elkarrizketa

«Berriro ere lehengo maila errekuperatzea izango da orain lehentasuna»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abe. 5a, 11:59

Eskumuturreko lesioagatik uko egin behar izan dio Binakako Txapelketa jokatzeari; kolpe gogorra izan dela dio, baina ahalik eta ondoen lehengora bueltatu nahi du, eta amestutako final hori lortu.

Xabier Tolosa (Anoeta, 1995) atzelari anoetarraren izena izan da Eskuz Binakako Txapelketa jokatzen hasi aurretik gehien aipatu dena. Eskumuturreko lesio bategatik uko egin behar izan dio txapelketa jokatzeari. Jokin Altunarekin bikote egitekoa zen orain bi urte bezala, baina ezin izango dugu kantxetan ikusi denboraldi batean. Ebakuntza egin edo ez erabakiko du hurrengo egunetan. Txapelketa batetik kanpo gelditzea beti gogorra den arren, aldarte onez azaldu da ATARIA-ren egoitzara. Txapelketa jokatuko ez duen arren, goizean entrenatzen aritu da. Bere lesioaz, bere ibilbideaz, eta jokatutako azken txapelketez hitz egitera gonbidatu dugu anoetarra. 

Gaur gaurkoz nola zaude animo aldetik?

Ondo! Banekien Eskuz Binakako Txapelketa jokatu behar nuela, baina eskumuturreko lesio honengatik ez jokatzea erabaki dut. Kantxan ez nuen sufritzen egon nahi, eta banekien ez nuela ehuneko ehuna emango. Jokin Altunarekin jokatzekoa nintzen, eta berarentzat ere ez nuen zama bat izateko gogorik. Horregatik gehienbat, erabaki dut ez jokatzea. Pena bat izan da, baina, irailetik nabil lesio honekin, eta, nire barnean ideia hori eginda neukan, alegia, posible izango zela aurtengoan ez jokatzea. Kolpea txikiagoa izan da horrela. Beti saiatzen naiz positiboa izaten, eta horrelakoetan beste gauza batzuk egiteko probesten dugu. Bizitzak aurrera darrai, eta hau izan dadila bizitza honetan gertatutako zaidan gauzik okerrena! Hala izanez gero, ez gara gaizki ibiliko.

Noiz hasi zinen barneratzen ez zenuela erraza izango binakakoan egotea?

Irailetik dator lesioa. Abuztuan, hogeita bi egunetan hamar partidu jokatu nituen, eta hori kopuru handia da gaur egun. Medikuek esan didate, gainkarga bategatik eskumuturra edo min ematen didan eremu hori gaizki dagoela partida haien ondorioz. Nik, irailean, banuen esperantza bi hilabetetan berriro ere eskumuturra ondo jartzeko, eta geroztik hainbat tratamendu egin ditut. Hasiera batean bere efektua egin zuten, baina, berriro ere entrenatzen hastean, minak berriro ere agertu egin dira eta ez dira erremedioa izan. Azken bi asteetan nahiko larri ibili ginen beste saiakera batzuk egiten, baina minarekin jarraitzen nuen. Ez zuen merezi horrela jarraitzeak.

Atzelari batentzat hau da urteko garairik politena, alegia, binakako txapelketa. Zure kasuan kolpea oraindik eta handiagoa al da?

Zalantzarik gabe hau izaten da gure unea, gehienbat, lau eta erdiko eta banakako txapelketarik ia ez dugulako jokatzen atzelariok, gaur egun jokatzen den moduarengatik. Ehuneko ehun binakakorako prestatzen gara, eta ni ere ilusioz gainezka nengoen. Kolpea izan da, baina, nire buruan gustatzen zait egoera ezberdinak aurreikustea, eta, behin horrela, nola erantzungo nuen jakitea. Aurrera jarraitzea besterik ez zait geratzen. Eskumuturra ahalik eta ondoen errekuperatzen saiatu behar dut orain. Berriro ondo jartzen bagara, lehen nuen maila errekuperatzen saiatuko naiz. Lehen ere kolpe batzuk jasan izan ditut, eta atera izan naiz. Orain ere horrela izatea espero dut.

Arazoei buelta asko ematen dizkiozun horietakoa al zara?

Ez dakit zer esan! Agian, buelta asko ematen dizkiet eta ni ez naiz ohartzen, baina kanpokoak bai… Gauzak normaltasun osoz hausnartzen ditut, eta egia da oso pentsamendu baikorra dudala. Ez nuke esango buelta asko ematen dizkiedanik gai askori. Inguruko askok esaten didate: «zu baikorregia zara! Komeni zaizu batzuetan horrela ez pentsatzea!». 

Enpresaren aldetik jasotako babesa handia izan al da?

Bai bai! Enpresak garbi utzi zidan nirekin kontatzen zuela, eta binakakoa jokatuko nuela. Oso eskertuta nengoela eta jokatzen saiatuko nintzela esan nien hasieratik. Nik ere ehuneko ehuna eman nahi nuen, baina egoera on batean kantxaratu nahi nuen. Gauzak ez dira horrela izan, eta enpresak bere aldetik soluzio bat bilatu du Aranguren Baikotik utzita hartuta. 

Aukerarik izan duzu lehen jardunaldietan jokatu gabe egon arren, aurrerago txapelketara batzeko?

Txapelketaren aurretik enpresak planteamendu hori aipatu zidan. Esaten zidaten, agian, hiru aste beharko banitu edo, ondo errekuperatzeko lehenik, eta aurrerago sartuko nintzela. Baina nik banekien eskumuturreko arazo hauek ez zirela hiru astetan konponduko. Nire burua bi edo hiru jardunaldi jokatzeko moduan ikusten nuen, baina banekien berriro ere minak azalduko zirela. 

Orain zein aukera gelditzen zaizu eskumuturra ondo errekuperatzeko?

Ebakuntza bat egitearena mahaiaren gainean dagoen aukeretako bat da. Orain arte ibili naizen medikuak konponbidea hori dela esaten du. Aurretik ere ebakuntza bat eginda nago eskumutur berdinean mediku honekin, eta orain ere ebakuntza egiteko esaten dit. Aste honetan beste bigarren iritzi baten bila ere banoa, eta horren arabera erabakiko dugu. Iritzi guztiak mahai gainean jartzean azken balorazio bat egingo dugu onena zer izango den jakiteko. Posible da ebakuntza bat egin behar izatea.

Udan partida asko jokatuta zeunden. Nolako balorazioa egiten duzu azken udaz?

Ona. Emaitza aldetik, agian, ez da onena izan. Ekainean eta uztailean emaitzak eta jokoa ona izan ziren oro har, baina, lehen aipatu bezala abuztuan partida asko jokatu nituen, eta gorputza hustuta neukan. Udan gainera bero handia egin du, partida batzuetan 36 edo 37 gradu izan genituen, eta, niretzako ez da batere ona beroa, asko sufritzen dut. Fisikoki lehertuta amaitu nuen, eta abuztua ez zen nik nahiko nukeen bezain ona izan. Halere, orokorrean, uda ondo joan da. 

Txapelketetan burua sartzea urte batzuk kosta ondoren, azken bi urteetako txapelketak berdin izan zuten gazitik eta gozotik. Iazkoa ez zen batere ona izan, baina askoren memorian geldituko da orain bi urte Jokin Altunarekin jokatutakoa. Berriro ere horrekin amesten zenuen?

Bai, txapelketa izugarria izan zen. Oso umetatik jokatu izan dugu askotan aurka, eta niretzat ohore bat izan zen Altuna ondoan izatea. Txapelketa ederra egin genuen, eta ligaxkan bigarren amaitu genuen. Ondoren, finalerdietako arazo haiek izan nituen. Lehen partidan karranpa izugarriak izan nituen, eta, agian, kantxa batean gehien sufritu izan dudan eguna izan zen. Zer izan zen hura! Hirugarren partidan, aldiz, 19-15 irabazten ari ginela, zuntz haustura bat izan nuen eta ezin izan nuen partida amaitu. Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zitzaidana! Altunaren portaera eta jarrera txapela kentzekoa izan zen. Negar asko egin nuen ezintasunak jota. Mundua gainera etorri zitzaidan, baina kirolaren parte ere bada. Etorkizunean berriro ere maila hartara iristearekin amesten jarraituko dugu.

Orain, ondo errekuperatzea besterik ez zaizu gelditzen berriro ere onenen artean jokatzen jarraitzeko.

Oraindik 29 urte ditut, eta borrokatzen jarraituko dut zalantzarik gabe. Oraindik ere urte batzuk gelditzen zaizkidala uste dut, eta amestutako final hori lortzen saiatuko gara. Ez dut etsiko ahaleginean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!