elkarrizketa

«Txikitako beste amets bat errealitate bilakatu da, eta oso pozik nago»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko aza. 20a, 16:00

Datorren astean hasiko den Binakako Pilota Txapelketan lehen mailan jokatuko du estreinakoz tolosarrak; bigarren mailako binakako txapelketa irabazi ostean, pilotari onenekin lehiatuko da orain.

Bi urte bete zituen azaroaren 11n Martxel Iztueta (Tolosa, 2004) pilotariak profesional moduan, eta hurrengo asteburuan hasiko den Binakako Txapelketan lehen mailan jokatuko du. Atzo izan zuen horren berri tolosarrak, eta sekulako poza sentitu zuela azaldu du. Azken hilabeteetan izandako bilakaera positiboak eta Caixabank Martersean emandako mailak ireki dizkiote ateak lehen mailan jokatzeko.

Zer sentitu duzu datorren astean lehen mailako txapelketan lehiatuko zarela jakitean?

Jakin dudanean sekulako poza sentitu dut. Niretzat aukera handia da. Txikitako beste amets bat egi bilakatu da, eta oso pozik nago. Egia da azken hilabeteetan izandako bilakaerarekin esperantza pixka bat banuela. Duela bi urteko debuteko partida ikusi eta ez nuke esango bi urtetan lehenengo mailako txapelketa jokatuko nuenik. Oso pozik eta ilusioz nago.

Zer espero duzu txapelketaz?

Bikotekidea nor izango dudan ez dakit, eta gainerako bikoteak ere ez ditugu ezagutzen. Dena den, txapelketarekin eta eman didaten aukerarekin disfrutatzen jakitea espero dut. Partidaz partida joango naiz, frontoi bakoitzarekin gozatuz, eta baita zaleekin ere. Esperientzia gehiago hartzeko ere balioko dit, izan ere, oraindik ikasteko asko daukat.

Bi urte daramatzazu profesionaletan. Zer iruditzen zaizu orain arte egindako ibilbidea?

Orokorrean gustura egoteko moduko ibilbidea daramadala iruditzen zait. Agian, maila hobea ematea gustatuko litzaidake, nahiz eta azkenaldian hobeto nabilen. Askotan, entrenatzen gustura nabilen arren, partidetan gehiago kostatu izan zait. Bi urte doazen arren, mirari handirik egiteko denborarik ez dut izan. Orokorrean ondo noa nire ibilbide laburrean.

Estreinako denboralditik bigarrengo honetara jauzi handia nabaritu al duzu?

Gutxinaka hobetzen joan naizela iruditzen zait. Unai Legarretari esker ere fisikoki asko igo dut maila, indarra hartu dut, eta frontoian ere asko egokitu naiz. Oraindik ere gehienak ni baino gehiago dira fisikoki, baina haiengana gerturatzen ari naiz. Bestalde, pilotaren bila joateko garaian ere aurrerakuntza handia egin dut.

Hasiera batean bi urterako kontratua sinatu zenuen. Zein ziren zure helburuak lehen bi denboraldi hauetarako?

Inork ez zidan presiorik sartu, baina, banekien, pilota gaur egun dagoen egoeran ezin nuela lo hartu. Lehen egunetik maila erakutsi behar nuela banekien, egunero joan behar da hobetzen, bestela bide motza izan dezake pilotariak. Orain arte egin dudanetik ez daude urruti nire lehen helburuak. Bigarren urtean batik bat, maila igotzen joan nahi nuen.

Urte hau oso ona izaten ari da zuretzat. Hasteko, bikotekako txapeldun izan zinen Asier Agirrerekin bikotea osatuz.

Oso txapelketa polita izan zen. Luzea da txapelketa, eta gogorra ere egiten da. Nik, esaterako, eskuko minagatik lau partida ez nituen jokatu. Oso justu ibili nintzen eskuetatik. Jendeari iruditzen ez zaion arren, bigarren mailako txapelketak oso gogorrak izaten dira. Txapelketaren amaierara oso ondo iritsi ginen. Agirrek txapelketa guztian zehar bikain jokatu zuen. Finaleko egunean dena borobil atera zen.

Eskuko arazoak dira afizionatu mailatik profesionaletara pasatzean gehien sufritzen dena?

Nire kasuan bai. Lauzpabost partida jarraian jokatu izan ditudanean, hurrengoan geldirik egon behar izan dut eskuengatik. Materiala asko aldatzen da, partidak ere askoz luzeagoak dira… Erdizka joanez gero, ziur partida galduko duzula. Ohitura onak hartu behar dira eskuekin, esaterako, bi egunez behin edo eskuekin pilota ukitu frontoian. Adibide bat jarriko dut. Uda guztian, ez naiz ez itsasora ezta igerilekura ere sartu. Urak asko biguntzen ditu eskuak, eta beti horren beldur ibiltzen naiz.

Uda oro har ondo joan al da?

Ondo joan da. Orokorrean oso gustura aritu nintzen, nahiz eta partida batzuk galdu nituen. Egia da galdutako partidak oso alde gutxirekin izan zirela. Erakutsitako jokoarekin behintzat gustura amaitu nuen uda.

Caixabank Mastersa jokatzeko aukera izan duzu Jokin Altunarekin.

Udako jaialdietan lehen mailan partidaren bat jokatzea espero nuen, baina ez udako txapelketa nagusia den Mastersa. Oso balantze ona egiten dut txapelketaz, nahiz eta partida batzuetan txakalaldi batzuk izan nituen. Oso partida politak ere egin genituen. Altunak asko laguntzen du, eta bikotea osatzeko momentuan ere oso azkarra da. Berak bazekien bikotekide gaztea zuela eta berak eraman behar zuela aginte makila.

Besteekin baino errazagoa al da Jokin Altunarekin jokatzea?

Bai. Ikusten da buruz beste guztiak baino azkarragoa dela. Une oro jakitun da aurkariaren egoeraz, nola jokatu behar duen… Sakearekin min nola egin dezakeen ere badaki, eta beti bi pauso aurrerago doa. Galtzen doanean ere, beti egoten da partidan sartuta. Bere partidak askotan berdinak dirudite, nahiz eta atzetik joan beti irabazten amaitzen du.

Partida asko jokatu dituzu iaz eta aurten, esaterako, Iñaki Artolarekin, Unai Lasorekin edo Jokin Altunarekin.

Bai, eta hori ere oso polita da. Umetan asko jarraitzen nituen, eta orain hauen ondoan jokatzea gauza handia da. Errespetu handia diet denei.

Mastersean, Jose Javier Zabaletaren edo Jon Mariezkurrenaren aurka jokatzea tokatu zitzaizun. Beste maila batean ikusten al dituzu?

Bai, izugarria da erakusten duten maila! Baina normala ere bada, beti onenekin lehiatzen ari direlako. Oso zulo gutxi dituzte biek ere, eta, bai, oraindik behintzat beste maila batean ikusten ditut.

Marters txapelketako finalean, esaterako, partidaren erdira arte, bikain eutsi zenion Zabaletari.

Bai, pena handia eman zidan partida hura galtzeak. Zabaleta bera, une batean ez zen batere eroso ibili, eta gure aukera ere izan genuen, baina berriro ere jokatzen hasi zenean hantxe amaitu zen partida. Pilotari ematen hasi zenean, aukerarik ere ez nuen izan. Ez dut garai bateko atzelari asko ikusteko aukerarik izan, baina Zabaleta erreferente bat da atzelari batek nola izan behar duen ikusteko. Nik ikusitako atzelari guztien artean, onena da zalantzarik gabe. Pilotari ematen dion abiadura, bere bi eskuak, bere dotorezia…

Zer eman dizu Caixabank Masters txapelketak?

Esperientzia bikaina izan da. Herri ezberdin askotan jokatu dugu, partida handiak denak, eta iruditzen zait maila honetan jartzeko balio izan didala. Altunarekin jokatuta gauza asko ikasten dira gainera, eta oro har iruditzen zait asko eman didala txapelketa honek.

Enpresak zure aldeko hautua egin du 2027ra arte kontratua luzatuta.

Bai, hori da. Lasaitasuna eman zidan albisteak. Gero eta pilotari gutxiago dago enpresatan, eta aukerak probesten jakin behar da, ez dago besterik. Debutatu nuenean enpresak esan zidan lehen bi urteetan ez zidala ezer berezirik eskatuko, baina hemendik aurrera enpresak gehiago eskatuko dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!