Eta zer ez da (ez)berdin

«Oso umetatik izan dugu barneratuta musika»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko uzt. 11a, 07:59

Ama musika irakaslea zen, eta berak kateatu zuen Miren Mujika musikara; Txomin Urdanpilleta semeak ere amonaren eta amaren bide beretik jarraitu du; euren etxea musikarik gabe ez dutela imajinatzen esan dute.

Betidanik izan du Miren Mujikak (Andoain, 1969) musika bidelagun bere bizitzan zehar. Ama, Begoña, musika irakasle izan zen hainbat urtetan Andoainen, eta haren ogibideari jarraipena ematea erabaki zuen orain ia hiru hamarraldi baino gehiago. Txomin Urdanpilleta (Anoeta, 1999), semeak ere, amonaren eta amaren bide bera aukeratu zuen ikasketei dagokienez, eta azken urteetan Bihozkada edo Nera musika taldeetan murgilduta ikusi dugu. Gaur egun, Loatzo Musika Bandako kide dira biak ere. Musika jotzen bezainbeste gozatzen dute musikaz hitz egiten.

Biak ere musikariak zarete gaur egun, baina nola gogoratzen dituzu Miren musikaren munduan emandako lehen urratsak?

Miren: Amak kateatu ninduen musikara. Donostiarra da ama, eta bertan hasi zen musikaren munduan; oso gaztetatik izan zuen piano bat. Andoaingo Kaletxiki auzoan familia daukate, Ikutzatarrak, eta festetara etorri ziren urte batean ezagutu zuen gure aita zena. Andoainera bizitzera etorri zenean, berarekin ekarri zuen pianoa. Geroztik, beti izan dugu pianoa etxean. Amak, klaseak ere ematen zituen etxean, eta ni ere berari laguntzen hasi nintzen. Gerora, Donostiako kontserbatorioan musika ikasketak burutu nituen. Ondoren, Hernanin eta Tolosan aritu nintzen ordezkapen batzuk egiten, eta handik gutxira, Anoetatik deitu ninduten zerbait egin nahi zutela eta. Zalantzak izan nituen arren, baiezkoa eman nien. Urte batzuetara, udaleko beste langilea zen Ainhoa Elizondok eta biok, eskualdera zabaldu genuen eskaintza. Iaz hogei urte bete zituen Loatzo Musika Eskolak. Geroztik hemen nabil.

Zuk Txomin, amonarengandik hasita, amaren aldeko gehienak musika jotzen ezagutu dituzu.

Txomin: Denak ezagutu ditut musikaren inguruan. Esaterako, abenduaren 24ko gauean, afari ondorengo guztia musika izaten da gurean. Oso umetatik daukagu musika sartuta. Guretzako musika biltzeko modu bat izan da. Osaba-izeba eta lehengusu guztiek noizbait zerbait jo dugu. Lau urterekin ditudan argazkiak, inauterietan Pintxana txarangarekin ateratakoak dira. Lehenik txindatarekin, gero bonboarekin, eta tronpetarekin ere jo izan dut. Jende ezberdin askorekin biltzeko aitzakia ederra da musika.

Argi izan zenuen beti Miren musikako ikasketak egin nahi zenituela?

Miren: Agian hauei nirekin gertatu zaiena, niri amarekin gertatu zitzaidan. Niri beti gustatu izan zait sorkuntza, eta ez dakit pianista edo bertsolaria izango nintzen. Bertsolaritza ere artea iruditzen zait. Niretzat musika, beste arte adierazpen bat da. Iruditzen zait, hemen, Euskal Herrian badugula lan handi bat egiteko horren inguruan, esaterako, antzerkian. Antzerki eskolako irakasleak zein egoeratan dauden jakin beharko genuke, grafitigileak… Profesionalizazio bat badago, baina jende horrek ondoren ez dauka non lan egin edo non sortu.

Zuek Txomin, dena errazago izan duzue alde horretatik?

Txomin: Bai, halere garaiak oso ezberdinak dira. Gaur egun dena aukeran daukagu. Oraintxe kanpoan egon berri naiz, eta bi mundu oso ezberdin daudela konturatu naiz. Gu oso ondo bizi gara, eta ia gauza guztiak aukeran dauzkagu, horietako bat musika. Bidea askoz ere errazagoa izan da guretzat. Nik ere musika ikasketak egin nituen, nahiz eta berandu erabaki nuen. Kirolaren eta musikaren artean zalantzak izan nituen. Instrumentua ere ez da bakarra izan. Aurrena perkusioa, ondoren airezko instrumentua den tronpeta, tronboia…

Pozik hartu zenuen Txominek musikako ikasketak egin nahi zituela aipatu zizunean?

Miren: Nik ere bideratu nuen musikara! Kirola ere asko maite du halere! Ikasketetako irakasgai batzuetan ez zen oso fin aritzen, eta irakasle batek bota zidan musikan eta kirolean ordu gehiegi igarotzen zituela, beste irakasgai batzuetan aritu ordez. Nik argi esan nion ezetz! Esan nion, nahi bazuen urtea errepikatuko zuela, baina maite zituen esparru horiek ez zituela utziko. Nik beti ikusi diot Txomini musikarekiko gaitasuna. Amonarekin ordu asko pasatakoa da elizan organoaren ondoan!

Bere garaian egindako aukeraketarekin pozik zaude Txomin?

Txomin: Bai bai! Gizakia beti dago irekita gauza berriak ikasteko, eta beti dago aukera saltsan ibiltzeko. Behin instrumentu bat aukeratzean, aurrera joateko nahia behar da. Perkusioarekin hasi nintzen arren, azkenaldian gehiago ari naiz tronboiarekin.

Bere musika ibilbidean semea aritu den antzera, amak aukerarik izan zuen talde ezberdinetan jotzeko?

Miren: Egia esan, ez. Tolosako, Ibarrako eta Txaramako lagun batzuen artean talde bat sortu genuen, Hamarretan Rakun izenekoa. Gauza batzuk egin genituen, baina ez zen uda guztia erromeriatan ibiltzen zen horietakoa! Beste hainbat gauza ezberdinetan ere aritzen ginen, eta ez nuen aukerarik izan jarraipena emateko. Iaz, Loatzo musika eskolako banda sortu genuen, eta Txominekin afizio hori eta momentu bikainak partekatzen ditut gaur egun. Oso polita da. Asteazkenetan badakigu nora joan behar dugun biok!

Aipatu bezala, zuk, Txomin, talde ezberdin batzuk pasa dituzu hainbat formatu ezberdinetan, esaterako, kaleko musika, oholtzakoa… Bat aukeratu beharko bazenu?

Txomin: Uf… Agian, kalekoa esango nuke. Bihozkada taldean oso gazte nintzela hasi nintzenean, ez nekien nora nindoan ere. Ondoren, Nera taldea osatu genuen, eta jada helduagoa nintzen. Gaur egun aldiz, perkusio taldea dugu, eta badakigu kalean zer dagoen. Kaleak ematen duena ez du oholtzak ematen. Publikoa ere oso ezberdina izaten da. Kalekoa oso ezberdina da. Hasieran oso zaila izan zen, baina orain gehiago gozatzen dut.

Miren: Bere buruarengan gehiago sinistu behar duela esaten diot behin eta berriz Txomini. Barruan duena ateratzea kosta egiten zaio.

Gaur egun asko jarraitzen duzu Txominen ibilbidea?

Miren: Ahal dudanetan joaten naiz bera jotzen ikustera. Halere, gertatzen da, esaterako, ostiral batean hamabietan Mungian (Bizkaia) jotzen duela. Horietara ez naiz joaten, baina ikuskizun berrietara joateko joera badut. Azkenekoz, Leioan (Bizkaia) izan zuten ikuskizun batera joan ginen asteburu pasa.

Ama musika irakaslea izanda, exijentea izan da zurekin musikaren gaiarekin?

Txomin: Bai, baina ez da perfekzioa bilatu zalea izan. Zorrotza bada, eta badakienean ondokoak gehiago egin dezakeela, orduan exijitzen du.

Miren: Nik uste dut berak perfekzioa gehiago bilatzen duela nik baino. Bandan aritzen garenean konturatzen naiz. Zerbait gaizki egiten dudanean, bere begirada hor izaten dut.

Zer da gaur egun musika zeuen bizitzan?

Txomin: Bizitzeko modu bat, eta jendeari zer sentitzen dugun espresatzeko modu bat. Niretzako normala da edozein egunetan musika egitea.

Miren: Bizitza! Nik gaur egun ez dut imajinatzen bizitza musikarik gabe. Niretzat dena da musika, esaterako, kolpe bat, txoria goizean leihora gerturatzen denean ateratzen duen soinua…

Musikari batek inoiz deskonektatzen du musikatik?

Miren: Gizaki batek deskonektatzen ez duen bezala! Gauza bat da, lanetik deskonektatzea. Askotan ez da erraza ezberdintzea artean, noiz gauden lanean eta noiz denborapasa. Gaur egun, abesbatzan ere aritzen naiz, eta jende askok aipatzen dit; orain ere lanean ari zara? Eta nik zera erantzuten diet; ez, ez nago lanean! Erakusten ere gozatu egiten dut!

Gaur egun imajinatzen duzue zeuen etxea musikarik gabe?

Txomin: Oraintxe bertan, ez! Aitari ere asko gustatzen zaio, gainera. Etxean musika jotzen hasten garenean, bera izaten da lehena etxeko leiho guztiak irekitzen.

Musikari baten garairik emankorrena uda izaten da normalean. Nola dator uda Txomin?

Txomin: Orain, uztailean sanferminetan ariko gara Iruñean. Beti aipatu izan dut Iruñean jotzeko aukera banu, ezingo niola ezetzik eman. Orain gutxi bertan jotzeko aukera eskaini zidatenean, begiak distiratu zitzaizkidan. Abuztuan, aldiz, saio dezente izango ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!