Eta zer ez da (ez)berdin

«Ez genuke asmatuko kirolik egin gabe bizitzen!»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko eka. 13a, 11:59

Futbolarekin hasi zen aita, eta lasterketa bat ikustera joan zenetik baloia utzi eta korri egiteari ekin zion; alabak umetatik hainbat kirol egin ditu, triatloia aukeratu zuen arte.

Egunero kirola arnasten duten aita-alabak dira Hassan Ait Xau (Todgha, Maroko, 1977) eta Alaia Ait Xau (Amasa-Villabona, 2007) billabonatarrak. Aitak, Hassanek, ia bi hamarraldi daramatza mendiko lasterketetan murgilduta, eta, gaur gaurkoz, Euskal Herriko mendi lasterkaririk maitatuenetakoa da. Alaiak, alabak, berriz, triatloiaren munduan murgilduta daramatza dagoeneko urte pare bat.

Biak ere denboraldi bete-betean zaudete. Zuk Hassan, ez da denbora asko igaro Zegama-Aizkorri jokatu zenuenetik. Zer moduz zaude?

Hassan: Nahiko ondo. Proba baino egun batzuk lehenago belauna nahiko ukituta nabaritu nuen, baina, halere, joatea eta korrika egitea erabaki nuen. Lasterketan bertan, Aizkorriko gailurreria pasa eta hurrengo jaitsieran izugarrizko mina sentitzen hasi nintzen. Noizean behin gelditzea ere tokatu zitzaidan, eta, zortez, amaiera aldera mina baretzen joan zen.

Zuk Alaia, zein izan da jokatu duzun azken proba?

Alaia: Getariako triatloia jokatu nuen maiatzaren 18an. Eguraldi txarra izan genuen, baina berezia izan zen. Iaz ere antzeko egoeran jokatu behar izan genuen Lekeitioko (Bizkaia) triatloia. Hotzik egiten ez duen bitartean, gustura ibiltzen naiz. Beste puntu bat ematen dio triatloiari. Nik nahiago dut euria beroa baino!

Bakoitzaren hastapenez galdetuko dizuet. Zuk, Hassan, ia bi hamarraldi daramatzazu mendi lasterketetan murgilduta, baina ez zinen korrika hasi kirolean.

Hassan: Hasteko esan behar dut gaztetan erretzailea nintzela! Kirola beti egin izan dut, naiz eta Marokon (Afrika) ez nuen askorik egiten. Bertan, futbolean aritzen ginen lagunekin. Orduan ez zegoen ondo ikusia korrika egitea, eta oso goiz joan behar izaten genuen. Aitak askotan aipatzen zidan: «baina korrika zertarako?». Denbora galtzea zen harentzat korrika egitea, baratzera joan beharrean! Euskal Herrira etorri nintzenean, Andoaingo Euskalduna futbol taldean hasi nintzen jokatzen. Gutxira, futbola eta tabakoa utzi, eta korrika hasi nintzen. Gogoan dut Zumaiako Zakila Bira lasterketa ikustera joan ginela lagun bat ikusteko asmoarekin, eta niri ere harra sartu zitzaidala. Bi hilabeteren buruan, Donostian jokatzen den 15 kilometroko lasterketa batean eman nuen izena. Ondoren eman nuen mendirako jauzia.

Zeure hastapenak nolakoak izan ziren Aiala?

Aiala: Oso umetatik egin dut kirola, bai dantza eta baita igeriketa ere. Gurasoekin ere askotan joaten nintzen mendira. Biak kirolariak izanda, ia ezinbestekoa izan da kirola egitea. Bidaiatu ere ia beti kirolaren aitzakian egin dugu. Oso ibilbide naturala izan da nirea kirolean. Konfinamendua eta gero, aldaketa bat eskatu zidan gorputzak. Ez nekien ziur zein kirol egin, baina, aurretik igerian ibilita, eta aitarekin ere korrika pixka bat egitera joaten nintzenez, triatloia aukeratu nuen. Lagun batzuen bidez banekien nire adin antzekokoek Mahala taldean batera entrenatzen zutela, eta probatzea erabaki nuen. Nik ere gaur arte horretan jarraitzen dut.

Zerk kateatu zintuen triatloitik?

Alaia: Hiru kirol izatea! Oso pertsona mugitua naiz, eta beti gauza berdina egiten ezingo nukeen ibili. Ziur nago kirol bakar bat egiten aspertu egingo nintzatekeela. Triatloiak hori dauka, egunero kirol ezberdin bat egin dezakezula.

Gogoan daukazu Hassan, Alaiak triatloian hasi behar zuela aipatu zuen eguna?

Hassan: Pandemia eta gero, Ainhoa emazteak parte hartzen zuen triatloi proba bat ikustera joan ginen. Alaiak bertan ikusi zituen gaur egun taldekide dituen batzuk, eta haien gurasoak ere geure lagunak dira. Haiek ikusita piztu zitzaion harra, eta denborarekin kateatu egin da kirol honetara.

Zuen etxean kirola egitea derrigorrezkoa izan al da?

Alaia: Derrigorrezkoa ez! Nik ere izan nuen garai bat aspertuta ibili nintzena kirola egiteaz. Dena esan behar dut; amak derrigortu egiten zidan igeriketa egitea [barrezka]. Garai batean aktore edo musikaria izan nahi nuen.

Hassan: Etxean argi izan dugu beti igeri egitea oso garrantzitsua dela. Nik, esaterako, ez dakit igeri ondo egiten. Luze bat edo bi egin ditzaket, baina handik aurrera… Ez genion lehiatzeko eskatzen, baina orduan ikasitakoa hor geratu zaio.

Zu Alaia jaiotzetik zaude aita lasterketa asko irabazten ikustera ohituta. Nola eraman duzu hori?

Alaia: Bai, eta irabazten ez badu behintzat podiumean ikustera ohitu naiz. Arraroa egiten zait podiumetik kanpo geratzen denean. Beti ikusi dut entrenatzen, eta berezko gaitasun asko ditu aitak. Mentalki ere oso indartsua da, eta daukan adinarekin oraindik ere aurrean jarraitzen du. Ziurrenik eta dagoen mailarekin, podiumez ahazten joan beharko dugu [barrezka]. Niretzat horregatik izan da beti eredu eta erreferente. Eta noski, ama ere eredu handia da niretzat!

Ait Xautarrentzat, zer da kirola?

Hassan: Niretzako bizitzeko modu bat da. Gaur egun ez dut imajinatzen nire burua kirolik egin gabe. Kirolaria naiz beste ezeren gainetik. Emaitza onak lortu izan ditut, baina inoiz ez naiz emaitzekin itsutu. Mendi lasterketak oso gustuko ditut, eta badakit ez naizela honetatik biziko, beraz, gozatzea da lehen helburua. Osasuntsu egoteko eta lagunak egiteko balio dit kirolak.

Alaia: Niretzako ere bizitzeko modu bat da. Terapia moduko bat da kirola, eta aldi berean askatasuna ematen dit. Ondo pasatzeko eta lagunekin egoteko aukera eman dit kirolak.

Alaia, aitak dituen ezaugarri guztietatik, bi aukeratzeko eskatuko dizut.

Alaia: Umiltasuna eta gogoa.

Aitak zein ezaugarri aukeratuko luke alabak dituenez?

Hassan: Gauzak egiteko gogoa jartzen duenean, gauzak lortzen ditu Alaiak. Hori aukeratuko nuke.

Hassan Ait Xauk irabazi zuen T3T lasterketaren lehen edizioa. Argazkian, helmugara Alaia alabarekin sartu zen.

Hassan, berriro ere atzera itzultzeko aukera edukiko bazenu, kirol bera aukeratuko zenuke?

Hassan: Baietz esango nuke. Mendiarekin eta naturarekin oso ondo identifikatzen naiz. Beste kirol asko ere gustuko ditut, esaterako, bizikleta, baina mendian korrika egitea beste gauza bat da. Ez nuke ezerengatik aldatuko!

Aldi berean topatu izan duzue elkar lasterketaren batean?

Hassan: 2021eko Eltxo Trail (Orendain) lasterketan batera aritu ginen. Alaiak bertan hartu nahi zuen parte, eta ni lesio batetik ateratzen ari nintzen. Zizurkilgo Bikotekako Krosean ere pare bat aldiz batera aritu gara.

Alaia: Eltxo Trailen entrenatzaile pertsonal bezala aritu zen [barrezka]. Zizurkilgo Duatloian ere parte hartu izan dugu, nahiz eta bakoitza bere gisara aritu.

Triatloian hasi berria zaren aldetik, aita bezalako esperientziadun bati aholku asko eskatzen al dizkiozu?

Alaia: Bai. Aita beti izan da lasaiagoa, eta, ni, aldiz amaren antzerakoa naiz, alegia, urduriagoa. Gauzak ondo kudeatzen ditu. Ni emozioak askatu zalea naiz, eta alde horretatik aitak asko lasaitzen nau. Askotan jotzen dut aitarengana urduritasuna kudeatzeko.

Hassan: Nik beti gauza bera esaten diot, helburua ondo pasatzea dela. Ni ere askotan urduri jartzen naiz bere lasterketetan, esaterako, eguraldia txarra denean, bizikletan nola joango diren pentsatzean… Aitaren paperean jartzen naiz horrelakoetan. Halere, ez zait gustatzen nire urduritasuna azaleratzea.

Emaitzek laguntzen ez dutenean haserretzen zaren horietakoa zara zu Alaia?

Alaia: Zerbait bai, baina ez nuke askorik esango. Kirola gozatzeko egiten dugu, eta gainera gauzak ez dira beti batek nahi bezala ateratzen. Halere, gauzei bueltak ematen dizkien horietakoa naiz.

Zuen etxera sartuko banintz, zergatik konturatu beharko nuke kirolari batzuen etxean nagoela?

Hassan: Gauza askorengatik! Oinetako kopuruarengatik, triatloiko gauzengatik, bertan topatuko dituzun argazki guztiengatik… Jada ez dago lekurik koadroentzat [barrezka].

Alaia: Lehen, egongelan, aitaren txapela guztiak genituen, baina jada denak ez ziren sartzen eta garajean daude orain.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua korrika, Hassan?

Hassan: Orain dela urte batzuk, Alaia txikiagoa zenean, lehiatzeari utzi behar niola esaten nuen. Iturgina nintzen orduan, lanean 10 edo 11 ordu pasatzen nituen, etxera joan, Alaiaren bila joan behar zen… Oso tarte gutxi ateratzen nuen entrenatzeko. Gaur egun, ordea, gauzak asko aldatu dira. Alaiarekin berarekin ere korrika joaten naiz, berak ere arreta gutxiago behar du, eta gaur gaurkoz, gorputzak erantzuten duen artean korrika jarraitzeko asmoa daukat. Zaila izango da maila mantentzea, baina ahal dudan arte kirola egiten jarraituko dut.

Alaia, nola imajinatzen duzu zeure etorkizuna kirolean?

Alaia: Kirolaz gozatzen jarraitu nahi dut. Lehiakorra naiz, baina bere neurrian. Argi daukat lehenik ikasketak direla, eta ondoren kirola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!