Eta zer ez da (ez)berdin

[GOGORATUZ] Garin aita-semeak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abu. 21a, 10:00

80. hamarkadan korrikalari nabarmena izan zen Juan Mari Garin. Ander semea duela zazpi urte hasi zen lasterketetan parte hartzen; aitarekin alderatzen dute semea, baina biek argi dute belaunaldi ezberdineko jendea ezin dela alderatu.

Zer da Ander / Juan Mari zuretzat?

Juan Mari: Nire antza handia duen pertsona bat da Ander. Genetikoki ere antza handia dauka aitarekin eta amarekin.

Ander: Lehenbizi, aita, eta ni hemen egotearen errudun handienetako bat amarekin batera. Horrez gain, nire bizitzako erreferenterik handiena ere izan da. Ispilu bat izan da niretzat.

Nola definituko zenuke Ander / Juan Mari?

Juan Mari: Nik esatea, agian, ez dago ondo, baina esango nuke zintzoa, langilea, umila, eta nortasun handikoa dela.

Ander: Nik ere antzeko. Lehenbiziko gauza aipatuko nukeena, oso pertsona umila eta zintzoa dela. Honez gain, beti laguntzeko prest azaltzen den horietakoa da. Bere lanbidean ere pertsona askori lagundu die Donostiako dendan.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Juan Mari: Bere lanerako grina, nortasuna, eta zentzu asko duen pertsona bat dela.

Ander: Bere izaera positiboa, eta batik bat lanerako duen grina. Helburu bat lortzeko lan handia egin behar dela ederki daki, eta nik ere beregandik jaso ditut balore horiek. Zerbait lortu ahal izateko sakrifizoa eta diziplina behar dira. Baita bizitzako arlo ezberdinetan ere.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Juan Mari: Gauza gutxi ezagutzen ditut alde horretatik! Langintzagatik, etxetik kanpo denbora asko pasatzen nuen, eta haserretzeko ere denborarik ez genuen izaten. Bitxikeria bat esatearren, aurrekontu handia dugula berarekin platanoak gehiegi gustatzen zaizkiolako [barrezka].

Ander: Teknologia berrietara egokitzea asko kostatzen zaiola! Denbora asko galtzen dut berarekin [barrezka], baina normala da!

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Juan Mari: Bere lasterketetara oso gustura joaten naiz. Halere, oso gustura joango nintzateke Olinpiar Joko batzuetara. Kirol gehienei buruz asko daki, eta ziur ikaragarri ondo pasako nuela berarekin.

Ander: Askotan hitz egin dugu, eta txapelketa handi bat zuzenean ikustera joango nintzateke. Aitzaki horrekin, herrialdea ezagutzeko aukera izango genuke.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Juan Mari: Abuztuan opor batzuk egiteko aukera izaten nuen, eta urte askotan Iratxeko (Aiegi, Nafarroa) kanpinera joan izan gara etxeko laurak. Bertan familiarekin eta lagunekin biltzeak, oso oroitzapen politak utzi dizkit.

Ander: Berarekin oporretan pasatako denbora, eta igandeetan egiten genituen goiz pasak oso presente dauzkat oraindik. Txikitan korrika egitea ez zitzaidan asko gustatzen, eta, bera, igandeetan korrika joaten zenean, askotan deitzen zidan ate ondotik ea berarekin joan nahi nuen galdetuz. Alde egiten ibiltzen nintzen beti!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!