Punta-puntako txirrindularia izan zen hainbat urtetan Arantzazu Azpiroz (Berastegi, 1981). Besteak beste, Espainiako txapeldun izan zen errepidean 2002an. Txirrindularitza utzi ondoren, euskal selekzioko hautatzaile moduan ere aritu zen lau urtez. Gaur egun, oraindik ere bizikletaren gainean ibiltzen jarraitzen du.
Txirrindularitzazale amorratua da Azpiroz, eta benetan gustura aritzen da hainbat urtetan ogibide izan zuen kirolaz hitz egiten. Bere kirol ibilbide arrakastatsua gogoratzeko asmoarekin, larunbatean izango den Donostia-Baiona-Donostia txirrindularitza martxan omenaldia egingo diote bertako antolatzaileek.
Gogoan duzu bizikleta baten gainean jarri zinen lehen aldi hura?
Ez naiz gogoratzen, baina pentsatzen dut oso umetan izango zela. Aitari beti gustatu izan zaio txirrindularitza, baina familian bestela ez dugu zaletasun berezirik ikusi. Indurainen garaiak etorri ziren gerora, eta zeharo iltzatuta gelditu nintzen. Pentsa nola amaitu nuen! Indurainek jende asko erakarri zuen, bai txirrindulari bezala, eta baita pertsona bezala ere.
Tolosan egin zenituen lehen pausoak txirrindularitzan.
Bai. Hamalau urterekin hasi nintzen, eta hasieran urduritasun pixka batekin ibiltzen nintzen. Orduan, askotan, mutilekin parte hartzen genuen. Pistan ere batera hasi nintzen entrenatzen, eta bizikletaren teknika hobetzeko balio izan zidan. Ni hasi nintzenean, gogoratzen dut Ainhoa eta Josune Artolazabal ahizpak zirela erreferente niretzat. Nafarroan jokatu behar zen lasterketa batean gogoan dut, lasterketa bertan behera gelditu, eta nola haien aitak etxeraino bizikletan itzuli behar zutela esan ziela. Gu beste maila batean geunden!
Gizonezkoen artean lehiatzen ibili zineten urte askotan. Nolako sentipena zen hura?
Burbuila batean bezala geunden. Ezberdintasun handiak ikusten genituen orduan, eta haiekin lehiatzen genituen lasterketetan hainbat gauza entzun behar izaten genituen guraso askoren ahotik, esaterako: «Neska batek irabazi al dizu? Nola utzi diozu irabazten?». Gero, askotan, etaparen batean alde egiten saiatuz gero, denak atzetik izaten genituen. Ez zen gauza orokorra izaten, baina esames asko entzuten genituen garai haietan.
Profesionaletara jauzia egiteko aukera nondik etorri zen?
Sorpresa handia izan zen hura. 2001ean izan zen. Ainhoa Artolazabal nuen entrenatzaile orduan, eta berak eman zidan albistea. San Marinoko Alfa Lum taldeak nirekin kontatu nahi zuela aipatu zidan. Nik ez nuen sinisten! Orduan, Joane Somarriba euskalduna, edo Edita Pucinskait? lituaniarra bezalako txirrindulariak zeuden talde hartan. Jauzi handia ikusten nuen, eta beldur puntu bat ere sentitu nuen, baina esperientzia handi hura bizitzeko gogoa neukan. Nazioarteko talde bat zen hura, eta, besteak beste, mexikar bat, errusiar bat, amerikar bat, bielorrusiar bat, edo italiar bat nituen taldekide. Izugarrizko esperientzia izan zen. Garai haietan Espainian ez zegoen emakumeen talde profesionalik. Urtebete egin nuen talde hartan.
Hurrengo urtean, italiar-euskaldun talde berri bat sortu ondoren, hara joan zinen.
Joane Somarribaren bidez, Deiak sartu nahi zuen taldean. Oso talde ona osatu zuten, baina zoritxarrez urtebete besterik ez zuen iraun talde hark. Orduan, Italian talde asko zeuden, baina oso egoera ezegonkorra izaten zen talde haietan. Inork ez zuen etorkizun laburraz harago pentsatzen. Arazo asko izaten ziren talde haietan. Nik zorionez ez nuen arazorik izan.
Profesionaletan izandako urterik oparoena izan zen zuretzat 2002. urtea?
Bai, 2007arekin batera. Denboraldi hasieratik oso ondo aurkitu nuen nire burua. Italian egindako lehen egonaldian bertako zuzendariak jada nabaritu zuen aurreko urtearekin alderatuta jauzia eman nuela. Oso denboraldi polita atera zitzaidan, eta Espainiako Txapelketa irabazteaz gain, Emakumeen Biran ere oso indartsu sentitu nintzen, nahiz eta taldeko liderrentzat lan egin behar izan nuen. Horrez gain, Zolderreko (Belgika) mundialetan ihesaldi gehienetan egoteko aukera izan nuen. Agian, eta, nahiz eta garaipen handi batzuk lortu, helmugara iritsi eta Joane Somarribak hirugarren postuan amaitu zuela ohartu nintzen une harekin gelditzen naiz. Hotelera iritsi eta Joanek esan zidan: «Aran, domina hau zeurea ere bada!». Betirako gelditu zaizkit hitz haiek.
Dopinaren mamua ere oso gertutik bizi izan zenuen 2007an.
Bai. Ruta de Francia izena hartu zuen lasterketan gertatu zitzaidan bizitzea. Etapa batean bigarren iritsi nintzen eta ezin izan nuen irabazi. Oso ondo sentitu nuen nire burua egun haietan, baina garaipenik ezin izan nuen lortu. Hura amaitu eta gutxira, etapa irabazi zuen txirrindulariak positibo eman zuela esan zidan taldeko zuzendariak. Amorru handia sentitu nuen unean bertan. Etapa hartako podiumean izan nintzen, baina ez merezi nuen lekuan.
Hogeita zazpi urterekin erretiratzea erabaki zenuen. Nolatan?
Bai. Argi neukan oso ondo sentitzen nintzen garaian utzi nahi nuela. Ez nuen beheraldian utzi nahi. Zortez, Olinpiar Jokoak kenduta, munduko lasterketarik onenak korrituta nengoen. Buelta asko eman nizkion erabakiari. Jarraitzeko aukera eman zidaten, baina jada erabakia hartuta neukan. Beste gauza batzuk egiteko denbora nahi nuen. Halere, ez diot inoiz bizikletan ibiltzeari utzi, eta kenduko balidate ez dakit zer egingo nukeen.
Erretiroa hartu eta gutxira, euskal selekzioko hautatzaile izendatu zintuzten.
Denbora behar nuenaren aitzakian utzi nuen txirrindularitza, baina okerrera joan nintzen [barrezka]. Halere, deitu zidatenean ez nuen asko pentsatu. Hiru mailak eraman behar nituen, eta asteburuero lasterketetara joaten amaitu nuen. Buruhauste handiak ematen ditu hautatzaile postuak. Lau urte izan ziren, eta politak izan arren, oso gogorrak izan ziren. Ikaragarri ikasi nuen. Nortasun handia izatea eskatzen du hautatzaile postuak. Oso ezberdina da txirrindulari edo hautatzaile izatea.
Gaur egun nola ikusten duzu emakumeen txirrindularitza?
Asko aldatu da. Telebista serio sartu dela ematen du, eta nahiz eta oraindik aldeak badauden gizonezkoekin alderatuta, dezente berdindu da. Taldeen kopurua ere asko igo da, eta gizonezkoen talde gehienek ere badute emakumeen taldea. Lehen ez zegoen halakorik! Maila asko igo da, eta gaur egun emakume asko bizi da txirrindularitzatik.
Igandean, Donostia-Baiona-Donostia txirrindulari martxan merezitako omenaldia jasoko duzu antolatzaileen aldetik. Zer sentitzen da horrelakoetan?
Deitu nindutenean, besteren bat aurkitzen bazuten harekin egiteko esan nien [barrezka]. Egia esan, ilusio handia egiten du horrelako martxa batean baten bat nirekin gogoratzeak. Marino Lejarretarekin batera izango naiz, eta egun polita izango da. Emakumeekin gogoratzeak ere poz handia eman zidan.