Eta zer ez da (ez)berdin

Aitor Mendiluze eta Jon Mendiluze aita-semeak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko uzt. 25a, 11:58

Aitor eta Jon Mendiluze aita-semeak bertsolariak dira. Aurrez aurre jarri ditugu biak.

Zer da Jon/Aitor zuretzat?

Aitor: Semea, zentzurik zabalenean. Mutil jator bat gehienetan, ikasle ona, ni nintzena baino hobea, eta pertsona garbia eta ona. Bertsotan, oraindik egiteke dagoen bertsolari bat da, baina egin dezakeena. Zentzu askotan laguntzaile on bat.

Jon: Ni semea naizen bezala, bera aita, horrek dakarren guztiarekin. Irakasle da, ez bertsotakoa, baina bai bizitzakoa. Ikasitako eta ikasiko ditudan gauza asko berari zor dizkiot eta zor izango dizkiot. Oso pertsona elegantea da orokorrean. Ingurukoei beti laguntzeko prest egoten da. Oso pertsona ona da.

Nola definituko zenuke Jon/Aitor?

Aitor: Egoskorra da, baina zentzu onean. Nahi duenerako lanerako gaitasun handia dauka. Tranparik gabeko pertsona bat da, eta hori oso estimagarria dela iruditzen zait. Gauza batzuetarako alferra da, eta, berak badaki, esfortzu fisikorako adibidez. Era berean, beste gauza askotarako ditu gaitasunak, esaterako, sormenerako. Belaki samarra ere bada, jasotzen duen hura ondo berrerabiltzen du, ideiei forma emateko gaitasuna du.

Jon: Pertsona langilea da orokorrean, eta, lanerako gaitasunaz gain, erraztasuna du lidergorako, esaterako, gauzak antolatzeko eta taldean gauzak aurrera eramateko oso pertsona egokia iruditzen zait. Horrez gain, oso pertsona fina ere bada bizitzan orokorrean eta gauzak egiteko moduan. Leiala ere bada.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Aitor: Bere izaera garden hori. Bertsotatik harago, bizitzarako gauza garrantzitsua iruditzen zait ezaugarri hori.

Jon: Orokorrean, gauzak egiteko eta aurrera eramateko duen indarra, segurtasuna eta gogo hori.

Zerbait nabarmendu beharko bazenute ez hain positiboa?

Aitor: Gauza batzuetara alferra izatea, askotan esaten den moduan, arrankerik gabekoa gauza batzuk egiteko, nahiz eta oso garrantzitsuak ez izan, baina garrantzia izan dezaketenak. Batzuetan horrelako gauzengatik borrokatzea tokatzen zaigu. Negatiboa erlatiboki, bere aukera baita hortik aurrerakoa.

Jon: Batzuetan seriotik serioagora pasatzen dela, eta ni bezalaxe burugogor samarra ere bada. Horrek, bere alde onak eta txarrak ditu.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Aitor: Joaten naiz kanpinera, sagardotegira, bere saioak entzutera ahal dudanean… Joan ere edozein tokitara joango nintzateke, eta, ez semea delako, bada edozein tokitara joateko moduko pertsona bat.

Jon: Nik ere antzeko. Iruditzen zait edozein tokitan ondo moldatu daitekeela edo ondo ibili daitekeela. Toki asko ezagutzen ditu, eta horrek gauzak asko errazten ditu.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Aitor: Gogoan daukat behin, Donostiako San Martin azokan galdu egin zitzaigula hiru edo lau urte zituela. Guk, denak aztoratu genituen ordu erdian, konturatu ginen arte pareko dendan kontu kontari zegoela dendariarekin inongo asaldurarik gabe. Beste batean, Alduden (Nafarroa Beherea), bazkari batera joan eta Pantxoa lagunak kantuan jarri gintuen biak. Lehen aldia izango genuen biak batera kantuan.

Jon: Mila pasadizo eta mila istorio ditugu. Nik ere aipatzeko daukat lehen aldiz saio “ofizial” batean kantatu genuenekoa Andoaingo Kale Txiki auzoan. Lehen aldi berezia izan zen hura niretzat. Gozotasun handiarekin gogoratzen dut egun hura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!