elkarrizketa

«Aurreikusten nuena baino askoz hobeto doa denboraldia»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko mai. 2a, 19:59

Pasa den urtean irabazi zuen lehen mendi lasterketa Zestoan, eta geroztik, podiumetik gertuko postuetan geratu izan da gehienetan; zalantzak izan dituen arren, aurten ere Zegama-Aizkorrin izango da.

Mendi lasterketen denboraldiari bikain ekin dio Ibarran bizi den Iñigo Uribeetxebarria legazpiarrak. Azken bi urteetako emaitza bikainei jarraipena emateko gogo handiz jarraitzen du, eta lasterketez beteriko denboraldia aurreikusten du.

Zein izan ziren kirolean zure hastapenak?

Txiki-txikitatik mendia arnastu dugu etxean. Gurasoak alpinismoan ere ibilitakoak dira, bai Pirinioetan, Alpeetan eta baita Andeetan ere, eta guretzat ere ezinbestekoa zen mendira joatea! Guretzat ez zen kirola, familiako planak ziren gehiago. Geldialdi txiki bat ere egin genuen urte batzuetan, agian, nazkatu egin ginelako edo. Ondoren, eta, urte askotan eskubaloian igaro nituen gaztaroko urte gehienak. Hamabi urte inguru pasa nituen jokatzen, eta hogeita hiru urterekin edo utzi nuen. Azkenerako, eta behin unibertsitatean hasita, zaila zen eskubaloia eta medikuntzako ikasketak uztartzea. Oso garai politak izan ziren! Halere, gutxinaka berriro ere mendira gerturatzen hasita nengoen.

Mendian korrika noiz hasi zinen?

Eskubaloia utzi baino pixka bat lehentxeago hasi nintzen. Ordura arte gehienbat oinez ibilitakoa nintzen, baina han hasi nintzen Legazpi inguruko mendietara eta Aizkorri aldera gerturatzen. Hemeretzi urte inguru izango nituen. Konturatu nintzen lehen egiten nuen denbora erdira murrizten zela korrika eginez. Oso sentsazio ezberdinak ziren haiek. Jada urte batzuk badira mendian korrika hasi nintzela. Halere, egia da, serioago lehiatzen urte pare bat besterik ez daramatzadala.

Jokatutako lehen lasterketaz zein oroitzapen duzu?

Zestoan jokatzen den Kobaz-Koba lasterketa izan zen, eta gogorra egin zitzaidala oroitzen dut. Anaiak zain egon behar izan zuen niregatik! Orduan oso gutxi entrenatzen genuen, eta asteburuetan lasterketetara joaten ginen. Ez genekien zer jan edo edan behar genuen ere! Asko sufritu nuen lasterketa hartan, baina azken sentsazioa ona izan zen. Lehen lasterketa haietan batera ibiltzen ginen anaia eta biok, eta asko gozatzen genuen.

Urte batzuetako bilakera eta gero, iaz, jada, lasterketak irabazten hasi zinen.

Bai, iaz irabazi nuen lehena. Sorpresa handia izan zen niretzat. Iaz, lehen lasterketa Berastegiko Negu Trailen jokatu nuen, eta bigarrena Kobaz-Koba izan zen. Urte batzuk beranduago itzultzera nindoan Zestoara, eta ezustean irabazi egin nuen. Ez nuen inondik inora irabazterik espero. Orain bi urte jada nabari nuen entrenatzen ere hobeto nenbilela, eta serioago hartu nuen. Emaitzak asko hobetu nituen. Konturatu nintzen ezer berezirik entrenatu gabe nahiko ondo nenbilela. Oraindik ere hobetzeko aukera banuela ikusten nuen. Iaz jada aurrerapauso handiak egin nituen.

Zegama-Aizkorrin ere lehenbizikoz parte hartu zenuen. Esperotako lasterketa izan al zen?

Niretzako izugarrizko denbora egin nuen (4.20.48). Gauza asko atera zitzaizkidan ondo egun hartan. Oso baldintza gogorrak izan ziren, baina nik ez daukat hotz askorik pasa nuenaren oroitzapenik. Dortsala, lasterketa baino bost egun lehenago lortu nuen, eta horrek presio handia kentzen du. Nire lehen lasterketa zen maratoi distantzian. Hasiera batean, T3T-Tolosaldeko Hiru Tontorrak jokatu behar nuen, eta ondoren Marimurumendi (Beasain, 42 kilometro). Kasualitatez, Zegama-Aizkorriko ibilbidean nengoen egun hartan, Beunden, eta hantxe jaso nuen deia. Oso ondo pasa nuen lasterketan zehar.

Itzultzekoa omen zara.

Bai, nahiz eta zalantzak izan ditudan. Aita izan naiz orain gutxi, eta ez nekien nola ibiliko nintzen entrenatzeko. 25 kilometro inguruko lasterketak egiteko, bi ordu inguru entrenatuta nahikoa da, baina maratoi distantzia beste gauza bat da. Iazko denborarekin jada dortsala ziurtatuta neukan, eta bikoteak ere asko animatu ninduen berriro ere parte hartzeko. Azkenean irteeran izango naiz. Halere, aurtengoa beste kontu bat izango da.

Erreferenterik izan duzu mendiko lasterketetan?

Egia esaten badizut, ez naiz inoiz gehiegi murgildu kirol honetan. Azken bi edo hiru urteetan gehiago barneratu naiz, eta gehiago ezagutzen dut jendea. Kirol hau asko zabaldu da, eta niretzat ere errazagoa da jendea jarraitzea. Gaur egungo gazteek guk izan genuen informazioa baino askoz gehiago daukate. Gure garaian Coca-Colarekin eta txokolatearekin moldatzen ginen!

Gaur egun nola antolatzen duzu denboraldia?

Lehen aipatutakoagatik, ez nekien nola antolatuko nuen egutegia. Behin ikusita ondo antolatu nintekeela, maiatzerako aurreikusi nituen helburu nagusiak. Batetik, Euskadiko txapelketa jokatuko dut Kanpezun (Araba), Soronea-Ammma taldearekin. Taldeko korrikalari asko gerturatuko gara bertara. 26 kilometro inguruko lasterketa da, eta, lasterketak, berak, Zegama-Aizkorrirako asko lagunduko dit. Ondoren, uda lasaixeago hartuko dut. Bigarren zati horretan, Gorbeia Suzienen (Zeanuri, Bizkaia) egon nahiko nuke. Iaz gutxi entrenatuta bertaratu nintzen, eta aurten hobeto joan nahiko nuke.

Aurten jokatu dituzun lasterketekin gustura zaude?

Lehen lasterketa, taldeko lagun batzuekin korritu nuen Izaban (Nafarroa) elurretan. Ondoren, Negu Trail eta UZ Trail (Urretxu-Zumarraga) jokatu nituen, eta biak irabazteko aukera izan nuen. Orain gutxi, Zaramillon (Bizkaia) jokatu dut azkeneko lasterketa. Hasiera batean espero nuena baino askoz hobeto doa denboraldia. Maila urtez urte goraka doa, eta ni ere iaz baino hobeto sentitzen ari naiz.

Anaia ultra distantzian ibiltzen ohituta dagoen bezala, zuri zerbait esaten dizu distantzia luzeak?

Eboluzio naturala iruditzen zait distantzia igotzen joatea, baina, niri momentuz askoz ere gehiago gustatzen zait abiaduraren puntu hori. Lasterketen gehiengoa korrika egin daitezkeen ibilbideak eta neurriak, gustukoagoak ditut, ultrak baino. Iaz, esaterako, maratoi distantzia probatu nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Entrenamendu asko eskatzen dute ultrek, eta hori gustatu egin behar zaizu. Ni gutxiagorekin konformatzen naiz.

Urte batzuetara ikusten al duzu zeure burua ultra distantzian?

Ez dut nire burua bertan ikusten, gehienbat, eskatzen duen entrenamendu guztiarengatik. Gauza asko egitea gustatzen zait, eta ez dut imajinatzen neure burua korrika egiten bakarrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!