elkarrizketa

«Distantziari errespetua galdu diogula uste dut»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia

Oso gazte zela hasi zen korrika, eta 17 urterekin utzi egin zuen. 25 urterekin itzuli zen ostera, lasterketen mundura. Entrenatzaile izatea gustatuko litzaioke.

Lasterketen munduan, Garin abizena nabarmentzekoa da. Aritz Garinen (Zizurkil, 1994) kasuan, gaztetxo hasi zen, utzi egin zuen, eta berriro itzuli zen korrikara. Hezkuntzan egiten du lan, eta entrenatzaile izateko aukera zabalik du.

Zure aita, osabak, lehengusua, anaia, zu… Zaletasuna etxetik datorkizue.  

Bai bai. Azkenean txikitatik etxean ikusi duguna izan da. Bi osabak zein aita korrika ikusi izan ditugu beti, eta ondo gainera, bi osabak batez ere. Aita beranduago hasi zen, nahiz eta familiako maratoi kopuru handiena egina duen. Betidanik hori ikusita, gu ia nahigabe hasi ginen. 14-15 urtera arte pilotan aritzen nintzen, eta korrika serioago 13-14 urterekin hasi nintzen. Azkenean aukeratu beharra izan nuen, oso zaila baitzen biak mantentzea. Larunbatetan pilota partidak izaten nituen eta, agian, gero, igandean lasterketa. Aukeratzeko unea iristean, korrikari heltzea erabaki nuen, pilotan eskuekin nahiko gaizki moldatzen bainintzen. 

Azken urteetan, 10 kilometro inguruko lasterketetan aritu zara. Txapel batzuk bildu dituzu.  

Bai, azken urteetan maila polita hartu dut. Oso gustura aritu naiz, eta ez nuen espero. Konfinamenduak ere asko eragin ninduen; halere, entrenatzen segitu nuen eta ondoren lesio hura etorri zen. Horren ondoren berriz ere lasterketetan hasitakoan, oso ongi ikusi dut nire burua, eta beti buruan izan ditudan lasterketa horietako batzuk irabazteko aukera izan dut.  

Irabazitako lasterketa horietatik batzuk, etxean izan dira; Villabonan irabazi duzu, Zizurkilgo Gau Krosean ere bai. Horiek izan al dira politenak? 

Bai bai, dudarik gabe. Gau Krosa duela 8 urte irabazi nuen, 2017an. Lasterketa hark ilusio berezia egin zidan,  Zizurkilen izan baitzen, txikitatik egin izan dugun lasterketa.  Gainera giro berezia izaten da. Villabonakoak ere bereziak izan ziren, bai San Silbestrekoa, eta baita Santiotakoa ere.  

Inoiz ez duzu maratoirik korritu. Zergatik? 

Ez ez, ez dut sekula bat ere korritu. Errespetu handia ematen didan distantzia da, eta motzagoetan gusturago ibiltzen naiz. Badakit noizbait distantzia luzeagoak probatzeko pausoa eman beharko dudala, egina daukadala esan ahal izateko.  

Esaerak dio, bat ez dela korrikalaria maratoirik jokatu gabe.  

Bai, hori esaten dute, baina horrekin ere ez nago guztiz ados. Maratoi erdiekin berdin, 18 urterekin Behobia-Donostia bat egin nuen, baina distantzia luzeak oraindik ez ditut asko ikutu. Oso ondo prestatu behar dira, eta ez entrenamenduetan soilik, karreran zehar ere neurtzen jakin behar da.  

Distantziari errespetua galdu al diogu? 

Orokorrean baietz uste dut. Horren ondorioak ez dira momentuan ikusten, izan lesioak edo izan arazo organikoak, beranduago iristen dira. Nik uste jendea astakeria asko egiten ari dela, bai mendian eta baita errepidean ere. Entrenatzaile onek diote, urtean bi maratoi egitea ere asko dela, bat ere nahikoa dela. Bi maratoi egiten dituen jende gutxi dago, lau edo bost erraz egiten dituztenak aldiz, asko dira. Maratoi batek gorputzari suposatzen diona ikaragarria da. Maratoi bat egin eta egun gutxira analitika egitera joaten bazara, argi ikusiko duzu ordena alteratuta egoten dela, eta nahiz eta gorputzak ez sentitu, esfortzuaren eragina barruan egoten da.  

Askotan alderatu al zaituztete osabekin? 

Bai. Gogoan dut hamalau urterekin Gipuzkoako txapelketa irabazi nuela, krosean. Zer den ez dakien jendearentzat krosa belarretan izaten da, lokatzetan, oso diziplina zorrotzarekin. Ordutik aurrera oso ondo ibiltzen hasi nintzen eta alderaketak hasi ziren. Orduan ez nuen horrela ikusten, baina adin horrekin gauza zailak dira ondo kudeatzeko, eta presioa ere handia da. Osabak, gu baino beranduago hasitakoak ziren korrika, 17-18 urterekin. Nik egin nuen akats handienetako bat, jendeak orain gauzak hobeto egiten dituela ikusten dut. Espezializazio goiztiarra batzuek esaten dute ona dela, baina bere alde negatiboak ere asko ditu, bidea asko ixten baitizu. Gainera, hortik kanpo egiten dituzun gauzak kalte egingo dizutela uste duzu, eta ondorioz gauza asko aparte uzten dituzu. Presio guztiarekin eta beste mila gauzekin pixka bat aspertu edo nekatu egin nintzen eta hamazazpi urterekin berriro korrika utzi nuen bost bat urtez. Geroago ekin nion berriro.  

Urte batzuetan itsu ibili zinela esan dezakegu? 

Bai bai, buruan horixe bakarrik nuen. Egunero entrenatzen ibiltzen nintzen 13-15 urterekin, nire inguruko inork egiten ez zuena. Garai hartan, entrenatzea soilik ez zen normala, eta nahiz eta emaitzak onak ziren, bere alde negatiboak ere bazituen.  

Aritz, noiz hasi zinen zulo horretatik ateratzen?  

2014an hasi nintzen berriro, 25 urterekin.  

Oroitzen al duzu geldialdiaren ondoren egin zenuen lehen lasterketa? 

Bai, Ikaztegietako herri krosean izan zen. Neguan, azaroan, Behobiaren aurreko astean. Hotza egiten zuen, euria, nire gustuko girorik ez, baina hantxe egin nuen lehena. Handik aurrera martxa hartzen hasi nintzen berriz ere. Lehen hiru urteetan lasai hasi nintzen, ez bainuen lehenagoko presio hartara berriz ere iritsi nahi. Urte batzuetara egunerokora bueltatu nintzen, eta gaur arte.  

Azkenaldian asko hitz egiten da buru osasunaz. Utzi zenuen garai hartan ez zen batere hitzegiten.  

Hitz egitea beharrezkoa da. Gainera, hezkuntzan lan eginda ikusi dut ume bakoitzak bere errealitatea duela, sentimendu eta emozioei kasu asko egin behar zaiela, eta norberaren buruan gertatzen ari dena beste batek ulertzea oso zaila dela. Egun, gero eta gehiago hitz egiten da gaiaz, eta nik uste horrela segi beharra dagoela. Lan eremuan ere gero eta gehiago hartzen da kontuan eta nik uste kirolak ere alde horretan laguntza handia ematen duela.  

Kirolean ere gero eta presio gehiago dago. Zergatik uste duzu sortu diogula presio hori kirolari? 

Nik uste ez dagoela faktore bakarra; gaur egun gure buruak gero eta gehiago azaltzen ditugu, sare sozialetan, prentsan... eta horrela aurreikuspenak sortzen ditugu. Beraz geure buruari ezarritako presioarekin eta gugatik espero dutena betetzen saiatzearekin osasuna galtzen dugu.  

Magisteritza ikasitakoa zaren arren, ondoren heziketa fisikoan eta kirol entrenamenduan master bat egin zenuen. Nolatan? 

Kirol entrenamendua beti gustatu izan zait. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ez egindako penarekin gelditu nintzen bere garaian eta konfinamendua iristean, klaseak aurrez aurre egin ezin zirenez, master bat egin nuen Malagako unibertsitate batean. Asko gozatu nuen hori ikasten, eta, garai zailak izan arren, etekina ateratzen saiatu nintzen. Gustatuko litzaidake pixkana ate hori ere irekitzen joatea. Beraz, entrenatzaile izateko aukera hori ere hor dago. 

Zer da errazagoa, besteak entrenatzea, hala norbere burua entrenatzea? 

Besteak entrenatzea. Badakit norbere burua entrenatzea ez dela onena. Ez nuke egin beharko, baina ez dut norbaitekin hasteko pausoa ematen. Lehen esan bezala asko gustatzen zait saio bakoitzak duen helburua jakitea, beraz beste batek jarriko balit badakit guztia galdetuko nukeela. 

Zeure buruarekin zorrotza al zara? 

Bai. Esango nuke diziplina handia dudala. Errutina bat jarraitzen dut, eta hori betetzea gustatzen zait. Halere, agian atseden gehiago hartu behar nuke. Izan ere, 40 egun jarraian entrenatzen aritzeko gai naiz, nahiz eta jakin hori ez dela egokiena. Azkenean, norberak bere burua entrenatzean nahi duguna egiten dugunez, normala da horrelako akatsak egitea. 

Dortsala janzteak zer ematen dizu? 

Beste puntu bat. Entrenatzen imaginatu ezin daitezkeen erritmoak lortzen dira lasterketetan, eta horrek ematen du zure hoberena ateratzea. Lasterketa egunak ere polita izaten dira. Leku berriak ezagutzeko eta zure bizi estilo antzekoa duen jendearekin erlazionatzeko aukera ematen dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!