[GOGORATUZ] Ait Xau aita-alabak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abu. 1a, 10:00

Kirolari loturiko aita-alabak dira billabonatarrak; aitak mendi lasterketetan murgilduta bi hamarkada daramatza; alabak, berriz, igeriketa eta korrika aritu ostean, duela bi urte triatloia probatu, eta horretan jarraitzen du.

Zer da Alaia/Hassan zuretzat?

Hassan: Neska alaia da. Nire bizitzako zati handi bat da.

Alaia: Nire erreferentea, bidelaguna, eta elkarrekin esperientzia asko bizi izan ditugun pertsona bat da.

Nola definituko zenuke Hassan/Alaia?

Hassan: Oso pertsona alaia da. Bestalde, burugogorra ere bada, eta uste dut hori nigandik jaso duela. Bere lagunen laguna dela ere esango nuke.

Alaia: Oso pertsona ona, bihotz onekoa, lasaia eta bera ere bere lagunen oso laguna.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Hassan: Lehen aipatu dudan bezala, bere alaitasuna. Zerbait nahi duenean gauzak lortzeko gaitasuna du. Oso pertsona ona eta jatorra da, eta beti izan da oso erraz eramatekoa.

Alaia: Egiten duen guztia barrutik irteten zaiolako egiten duela iruditzen zait, bueltan ezer espero gabe. Bere umiltasuna ere asko baloratzen dut.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Hassan: Oso gauza gutxi, agian, bere burugogortasuna! Alde horretatik, gauza gutxi daukat aipatzeko. Ez daukat inongo kexarik.

Alaia: Egia da gutxitan haserretzen dela, baina haserretzen denean bere jenio guztia erakusten du. Burugogorra ere bada.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Hassan: Munduko edozein lekutara joango nintzateke berarekin, baina asko gustatuko litzaidake mendi handi xamar batera berarekin joatea esperientzia hori bizitzeko.

Alaia: Ni ere berdin. Mendiren batera edo natura dagoen lekuren batera. Hiri handiak ez zaizkio batere gustatzen!

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Hassan: Orain dela gutxi Perdido (Aragoi, Espainia) mendira joan ginen. Betidanik atzean joatea gustatu izan zaio, eta bere munduan sartuta joaten da. Gorizeko aterpetxera iristear nengoela, atzera begiratu eta han zetorren. Bertan zain egon nintzen denbora batean, baina ez zen inondik azaltzen. Kezkatzen hasi nintzen, eta atzera itzultzea erabaki nuen. Ni konturatzerako, beste txabola batean gelditu zen. Jenderik topatzen ez zuela ikusita, bidera itzuli zen berriro. Gutxira hantxe topatu nuen urduri urduri!

Alaia: 2018an Nepalera joan ginenean, nik 10 urte nituen, eta egun batean oihanera joan ginen. Hura ez zen Sendaviva bezalakoa, eta, nahiz eta dena prestatuta zegoen, animaliak solte zebiltzan. Ibai ertzean geundela, errinozero bat zegoen uretan. Halako batean, turista bat gerturatu zitzaion argazki bat ateratzeko asmotan, eta errinozeroa atzetik atera zen korrika. Denak abiada batean atera ginen korrika, eta aitak eta amak edozein zuhaitzetara igotzeko oihukatzen zidaten! Azkenean ez nuen zuhaitzera igo beharrik izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!