Eta zer ez da (ez)berdin

[GOGORATUZ] Artola anaiak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abuztuaren 13a

Mikel Artola bertsotan oholtzetan aritu da, eta egun, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea da; Iñaki Artola, berriz, pilotaren goi mailan lehiatzen ari da azken urteetan, eta Buruz Buruko Txapelketan maila ederra ari da ematen.

Zer da Iñaki / Mikel zuretzat?

Mikel: Anaia. Horixe da niretzat Iñaki!

Iñaki: Anaia esanda zenbat esaten den! Zaila da gehiago esaten. Nik ere berdina esango nuke!

Nola definituko zenuke Iñaki / Mikel?

Mikel: Pertsona alai bat bezala ikusten dut, eta halaxe definituko nuke.

Iñaki: Niretzako lagun bat, baina zaletasunez gain aita, ama edo etxea partekatu dudan norbait. Pentsa…

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Mikel: Bere positibotasuna. Ni baino positiboagoa da.

Iñaki: Ni baino pertsona seguruagoa da Mikel. Erabakiak aurrera eramateko ausardia handia dauka.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Mikel: Despistatu samarra dela! Ez da oso ezaugarri positiboa, noski, baina hortik asko dauka. Bestalde, batzuetan zalantza gehiegi izaten ditu.

Iñaki: Bere erabakimen horrek dakarren gauza bat, beti asmatzea ez dela posible izaten.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Mikel: Bidaiaren bat egingo nuke Iñakirekin. Biak bakarrik ez, badaezpada ere, bestela gauza onik ez genuke eta egingo. Onena, Iker Iriarterekin edo Josu Iztuetarekin joatea izango genuke [barrezka].

Iñaki: Lehen ibilitako tokietara, esaterako, baserrira udan lantxo bat eginez eta otorduren bat eginez, edo frontoira entrenamenduren bat eginez. Leku horietara joaten jarraituko nuke.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Mikel: Pilota partidetatik etxerako bidean pasatako uneak etortzen zaizkit burura. Partidak jokatu ondoren etorri izan garenetako kotxeko bidaiekin gogoratzen naiz.

Iñaki: Aita izan den honetan, Uxoa haurdun zegoela esan zuenekoa, edo Anje jaio zen eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!