Eta zer ez da (ez)berdin

«Etxean beti izan dugu geure ideiekin aurrera egiteko askatasuna eta laguntza»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko urr. 31a, 11:58

Arreba Idoia Gereñu irakaslea da ofizioz, eta antzerkia oso gustuko duen zaletasuna du; anaia Iñakik, berriz, elurretan irakasle izan eta musikan aritu ostean, argazkilaritzan ari da buru-belarri.

Antzerkigintza, eta argazkilaritza eta droneak dira Idoia Gereñu (Tolosa, 1980) eta Iñaki Gereñu (Tolosa, 1983) anaia-arreben pasioak. Idoiak, bietan zaharrenak, antzerkiaren alde guztiak ezagutu ditu nerabezaroan antzezten hasi zenetik. Tesia ere egin zuen bere garaian antzerkiaren inguruan. Iñakik, aldiz, bere pasioa ogibide bihurtu du azken urteetan bere enpresa propioa sortuta.

Idoia, antzerkigintzan daramatzazu urte asko, baina zertan egiten duzu lan? Nola definitzen duzu zure burua?

Idoia Gereñu: Izatez, irakaslea naiz. Horrez gain, antzerkia eta filosofia ere eman izan ditut. Antzerkia denborapasa bat baino ez da. Noizbait sufritzera iritsiko banintz, utzi egingo nuke. Gainera, nire kasuan oholtza gainean oso gutxitan ibili izan naiz. Hasiera batean oholtza gainean askotan aritzen nintzen, baina, azken urteetan alde batera utzi dut, gehiago gustatzen baitzait atzetik dagoen lan guztia. Atzeko lanetatik ia denak probatu ditudala uste dut, teknikoarena izan ezik [barrezka]. Horretarako ez naiz batere jaioa. Bestela, sormen lanetan, paperean, edo klaseak ematen aritu naiz. Guzti hori oso gustura egiten dut.

Eta zu, Iñaki?

Iñaki Gereñu: Zerbait gustuko dudanean, pasioa jarri eta mugarik ikusten ez duen pertsona naizela esango nuke. Bere garaian, elurrarekiko pasioa nuen. Oso gustuko nuen, eta ikasketak elurraren mundutik bideratu nituen. Elurraren munduan urte asko igaro nituen irakasle moduan, alde batetik bestera bidaiatuz. Musika ere oso gustuko nuen, eta horregatik ere guztia alde batera utzi nuen. Nire musika taldearekin Bartzelonara bizitzera joan nintzen. Urte haietan zehar, drone bat iritsi zen nire eskuetara. Bide asko ireki zizkidan, nahiz eta lehendik ere argazkilaritzarekiko pasio pixka bat ere banuen. Gaiarekin buru belarri jarri nintzen, eta gaur arte. Orain ikus-entzunezko enpresa bat daukat. Lanagatik bidaiatzea ere beste pasioetako bat bihurtu da. Agian, bihar esango dizut ilargira joan nahi dudala eta urteak igaroko ditut horretan [barrezka]. Kontua da, ez dudala ezeren beldurrik sentitzen, beldurraren-ataria oso urruti daukat. Ez ditut inoiz gauzak mahai gainean jartzen, ez dut ezeren ondoriorik pentsatzen. Bulkadak aurrera bidaltzen nau.

Betidanik izan al duzue egungo lanbidearekiko pasioa?

Idoia: Nik, egia esan, ez. Nire erabakiak ez dira inoiz sakonak izaten, gaur gauza bat egiten ariko naiz, eta bihar, agian, beste bat egin nahiko dut. Gogoan dut hamalau urte nituela amari nola esan nion Tolosako antzerki tailerrean izen eman nahi nuela. Horretarako, ordea, hamasei urte behar ziren gutxienez, eta bi urte itxaron behar izan nituen izena emateko.

Iñaki: Nire kasuan, ez nuke esango argazkilaritza betidanik izandako pasio bat denik. Egia da, kamara bat hartzean edo argazkiak ateratzean, beti aritzen nintzela non atera esaten, leku egokia bilatzen, zutaberik gabea... Betidanik ikusi izan dut argazkia. Dronea nire eskuetara iritsi zenean, txikitako zaletasun horrek asko lagundu zidan. Horrez gain, lehen esan bezala, dronearekin asko bidaiatu dut; sumendiak grabatzen aritu naiz, uda honetan Mexikon egon naiz... Horrela bidaiatzeak asko betetzen nau.

Nola gogoratzen duzue parekoa gaztetan?

Idoia: Oraingoaren antzekoa. Egia da orain zentratuago dagoela, baina gaztetan oso mugitua zen, eroa. Orain aldiz badu gai bat, lan bat.

Iñaki: Oso alaia, denbora guztian barrez aritzen zen horietakoa. Aitak Mari-sorgin deitzen zion.

Zuen aita Pakito ere, artista omen zen. Harengandik ere pixka bat jaso duzuela uste duzue?

Idoia: Egia da aita ere artista handia zela, eta, baliteke guk ere harengatik apurtxo bat jaso izana, baina hala ere ez nuke guztiz hala izan denik esango. Ni aitarekin ez naiz inoiz antzerki bat ikustera joan. Esango nuke geure aita oso sortzailea zela, eta baliteke nahi gabe sormenerako bere sena jaso izana.

Iñaki: Geure aita ez zen ez idazlea, ezta margolaria ere, baina, egunen batean idatzi nahi bazuen ondo idazten zuen, eta baita margotu ere. Ez zen sukaldaria, baina kozinatzeko garaian oso ona zen. Bazuen berak argazki bat Arzak sukaldariarekin, eta bertan «de un cocinero, para un gran cocinero» jartzen du, pentsa! Beraz bai, goitik behera artista zen. Ama, aldiz, ez zen horietakoa, justu kontrakoa baizik.

Idoia: Hala ere, gure kasuan aitaren aldetik apur bat gehiago jaso dugula uste dut.

Iñaki: Nik ez nuke guztiz hala denik esango. Ni amarengandik gertuago nagoela esango nuke, eta, zu, berriz, aitarengandik.

Esandakoagatik, ez zenuten arazorik izango nahi izan duzuena ikasteko, ezta?

Iñaki: Galdera hau, amari eskerrak emateko probestuko dut. Harengana ideia batekin joan naizenetan, inoiz oztoporik ez jartzeagatik.

Idoia: Hori da! Amak beti eman izan digu gauza berriak probatzeko, eta gure ideiekin aurrera egiteko askatasuna. Gogoan dut, filosofiako karrera egiten ari nintzenean, ama kalean geratu zutela, galdetuz, antzerkilaria eta filosofiako ikasketak izanik zertaz bizi behar nuen. Etxera iristean, amak esan zidan oso harro zegoela egiten nuenaz, eta batez ere gustuko nuena egiteaz.

Zeuen lanbideetan, zein da gustukoen duzuen alderdia?

Idoia: Egun bat esatearren, tesia aurkeztu nuen eguna esango nuke. Oso egun garrantzitsua izan zen niretzat. Nik nahi nuelako egin nuen gauza bat izan zelako, alegia, nik antolatua, nire poltsikotik ordaindua, Madrilen… Gainera, euskaraz egin nahi nuen, eta, nahiz eta azkenean erdizka lortu nuen, zailtasun asko izan nituen. Egun hura niretzat oso garrantzitsua izan zen; Euskal antzerkia Madrilgo unibertsitatean. Hirurogeiko hamarkada nolakoa izan zen jakinda gainera oso harro sentitzeko eguna izan zen. Horrez gain, ikertzaile izatea ere oso gustuko dut. Niretzat sekulako poza da iraganeko idatziak aurkitzea eta ikertzea.

Iñaki: Lehen esan bezala, leku berriak ezagutzea, jendea ezagutzea, gai ezberdinak ezagutzea... Aurten jada hiru aldiz egon naiz Islandian, eta beste toki eder asko ezagutu ditut. Aurreko batean sumendi bat grabatzera ere joan nintzen, eta suhiltzaile batekin sekulako itzulia egin eta eremu guztia ezagutu nuen. Hala ere, ez da guztia horrelakoa izaten. Oso pribilegiatua sentitzen naiz, ez dut esango zortea izan dudanik, tokatu baino gehiago bilatu egin baitut, lan handia egin dut horretarako. Esate baterako, Bartzelonatik itzuli nintzenean, oso argi nuen jada zertan aritu nahi nuen, baina, guzti hori aurrera eramateko aurreztu beharra nuenez, Orbela tabernan lan egiten hasi nintzen asteburuetan. Isil-isilik lan egiten aritu nintzen behar adina lortu arte, eta, nahikoa lortzean, lan hura utzi eta droneen bidearekin jarraitu nuen.

Idoia, euskalduna oro har, eskertua al da antzerkiarekin?

Idoia: Esango nuke euskal gizartea aldatzen ari dela euskalgintzaren aldetik. Kultur zaletzen ari dela esango nuke. Geroz eta antzezlan gehiago dago, eta horrekin batera askoz ere publiko zein ikusle gehiago. Horrez gain, badaude aurrerapen honetan aurrerapauso handia egin duten herri batzuk, antzerkia mantendu dutenak eta garrantzia eman dioten herriak, Lezo adibidez. Herri txiki hauetan, antzerki asteak zein egun bereziak egin izan dituzte.

Zer hartuko zenukete batak bestearengandik?

Idoia: Alderdi pertsonaletik, bere ausardia hartuko nuke, nahiz eta ni ere ausarta naizen. Askotan esaten diot neure buruari «Iñakik egingo luke! Egin ezazu». Eta alderdi profesionaletik berriz, asko gustatuko litzaidake teknologia horien berri ere pixka bat izatea.

Iñaki: Nire kasuan, badut oso gustuko ez dudan nire alderdi bat. Beti aurrera begira egoten naiz, hurrengo egitekoak, proiektuak zein izango diren pentsatzen, eta ez dut inoiz ere atzera begiratzen. Arrebak, aldiz, ez du inoiz etorkizunean pentsatzen.

Iñaki, egokitu al zaizu noizbait Idoia grabatzea?

Iñaki: Noizbait agian bai! Egia da noizbait argazkiren bat egiteko eskatu izan didala eta ez diodala inoiz ere egin [barrezka].

Zeuen lanagatik esker onak jasotzen al dituzue?

Iñaki: Nire kasuan esker onak baino gehiago, laudorioak jasotzen ditudala esango nuke, baina ez ditut serio hartzen. Lehen esan bezala, argazki asko igotzen ditut sare sozialetara, eta jende askok idazten dit, baina azkenean mezu horiek ez dira errealak. Argazkia ikusten dutenek, argazkiarengatik soilik ematen dute iritzia, baina ez dute atzean dagoen guztia ikusten. Hala ere, egunerokoan ere jasotzen ditut sareetakoak ez diren esker onak, ezkontzetan esate baterako.

Idoia: Aipatu behar dut, tesia amaitzean, jende askok zoriondu ninduela, baina prozesu guztian zehar ez zen inor ere jabetu. Niretzat lanketa hau egiterako garaian momentu zailak izan ziren, eta hor bai ez genuela ezer ere jasotzen.

Iñaki, zaila al da enpresa propioa izatea?

Iñaki: Esango nuke orain lehen baino zailagoa dela! Lehen, kameradun mutil bat soilik nintzen, oso gustuko nuen pasio batekin. Orain, ordea, gero eta gutxiago aritzen naiz nire pasioan, geroz eta denbora gehiago pasatzen baitut enpresa guztia kudeatzen. Noski, gustuko lan bat irtenez gero, oso gustura joaten naiz bertara, eta nire lankideak ere oso gustura joaten dira. Oso eskertuta nago nirekin lanean aritzen direnekin, oso profesionalak, arduratsuak, eta pertsona onak direlako.

Antzerkia eta argazkilaritza ondo ordainduta daude?

Idoia: Antzerkian batzuk baietz esango dizute, eta beste batzuk ezetz. Azkenean, antzerkitik soilik oso oso jende gutxi bizi da, jende asko dago talde amateurretan, atzeko lanetan, eta gainera oso gutxi kobratuz. Hala ere, egia da, geroz eta diru laguntza gehiago dagoela.

Iñaki: Nirean baietz esango nizuke, gertatzen dena da, teknologia oso garestia dela, eta gaur oso ona dena bihar atzean geratuko dela. Beraz bai, diru asko sartzen da, baina sartzen den bezala ateratzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!