Oso gazte zela murgildu zen Paula del Pozo (Alegia, 2002) triatloiaren munduan, eta hastapenetan lortutako emaitzen ondorioz, Madrilgo goi-mailako kirolarien egoitzan, Blumen, igaro ditu azken urteak. Azken urtean motibazioa galduta ibili ondoren, etxera itzultzea erabaki du alegiarrak. Berriro ere triatloilari sentitu nahi du etxekoen berotasunean. Ez du ahaleginean etsi nahi.
Gaur egun triatloilari ezaguna zara. Oso gaztetatik hasi zinen zu hiru kirolak jorratzen.
Bai. Ahizpak igeriketako klaseak hartzen zituen bitartean, ni jada igerileku txikian egoten nintzen. Amak beti esaten zigun igeriketan ondo ikastea oso garrantzitsua zela, eta nik ere urte batzuk egin nituen. Ondoren, korrika hasi nintzen. Eskolan egindako test baten ondorioz gomendatu zidan irakasleak korrika hastea. Bizikletarena, beranduago iritsi zen. Ordura arte oso gutxi ibilia nintzen bizikletan, Alegiatik igerilekura joateko erabiltzen nuen! Hamabost edo hamasei urterekin hasiko nintzen hiru kirolak batera uztartzen. Gaur egun nire entrenatzaile den Asier Mujikaren eskutik hasi nintzen triatloian.
Gogoan dituzu jokatu zenituen lehen triatloiak?
Super Sprint modalitatean hasi nintzen, eta ondoren emakumeen triatloia jokatu nuen Donostian. Nahiko ondo moldatzen nintzela konturatu nintzen. Ez nuen beste munduko mailarik ikusi lehen triatloian. Baina momentuan konturatu nintzen federatu gabekoekin lehiatu nuela!
Azken urteetan hiru taldetan aritu zara.
Emakumeena jokatu ondoren, Saltoki taldetik deitu ninduten ea federatu nahi nuen. Haiekin hastea erabaki nuen. Hogei urterekin, aldiz, Bizkaiko Peñota Dental taldera joan nintzen. Kontratua amaitzean, Madrilgo Diablillos de Rivas taldearekin fitxatu nuen. Oso talde indartsua da. Lehenengo mailan lehiatzen du, bai triatloian eta baita duatloian ere. Aurten, duatloien liga irabazi dugu.
Halere, 18 urterekin Madrilera joatea erabaki zenuen, Blume erresidentziara.
Ligan bi urtez nahiko maila ona eman nuen, eta bertatik deitu ninduten. Beka bat eskaini zidaten, bertan bizi, ikasi eta kirola egiteko. Bertan logela bat neukan, eta denetik genuen. Bost izarretako hotel bat zirudien! Lau urte pasa ditut bertan ikasten eta kirola egiten.
Nolakoak izan ziren Madrilen igarotako lehenengo hilabeteak?
Lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Hemen bizikletan ibiltzen nintzen, baina ez hainbeste. Hara joan nintzenean, aldiz, izugarrizko aldea ikusi nuen. Dena faltan botatzen nuen, gurasoak, lagunak… Profesionalen mundu batean sartuta nengoen ia konturatu gabe. Askotan ez nuen sinistu ere egiten bertan nengoela! Egunaren amaierara, neka-neka eginda iristen nintzen. Baina hurrengo egunean berdina zen, eta hurrengoan ere bai. Psikologikoki ere oso nekatuta amaitzen nuen. Egunero, errutina berdina zen; entrenatu, jan, eta lo egin. Abenduan etxera itzuli nintzenean, ez nuen Madrilera bueltatu nahi. Lehen lotsa ematen zidan esatea, baina Madrilen askotan amaitzen nuen eguna negarrez. Faltan botatzen nituen amaren besarkadak, aitaren musuak eta ahizparen ika-mikak.
Noiz hasi zinen egoerari buelta ematen?
Beste bi hilabete behar izan nituen horretarako. Banekien bertara entrenatzera eta prestatzera joan nintzela. Ni ez nintzen hara lagunak egitera edo ondo pasatzera joan. Bertan jarraitu nahi banuen, banekien sufritzea tokatzen zela. Egoera hartatik pasatzean, banekien etorkizunean indartsuago egingo ninduela. Hilabete batzuetara hasi nintzen egindako lan guztiaren lehen fruituak jasotzen. Hiru urtetan asko igo nuen errendimendua. Azken urtean, aldiz, txakalaldi txiki bat izan dut errendimenduan. Oso zaila da urtero gorengo maila batean mantentzea.
2021 urtea… Europako Kopa… Riga… Zer etortzen zaizu oroimenera?
Hasteko, emozio asko! Lesio luze batetik nentorren, eta, entrenatzen hasi nintzen lehen egunean, bizikletan atera eta erorketa baten ondorioz lepauztaia apurtu nuen. Beste bi hilabetez geldirik egotea tokatzen zitzaidan. Errekuperatu ondoren, Rigara joan nintzen nire lehen deialdian. Zorionez, irabazi egin nuen! Helmuga zeharkatu bezain pronto, negarrez hasi nintzen emozioarengatik. Banekien indartsu nengoela eta gauzak ondo irten zitezkeela. Bertan lortutako urrezko lehen domina ondo gordeta daukat.
Hurrengo bi urteak ere onak izan ziren arren, azken urtea igaro ondoren, 2024ko udan etxera itzultzea erabaki zenuen. Zergatik?
Azken urtea kili-kolo neraman, eta ez zen batere urte ona izan. Entrenatzeko motibazioa erabat galdu nuen, eta ia derrigortuta joaten nintzen. Txapelketa batzuetara gogo handirik gabe joan nintzen. Ilusioa galtzen hasita nengoen. Madrilgo giroa ere ez zen onena izan, eta pentsatzeko denbora asko izaten nuenez, etxera itzultzeko hautua egin nuen. Ez nuen bertan behartuta egon nahi, etxean gauza bera nuenean.
Etxean nola hartu zuten albistea?
Nahigabe pixka bat sentitu zuten. Isiltasun bat egin zen etxean, baina ahizpak halaxe bota zidan: «bazen garaia!». Irribarrea galduta nengoen, eta askotan esaten didate nire nortasunaren ikurretako bat irribarrea dela. Dena esanda zegoen! Amak pozik hartu zuen albistea. Alaba etxera itzultzen zen! Aita, aldiz, pentsakor geratu zen. Galdera asko sortu zitzaizkion; eta orain zer egin behar duzu? Halere, nik argi nuen jarraitu egingo nuela. Berriro ere ilusioa errekuperatu nahi dut.
Berriro ere itzultzeko aukerarik bazenu, zer egingo zenukeen?
Nik argi daukat ez naizela berriro ere itzuliko. Bizitzako etapak dira, eta behin ate bat itxita, hobe izaten da berriro ez irekitzea. Atzera begiratu behar izaten da, indarra hartzeko soilik. Beti aurrera begiratu behar da!
Oraindik ere ez dituzu baztertzen 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoak.
Ez! Nahiz eta orain etxean egon, eta, Madrilgo fokoetatik kanpo izan, nire bidea egiteko daukat. Bide ezberdina da, baina bide horretan jarraitu nahi dut. Orain oso gustura nago hemen berriro, eta ilusioz gainezka ari naiz entrenatzen. Nire inoizko sasoirik onenean nago. Aurki izango ditut helburu nagusienak jokoan, eta haien bila joan nahi dut. Ez dut esfortzurik utziko bidean.