Eta zer ez da (ez)berdin

«Atletismoan marka handiak lortzeko lan handia egin behar da»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko mar. 21a, 19:59

Zazpi urte daramatza korrika Ander Garinek, eta parte hartu duen azken proban bere markarik onena lortu du; 17 urterekin hasi eta bizi osoa egin zuen korrika Juan Mari Garin aitak.

Korrikaren munduan eta eskualdean bereziki abizen esanguratsurik baldin bada, hori Garin abizena da. Juan Mari Garin (Zizurkil, 1958) aita, 80. hamarraldiko korrikalaririk emankorrenetako bat izan zen. Ander Garin (Alegia, 1997) semea, aldiz, gaur egungo lasterkaririk azkarrenetakoa da Gipuzkoa mailan. Biek ere gozatu egiten dute korrikako munduaz hitz egiten. Haien kirol ibilbideaz hitz egitera gonbidatu ditugu ATARIA-ra.

Hasteko, zorionak Ander! Asteburuan Laredon (Kantabria, Espainia) lortu duzu orain artean zure markarik onena 10.000 metrokoan.

Ander: Bai. Urte batzuk badaramatzat korrika, eta asteburuan 10 kilometroko lasterketa azkar batean korrika egin genuen, eta inoizko nire markarik onena (30:19) egitea lortu nuen. Kilometroa hiru minutu inguruan korritzea lortu nuen, eta oso gustura nago.

Aitak nola bizi izan zuen semearen asteburuko lasterketa?

Juan Mari: Bere ilusioa hori zen, eta marka egiteko asmoarekin ikusten nuen, nahiz eta berak ez zuen ezer aipatzen. Ni ere aurreikuspen handiarekin egon nintzen, urduri xamar, eta kezka ere baneukan. Gauza asko hartu behar dira kontuan horrelako egunetan, nahiz eta bera sasoiko egon. Eguraldiak kezkatzen ninduen gehien. Entrenamendu txukunak egiten ari zela ikusten nuen, eta inongo arazorik ezean, banekien 30 minutuko langa hori gertu izango zuela.

Lortutako marka handia da Ander, baina oraindik urruti xamar dago aitaren marka (29: 39).

Ander: Aitaren marka beste kontu bat da. Laredorako ondo ikusten nuen nire burua, ondo ari nintzen entrenatzen. Azkar xamar hasi nuen lasterketa, eta, agian, faktura pixka bat pasa zidan horrek. Ez diot buelta askorik ematen aitaren markari. Denbora horiek beste gauza batzuk dira! Beste maila bat zuten, eta maila horretara iristeko lan gehiago egin beharra dago.

Juan Mari. Iruditzen zait bakoitzak bere helburuak jarri behar dituela. Lehenik lan psikologikoa egin behar da 30 minutuko langa horrekin. Gutxinaka jaisten doa, eta, esaterako, oraingo honetan ere 12 segundo jan dizkio bere markari. Oraindik ere garairik onenera iristeko dago Ander: Lan gehiagorekin eta lesioek errespetatzen badute, zergatik ez lortu?

Nola ospatu zenuen marka?

Ander: Gure erara ospatu genuen. Halere, asteburu honetan ospatuko dugu hobeto. Adunan, sagardotegian, bazkari bat antolatuta dugu, eta, ondoren, Hernanira gerturatuko gara. Laredora kuadrillako bi lagun eta Tolosako beste lagun batzuk elkartu ginen. Lasterketa amaitu eta Alegiara itzuli behar genuen. Bidean, Olaberrian afaldu genuen. Asko estimatu nien lagunei Laredora gerturatu izana. Haiek ederki dakite zenbat lan egin behar izan dudan.

Juan Mari, zuen garaian horrelakoak ospatzen al zenituzten?

Juan Mari: Ez ginen ospatu zaleak. Hurrengo egunean bagenekien goizean goiz lanera joan behar genuela. Horrelako markak lortzean, bakoitzaren gozamenerako izaten ziren gehiago, gehienbat, horrelako egunak bizitzeko entrenatzen delako. Aurrera jarraitzeko pizgarri handi bat izaten ziren horrelako markak.

Jada zazpi urte inguru daramatzazu korrika Ander, aurretik pilotan eta futbolean ibili ondoren. Nolatan hasi zinen korrika?

Ander: Egun batean buruak klik egin zidala esango nuke. Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nuen Gasteizen, eta, lehen urtean, oraindik futbolean jarraitzen nuen. Baina, bigarren urtean aspertzen ari nintzenaren sentsazioarekin ibili nintzen. Ez ninduen betetzen jada futbolak. Etxean, bai aita eta baita osabak ere korrikalari apartak izandakoak ziren, baita Aritz eta Eneko lehengusuak ere. Gutxinaka hasi nintzen, eta lehen lasterketa Ikaztegietan jokatu nuen. Probatzea erabaki nuen, eta nahiko txukun moldatu nintzela ikusi nuen. Aitarengandik zerbait oinordetzan jaso nuela pentsatu nuen [barrezka]. Gerora gehiago entrenatzen hasi nintzen.

Aitak, aldiz, bizi guztia korrika pasa du.

Juan Mari: Bai, baina beti pentsatu izan dut ez dela beharrezkoa ume bat jada zortzi urterekin korrika jartzea. Heldutasun pixka bat behar da gorputza ezagutzeko. Ni ere 17 urterekin edo hasiko nintzen serio samar entrenatzen. Gure garaian ez zegoen gaur egungo motorik edo kotxerik, eta korrika ibiltzera behartuta geunden. Geroz eta beranduago hasi, kirol ibilbidea gehiago luzatzeko aukera dago.

Aitarekin asko alderatzen al zaitu jendeak?

Ander: Bai, baina iruditzen zait garaiak ezin direla alderatu. Belaunaldi berdineko jendea alderatzea ondo dago, baina ez du zentzurik belaunaldiak nahasteak. Gauzak asko aldatzen dira urteekin. Halere, zalantzarik ez daukat, orain dela 30 urte zegoen maila geurea baino askoz ere handiagoa zela.

Juan Mari: Arrazoi handia du horretan Anderrek. Entrenatzeko moduak, materiala, entrenatzeko aukerak… Inbidia sanoa daukat Anderrekin! Berak, gainera, bere gustuko karrera egiteko aukera izan du, eta badaki zertan ari den. Gure garaian ahal genuen moduan ibiltzen ginen. Halere, bere egunean egin genituen markak egiteko, lan handia egin behar izan genuen.

Asko jarraitzen al duzu Anderren kirol ibilbidea?

Juan Mari: Bai, asko! Jarraitzaile sutsua naiz. Bere entrenamenduak ere jarraitzea gustatzen zait, eta guk egiten genituen entrenamenduekin alderatzea ere gustatzen zait. Entrenatzeko garaian, esaterako, izugarrizko abantaila ateratzen digute. Anderrek gainera bere burua ondo ezagutzen du, eta gaur egun dituen ikasketekin, bere burua entrenatzeko gai da.

Bakoitzaren burua ondo ezagutzea zer da, ona edo txarra?

Ander: Nik uste dut ona dela. Hasi nintzenean, Iban Gallego entrenatzailearekin aritu nintzen. Asko lagundu zidan, eta asko ikasi nuen berarekin. Oso eskertuta nago. Baina gerora, Joseba Olaetxea atletarekin, batera entrenatzeko hautua egin genuen. Elkar lagunduz, elkar entrenatzen hasi ginen. Azken bi urtetan horrela dihardugu. Oso korrikalari saiatua eta langilea naiz gainera. Gutxitan uzten dut entrenamendu bat osatu gabe. Badakit zerbait lortzeko lana egin behar dela.

Etxeko bi emakumeak, Izaskun emaztea eta Ane arreba, asko gogaitzen al dituzue korrikako istorioekin?

Juan Mari: Gustura gabiltzala ikusten gaituzte, eta bakoitzak gustukoa duena egin behar du. Gu gustura ikusten bagaituzte, haiek ere gustura egongo direla iruditzen zait. Beti eskertuko diegu gurekin duten pazientzia. Beti izan dugu haien babesa.

Ander. Ni ere alde horretatik beti egongo naiz eskertuta. Beti babestu izan gaituzte. Korrikako gauza askorekin galdu egiten dira, baina lagun batzuekin ere antzeko gertatzen zait. Hori normala da! Guri ere berdin gertatzen zaigu beste gai askorekin.

Aitari aholku asko eskatzen dizkiozu?

Ander: Bai, baina eskatu baino gehiago, esaten didan guztia asko eskertzen dut. Zer pentsatua ematen didate bere aholkuek, gehienbat lasterketetako kontuez hitz egiten didanean. Kasurik egin ez, eta gauzak ondo ateratzen ez zaizkidanean, orduan pentsatzen dut; kasu egin izan banio ! Gaur egun kasu gehiago egiten diot lehen baino!

Zertan duzue antza aita-semeak?

Juan Mari: Fisikoki antzekotasun handia dugula esan izan ohi digute beti. Aitaren eta amaren genetika duela argi ikusten da. Horretan ez dago zalantza handirik.

Ander: Horretan bat nator aitarekin. Gaztetako argazki bat badugu etxean, aita eta osaba Berazubin ibiltzen zirenekoa, eta argazki hura ikusita, askotan pentsatu izan dut ni naizela. Hitz egiteko moduan ere antza handia dugu. Gertatu izan zait gertukoren batek etxera deitu, telefonoa nik hartu, eta beste aldekoak aitarekin nahastea. Lagunek ere askotan aipatu izan didate hitz egiteko garaian berdin-berdinak garela. Biok ere balore antzekoak ditugula ere nabarmenduko nuke, esaterako, dedikazioa, konpromisoa, eta sakrifizioa beragatik ikasi ditut.

Zuen etxera sartuko banintz, azkar konturatuko nintzateke bi korrikalariren etxean nagoela?

Juan Mari: Beti izaten ditugu argazki batzuk, sari batzuk… Dekorazio arraro samarra dago [barrezka]. Gurean ez dago koadrorik, baizik eta hainbat argazki, edo lasterketa batzuetako sariren batzuk.

Ander: Amari galdetuko bagenio… Aitak nik baino sari eta txapel gehiago ditu. Hauetaz harago, oinetako kopurua, korrikarako materiala… Edozein armairu irekita konturatuko zinateke zerbait berezia badagoela geure etxean.

Urteetan alde aldia duzuen arren, inoiz lasterketaren batean elkarrekin izan al zarete?

Ander: Bai, Donostiako Udaberriko lasterketan izan zen 2017an. Ni orduan hasiberria nintzen lasterketa herrikoietan. Lasterketa horretan, omenaldiren bat egiten diote urtero norbaiti, eta, urte hartan, aita eta Pello osaba izan ziren omenduak. Aitak parte hartu zuen, eta lasterketa hartan bakarrik partekatu izan dugu lasterketa bat. Pena pixka bat badaukat lasterketa gehiago partekatu ez izanaz.

Juan Mari: Ni jada ez nintzen gogoratu ere egiten! Orain aipatuta, gogoratzen dut etxeko guztiak elkartu ginela. Uste dut etxeko bi emakumeak gu baino urduriago zeudela [barrezka]. Orduan oraindik nahiko txukun ibiltzen nintzen, eta gogoan daukat 40 minututik nahiko erraz jaitsi nuela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!