Euskal Irrati Telebistako aurpegirik ezagunenetakoak dira Julen Telleria (Tolosa, 1990) eta Antton Telleria (Tolosa, 1993) anaia tolosarrak. Julen anaia zaharrenak ireki zuen bidea bai irratian bai eta telebistan ere. Anttonek ere ibilbide bera darama, baina bakarrizketak ere landu ditu azkenaldian. Azken urteetan hainbat saio partekatu dituzte, esaterako, telebistako Gure kaxa edo irratiko Dida saioan. Umorea dute ardatz, eta hitz errazekoak dira biak ere.
Umetan zein zen ikasle hobea?
Julen: Antton apur bat aplikatuagoa zen, ordu gehiago pasatzen zituen.
Antton: Ni beldurtiagoa nintzen, azterketek beti urduri harrapatzen ninduten, nahiz eta ikasita joan. Azterketa bezperan oso urduri jartzen nintzen. Beti gaizki aterako zirela pentsatzen nuen. Notek ez zidaten asko axola, azterketak lehenbailehen amaitzea zen inporta zitzaidan gauza bakarra.
Julen: Nirea gehiago izan da beti, gaur egin dezakedana, bihar egingo dut. Nire ikasle garaia definitzen duen bitxikeria bat kontatuko dut. Gogoan dut behin, batxilergoan, liburu oso luze bat irakurtzeko agindu zigutela. Niri ez zitzaidan liburuaren formatua asko gustatu, beraz, ez nuen irakurri. Azterketa baino lehen, jolas orduan, lagun bati laburtzeko eskatu nion eta hark eskema bat egin zidan. Azterketa egin eta azkenean lagunak baino nota hobea atera nuen [barrezka]. Egia esan betidanik izan naiz gutxi eduki, baina ondo saltzen dakien horietakoa.
Bien artean, zein izan da aurkezle edo kazetari papera izan duena txikitatik?
Antton: Julen argi eta garbi! Betidanik izan da plaza-gizona. Jende aurrean betidanik sentitu izan da eroso.
Julen: Betidanik izan gara telebista zaleak, etxean asko ikusten genuen. Niri lehen, atentzioa handia ematen zidan beste etxe batzuetara joatean, telebista piztuta eduki eta kasurik egiten ez zion jendeak. Gure etxean telebista pizten zen aldiro, begira egoten ginen. Beraz, ondoren, kamera bat ikusten nuen aldiro segituan hasten nintzen aurkezlearena egiten. Ikastolako jardueretan ere beti hartzen genuen parte, esaterako, ikasturte amaierako antzerkietan, ikastolako irratian, eta antzeko guztietan. DBHn, unibertsitatean zer ikasi behar genuen galdetu zidaten lehenbiziko aldian argi nuen, ikus-entzunezko komunikazioa egingo nuela.
Antton, gazteagoa izanda, anaiaren bide bera jarraitu duzu.
Antton: Bai bai. Perkusioa ikasteko garaian ere atzetik joan nintzen. Egia esan betidanik jarraitu izan ditut anaiaren gomendioak. Egia da ikasketak hautatzeko garaian psikologia edo soziologia eta antzeko beste gai batzuk ere izan nituela buruan, baina, anaia gustura ikusten nuen, eta niri ere gustatzen zitzaidan egiten zuena.
Esatari lanbideak, zenbateko portzentajea du ikasketeta-tik eta zenbatekoa berezkotik?
Julen: Berezkotik asko esango nuke, nahiz eta ikasketak edukita eta saiakera handia eginda lanbide honetan moldatu zaitezkeen, berezko talentua oso oso garrantzitsua iruditzen zait.
Antton: Gainera, zorte handia izan dugu etxean euskararekin. Izugarrizko oinarria jaso dugu hizkuntzarekin. Esan dezakegu euskaltegi batean jaio ginela, aita bertako irakasle izan zen, eta amak ere hala jarraitzen du oraindik. Nik uste, gure kasuan, berezko gaitasunaz gain berezko interesak ere asko egin digula. Lehen aipatu bezala, telebista ikusteko ere modu asko daude, eta nik uste guk begi desberdinekin ikusten genuela, interesarekin, zati bakoitzean begia jarrita. Azkenean, lagunekin ere prestatu gabe ateratzen zaizkigu bromak, imitazioak, eta horrek ere naturaltasuna erraztu digu.
Gogoan al duzue egindako lehen castinga?
Julen: Bai bai. Hasieran, bekadun sartu nintzen Euskadi Irratian, castingik gabe. Izen eman genuen, test bat bete genuen, eta hartu egin ninduten. Ondoren krisi garaia iritsi eta kaleratua izan nintzen. Beranduago, Gaztean, baja bat suertatu zen. Gazteatik deitu ninduten, hogei bat elkarrizketatu behar zituztela eta horietako bat ni izango nintzela esanez. Elkarrizketa amaitu eta hartu nindutela esan ondoren, elkarrizketatu bakarra nintzela esan zidaten, eta beste hogeirena gezurra zela.
Antton, nolako sentsazioarekin atera zinen lehen castingetik?
Antton: Ez nintzen sentsazio txarrarekin atera. Nik, Euskadi Irratian hasi nahi nuen bekadun gisara. Ordurako, entretenimendurako eta umorerako sekulako zaletasuna nuen, baina ez zitzaidan iruditzen guzti hori ondoren lanbide batean integratu zitekeenik. Froga horien ondoren, Gazteatik deitu ninduten hautatu nindutela adierazteko. Bertan hasi nintzenean, gustuko nituen gaiez galdetu zidaten, eta bertatik aurrera gustuko gaietan lan egin dut. Sekulako aukera izan zen.
Gogoan al duzue batera aurkeztutako lehen programa?
Julen: Duela gutxi programa hartako bideo bat jaso genuen, zer irudi gogorrak! [barrezka]. Bederatzi urte igaro dira jada ordutik. Programa hura guk eramaten genuen aurrera, guk hautatzen genituen gaiak, jokoak, eta hori guztia 22 eta 25 urterekin, oso gazteak ginen baina asko eskertu genuen gugan jarritako konfidantza.
Eta telebistan hasi zinetenean, nolako esperientzia izan zen?
Antton: Ni hasi nintzenerako hiru bat urte zeramatzan jada Julenek Gu ta Gutarrak programarekin. 2016an batera hasi ginen eta urte hartan amaitu zen programa. Ondoren, Gure Kaxa izeneko programa berri bati hasiera eman genion.
Julen: Oso garbi zeukaten programa berri honek bi aurkezle izango zituela, Gazteako bi aurkezle, neska bat eta mutil bat. Aurkezleetako bat ni nintzen, eta bestea Ainhoa Etxebarria. Etxebarriari beste lan batzuk irten zitzaizkion, eta ordezko neska baten bila hasi ziren. Casting asko egin zituzten, baina, zuzendariak, Etxebarria ez zegoenerako, Anttonekin probatu nahi zuen, eta hala egin genuen. Bi anaiak batera kameraren aurrean jarri gintuzten. Programaren aurkezpenean, hiruok atera gintuzten, bigarrenean ere hala nahi izan zuten, eta aurrerantzean ere halaxe jarraitu genuen. Etxebarria ez zegoenean biok bakarrik aurkezten genuen.
Antton: Casting bikaina egin genuen orduan!
Anaiarekin lan egiteak gauzak errazten ditu?
Antton: Bai bai, zalantzarik gabe. Nik, gainera, alde horretatik errazagoa izan dut. Errazagoa da atzetik aurrera joatea. Hasieran gehienbat, entzutea tokatu zitzaidan irratian eta telebistan anaiak sartu ninduela. Denborarekin bakoitzak jakin dugu geure papera egiten eta geure lekua hartzen.
Julen: Oso ondo bereizi izan ditugu beti bakoitzaren rolak. Ez gara biok inoiz berdinak izan. Bere desabantailak ere baditu, alegia, egun guztia batera pasatzen dugula [barrezka]. Egun batzuetan hamalau ordu ere pasa izan ditugu batera lanean!
Zuen programak ikusten edo entzuten dituzuen horietakoak al zarete?
Antton: Niri pereza pixka bat ematen dit. Julen horretan profesional hobea da.
Julen: Nik bai, eta askotan irratiko programa ere entzuten dut, osoa ez, baina zati asko entzuten ditut. Beti aurkitzen dut zer hobetu! Bestalde, gure programak entzuten barre asko egiten dut.
Aukera bakarra izango bazenute, zein hautatuko zenukete, irratia edo telebista? Zergatik?
Julen: Nire kasuan irratia egingo nuke, baina telebistako soldatarekin [barrezka].
Antton: Nik uste nik ere irratia esango nukeela.
Julen: Antton eta biok nahi genuena egiten jarri gintuzten irratian, eta oraindik ere metodo berarekin jarraitzen dugu, nahi dugunaz hitz egiten. Telebistaren kasuan ezberdina da, esan beharrekoa idatzita eta ondo ikasita daukagu, irratiaren kasuan aldiz, inprobisatuagoa da. Pentsatzen duguna defendatzen dugu, beraz, irratira joatean erosoago sentitzen gara, pentsatzen duguna defendatzea askoz ere errazagoa egiten baitzaigu.
Batak ez duen eta besteari hartuko zenioketen ezaugarri bat eskatu behar dizuet.
Julen: Niri Anttonen txiste azkarrak gustatzen zaizkit. Beti aurkitzen ditu gai bakoitzerako txiste egokienak eta oso azkar gainera.
Antton: Nire kasuan ahozkoaren garbitasuna esango nuke. Julen betidanik izan da, edozer esanda ere beti zutik erortzen den horietakoa.
Zein esango zenukete dela bion arteko antzekotasunik handiena?
Julen: Kurrikuluma. Antzekotasunetako bat, etxean jaso dugun hizkuntzaren oinarria dela esango nuke.
Antton: Bai bai, egia da. Biok ere erosotasunerako daukagun ahalmena ere azpimarratuko nuke. Ez nuke esango sekulako gibela daukagunik, baina txiki-txikia ere ez [barrezka]. Alferrikako esfortzurik normalean ez dugu egiten.
Antton, zergatik joan beharko genuke 'Ninini' izena duen bakarrizketa berria ikustera?
Antton: Maitasun handiz prestatu dudan emanaldi bat delako, eta nire pasioa delako esango nizueke etortzeko. Esan beharra dago, Julen ez dela ikustera etorri oraindik, baina etorriko da. Lehenengoa, emanaldiaren aurkezpena, sekulakoa izan zen. Zortea izan dut! Aurreko emanaldiaren estreinaldia ere Jimmy Jazz aretoan (Gasteiz) izan zen eta jendea oso prest etorri zen. Oso urduri nengoen, baina bertako giroa bikaina izan zen.