Azaroan Valentziako maratoia amaitzeko aukerarik ez zuen izan Iraitz Arrospidek (Amasa-Villabona, 1988) arazo batzuk medio. Arantza ateratzeko asmoz, otsailean, Sevillakoan lehiatu zen. Zapore gazi-gozoa ekarri zuen arren, oraindik ere gauza politak egin ditzakeela sinistuta dago. Ez du esperantza galtzeko asmorik.
Aste batzuk igaro dira Sevillako maratoia jokatu zenuenetik. Zer moduz igaro dituzu aste hauek?
Ondo, egia esan maratoira oso ondo iritsi nintzen, gorputzaldi onarekin. Maratoiko denborari dagokionez aldiz, ez ginen hain pozik geratu. Marka hobea egitea espero nuen, baina halere egindakoa ez dago gaizki. Egindako entrenamendua ondo egon zen, baina hobetu daitekeela uste dugu. Egia da nire marka hobetzea ez dela erraza izango, jada bi urte daramatzat saiakera horretan, baina esperantza apur bat badut oraindik. Posible dela badakigu, baina zoritxarrez oztopo asko izaten dira gero lasterketan bertan.
Sevillan, 2 ordu, 14 minutu eta 18 segundoko denbora egin zenuen.
Bai bai, egia esan nire maratoirik onenetakoa izan zen. Hamar bat maratoi erraz izango ditut eginak, baina horrelako markarekin hiru, beraz, Sevillakoa onenetako bat izango litzateke. Gertatzen dena da, esperantzak handiak zirela, eta helburutzat dugun emaitza hori lortzeko exijentzia handia jartzen dugula bai nik eta baita nire entrenatzaileak ere.
Nolako maratoia izan zen Iraitz?
Gogorra barearekin arazoak izan nituelako. Oso oso goiz jarri zitzaidan. Arnasterakoan mina izan nuen, eta nik uste horrek ere eragin handia izan zuela lasterketan zehar. Nahiko hasieran jarri zitzaidan, baina, apur bat lasaitu eta kontrolpean eraman nuen. Beranduago, tarte batez ura edaten saiatu eta okertu egin zitzaidan, beraz, geratzen zen lasterketaren zati guztian ur gehiagorik ez edatea erabaki nuen. Horrek guztiak asko zaildu zuen lasterketa, bai mentalki eta baita fisikoki ere. Azken emaitzan ere eragina izan zuen. Bihotz pultsazioak behar baino motelagoak nituen, arnastu ere kostata egiten ari nintzen, eta horrek ere azken finean erritmoa jaisten du. Bestalde, gorputz sistemari ez nion hainbesteko kalterik egin pultsazioei dagokionez, eta horrek eragin du errekuperazioa hain azkarra izatea.
Zein helbururekin joan zinen maratoira?
Helburu nagusia nire marka onenaren inguruan ibiltzea edo hobetzea zen. Helburua, denborarekiko zen, argi genuen. Helburu hori, noski, aurrez jartzen den helburu bat da, maratoiaren aurreko astean gehienetan. Proba batzuk egiten dira, eta proba horiek erakusten digute zer lortu dezakegun edo zertara joan behar dugun. Hor ikusi genuen posible zela nire markaren inguruan ibiltzea edo hobetzea, eta horrek helburu argi bat jarri zidan; nire marka hobetzera joatea Sevillara.
Helmugako 2:14,18ko denbora horrek ze gorputzaldi utzi zizun?
Esan bezala, helburu batekin joan eta ez lortzeak pena eta amorrua sentiarazi zidan, tartean lan handia egina baitzegoen, alegia, hilabete askotako lana zen. Uztail bukaeran hasi nintzen entrenatzen. Egia da Valentziako maratoia prestatu nuela, eta, Valentzian ez zela atera. Bertan ez nuenez lortu, Sevillakoan probatzea erabaki nuen. Beraz, uztailaren bukaeran hasi eta geratu gabe aritu nintzen Sevillako maratoira arte. Lan handia dago, esfortzu handia, sakrifizio handia, eta azkenean helburua lortzen ez denean amorrua sortzen da, bestela ez genuke hainbesteko sakrifiziorik egingo. Bestalde, bakoitzak bere buruari eman beharreko mezua da egindakoa ere ez dagoela hain gaizki. Azkenean, dena bezala, nondik begiratzen den da kontua. Azkenean 3 minutu eta 10 segundoan kilometro bat egitea ez da batere erraza, eta nahiz eta oso prestatuta egon lan handia egon da atzetik.
Selemon Beregak irabazleak, 25 urterekin debuta egin zuen maratoian. Garai batean ez bezala, geroz eta gehiagok izaten dute estreinaldia adin horrekin. Maratoia gaztetzen ari da?
Bai, gaztetzen ari da. Batez ere laguntzak eta babesleak nondik doazen ikusita, badirudi diru guztia maratoian mugitzen ari dela. Azken urteetan kirol marken interesa errepideko lasterketetan egon da, pistatik errepidera mugitu da, eta kontratu onenak ere bertan daude. Pistan ere badaude distantzia motzeko izar batzuk, baina, izar horiek kenduta, gainontzekoei gauzak zailtzen ari zaizkie. Errepidean aldiz, nahiko apustu handia egiten ari dira markak, beti ere maila altueneko atletekin, eta horrek ere jendeak pausua gero eta goizago ematea eragin du, distantzia luzeak egitera. Azkenaldian hogeita urte gutxiko jendea ikusten ari gara, urte asko daramaten eta prestatuta dauden atletak, sekulako markak egiten ari direnak.
Aipatu duzu gutxi gora behera 10 bat maratoi egin dituzula. Zein izan da zure maratoirik onena?
Markarik onena egin nuen maratoia. Nik uste apur bat horren bila joaten garela, gure markak hobetzera eta 2019an Valentziako maratoian lortu nuen, sekulako urtea izan zen. Aurretik, munduko txapelketa ere lortu nuen 50 kilometrotan, eta Gipuzkoako errekorra ere lortu nuen maratoi erdian. Gogoan dut, nahiz eta sekulako marka egin arazoak izan nituela urdailean. Asko sufrituta eta momentu txarrak igarota, azkenean, indartsu iritsi eta indar handiz bukatu nuen, gainera sekulako marka eginda.
Sei urte joan dira jada.
Sei urte dira, bai! Arazo handiak tarteko, lesio larria... Ez da garai hartan pentsatzen nuena, oraindik ere ikusten bainuen nire buruan hobetzeko aukera, eta bide onetik nindoan. Beranduago arazo handiak sortu zitzaizkidan, batez ere lesio bat, eta denbora asko eraman zidan lesio bat. Errekuperatu ondoren ere errendimendu hori berriz ere lortzea asko kosta zitzaidan.
Zure gorputza nola dago orain? Oraindik errendimendua areagotu dezakezula ikusten duzu?
Alde batetik, eta abiadurari dagokionez, segur aski onena emanda nago. Gero eta gehiago kostatzen zait abiadura azkartzea. Bestalde, erresistentziari dagokionez, orain, maratoi hura egin nuenean baino hobea dudala esango nuke. Maratoia bere osotasunean balantza moduko bat da. Maratoian azkarra izan beharra dago, baina erresistentzia ere oso garrantzitsua da. Beraz, esan bezala, alde batetik okerrago eta bestetik hobeto nagoela esango nuke.
Zenbat urte geratzen zaizkio Iraitz Arrospideri maratoietan?
Ez dakit. Egia esan, maratoiz maratoi noa, futbolean esaten den gisara, partidaz partida. Ez dut urte askotarako planik egin nahi, batez ere badudalako nahiko lan atletismoaz gain; familia, lana... Horrek guztiak plan oso luzerik ez eginaraztea egiten dit. Maratoi bat prestatu, hura prestatzen kontzentratu, eta ez pentsatu handik aurrera zer etorriko den. Hura amaitzean, hausnarketa bat egin eta erabaki bat hartzen dut, eta dena ongi joanez gero agian beste bat prestatzea egokituko da. Horixe da behintzat nire filosofia.