elkarrizketa

«Iazko Espainiako txapelketak nire bizitza aldatu zuen»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko eka. 6a, 11:59

25 urte zituela hasi zen Gorka Sorarrain tolosarra txirrindularitzan afizionatu mailan; egun Caja Rural taldean ari da, eta World Tour mailara iristea du amets.

Ibilbide laburra bezain harrigarria darama Gorka Sorarrainek (Tolosa, 1996) txirrindularitzan. Hainbat urtetan saskibaloian aritu ondoren, eta, pandemia tarteko, bizikleta gainean hasi zen 25 urterekin. Bi urte eta erdi beranduago, txirrindulari profesional bezala dihardu Caja Rural taldean. Amesten jarraitu nahi du.

Nola gogoratzen duzu umezaroa?

Beti izan naiz oso kirolaria, eta umetan kirol guztiak probatu nituen. Eskola kirolean ibili nintzen, baina, baita igeriketa, atletismoa, patinajea edo pilotan ere. Kirol asko probatu nituen, baina federatzeko garaia iritsi zenean, saskibaloia aukeratu nuen. Infantil mailan hasi nintzen, eta hogeita hiru urtera arte aritu nintzen azkenean.

Saskibaloia utzi bezain laster, pandemia iritsi zen. Txirrindularitzari ekin zenion buru-belarri.

Pandemiaren aurreko urtean Erasmusaren bidez atzerrian izan nintzen, eta itzuleran erresistentziako kirolen bat probatzeko zalantzaz egon nintzen. Aldatzeko gogoa neukan. 2019 urtean bizikleta bat erosi nuen eta lehen asmoa triatloi munduan probatzea zen. Herriko krosetan ateratakoa nintzen, eta nahiko txukun ibiltzen nintzen. Igerian ere hasi nintzen. Baina pandemia iritsi zen, eta nahiko azkar ibili ondoren, arrabola bat erosteko aukera izan nuen. Watioen mundua zer zen ikasten hasi nintzen, eta denbora dezente egin nuen arrabolaren gainean. Pandemia amaitzean, serioago ekin nion bizikletari, eta triatloi mundua albo batera uztea erabaki nuen.

Jende askok afizionatu maila uzten duenean hasi zinen zu bertan lehiatzen.

Bai, oso jende gutxi hasten da 25 urterekin afizionatuen mailan. Talderik gabe hasi nintzen lehiatzen, eta orduan inor ez zegoen nire adinekorik. Jende gazteagoarekin lehiatu behar izan nuen hasiera haietan.

Gogoan dauzkazu afizionatu mailan jokatu zenituen lehen lasterketak?

Bai, noski! Ez nekien dortsala nola jartzen zen ere! Gurasoak eta neska laguna animatzera etortzen ziren eta bidean zehar edatekoa ematera. Horrela ibili nintzen lehen lasterketa haietan. Niretzat dena berria zen. Onditz Urruzmendi entrenatzailearekin hasita nengoen, eta niretzako izugarrizko laguntza izan zen. Oraindik ere berarekin jarraitzen dut. Adin berekoak gara, eta bera ere txirrindularia izandakoa da. Asko lagundu zidan hasiera hartan, eta bere laguntza ezinbestekoa izan zen. Zortez, denbora gutxi pasa nuen talderik gabe. Bost edo sei proba jokatu ondoren, Cafés Baque taldetik deitu zidaten haiengana batzeko.

Lehen urtea bikain amaitu zenuen.

Urte ona izan zen, bai. Bi garaipen lortu nituen, Berriatuan eta Gernikan, eta izugarrizko konfiantza hartu nuen. Adinarengatik, aukerarik gabe gelditu nintzen lehiatzen jarraitzeko. Taldea saiatu zen bertako profesional mailako talderen batera gerturatzen, baina oso zaila zen.

Kanpora joan behar izan zenuen lehiatzen jarraitzeko.

Angolakoa izanagatik, Portugalen lehiatzen zuen talde batetik deitu zidaten. Bertan laguntzaile bezala aritzen zen Joseba Santamaria euskaldunak deitu ninduen. Ordurako jada lanean hasita nengoen, eta konturatzen nintzen oso denbora gutxirekin ibiltzen nintzela dena aurrera ateratzeko. Eromena izan zen urte hura. Ezertarako ez nuen denborarik! Lanean egun asko jai hartu behar izaten nituen, gehienbat ostegunetik igandera arte Portugalen lehiatzen egoten nintzelako. Lau egunez lehiatzen ibili eta gero, igande gauean berriro ere etxera itzultzen nintzen astelehenean lanera itzultzeko. Bi urte igaro nituen bizitza erritmo honekin.

2023ko denboraldi erdian jada eskaintzak jasotzen hasi omen zinen.

Ordura arte, bi edo hiru itzuli besterik ez nituen korritu. Nahiko txukun ibili nintzen, baina, bertako maila, bigarren edo hirugarren mailakoen antzerakoa da. Baina, ekainean Espainiako txapelketa iritsi zen, eta geroztik aldaketa handia egin du nire kirol bizitzak.

Hura izan zen mugarria?

Bai. Hasteko, Angolako lizentzia neukan, eta Espainiako federaziora deitu behar izan nuen gauza konpontzeko. Nire kaxa joan nintzen asteburu pasa familiarekin. Parte hartzea bakarrik izugarrizko esperientzia zen niretzat. Lasterketa haietako bakoitza aukera bat zen niretzat. Banekien nondik nentorren, eta batere presiorik gabe joaten nintzen lehiatzera.

Izugarrizko maila erakutsi zenuen egun hartan.

Hiru taldekide joan ginen bertara, eta taldeko batek Astanako kotxeari eskatu zion ea arazoren bat izanez gero guri laguntzeko prest egongo liratekeen. Batere laguntzarik gabe atera ginen bestela. Bakoitza ahal zuena egitera atera ginen. Nire asmoa, tropelean ahalik eta denbora gehien aguantatzea zen, eta, bukaeran bertan baldin banengoen, pentsatuko nuen zer egin. Kanporatze lasterketa bat izaten da txapelketa. Banekien azken kilometroetan estutzen bazuten, ezingo nuela jarraitu. Izugarrizko beroa egin zuen gainera, eta hasieratik jada izotzarekin atera nintzen. Oso ondo sentitu nintzen lasterketa osoan zehar, eta azken metroetara arte tropelean joateko aukera izan nuen. Azkeneko itzulian taldea asko murriztu zen, eta erasoak hasi ziren. Lehen taldean jarraitu nuen, eta amaieran erasoa ere jo nuen. Une batean irabazi egingo nuela pentsatu nuen, ez bainekien aurretik Oier Lazkano zegoela. Amaieran, Juan Ayusok, Alex Aranburuk eta Jesus Herradak aurreratu ninduten. Izugarria izan zen haien ondoan sartzea. Amaieran bosgarren helmugaratu nintzen.

Zer ekarri zuen bosgarren postu hark?

Eskaintzak, lasterketa amaitu eta ordu erdira hasi ziren. Hurrengo asteetan, eskaintza gehiago iritsi ziren, bai taldeetatik, eta baita txirrindulari ordezkari batzuengatik ere. Egun horretatik aurrera dena aldatu zen. Beste mundu batean sartzera nindoan. Egun politak bezain estuak izan ziren. Eskaintza guztiak begiratu ondoren, Caja Ruralen eskaintza onartu nuen. Lana uzteko ez nuen zalantzarik izan. Gero ere izango dut denbora ingeniari bezala lanean jarraitzeko.

Hilabete batzuk pasa dira geroztik. Asmatu duzu hartutako erabakiarekin?

Bai. Nik negoziatu nuen zuzenean taldearekin, eta asmatu nuela iruditzen zait. Egia esan, oso gustura nago. Lehen unetik lana uzteko aukera eskaini zidaten abuztuaren 1etik aurrera. Bi urte eta erdirako kontratua sinatu nuen.

Denboraldi hasierarekin gustura zaude?

Asmoa, denboraldia indartsu hastea zen. Valentziako Itzulian mendiko maillotaren borrokan ere ibili nintzen, eta etapa bat irabaztetik gertu ere izan nintzen. Hiru egunez eraman nuen mendiko maillota, eta oso polita izan zen. Gero Itzulia lehiatzeko aukera ere izan nuen. Oraingoz gustura nago denboraldiarekin, nahiz eta jauzi handixeago bat espero nuen.

World Tourreko talderen batekin amesten duzu etorkizunean?

Urtez urte asko aldatu da nire bizitza, eta etorkizunean etortzen dena ongietorria izango da. Progresio honekin jarraitzea gustatuko litzaidake, eta ahal balitz World Tour mailara iristea. Urte batzuk bertan egitea polita litzateke. Pauso hori bakarrik gelditzen zait. Halere, kontziente naiz egunen batean lanera itzuli behar badut, ez dela ezer gertatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!