elkarrizketa

«Oso gustura ari naiz sentitzen Huelvan»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko urt. 16a, 19:58

Tolosatik irten zenetik, Iraurgi, Gipuzkoa Basket, Coruña, Melilla eta Baskonia taldeetatik igaro da; egun, Bigarren FEB Mailan ari da jokatzen, Huelva taldean.

Bere kirol ibilbidea Tolosan hasi bazuen ere, gaur egun Bigarren FEB Mailan jolasten dihardu Gaizka Maiza (Ibarra, 1996) saskibaloi jokalariak. Joko antolatzaile ibartarrak lehen urtea du Huelvan, baina badaki etxetik kanpo jokatzea zer den, Coruñan (Galizia) eta Melillan (Andaluzia) jokatu baitzuen lehenago. Gustura dabil Huelvan.

Gabonetako oporren aitzakian egin du geldialdia Maizak ATARIA bisitatzeko. Konpromisoz beteriko egunak dituen arren, orain arte jokatutakoaz eta azken urteetako ibilbideaz hitz egitera gerturatu da. Baloia mugitzeko duen erraztasun bera du hitzekin. Gozatu egiten du saskibaloiaz hitz egiten.

Zer moduz zabiltza Huelva aldean?

Etxetik urruti samar egon arren, oso gustura nago. Oraingoz, denboraldia nahiko txukun doa, eta ea horrela jarraitzeko aukera dugun. Galdutako partida gehienetan lehiakor izaten ari gara, eta alde horretatik gustura gaude. Orain hiru aste inguru, soleotik izorratuta egon nintzen, eta, Albaceteren aurkako azken partidan, aldiz, partida onenean zegoenean orkatilean bihurritu txiki bat egin nuen. Gutxira ondo egotea espero dut.

Nolako hiria da Huelva?

Bizitzeko ez da hiri polita, baina tenperatuta aldetik oso atsegina da. Inguruak oso politak ditu, esaterako, hondartza duten herrixkak, mendialdeko beste herri batzuk ere bai… Sevilla ere ordubetera daukagu, eta Portugalera ere hogei minutu besterik ez dugu. Portugalera oraindik ez naiz joan, baina Sevillara lauzpabost aldiz joan naiz. Sevilla politagoa da Huelva baino [barrezka].

Zuen taldean, gehienak, Andaluziatik kanpokoak izango zarete ziurrenik. Norekin erlazionatzen zara gehien?

Taldekideen artean oso harreman txukuna dugu, eta arratsalde askotan elkartzen gara edonoren etxean edo kalean kafe bat hartzeko. Punta Humbria (Andaluzia, Espainia) aldera ere joaten gara eguzki eta bero bila. Terrazaren batean egoteko leku atsegina da hura. Gaur egun taldekide batekin bizi naiz. Bera Huelva hiri inguruko herri batekoa da, baina bueltaka ibili beharrean hirian bizitzea erabaki zuen.

Tolosatik irten zinenetik, ibilbide luzea daramazu hainbat taldetan, esaterako, Iraurgi, Gipuzkoa Basket, Coruñan (Galizia), Melillan (Andaluzia), Baskonia, berriro ere Iraurgi, eta orain Huelva. Gipuzkoa Basketen aritu zinenean Espainiako ACB maila ezagutu zenuen. Nolako esperientzia izan zen hura?

Oso gogorra izan zen. Denboraldi berean, Donostian eta Azpeitian entrenatzen egon nintzen goiz eta arratsalde. Hasiera batean, haiekin entrenatzeko bakarrik zela uste nuen. Denboraldiko azken lau partidak jokatzeko aukera eman zidaten, eta, kolpetik, laugarren mailatik lehen mailara igo nintzen. Prest ondo egon gabe, masterra egitea tokatu zitzaidan. Hori bai, izugarrizko ilusioa nuen! Maila galdu genuen arren, asko ikasi nuen, eta harreman onak egin nituen. Garai hartan lehen mailan partida asko jokatutako Fede Van Lacke argentinarra izan nuen logela kide. Asko lagundu zidan. Bere azken urteetan zegoen, eta psikologo lanak egiten zituen nirekin. Alde horretatik oso eskertuta nago berarekin.

Bi urte eta gero, Coruñara joan zinen jolastera.

Donostian garai horretan bigarren entrenatzailea zen Sergio Garciaren bidez joan nintzen Coruñara. Harreman ona neukan berarekin, eta nigan konfiantza bazeukan. Coruñara joatekoa zela aipatu zidan, eta berarekin joateko aukera eskaini zidan. Ikusten nuen Donostian ez zeukatela proiektu argirik, eta gogo handiz joan nintzen Coruñara. Halere, gaizki pasatako une batzuk izan nituen. Donostian jokatuta, etxean dena egina izaten nuen. Hara joatean gauzak asko aldatu ziren. Bakarrik bizi nintzen, eta benetako bizitza ezagutu nuen bertan. Kolpetik espabilatzea tokatu zitzaidan. Pandemia ere bertan pasatzea tokatu zitzaidan.

Coruñatik Melillara joan zinen. Nolatan?

Denboraldi amaieran talde gehienak harremanetan jartzen dira agente ezberdinekin, eta niri ere hara joateko aukera sortu zitzaidan. Historikoki oso talde ona izan da ligan, eta erakarpena sortu zidan. Entrenatzailearekin hitz egin ondoren, oso sentsazio onak helarazi zizkidan eta hara joatea erabaki nuen. Oso leku zelebrea eta kuriosoa da. Itxita dago, eta politikoki Espainia bada ere, geografikoki Afrikan daude. Aldiro hegazkina edo barkua hartzera derrigortuta daude. Kanpora joan naizen aldiro, lehen bidaia gurasoekin egin izan dut. Segurtasuna eman izan ohi didate.

Kirol arloan nolako urtea izan zen?

Ez zen oso urte ona izan. Taldean oso harreman ona genuen, baina nik kirol eremuan ez nuen askorik gozatu. Taldekide askorekin harreman handia mantentzen dut oraindik, eta horrek salbatu zuen urtea. Kluba aldapa behera zihoan ordurako.

Hura amaitzean, Baskoniaren deia jaso zenuen. Etxera gerturatzeko asmoa zenuen?

Beti izan naiz oso Baskonia zalea! Horrelako talde handiek beti izan dituzte harrobiko jokalariak, baina Baskoniak atzerriko jokalari oso gazteak ditu, eta ni ere gazteak trebatzeko ekarri ninduten. Oso leku konplexua da Baskonia. Gazte asko daude, baina klubari asko interesatzen zaio gazte horiek irtetea, bai goiko taldean jokatzeko, edo haiengatik salmenta bat lortzeko eta konpentsazio ekonomikoa lortzeko. Garai hartan nirekin jokatzen aritutako Pavel Savkov errusiarra eta Ousmane N´Diaye senegaldarra gaur egun lehen taldean jokatzen ari dira. Oso talde ona genuen, baina klubaren interesak talde harekiko eta entrenatzailearen interesak uztartzea ez zen batere erraza. Denboraldi hasieran aurkeztu zidaten proiektua ez zen bat etorri gerora izan zenarekin.

Iaz, aldiz, berriro ere Iraurgin aritu zinen.

Betidanik izan dut erlazio ona Iraurgiko jendearekin. Han egon izan naizenetan, gauzak ondo atera izan zaizkit, eta bertako jokalari askorekin harremana mantentzen dut. Banekien leku ziur batera itzuliko nintzela, eta Baskoniako esperientzia eta gero, beste perspektiba batera itzuli nahi nuen. Urte polita izan zen, nahiz eta joko aldetik taldeak gehiago eman zezakeen. Pertsonalki urte ona egin nuen, eta hura eta gero etorri zen Huelvaren eskaintza. Lehen deia denboraldi amaierako playoffak jokatzeko izan zen, baina Azpeitiko ikastolan praktikak egiten nenbilen eta ezin nuen dena hankaz gora utzi eta alde egin. Zortez, aurtengo denboraldian bertan jokatzeko asmoa azaldu zidaten, eta nahiko azkar itxi nuen akordioa.

Zein helbururekin joan zinen Huelvara?

Berez, goiko postuetan ibiltzeko taldea osatu dute. Oso jokalari onak ditugu, eta, ziur, goian ibiliko garela, baina oraindik puntutxo bat falta zaigu eman nahi dugun jauzi hori egiteko. Igotzea lortzen badugu, bigarren urtea egiteko kontratua sinatu nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!