Orain dela bi urtera arte pilotan aritu zen, eta hura utzi eta korrika hasteko hautua egin zuen Axier Artolak (Amezketa, 1998). Errepideko eta mendiko lasterketak uztartu dituen arren, mendian ari da bere onena erakusten. Oraindik ere distantzia motzean aritzen den arren, jauzia egin nahi du lasterketa luzeagoetara. Zeresana emango du 2024ko denboraldian.
Oraindik ere ezagutzen ez zaituztenentzat, nor da Axier Artola?
Hogeita bost urteko mutil amezketarra hasteko. Kirola betidanik gustatu izan zait, eta betidanik pilotan aritu izan naiz. Kirola egitea beti izan dut gustuko, eta korrika egiteaz gain, bizikletan ibiltzea edo mendi buelta bat ematea gustuko dut. Azkenean, eta, agian, ondoen moldatzen nintzelako eta denetan errazena korrika egitea delako hasi nintzen lasterketen mundu honetan. Azken urte eta erdian mendi lasterketetan nabil gehiago.
Aipatu bezala, txikitan, eta Amezketako ume askok bezala, pilota aukeratu zenuen.
Bai. Oso umetatik ezagutu dugu herrian pilota, eta afizionatu mailara arte jokatu nuen. Hasi ginenean, asko ginen herrian pilotan jokatzen genuenak, baina, gutxinaka, jendea uzten joan zen. Afizionatuetan hiru edo lau urte jokatu nituen, eta oso gustura aritu nintzen. Azken urteetan, eta Amezketan pilotari gutxi gelditzen ginenez, Alegiara joaten ginen.
Pilota uztea asko kostatu al zitzaizun?
Uztea ez, baina pena eman zidan. Inoiz ez gara puntakoak izan, ezta gutxiagorik ere, baina astean zehar entrenamendu bat edo bi egiten genituen lagun artean, eta noizean behin partidaren bat ere jokatzen genuen. Gustatzen zitzaigulako jokatzen genuen eta kirol pixka bat egitearren. Inoiz ez dugu oso serio hartu pilota. Lanarengatik, pilotak kentzen zidana ematen zidana baino gehiago zela ikusi nuenean utzi nuen. Prozesu naturala izan zen pilota uztearena. Utzi nuenetik ez dut askotan hartu pilota!
Mendian korrika hasteko hautua nolatan egin zenuen?
2022. urte hasiera arte, pilotan ibili nintzen. Hura utzi nuenean, bizikletan ibiltzen hasi nintzen kuadrillako lagun batzuekin batera. Uda hartan, kilometro dezente egin genituen, eta, mendi duatloi batean eman nuen izena. Oso gustura ibili nintzen. Gerora, beste lagun bat mendi lasterketetan murgilduta zegoen jada, eta 2023ko urte hasieran Berastegin Negu Trail lasterketa jokatzen zela aipatu zidan. Haren aitzakian gehiago entrenatzen hasi nintzen. Ondoren, mendian lasterketa gehiago korritzeari ekin nion. Geroztik honetan dihardut.
Zein oroitzapen duzu lehen lasterketa hartaz?
Oso oroitzapen arraroa daukat! Lehena zen, eta asko sufritu nuela oroitzen dut. Ondo bukatu nuen arren, kostata ibili nintzen. Bikiak ere igo zitzaizkidan!
Zerk kateatu zintuen mendi lasterketetatik?
Gehienbat, bertan aurkitu nuen giroak. Bertan sortzen den giroa paregabea da. Oso lagun artekoa da, eta ezagun asko topatzeko aukera izaten da bertan. Gozatu eta sufritu egiten dugu lasterketan zehar.
Iazko denboraldian hasi zinen arren korrika, jada postu bikainak lortu zenituen jokatutako lasterketetan. Noiz konturatu zinen zure ahalmenez?
Lehen aipatutako Negu Trail lasterketan, uste nuena baino askoz ere postu hobea lortu nuen. Hurrengo lasterketa, Anttine Trail (Asteasu) izan zen. Hernioko tontorrera jokatzen den lasterketa da, eta, han jada bigarren amaitu nuen. Ikusi nuen uste nuena baino hobeto nenbilela. Konturatu nintzen ondo moldatu nintekeela, eta handik aurrera gehiago eta serioago entrenatzen hasi nintzen.
Mendi korrikalari bezala zein dira zure ezaugarriak?
Txinparta duen korrikalaria naizela esango nuke. Korrika egiteko eremuetan ondo moldatzen naiz. Denbora gutxi daramat honetan, eta aldapa behera gehiago kostatzen zait. Teknikoki ari naiz hobetzen, baina oraindik asko dut ikasteko. Iraupena ere hobetu beharra daukat. Ordubeteko lanean ondo aguantatzen dut, baina handik aurrera errendimendua jaisten dudala nabaritzen dut.
Iazko denboraldia estreinakoa izan zenuen. Aurtengorako erronka berriak dituzu?
Bai. Iaz, T2T-Tolosaldeko Bi Tontorrak jokatu ondoren, uda lasai igaro nuen. Beste hiru lasterketa jokatu nituen, tartean, Behobia-Donostia lasterketa. Aurten egingo dudan egutegia, nahiko antzekoa izango da. Iaz egin eta gustatu zitzaizkidan lasterketak errepikatuko ditut. Oso gustura eta dezente entrenatzen ari naiz, baina oraindik ez naiz erotu mendi lasterketekin!
Zein distantziatan ibiltzen zara gustuen?
Hamabost kilometro inguruko lasterketetan moldatzen naiz ondoen. Oraindik ere iraupena lantzea falta zaidalako izan daiteke. Halere, iaz, eta errebotez, Zegama-Aizkorri lasterketa korritzeko aukera izan nuen. Salbuespena izan zen hura. Ezin nion Zegamari ezetz esan!
Zer iruditu zitzaizun Zegama-Aizkorri lasterketa?
Izugarrizko giroa topatu nuen, nahiz eta oso eguraldi txarra egin. Aurretik egona nintzen lasterketa ikusten, eta ikusten bakarrik hotzikara ere jarri zitzaidan. Oso esperientzia polita izan zen hura bizitzea. Aurten, zorionez, zozketan zortea izan dut, eta bertan izango naiz berriro.
Iaz baino hobeto prestatzeko asmoa duzu?
Bai. Iaz, oso berandu abisatu zidaten korritzeko aukera izango nuela, eta ezin izan nuen ondo prestatu. Aurten, jada badakit bertan izango naizela. Denbora badaukat ondo prestatzeko. Ez dut aitzakiarik izango. Urteko helburu nagusietako bat izango da. Badakit oso zaila izango dela hain distantzia luzean emaitza izugarria lortzea, baina ondo egiten saiatu nahi dut. Ez dakit berriro ere korritzeko aukerarik izango dudan
Zein egutegi egiteko asmoa daukazu aurtengo denboraldian?
Denboraldia, Garingo (Beasain) mendi lasterketarekin hasi nuen, eta ondoren berriro ere Negu Trail jokatu nuen. Gerora, Arriarango (Beasain) lasterketa eta Anttine Trail jokatu nituen. Hurrengo lasterketa, Gabiriko Leharrei lasterketa izango da. Maiatzean, Domusa (Azpeitia) lasterketako ibilbide motza (26 kilometro) jokatuko dut Zegama-Aizkorrira joan aurretik. Ondoren, Soronea-Ammma taldearekin Malagara (Andaluzia, Espainia) joango gara taldekako Espainiako Txapelketara. Uda pasa ondoren, Gorbeia Suzien (Zeanuri, Bizkaia) lasterketa jokatuko dut irailean. Mendiko lasterketa hauek amaitzean, berriro ere Behobia-Donostian parte hartzeko asmoa daukat.