elkarrizketa

«Surfak dena eman dit bizitzan»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko mar. 27a, 19:59

Hogei urte baino gehiago igaro dira Ibon Mugerzak moto istripu bat izan eta eskuin besoko mugikortasuna galdu zuenetik; halere, ezbeharra ez zen bere grina gelditzeko gai izan, eta azken urteetan, Espainiako eta Europako surf txapelketak irabazi ahal izan ditu.

Zarautzen bizi den arren, Tolosan, bere jaioterrian, egin dugu hitzordua Mugerzarekin (Tolosa, 1984). Ez da denbora asko pasa azkenekoz bertan egon zenetik, Laskorain Ikastolan egon berri baita bertako ikasleei hitzaldia ematen. Aho bizarrik gabe hitz egin eta hitz jario erreza duen horietako da.

Ezagutzen ez zaituztenentzat, nor da Ibon Mugerza?

Kirolzale petoa oraintxe bertan. Askok, kirolari moduan ere ezagutzen naute, baina ni ez nahiz horrela sentitzen. Niretzat, kirolari bat, kiroletik bizi den norbait da. Ni kirolaren baitan bizi naiz, baina kiroletik ez naiz bizi. Hori bai, kirola oso gustuko dut, eta 21 urte ditudanetik elbarritasun bat dudanez, kirolean nabil. Nire palmares txikia ere badaukat kirolari moduan.

Bizi erdia daramazu ezgaitasun fisiko batekin bizitzen. Askotan oroitzen zara izan zenuen istripuaz?

Askotan. Askok diote istripuaren mamua gainditzeko ahaztu egin behar dela, eta ez dizut esango batzuetan ez naizenik ahazten, baina, zoritxarrez edo zorionez hitzaldiak egiten ditut eskola ezberdinetan gertatutakoa kontatuz, eta orduan nahitaez gogoratu behar izaten dut. Jada zortzi urte dira horrela nabilela, eta egia da askotan errepikatzea ez dela batere erraza.

Egunerokotasunean nola daramazu elbarritasunarena?

Ez dut askorik hitz egiten elbarritasunaz, baina uneoro mina daukat. Nire egunerokotasuna asko baldintzatzen du minak, eta horren baitan terapia asko egin behar izaten dut egunero, eta horietako bat kirola da. Minik ez izateko hainbat gauza bilatzen aritzen naiz.

Istripua izaterako jada surfean aritzen zinen zu. Geroztik asko aldatu al da zure bizitza?

Ez eta bai. Istripuaz geroztik, medikazioa hartu beharra daukat oraindik ere minarentzat, bestela nahasmen handia sentitzen dudalako. Horrek, nire bizitza zerbait baldintzatzen du. Hala ere, istripuaren aurretik egiten nituen gauza berdinak egiten saiatzen naiz. Agian ez ditut gauza guztiak egiten, baina saiatuta gauza asko lortu daitezkeela ikusteko aukera eman dit.

Surflaria eta snowboarderra izateaz gain, mendizalea ere bazara. Zer ematen dizu mendiak?

Askatasuna lehenik! Edonora begiratu eta toki irekiak ikusteak, edo bertan topatzen ditudan kolore ezberdinak ikustea oso gustuko dut. Jakintza ere eman dit mendiak, esaterako, bertan topatzen ditudan zuhaitzen izenak, edo bertan topatzen ditudan perretxikoen izenak jakitea… Inoiz ez dut etxetik mendirako zaletasun handirik jaso, baina nire kabuz gauza asko ikasi ditut naturari buruz. Izugarri gustatzen zait mendia eta natura orokorrean.

Orain dela urte batzuk snowarekin lehiatzen ibili zinen.

Bai, baina bertan bizitako pare bat esperientzia txarrengatik, eta oso kirol garestia zelako, utzi egin nuen. Maila altuan hasi nintzen lehiatzen, baina min handia ere sentitzen hasi nintzen. Nekatu egin nintzen, eta uztea erabaki nuen.

Ondoren etorri zen surfa.

2019an Espainiako txapelketara joateko gonbita jaso nuen, eta ezustean irabazi egin nuen. Ondoren, Europako Txapelketara joan nintzen, eta han ere irabazi egin nuen. Kasualitate hutsa izango zen, baina istripua izan nuen egun berean eta hamalau urte beranduago, Europako txapeldun izan nintzen maiatzaren 25ean. Egunean bertan ez nintzen gogoratu ere egin zein egun zen! Hura eta gero, mundial batzuk bizitzeko aukera izan nuen 2020an, eta finalean sartu nintzen. Izugarrizko esperientzia izan zen hura barrutik bizitzea.

Surfak orokorrean zer eman dizu?

Bizitza salbatu didala esango nuke. Ez daukat seme-alabarik, ez daukat lotura finkorik, eta gaur egun surfa da ni mugiarazten nauena. Itsasoaren ondoan bizi naiz, eta gaur egun surfak dena ematen dit. Niretzako eguneko medikaziorik onena da. Oso kirol intentsoa da, eta, esaterako, zazpi segundoko olatua baldin bada ere, denbora horretan ez dut minik sentitzen. Pentsa zer den surfa niretzat! Halere, badakit, askotan ezin dudala surfean aritu itsasoaren egoeragatik. Orduan konturatzen naiz beste besoaren beharraz, eta burua bueltaka hasten zait. Horrelakoetan, beste hainbat kirol erabiltzen ditut.

Burua bueltaka hasten zaizunean, besoari askotan begiratzen diozu?

Bai, askotan. Asko zaintzea eskatzen dit. Daukadan paralisiarengatik, odol-garaztapena geldotu egiten zait askotan, eta egunero masajea eman behar izaten diot. Fisioarengana joan behar izaten dut maiz, eta dirutza bat uzten dut horretan ere. Mantenua eskatzen du besoak, eta zaintza utziz gero, azkar hasten naiz ondorioak pairatzen. Halere, azkenaldian asko ari naiz margotzen, eta eskuin besoa asko erabiltzen dut. Batzuetan, ni ere harrituta gelditzen naiz eskuineko besoarekin egitea lortzen dudan gauza askorekin.

Begiratu bai, baina hitz egiten diozu?

Ez dakit zer esan. Inoiz ez didate galdera hau egin, eta, agian, gaurtik aurrera asko pentsaraziko dit galdera honek. Agian, horrela ere landu nezake askotan sentitzen dudan min hori.

Ahal duzun guztietan sartzen zara itsasora?

Bai! Gaur egun gurasoekin bizi naiz, eta, zortez, itsasoa eta haiek ondoan ditut. Zorionez, gurasoak ondo eta itsasoa gertu ditut. Denbora librea dudan guztietan surfaz gozatzeko aukera daukat, eta une oro etxeko balkoitik begira egoten naiz niretzako moduko baldintzak ikusiz gero itsasora sartzeko.

Lehen ere aipatu duzu azken urteetan hitzaldiak ematen zabiltzala, bai Realaren Fundazioarekin kirola sustatzeko, eta AESLEMErekin istripuen prebentziorako. Gustura aritzen zara hitzaldietan?

Bai, oso gustura gainera. Tolosako Laskorain Ikastolan egon berri naiz DBH-4ko ikasleekin, eta izugarria izan zen. Ia 120 ikasle zeuden, eta horrelakoetan ez da batere erraza izaten. Ia ordu eta erdiko hitzaldi bat izaten da, eta nire esperientzia kontatzen dut, alegia, istripuaren nondik norakoak, bizitzaren gorabeherak… Oso lasai egoten naiz, eta besoa ere erakusten diet lasai ederrean.

Gazteei zerk harritzen die gehien zu entzutean?

Eskua oso begi-bistan izaten dudala, edo nola den posible eskua ez sentitzea. Aldi berean asko harritzen die une oro mina sentitzeak. Askok ez dute inoiz ikusi beso bat elbarri, eta ez dakite nola gelditu daitekeen horrela. Beste askok aipatzen didate ea zergatik ez dudan besoa mozten ezin badut erabili. Niri ez zait batere zaila egiten haien zalantza guztiak erantzutea. Ederki pasatzen dut haiekin solasean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!