Ander Imaz bikotekide duela, eta binakako txapelketa gogor bat eta gero, sailkatzea lortu zuen Erik Jaka pilotariak (Lizartza, 1994) pasa den larunbatean Altuna eta Aranguren bikoteari gailenduta. Orain, laugarren postua lortu nahi du Josu Eskirozekin, bihar Sestaon (Bizkaia) jokatuko duen partidan Elordi eta Zabaletaren aurka.
Sestaon pilota aukeraketa egin ondoren azaldu da hitzordura Jaka. Irribarretsu dago. Azken partida irabazita, lasaitua hartu duela adierazi du elkarrizketa hasi aurretik. Argi eta garbi hitz egiten duen horietakoa da.
Lasaitu ederra hartu zenuen larunbateko partida eta gero.
Bai nik, eta baita Ander Imazek ere. Asko zegoen jokoan larunbateko partidan. Txapelketaren erdialdea pasatzen ari zen momentuan, gauzak nahiko ondo ikusten hasi ginen geure helburuak betetzeko, baina azken asteetan gauzak asko estutu dira. Gauzak ondo egiten joan gara, baina aurkariek ere gauzak gu bezain ondo edo hobeto egin dituzte, eta gainera etorri zitzaizkigun azken asteetan. Azken partidak aurkari zuzenen aurka izan dira, eta zorionez aurrera ateratzeko aukera izan dugu. Altuna eta Arangurenen aukako azken partida erabakigarria zen, eta bagenekien irabazten zuenak sailkatzea lortuko zuela. Kostata, baina partida aurrera atera genuen.
Tentsioa ikaragarria nabari zen partidan.
Bai. Nik bereziki ez nuen hainbeste sentitu barrutik, baina atzeko koadroetan nabaria zen tentsioa Imazen eta Arangurenen artean. Hasierako tantoetan nabaritu nion Imazi urduritasun hori, galdu zituen pilotak ez baititu normalean galtzen. Bere buruarekin ere harrituta zegoen! Esku bat botatzen saiatu nintzen, eta zorionez hogeita bira iristea lortu genuen. Asko sufritu genuen arren, oso pozik amaitu genuen garaipenarekin.
Partida amaierako garrasi hartan zer askatu zenuen?
Batez ere tentsioa! Nahiz eta bagenekien gauzak ondo egiten ari ginela, oraindik partida ixteko geneukan. Landutakoa lortzen amaitzen duzunean, gauzak merezi izan dutela konturatzen zara, alegia, egindako lanak emaitza ekarri duela ikusten duzu. Lan ona eginda atera genuen partida aurrera. Gainean neraman gehiegizko adrenalina askatzeko modu bat izan zen garrasi hura!
Oraindik aukerarik baduzue laugarren postu hori lortzeko. Nola ikusten duzu?
Oso partida gogorra daukagu bihar Sestaon Elordi eta Zabaletaren aurka. Ez datoz dinamika on batetik, eta espero dut Jose Javier Zabaletak behintzat dinamika txar horri bueltarik ez ematea. Dinamika aldatzea lortzen badu, are eta zailagoa izango da geuretzat. Hamahiru tanto baino gutxiagoan utzi behar ditugu gainera laugarren postu hori lortzeko, pentsa... Orain bi urte txapeldun izandako bikote bat da, Zabaleta iaz ere izan zen Pello Etxeberriarekin, Elordik orain bi urte banakakoa eta lau eta erdikoa irabazi zituen… Berriro ere txapeldun izateko bikote nagusienetako bat da.
Zuk gainera ez duzu Ander Imaz bikotekide bezala izango ondoan.
Azken partidaren ostean aipatu zuen eskua oso kolpatuta zuela, eta, matematikoki bosgarren postua ziurtatuta, nahiago izan du playofferako eskuak gorde. Josu Eskirozek hartuko du bere lekua. Berak ere oso ondo jokatu zuen aurreko astean Tafallan (Nafarroa) Iñaki Artolarekin. Pilota aukeraketan esan diot, gutxienez aurreko partidako maila erakutsi behar duela nire ondoan ere [barrezka]. Oso pilotaria da, lehiakorra, eta nahiz eta beste jotzaile handi horien kolperik ez izan, defentsa eta fisiko bikaina dituen jokalaria da. Ander Imazen oso antzeko pilotaria da Eskiroz. Oso erraza da harekin bikotea egitea.
Oro har, txapelketa gogorra izan al da zuentzat?
Bai, oso gogorra izan da! Halere, ez dago urterik txapelketa hau gogorra ez denik. Higadura handia ekartzen duen txapelketa da, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Hamalau aste izaten dira normalean, nahiz eta aurten motzagoa izan den egunetan Gabonetan izandako aste gogorraren ondorioz. Ikuslearentzat oso aste polita izan zen, baina pilotarientzat oso aste arriskutsua izan zen. Zorte handia izan dugu denok ere, ia inor lesionatu ez izana. Iñaki Artolak bakarrik izan zituen arazo batzuk, baina oro har, denak nahiko txukun irten ginen aste ero horretatik.
Txapelketa hastean zein zen zuen lehen helburua?
Lehen seietan sartzea zen helburu nagusia. Oso bikote gogorrak osatu ziren, eta azken bi postu horiek saihestea zen lehen asmoa. Txapelketa aurrera joan ahala ikusten da bikote bat non egon daitekeen eta non ez. Iaz, esaterako, Jon Mariezkurrenarekin jokatu nuen txapelketa, eta izugarrizko ligaxka egin ondoren, lehen postuan sailkatu ginen, baina ondorengo hiru partidak galdu eta etxera joan ginen. Askotan alferrik da ezer aurreikustea
Zuen kasuan, behin sailkatzea lortuta eta helburuak beteta, irabazteko gehiago duzue galtzeko baino?
Bai, eta uste dut pentsamolde horrekin hartu behar dugula, batez ere txapelketa nola joan den ikusita. Bai edo bai, gora begiratu behar dugu asteburu honetan, eta saiatu egin behar dugu behintzat. Horrela balitz, bi aukera izango genituzke finalerdietan egoteko, eta bestela bi partida irabazi beharko ditugu derrigorrez. Zaila izango da, baina saiatu beharra daukagu. Kirolean zerbait izan behar bada, anbizioa da.
Zein izan da txapelketa honetan gehien harritu zaituen pilotaria?
Martxel Iztueta, zalantzarik gabe! Hamarreko nota jarriko nioke. Izugarri jokatu du, patxadaz, eta segurtasun handia transmititu du frontoian gainera. Pilotari, latz eman dio gainera, bromarik gabe! Haren aurka jokatutako bi partidetan asko jokatzen ikusi nuen. Hogeita bat urte bete berri ditu, eta izugarrizko albiste ona da pilotarentzat eta bereziki gure eskualdearentzat. Iruditzen zait, enpresak jakin izan balu Martxelek horrelako maila erakutsiko zuela, ez lukeela Lasorekin jarriko. Gaur gaurkoz, txapela irabazteko hautagai nagusienetako batean bihurtu dira.
Gaur gaurkoz, nor ikusten duzu txapela irabazteko faborito nagusi?
Orain arteko erreferentziek ez dute ezertarako balio. Hainbeste aldatzen dira gauzak fase batetik bestera… Edozer gauza pasa liteke, baina bikote bat esan beharko banu, eta, egonkortasunari begira jarrita, Ezkurdia eta Rezusta bikotea esango nuke. Baina nork esaten dizu Elordi eta Zabaleta ez sartzea biek joko puntu bat igotzea lortzen badute, edo Artola eta Mariezkurrena ere. Jotzaile handiek errespetu handia ematen didate.