Elkarrizketa

«Oso harrera ona izaten ari da Mendian Korri Eskola»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko uzt. 24a, 19:59

Euskal Herrian ez dago trail eskolarik eta hutsune hori betetzeko sortu du Ibon Artola anoetarrak Mendian Korri Eskola Iker Karrera eta Jokin Lizeagaren laguntzarekin .

Mendiko gidari izateaz gain, mendi korrikalaria ere bada Ibon Artola (Anoeta, 1980). Hainbat urtetan Zumardia aisia taldean ibili eta gero, Mendian Korri Eskola egitasmoarekin hasiko da urritik aurrera. Gazteak mendian korrika hasteko aukera eskainiko du.

Zein izan ziren zure hastapenak kirolean?

Umetako kirola futbola izan zen. Anoetako eskolan ibiltzen ginen goizetan, eta, arratsaldeetan, aldiz, herriko plazan. Esku pilotan ere ibili nintzen garai batean, eta judoan ere bai. Egia da kirol batzuetan ez nuela gehiegi iraun. Ahal nuen kirol guztietan ematen nuen izena, eta semea ere antzeko datorkit. Azken urteetan areto futbolean jokatzen amaitu nuen. Hura amaitzean entrenatzaile moduan ere aritu nintzen emakumeen Laskorain taldean.

Areto futbolean entrenatzaile moduan aritutako urteak nola oroitzen dituzu?

Nesken infantil eta kadete mailatan aritu nintzen hiru edo lau urtez entrenatzen. Esperientzia berria zen niretzat eta oso gustura aritu nintzen. Maila handiko taldeak entrenatzea tokatu zitzaidan. Orduan jada baziren emakume asko oso maila onean aritzen zirenak. Asko gozatu nuen urte haietan.

Paletan jokatzen amaitu zenuen korrika hasi baino lehen.

Bai. Herrian, profesionaletan ibilitako Otero jokalaria bizi zen, eta haren bitartez hasi nintzen paletan. Bi urte inguru pasa nituen jokatzen. Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan jokatzen genuen oro har, eta Gipuzkoako selekzioarekin jokatzeko aukera ere izan nuen Gipuzkoako txapeldun orde amaitu eta gero. Esan beharra daukat, gutxi ginela jokatzen genuenak, eta horrelakoetan errazagoa izaten da aurrean ibiltzea (barrezka).

Mendirako zaletasuna nondik datorkizu?

Etxetik datorkit. Aita amezketarra eta ama Ugartekoa ditut, eta Txindoki parez pare izaten nuen aitaren baserritik. Aralarrera eta Igaratzara askotan joaten ginen, eta hamabost urterekin lehen XIV Orduak osatu nituen. Handik lau urtera berriz errepikatu nuen, eta hogei urterekin Hiru Handiak (100 kilometro, Gorbea, Anboto eta Aizkorri) ere osatu nuen. Orduan ez nintzen korrika ibiltzen, baina oinez ibiltzeko zaletasun handia neukan. Gogoan daukat Hiru Handitan jendea korrika ikusi nuela, eta neure buruari galdetzen nion; horrelako distantzia batean eta korrika? Harrituta gelditu nintzen! Estralurtarrak iruditu zitzaizkidan. Orduan ez nekien mendi lasterketak bazirenik ere! Oso gogorra egin zitzaidala bakarrik oroitzen dut. Geroztik ez naiz itzuli, nahiz eta ez dudan itzultzea baztertzen.

Zure izena ezagun Txindokiko 24 orduetan egin zen. Nolatan otu zitzaizun erronka hura?

2000. urtean izan zen. Hiru Handiak amaitu eta gutxira, Ordiziako festetan lehengusuak aipatu zidan Amezketako batek 24 ordutan Txindoki sei aldiz igotzeko eta jaisteko erronka zuela. Hurrengo urterako ez neukan erronkarik, eta nire buruari galdezka hasi nintzaion; eta nik zenbat aldiz igoko eta jaitsiko nuke? Amezketakoak apustua irabazi zuen, eta nik ere saiatu behar nuela esan nion neure buruari. Horretan jarri nintzen, eta lortu ere egin nuen. Azkenean zazpi aldiz igo eta jaitsi nuen. Izugarri sufritu nuen! Hura entrenatzen Aralar osoa zeharkatu nuen alderik alde! Horrela ezagutu nuen Aralar.

Azken urteetan Zumardia aisia taldean ibili zara. Nolako esperientzia izan da?

2017ko udazkenean hasi nintzen Zumardian. Gazteekin gauzak egiteaz harago, haiekin korrika ibiltzen ere hasi nintzen. Oso esperientzia aberatsa izan da egindako ibilbidea. Hiru gaztek eman zuten izena hasiera hartan, eta izugarri gozatu nuen haiekin. Haiek ere gustura ikusten nituen, eta azkenerako sei urtez ibili gara batera. Hiruek, Zegama-Aizkorriko juniorren lasterketa jokatu zuten. 12 urterekin hasi ziren, eta unibertsitateko ikasketen sarreran utzi ditut. Oso harreman polita egin genuen.

Euskal Herrian mendi korrikalari asko dagoen arren, trail eskola askorik ez dago. Zeure eskutik sortzera doa Mendian Korri Eskola.

Bai, nik dakidala ez dago besterik. Katalunian badaude eskola batzuk, eta haiekin ere harremanetan jarri nintzen bere garaian. Nola funtzionatzen zuten, eta gauzak nola egiten zituzten jakin nahi nuen gehienbat. Asko harritzen nau Euskal Herrian trail eskolarik ez egoteak, baina etorkizunean gehiago izango direnaren esperantzarekin nago. Azkeneko urteetan iruditzen zait gazte asko murgildu dela mendi lasterketetan. Interesa duen gazte asko ikusten ari naiz, nahiz eta oraindik tradizio askorik gabeko gauza bat izan. Gauzak martxan jartzea geroz eta gehiago kostatzen da. Ikusi egin beharko dugu geurearekin ere zer ateratzen den.

Zer da trail eskola bat?

Niretzako mendian korrika ibiltzea aurkikuntza bat izan da. Hasiberri bat ematen dut oraindik ere, nahiz eta jada hamabi urte daramatzadan honetan. Kirola eta mendia lotzeko aukera eman dit. Orain arte ikusi dut gazteek zenbat gozatu duten nirekin korrika, mendi gidari bezala ere gozatzen dudan moduan, beste gauza bat da korrika ibiltzea. Hain gustuko dudan zerbait besteei erakustea baina gauza politagorik ez dago. Hortik sortu zitzaidan ideia. Eskola bat sortzeko ilusioarekin nengoen, eta horretarako ezinbestekoak izan dira Jokin Lizeaga eta Iker Karrera. Biak ere esku bat botatzeko prest azaldu ziren hasieratik, eta horrek oraindik eta gehiago animatu ninduen.

Eskola sortzeko garaian, Gipuzkoako Mendi Federazioaren edo Euskal Mendi Federazioaren babesik izan duzu?

Gipuzkoako Mendi Federaziora joan nintzen egun batean informazio bila, eta bertan topatu nuen gizon bat. Harekin, Iker Karreraz hitz egiten hasi nintzen, baina ezagutu ere ez zuen egiten! Momentuan bertan pentsatu nuen, baina ni nora etorri naiz? Ni ez ezagutzea normala da, baina euskal mendi federazio batean Karrera ez ezagutzea! Oso interes gutxi ikusi nuen nire proiektuarekiko, edo bat ere ez. Agian, beste lekuren batera joan behar nuen. Euskal Mendi Federaziora ere bidali nuen posta elektroniko bat, baina erantzunik ere ez nuen jaso. Gaur gaurkoz egoera horrela dago. Etorkizunean gauzak ondo badoaz, ziur, orduan, inguratzen hasiko direla. Gertatuko balitz, gauzak modu natural batean hartzen saiatuko nintzateke. Iruditzen zait federazioekin lan polit bat egin genezakeela. Edozein proposamen entzuteko ateak irekita ditugu.

Orain dela gutxi eman duzu jakitera asmoaren berri, baina nolako harrera izan du?

Oraingoz harrera ona izan du. Goierriko jendea, donostiarren bat edo beste, Zarauzkoren bat ere bai… Ez diogu inori aterik ixten. Izena emateko edo informaziorako mendiankorrieskola@gmail.com helbidea sortu dugu, eta Instagrameko kontua ere jada martxan dago Mendian Korri Eskola izenarekin. Oraingoz nahikoa zabaltzen ari da, baina gehiago behar ditugu. Ilusioz nago erronka honetarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!