, eta erronka berriei aurre egiteko prest dago. Laboral-Kutxarekin duen kontratua aurten amaitzen duen arren, berritzeko esperantzarekin dago. Motibazioz gainezka dago denboraldiko bigarren zatirako.
Noiz eman zenituen lehen pedalkadak bizikletaren gainean?
Hamaika urterekin hasi nintzen Oriako Limousin txirrindularitza eskolan. Ahizpa zaharragoaren arrastoan hasi nintzela esan dezaket. Berak egiten zuen guztia egiten nuen, esaterako, euskal dantza, igeriketa, eta azkenik txirrindularitza. Aita ere mendiko bizikletan ibilitakoa da, eta etxean ez zegoen bizikleta faltarik. Ahizpa hasi zen lehiatzen lehenik, eta gu haren atzetik ibiltzen ginen lasterketaz lasterketa. Urte batzuetara, ni ere horretan hasi nintzen.
Zure hastapenetan jada emakume gehiago aritzen zineten errepidean?
Ez pentsa asko ibiltzen ginenik! Denera hiru edo lau neska izango ginen. Infantil garaian, Arantxa Garikano eta biok bakarrik aritzen ginen Oriako taldean. Arazoa, agian, erreferenteak falta ditugula izan daiteke. Jubenil mailan, aldiz, egoera oraindik eta okerragoa da. Etenaldia handiagoa da urte horiekin. Txirrindularitza gainera ez da talde kirola, alegia, ez da eskubaloia edo saskibaloia, eta bakarrik joan behar izateak ere gauzak zaildu egiten ditu.
Erreferenterik izan zenuen txirrindularitzan hasi zinenean?
Ahizpa izan zen lehena. Beti izan da erreferente bat niretzat. Bestalde, berarekin batera entrenatzen zuen Ane Iriarte billabonatarra ere aipatuko nuke. Behin baino gehiagotan atera izan nintzen haiekin entrenatzera, eta hura beste mundu bat zen. Haiek izan ziren nire ispilu hastapen haietan.
Nola gogoratzen dituzu lehen lasterketak?
Ez daukat oroitzapen handirik lehen lasterketa haietaz, baina nahiko komeri izaten nuela gogoratzen naiz! Eskola garaian, batera ateratzen ginen mutilak eta neskak, eta ondoren kadete mailan hasten dira lasterketak banatzen. Orduan, bizkaitarrekin, arabarrekin eta nafarrekin lehiatzen hasten zara. Lehen urte haietan pelotoian nola ibiltzen zen ere ez nekien! Aitak esan behar izaten zidan nola ibili pelotoi barruan.
Kadete eta jubenil mailan jada maila erakusten hasi zinen.
Oso urte politak izan ziren kadete eta jubenil mailakoak. Jolas moduan ikusten genuen dena, eta dena berria zen guretzat; jendea ezagutzen duzu, Espainiako Kopan beste lurralde batzuetako txirrindulariak ezagutzen dituzu… Asko gozatu nuen! Jubenil mailan, selekzioarekin lehiatzeko aukera ere izan nuen nazioarteko kopan, Europako txapelketan eta mundialean. Adin horretan horrelako esperientziak bizitzea izugarrizko oparia da.
Garai bateko egutegiak kontuan hartuta, askoz ere lasterketa gutxiago jokatzen dira gaur egun Euskal Herrian. Horrek profesional mailan aritzeko aukera murriztu egin al du?
Askok aipatu izan didate hori, eta badirudi gauzak okertzen joan direla urteen poderioz. Egia da, agian, azken hiru edo lau urteetan gauzak aldatzen ari direla, eta gorakada bat nabarmentzen dela.
Afizionatu garaian, Sopela Womens Team taldean aritu zinen hiru urtez.
Bai. Jubenil maila igarota, bi talde nabarmentzen ziren; garai hartan Sopela, Lointek taldea zena, eta Bizkaia-Durango. Bi taldeen artean, Sopelarekin lehiatzea erabaki nuen. Oso urte politak izan ziren. Etxeko taldea zen, eta geure artean oso giro ona genuen. Familia baten antzekoa zen.
2022an lortutako emaitzekin, jauzia egin zenuen profesionaletara Laboral-Kutxarekin.
Bai. Orduan hasi zen Laboral-Kutxa proiektu berri hau sortzen. Hasiera batean talde nazionala izan behar zuen, baina gutxira UCI talde batean amaitu du. Urtebete lehenago jaso nuen haien deia, baina bi taldeek eskaintza berdina eginda, ez nuela taldez aldatuko aipatu nien. 2022an, aldiz, beste eskaintza bat egin zidaten, eta orduan azaldu zidaten proiektu berria. Beste jauzi bat eman nahi zutela adierazi zidaten. Orduan bai, aukera bikaina iruditu zitzaidan nire kirol ibilbiderako. Orain, berriz luzatu dute akordioa 2029ra bitarte taldeak eta Laboral-Kutxak.
Aurten amaitzen duzu kontratua Laboral-Kutxarekin. Berritzeko zer nolako denboraldia egin beharko zenuke?
Nire kasuan, taldeak lasterketa bakoitzean eskatzen didana betetzen saiatzen naiz. Taldekideei ahalik eta gehien laguntzen saiatzen naiz, eta gaur gaurkoz gauzak nahiko ondo egiten ari naizela iruditzen zait.
Kontratua berritzeko esperantzarik ba al duzu?
Ez dakit. Nire lana ahalik eta ondoen egitea da lehenbiziko gauza, eta nahiz eta kontratuaren gaia hor dagoen, ahazten saiatu behar dut. Egunerokotasunarekin disfrutatu nahi dut, eta lasterketetan dena ematen saiatuko naiz. Gero etorriko dira gerokoak.
Urte hau ezberdina izaten ari da alde horretatik?
Bai. Halere, iaz ere antzeko egoeran egon nintzen. Bi urterako izan zen lehen kontratua, eta iaz beste urtebete luzatu nuen. Alde horretatik ez nago iaz baino urduriago.
Aurten, El Salvadorren lehiatzeko aukera izan duzu taldeareakin. Nolako esperientzia izan da?
Abentura moduko bat izan da! Iaz, jada, Txinan ere lehiatu genuen, eta hura ere beste abentura bat izan zen. Inoiz ez nintzen hain urruti ibili lehiatzen. Oso ezberdina izan da Europako lasterketekin alderatuta. Haientzat ere zerbait berria zen txirrindularitza, eta ez daude ohituta lasterketak ikustera. Altuerara ahalik eta ondoen moldatzen saiatu ginen, eta lortu genuen. Antolakuntza aldetik ere beste modu batean funtzionatzen dute. Han talde guztiak berdinak ginen! Ez genuen bakoitzaren autobusa, eta denek baliabide berdinekin lehiatu genuen. Bakoitzak bi kotxe genituen, talde guztiak erresidentzia moduko batean geunden denak batera, eta alde horretatik ere oso polita da. Lehen egunetan nahiko beldur pasa nuen segurtasun aldetik. Beste mundu bat da hura!
Urte erdia igaro da jada. Orain arteko denboraldiaren balantzea nolakoa izaten ari da taldearentzat?
Uf… Talde bezala, oztopo askorekin hasi genuen denboraldia. Hasiera ona eman genion, halere. Ondoren, ez dugu zorte handirik izan, bai gixotasunengatik eta baita lesioengatik ere. Baja asko izan ditugu, eta egutegiak ere moldatu beharra tokatu zaigu. Taldeak egin zuen azken Espainiako Itzulia ikusita eta beste hainbat lasterketa ikusita, motibazioa areagotu egin da taldean. Denboraldiko zati garrantzitsuenerako gogo handiarekin gaude.
Eta zeure denboraldia nolakoa izaten ari da?
Iazkoarekin alderatuta, lehiatzeko egunak izaten ari naiz. Beti nahi duzu hobeto egon, baina lasterketa batzuetan nahiko ondo sentitu naiz. Nire lana taldeari laguntzea da, nik uste nahiko urte ona egiten ari naizela. Egindako lana asko eskertu didate taldekideek, eta horrek ere poz handia ematen dit.