Bertsolaritza eta pilota ezinbestekoak dira gaur egun oraindik Artola anaien etxean. Bietan zaharrenak, Mikel Artolak (Alegia, 1989), bertsoaren baitan darama ia bizitza guztia, lehenik bertsolari moduan, eta azken urteetan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile gisara. Gazteena, aldiz, Iñaki Artola (Alegia, 1994), gaur egungo pilotaririk ezagunenetakoa da. Azken hilabeteetako joko boladari eutsi nahi dio orain jokatzen ari den buruz-buruko txapelketan.
Biak ere txapelketetan bete-betean murgilduta zaudete. Galtzak bete lan zabiltzate?
Mikel: Bai. Aurtengoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa tokatzen da, eta laster gara hastekoak. Hemen inguruan ere saio batzuk izango ditugu, eta horren prestakuntzan gabiltza.
Iñaki: Bai, ni ere halaxe nago. Lehenik, lau eta erdikoa izan zen, ondoren binakakoa, eta orain buruz-burukoan ari naiz. Etenik gabe ia astez-aste partida garrantzitsuak jokatzen dihardut buru-belarri.
Nola gogoratzen duzue umezaroa?
Mikel: Niri, Iñakiri baino urrutiago gelditzen zait garai hura, eta ziurrenik gutxiago gogoratuko dut. Bi zatitan bezala gogoratzen dut; batetik, Alegian, edozein ume bezala, gure gelakideekin, eta frontoi inguruan askotan. Nire burua han kokatzen dut. Bestetik, beste zatiak baserri girora narama. Aita Alegiakoa da eta ama Urnietakoa, eta biak ere baserri mundukoak dira. Urnietara ere askotan joaten ginen.
Iñaki: Nik ere umezaroa horrela gogoratzen dut. Zortea izan genuen mugikorrak eta beranduago ezagutzekoa. Beti kalean ibiltzen ginen jolasean, eta gehienetan kirola egiten pasatzen nuen denbora gehiena. Betidanik izan naiz kirolzalea, eta edozertara ematen nuen izena, izan pilota, izan futbola, badmintona… Asteburuetan baserrira joaten ginen aitona-amonengana, eta, han ere bai anaiarekin edo lehengusu edo aitona-amonekin jolasean egoten ginen. Ederki pasatzen genuen!
Bost urteko aldea izanik bien artean, anaia gaztea zaharrenaren itzalean ibiltzen al zen?
Mikel: Hori berak esan beharko du [barrezka]. Orduan Alegian, eta uste dut oraindik ere, ez ginen adin bereko taldeetan bakarrik ibiltzen. Orduan ere bi edo hiru urteko aldea genuenak ere batera ibiltzen ginen. Uste dut azken urteetan ni bere itzalean gehiago ibili naizela.
Iñaki: Niretzako beti izan da erreferentea. Beti esan izan dut gure zaletasunik handienak beti, pilota eta bertsoa izan direla. Hori ez da kasualitatea! Beragatik sartuko nintzen ni ere bi mundu horietan. Eta gaztetan, berak musika bat entzuten bazuen, nik atzetik hura entzuten nuen. Berdin irakurtzeko zaletasunarekin ere. Bere antzekoa izan nahi nuen. Anaia izateaz gain, zaharragoa ere bada, eta horrek ere asko lagundu izan dit. Pertsona garrantzitsua izan da niretzat.
Oso umetan jada, ez omen zenuten pilota askatzen.
Iñaki: Beharbada bion zaletasunik handiena izan da beti pilota. Baserrian bertan ere ez zegoen koskarik gabeko paretik, eta halere beti sortzen genuen jokatzeko aukera. Baserrira joan aurretik, aitarekin pilotan aritzea izaten zen denborapasarik onena guretzat. Zaharragoa zen arren, nire nahia beti anaiari irabaztea izaten zen beste edozeren gainetik. Horrez gain, etxean ere, gurasoek eta aitonak beti izan dute pilota ikusteko zaletasuna.
Pilotako hastapenak nola gogoratzen dituzue?
Mikel: Eskola kiroleko garaiekin gogoratzen naiz. Halere, gogoan daukat lehenik futbolean eman nuela izena pilotan hasi aurretik. Betidanik izan naiz pilotazalea. Herriko gehienak ere pilotan ibilitakoak izan gara. Gutxi izango dira probatu gabeak! Iñakirekin azkar konturatu nintzen ni baino hobea zela. Umeagoa zela ere, beti pilotan ibiltzen zen. Beste ezer ez zuen egiten! Edozein lekutara pilotarekin joaten zen.
Iñaki: Orain ez dakit horrela jarraituko duen, baina gure kuadrillan ez dakit inor baden pilota probatu gabea. Asko, takoekin jokatzen ere ibili ziren. Herrian ere pilota eskola martxan jarri zuten. Gu izan ginen lehen belaunaldia, eta Altzoko Jexux Muruarekin, Ikaztegietako Joxean Urretabizkiarekin hitz egin eta horrela sortu zen. Beste askok baino bide errazagoa izan genuen guk.
Bertsolaritzan ere biak aritutakoak zarete. Nola hasi zinen zu bertsotan Mikel?
Mikel: Ni berandu xamar hasitakoa naiz. Pilotaren ibilbide antzekoa izan da bertsolaritzarena. Aitonak bazuen hitzekin jolasteko joera, eta uste dut horrekin gelditu nintzela ni ere. Ondoren, eskolako DBH garaian, Bixente Gorostidirekin aritu ginen. Halere, orduan, oso urruti ikusten genuen bat-bateko bertsolaritza. Ondoren bai, lehenik herriko bertso eskolan, eta ondoren Gasteizera ikastera joan nintzenean hasi nintzen serioago. Halere, oroitzen dut nola kateatu nintzen Lazkao-Txikiren marrazki bizidunekin. Gure etxeko girotik gertu zegoen umorea zen hura. Bederatzi urterekin jada bere kaseteak entzuten nituen nik! Bai pilotan eta baita bertsotan, zorte handia izan dugu inguruko jendearekin.
Zu ere ibilitakoa zara bertsotan Iñaki.
Iñaki: Beti gustatu izan zait bertsolaritza. Herrian ere giro hori genuen, eta gainera festetan bertso saioa ere egiten da herrikoekin. Horren parte izan nahi genuen. Berak pilotarengatik esan duen bezala, ni ere goiz samar konturatu nintzen Mikelek bertsoetarako zuen erraztasunik ez nuela nik [barrezka].
Gogoan daukazue lehenengo bertso saioa?
Mikel: Saiatzen naiz ez gogoratzen, baina gogoratu egiten naiz! Lehen aipatu dugun herriko festetako saioan izan zen. Hamazazpi urte edo izango nituen. Aurreko urteetan iruditzen zitzaidan ez zirela batere onak bertaratzen zirenak, eta nik ere egin nezakeela haiek egiten zutena. Plazaratu nintzen ni ere, baina ez zitzaidan bertsorik ateratzen! Oso urduri jarri nintzen. Erridikulu latza egin genuen. Ez dut oso oroitzapen onik.
Iñaki: Ni eskolarteko umeen txapelketa batean atera nintzen lehenbizikoz oholtzara. Nire azken urtea nuen eskolartekoan, ezingo nuen gehiago atera. Herriko beste birekin joan nintzen, eta guri laguntzen aritzen ziren Felix Irazustabarrenarekin eta Iker Iriarterekin. Oso ondo pasatzen genuen! Ondoren, ni ere herriko festetako saioan aritutakoa naiz. Urtean behin bertsolari sentitzeko aukera eskaintzen digute herriko festek.
Pilotan profesionala, debutatu eta gero izaten den moduan, bat noiz da bertsolari?
Mikel: Nik askotan izaten dut buruan gai hau! Gaur gaurkoz ni ez naiz bertsolari sentitzen. Nik hasieran uste nuen, plazan saio on bat egin eta gero izango nintzela bertsolari. Hori egin nuen, baina, halere oraindik ez nintzen bertsolaria kontsideratzen. Ondoren, aldiz, txapelketaren bat edo gazte sariren bat irabaztean, edo finalera iritsita izango nintzela. Hori ere egin nuen, baina oraindik ez zitzaidan iruditzen. Aurrerago, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan kantatu beharra zegoen, eta hori ere egin nuen. Oraindik ez nintzen sentitu! Agian, finala jokatu beharko da bertsolari sentitzeko [barrezka]. Orain, hotzean pentsatzen dut, bertsolari izateko nonbaitetik deitu behar dizutela bertsotara joateko. Alegia, kantatzeko eskaintza jaso behar dela. Bestalde, bertsolariak aktiboa behar du, eta kantatzeko aukera ikusten badu, kantuan egin behar du. Pilotarekin gertatu zitzaidan antzera, egin behar nuen ahaleginak eta bertan pasa behar nuen trago txarrak, eta horrek itzultzen zidanak, ez zidan konpentsatzen kantatzen jarraitzeko. Ez nuela horretarako balio konturatu nintzen. Azkenerako oso gaizki pasatzen nuen.
Gaur egun oso pilotari ezaguna zara zu Iñaki, baina nola gogoratzen dituzu profesionaletako lehen urteak?
Iñaki: Oso parera etorri zitzaidala bezala gogoratzen dut estreinakoa. Ez zidan beste munduko sakrifiziorik eskatu. Ordura arte dena zaletasuna zen, eta oso gustura egiten nuen gauza bat zen. Afizionatuetan oso ondo nenbilen, eta ez nion pilotari lehentasunik eman behar izan. Espero nuen gauza bat izan zen. Estreinakoa ere ez zen nire kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena izan. Mikelek bertsolari sentitzearen edo ez sentitzearen sentipena ere izan nuen nik pilotari izatearekin. Afizionatuetan oso aurrean ibiltzetik, profesionaletarako jauzia izugarria da, eta, garai batean herri batetik pilotara joateko gonbita jasotzean, nik ere izaten nituen zalantzak. Askotan pentsatzen nuen: «ni ere ez naiz ba punta-puntakoena ba!». Iruzurgilearen sindromea ere sentitzen nuen noizean behin, eta asko saiatu gabe iritsi izanaren sentsazioa ere izan dut. Orain, aldiz, ezberdin ikusten dut hau dena. Gaur egun, eta pilotaren munduan gertatutako hainbat gertakariengatik, nire buruari aitortzen diot pilotaria naizela.
Azken urteetan, zu, Mikel, Iñakiren botilleroa izan zara hainbat txapelketatan. Asko sufritzen al da aulkian?
Mikel: Bai, eta gozatu ere bai. Niretzat izugarrizko zortea izan da dena barrutik bizitzea. Gainera, bolada batean entrenamenduak batera egiteko zortea ere izan dugu. Barrutik dena oso ezberdin ikusten da. Aulkian tokatu izan zait sufritzea. Beste inork ez dakizkien gauzak dakizkit nik, nahiz eta gauza guztiak ez dizkidan kontatzen. 2021eko finalean ez egotearen arantza txiki bat gelditu zait, baina neurri bateraino. Finalera pasa zen egun hartan izugarrizko poza sentitu nuen.
Eta zuri Iñaki? Arantzarik utzi zizun jokatu ezinda gelditu zinen final hark?
Iñaki: Hasieran bai. Asko eragin zidan, eta gaizki pasa nuen. Animoz oso baxu ibili nintzen, eta denbora dezente behar izan nuen berriz ere umorea errekuperatzeko. Orain, denborarekin, ez nuke hainbesterik esango. Geroztik, asko baloratu dut final batera iritsi izanak.
Mikelen bertsolari ibilbidea jarraitu izan duzu zuk Iñaki?
Iñaki: Bai, eta nik ere asko gozatu dut bere ibilbidearekin. Bere kuadrillako lagunekin joandakoa naiz bera ikustera Mutrikura oso gaztetan. Sariren bat irabazitakoan ere esaten nuen: «hori nire anaia da, e!». Txapelketetan ere jarraitu izan dut. Kanpotik begira egonda asko sufritzen da.
Bertsolaritzak eta pilotak zerbait zor dizue?
Mikel: Ez ez! Bertsoak, ingurune bat eta lagun talde bat ematen dizu. Euskal kultura ez da hain handia, eta nahiz eta desabantaila batzuk izan, abantaila asko ere baditu. Inoiz ez nuen pentsatuko bertsolari onenekin kantatzeko aukerarik izango nuenik ere. Nire maila apalean, Andoni Egañarekin, Maialen Lujanbiorekin, edo Joxe Agirrerekin kantatzeko aukera izan dut. Guretzako, esaterako, Felix Irazustabarrena edo Jexus Murua bezalako pertsonak, herriko beste batzuk ziren, alegia, gauzak egiten zituzten jendea zela. Baina ez ziren pertsona inportanteak gure herrian bakarrik, beste leku batzuetan ere baziren. Zortez, guk, ondoan izan ditugu.
Iñaki: Ez! Niri gainera esapide hori ez zait batere gustatzen. Ez dut inoiz horrelakorik esango. Oso umetatik izugarri ondo pasa izan dut pilotan. Gure lehen entrenatzaile haiek egindako lanari esker, orain arte jarraitzeko aukera izan dut. Jende asko ezagutu dut, eta, lagun asko egin ditut pilotari esker, eta gainera urte askotan jaten eman dit.