Hogei urte inguruko kirol ibilbidea eskaini zion Aimar Agirresarobek (Tolosa, 1981) triatloiari. Emaitza bikainak ere lortu zituen bidean, esaterako, Bilboko Triatloiko garaipena, edo Zarauzko Triatloian lortutako bigarren postua. Lasterketak uztea erabaki zuen arren, ez du baztertzen itzultzea. Aho bizarrik gabe hitz egiten duen horietakoa da Agirresarobe.
Bizitza erdia eskaini zenion triatloiari, baina nola hasi zinen?
Aurretik futbolean aritu nintzen arren, jada azken urteetan nire gauzak egiten nituen bizikletan eta krosean. Betidanik jarraitu izan nuen triatloia Tolosaldean, eta ez dakit zergatik ez nuen lehenago probatu. Lehenengo lasterketa, Espainiako unibertsitate arteko txapelketa bat izan zen Arrasateko taldearekin Bejarren (Gaztela eta Leon, Espainia). Triatloia egitera joan ginen, baina azkenean duatloia jokatu genuen.
Lehen triatloiaz zein oroitzapen duzu?
Gorlizen (Bizkaia) izan zen. Neoprenorik ez neukan, eta ezagun bati eskatu behar izan nion. Berak, bertara eramango zidala esan zidan. Aitarekin etxetik abiatu, eta ez dakit non, bizikletan aritzeko oinetakoak ahaztu nituela konturatu nintzen. Etxera itzultzea erabaki nuen haiek hartzera. Halako batean Gorlizera iritsi, eta neoprenoa eraman behar zidanari, eramatea ahaztu zitzaion. Neoprenorik gabe egin behar izan nuen igeri! Igeri egitetik amaitzean, bizikleta hartu eta gurpila zulatu nuen. Gelditu, eta hura konpondu behar izan nuen. Eskerrak, korrika behintzat gozatu nuen! Ez daukat batere oroitzapen onik lehenengoaz!
Garaipen batzuk eta postu on asko lortu dituzu triatloiko zure kirol ibilbidean, baina, 2013 urtea izan zen denetan onena emaitzak kontuan hartuta. Bilboko Triatloian garaile, Zarautzen bigarren, Espainiako iraupen luzekoan hirugarren…
Baietz esango nuke. Ez dakit urte onena hura izan zen, baina jendearengan eragin handiena izan zuena behintzat bai. Jendeak ez dakiena da, Zarauzko triatloiaren eta Espainiako txapelketaren artean, istripu bat izan eta akilesa erdi pitzatu nuela. Ez dut uste horrek ezer aldatu zuenik Espainiako txapelketan. Gerora izan nuen lesio haren berri.
Aipatutako hiru emaitzetatik bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Ate gehiena ireki zizkidana, Bilboko triatloia izan zen. Oso berezia izan zen garaipen hura, baina Zarauzkoa izugarria izan zen. Mendiko korrikalarientzat Zegama dena, triatloilarientzat antzeko zerbait da Zarautz. Nahiz eta bigarren amaitu, niretzat garaipena izan zen Eneko Llanosen atzetik amaitzea. Oso garrantzitsua izan zen emaitza hura. Nire buruari erakutsi nion onenekin korrika azkar egiteko gai nintzela.
Bilboko triatloian gauza asko gertatu omen ziren lehiaz harago.
Bai. Lasterketa jokatu eta hilabete batera edo, emakumeetan irabazle izan zen Virginia Berasategik positibo eman zuen EPO substantziarekin. Pena handia izan zen bere kirol ibilbidea horrela amaitzea. Oso eguraldi txarra egin zuen, eta gertuko hotel batean egin behar genuen kontrola. Gela batean sartu gintuzten kirolari guztiak. Txiza egin ondoren, dokumentazio guztia bete, eta hor amaitzen da. Asko atzeratzen ari zen dena, eta sari banaketa ere gerturatzen ari zen. Une batean, Berasategi eta biok batera sartu ginen kontrolera. Bakoitzak berea egin ondoren, dokumentazioa betetzen hasi ziren, baina, bere txiza poteko dokumentazioa nire poteari jartzen hasi ziren, eta alderantziz. Ez dakit ni konturatu nintzen, edo besteren bat konturatu zen. Eskerrak hari! Ederraz libratu nintzen! Harrabots handia sortu zuen Berasategiren positiboak. Biok entrenatzaile berdina genuen, Ciro Tobar, eta harentzat ere kolpe handia izan zen hura.
Erru batengatik asko aldatu daiteke kirolari baten etorkizuna.
Bai, buelta asko eman nizkion egoerari. Behin akatsa eginda oso zaila da errua izan dela demostratzea. Ezingo nukeen hain erraz azaldu pote hura ez zela nirea. Agian, gaur egun errazago demostratu daiteke, baina horrek ere bere kostua izango luke. Ez dakit zer egingo nukeen garai hartan! Ez dut pentsatu nahi fede txarrik egon zenik, baina oso gauza arraroa izan zen hura. Geroztik, kirolari askorekin gai honetaz hitz egin izan dudanean, beti argi esaten diet; ondo zaindu potea eta datuak! Despiste txiki bat nahikoa da dena pikutara joateko.
Zer pentsatzen duzu dopinaz?
Beti egongo dela, eta kirolarien esku dagoela. Jendea kontzientziatu egin behar da, eta kontroletan positibo ematen duenari gogorrago zigortu behar zaio. Agian, betirako zigortu beharko lituzkete. Ez dena posible da, txirrindularitzan positibo eman, eta mendiko lasterketetara joan eta han ere positibo ematea, edo triatloira pasatzea ondoren… Ez da justua kirol batean positibo ematea eta beste kirol batean jarraitzea. Hau saihestu beharra dago!
Bere garaian profesional izateko aukera izan zenuen?
Inoiz ez naiz mugitu diruagatik. Mugitu izan banintz, ziur, diru gehiago irabazteko aukera izango nukeela, baina bizitzeko adina ez dut uste. Lana utzi eta triatloiari ordu gehiago eskaintzeko aukerak izan ditut, asko gainera, baina ez dut nahi izan. Egia da, askotan pentsatu izan dudala, gauzak beste modu batera egin banitu errendimendu handiagoa aterako niola nire kirol ibilbideari. Baina horrela izan da, eta ez naiz batere damutzen.
Zer behar du triatloilari on batek?
Ez da erraza esaten, ni ez bainaiz hain ona izan! Lehen ezin zen bestearen gurpilean joan, beraz, txirrindulari ona bazinen, gauzak asko errazten zituen. Gaur egun, aldiz, batzuetan uzten dizute bestearen gurpilean joaten. Iruditzen zait kirolari osoa izan behar duela triatloilari on batek. Nire kasuan, ez nintzen onena ezertan, baina hiruetan nahiko txukun moldatzen nintzen. Gakoa zera da, hiru kirolak ondo konpentsatzea. Onenek aldiz, zera diote, igeriketan denbora galduz gero, proba irabazteko aukera guztiak galtzen direla. Lasterketa guztietan ez da gauza berbera gertatzen. Ni igeriketan hasi nintzenean, 1.000 metro egiteko ez nintzen gai! Nire triatloiak bizikletaren gainean jartzen nintzenean hasten ziren. Nire helburua zera izaten zen, igerilariak ez ginenen artean onena izatea.
Asko aldatu da triatloia zuk ezagutu zenuenetik gaur egunera?
Bai. Nik ezagutu nuena eta gaur egunekoa asko aldatu da, baina berdin nire aurrekoen garaikoa, esaterako, Dina Bilbaoren edo Josu Iztuetaren garaikoa edo nire garaikoa. Haientzako abentura moduko bat zen triatloia. Hura ere gustuko nuen nik. Orduan proba asko zeuden Euskal Herrian. Gaur egun dagoen materiala ere ez zegoen orduan. Gogoan dut nire lehen bizikleta 22.500 pezeta ordaindu nuela udan egindako lanarekin. Ez dakit zenbatgarren eskukoa izango zen! Orduan, geure artean genuen merkatu beltzak asko funtzionatzen zuen [barrezka].
Denbora bat daramazu triatloietatik kanpo. Itzultzeko asmorik baduzu?
Badakit noizbait itzuliko naizela, baina ez dakit noiz. Ahalik eta azkarren itzultzea gustatuko litzaidake, baina orain oso gustura nago nire bizimoduarekin. 2019an jokatu nuen azken proba. Oso sasoiko nengoen, eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) beste proba batera joan nintzen. Baina bizikletan erori egin nintzen. Aurrerago, beste erorketa bat izan nuen, eta korrika egitera gorputz guztia urratuta nuela atera nintzen. Lehen postuan nindoala erretiratu egin behar izan nuen. Asko izutu nintzen egoerarekin. Aurrerago, Espainiako txapelketa bat ere jokatu nuen zauriz beteta nengoela. Baina hurrengo denboraldia prestatzen ari nintzela, Ikaztegietan kotxe batek harrapatu ninduen berriro. Kolpe handia hartu nuen, eta erabat uztea erabaki nuen. Dena saldu nuen, eta bizimodu berri bat egitea erabaki nuen.