2024ko denboraldiarekin gustura amaitu du Leire Lizarralde (Amasa-Villabona, 1978) triatloilariak.Txapeldun izan zen Getxon (Bizkaia) beteranoen mailan distantzia olinpikoan Euskadiko txapelketan, eta esprint distantzian Gipuzkoakoan. Ibilbide oparoa daraman arren, ez du ironman distantzian ikusten bere burua.
Azken urteetan triatloian eta errepideko lasterketetan ibili zara. Betidanik izan zara kirolaria?
Kirola betidanik egin izan dut, bai, baina ez nuke kirolaria nintzenik esango. Udan Donostiako hondartzan ipintzen zuten Tin-Tineko igerilekura joaten nintzen igeri egitera, eta tenisean ere aritzen nintzen. Horrez gain, Zizurkilgo Danena futbol taldean ere aritu nintzen. Ikastolatik atera eta segituan entrenamenduak izaten nituen, eta, korrika ibiltzen nintzenez, segituan utzi nuen. Urte batzuk beranduago ikastolan test bat egin ziguten eta ezinean bukatu nuen, horrenbestez, burugogor jarri, eta, korrika ibiltzen zen koinatarekin hasi nintzen apur bat korrika, Behobia egiteko asmoz. Amasa-Villabonako kiroldegia irekitzean, gimnasiora joaten eta zintan korrika egiten ere hasi nintzen. Ondoren, bizikleta bat oparitu zidaten eta harekin ere aritzen nintzen bueltaka, saltsan [barrezka]. Lehenik, herriko festetako lasterketarekin hasi nintzen, ondoren Donostiako Hiru Hondartzak egin nituen, eta pixkana lasterketetan parte hartzen hasi nintzen.
Nola erabaki zenuen triatloietan hastea?
Egia esan, betidanik joan izan naiz ikustera, eta lagunak beti esaten zidan hurrengoan gu egongo ginela, eta azkenean hala izan zen. Lehenengoa egin ondoren kartelak ikusi nituen herrian, triatloi taldea egin behar zutela esanez, eta bilera batera gonbidatuz. Bileratik ateratzean, animatzeko esan zidaten, eta igeriketa kaxkarra nuen arren animatu egin nintzen. Igeriketa hobetzeko, kiroldegiko ikastaro batean izen eman eta pixkana igeriketa hobetzen joan nintzen. Gutxira jokatu nuen lehen triatloia.
Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen triatloia?
Bai, Donostian izan zen, Ondarretan. Niretzat helburu nagusia bukatzea zen, triatloia eginda gustura geratzeko. Lehen aipatutako ikastaro hori apirilean egin nuen, eta helburutzat nuen esprint distantziako hori ekainean egin nuen. Bi aste beranduago distantzia olinpikoa jokatzen zen; nik ez nuen parte hartzeko asmorik, baina azkenean animatu egin nintzen. Esprint distantzian, 750 metro egiten dira igerian, 20 kilometro bizikletan, eta 5 kilometro korrika. Olinpikoan, aldiz, esprintaren bikoitza egin behar da. Taldekide batek istripua izan zuen, eta ateratzeko aukerarik ez zuenez dortsala eskaini zidan. Geroztik batzuk jokatu ditut.
Triatloilariek esaten dute, gutxienez bi kirol menperatu behar izaten direla. Zein da zure ahulgunea?
Igeriketa! Igeriketan izaten ditut zailtasun gehien. Azkenean txikitatik ikasten ez baduzu, ondoren, hura izaten da zailena hobetzen.
Gaur egun, entrenatzeko garaian helburu zehatzik jartzen al duzu?
Nik ez dut kanpoan lehiatzen, inguruko triatloietan soilik aritzen naiz, beraz, ez dut egutegi zehatz bat jarraitzen. Egia da Zarauzko Triatloia egiten dudanean, agian, prestaketa gehiago lantzen dudala, distantziak handiagoak direlako eta trantsizioak ere landu behar direlako.
Nolakoa izaten da Zarauzko Triatloirako entrenatzen duzuneko maiatzeko aste arrunt bat?
Astelehenetan agian igeri pixka bat eta korrika egingo nituzke. Normalean ez ditut egunero bi kirol entrenatzen, baina egunero zer edo zer egiten dut. Batzuetan, igeriketarekin batera gimnasioa sartzen dut. Bizikleta ere astean hirutan gutxienez egiten saiatzen naiz. Maiatzean jada trantsizioekin ere hasten naiz. Ez zait egin beharrekoa planifikatuta edukitzea gustatzen, azkenean gero ez badut egokitutakoa egiteko egun aproposa, nire buruari behartzea ez zait gustatzen.
Gaur egun oso arraroa izaten da entrenatzailerik gabe lehian aritzea ezta?
Bai bai, batzuetan arraro sentitzen naiz.
Asko aldatu al da triatloiaren mundua azken hamar urtetan?
Ez. Esandakoa, entrenatzaileekin ibiltzen den jendea bueltaka aritzen da, wattak gora, wattak behera. Frikiena ere hor dago. Jendea oso prestatuta joaten da, eta ni aldiz sinple joaten naiz, beharrezko gauzekin eta bizikleta onarekin, baina sinple.
Wattak ere aipatu dituzu, jende asko obsesionatzen al da triatloietan watten gaiarekin?
Batzuk bai! Aurrealdean ibiltzen direnek hainbeste begiratzea uler dezaket, baina beste guztiena alferrikakoa iruditzen zait.
Geroz eta gazte gehiago dabilela dirudi triatloietan. Horrela al da?
Bai, nik uste dut baietz. Orain, gainera, gazteek txikitatik prestatzen duten kirola bihurtzen ari da triatloia.
Triatloietan ere, beste kirol guztien antzera, emakumeak falta dira.
Bai, hala ere, orain dezente daude. Azken urteetan goraka egin duela esango nuke. Eta, bizikletan ere, gero eta emakume gehiago dago. Neska gazte asko dago triatloian, geroz eta gehiago.
Triatloi bakoitzaren antolakuntzak erabakitzen duen arren, kexa asko irakurri izan dut antolaketa horietako batzuen inguruan. Lehenik mutilak eta ondoren neskak, edo alderantziz ateratzearen aldekoa ala aurkakoa zara?
Egia esan, nire hautaketa ibilbidearen arabera da, ez dit axola lehenago, beranduago, mutilekin ala neskekin soilik irtetea. Egia da, normalean, neskek atzean bukatzen dutela, gizonezkoek aurreratu egiten gaituztelako, eta pena bat izaten da. Azkenean, zu lasterketa jokatzen egotea eta jendea gizonezkoen sari banaketari begira egotea pena bat da.
Antolatzailea bazina, nola antolatuko zenuke?
Nik ere emakumezkoak jarriko nituzke lehenengo. Horrela apur bat gehiago animatuko liratekeela iruditzen zait. Azkenean gizonezkoek beranduago harrapatzen gaituzten arren, ondoren, guztiok batera egiten dugu korrika, eta ikusleak ez dira ohartzen lehen itzulia egiten ari zaren ala azkena egiten ari zaren.
Aurten, Euskadi mailako beteranoetan txapeldun izan zara birritan, Getxon (Bizkaia) distantzia olinpikoan, eta, Zumaian Gipuzkoako Esprint distantziako txapeldun izan zinen.
Bai, hori da. Denboraldia ona izan da. Egia da Getarian hasi nintzela lehiatzen eta helburua Zarauzko Triatloia zela, baina aurten behintzat ezin izan dut amaitu. Erretiratzea egokitu zitzaidan. Betaurrekoetan ura sartzen zitzaidan, eta lau aldiz ere geratu nintzen. Atzetik gainera mutilak zetozen, eta itsasoa gaiztotu egin zen. Ez nuen irtenbiderik ikusten jada.
Zarautz ondoren nola joan zen gainontzeko guztia?
Zarauzkoa eta gero, Onditz (Donostia) jokatu nuen. Oso gustura aritu nintzen eta asko gozatu nuen. Beteranoetan bigarren postuan geratu nintzen, Ainhoa Murua baitzegoen. Gerora, Getxo eta Zumaia egin nituen, eta horietan podiuma zapaldu nuen.
Zein distantziatan ibiltzen zara gustuen?
Olinpikoan. Distantzia exijentea da, eta ez da esprint distantzia bezain motz geratzen. Zarautz batek, aldiz, asko eskatzen du, eta niri gauza asko egitea gustatzen zait. Niretzat distantzia olinpikoa da idealena.
Ironman distantzia (3,850 kilometro igeri, 180 bizikletan eta 42 kilometro korrika), arrotza egiten al zaizu?
Gehiegi iruditzen zait! Ez nau batere motibatzen, ezta erakarri ere, beraz, oraingoz behintzat ez dut ironmanik egiteko asmorik. Oso urruti ikusten dut, ez dut helburutzat, alegia.
Denboraldia amaitzean zer egiten duzu?
Berdin jarraitu [barrezka]. Azkenean orain berdin zait egun batean apur bat gutxiago egitea. Hala ere, gorputza ere ez da beti berdin egoten, eta lesioez babesten gaituen bitartean ongi.