Biak ala biak oso pertsona ezagunak dira Tolosaldean. Bietan helduenak, Arkaitzek (Ibarra, 1978) horma-irudien mundua du bizitzaren ardatz nagusi azken urteetan. Gazteenak aldiz, Garik (Ibarra, 1980) futbol jokalarien mundua ezagutzeko aukera izan zuen Realarekin duela hamarraldi bat inguru, eta gaur egun irrati esatari moduan ari da Euskadi Irratian. Kirolaz eta arteaz hitz egiteko elkartu nahi izan ditugu ATARIA-n.
Betidanik izan duzue zaletasuna futbolerako eta marrazketarako?
Arkaitz: Futbolerako biok izan dugu zaletasuna, eta marrazketarako ere, nik behintzat handia neukan oso umetatik. Eskolan, jada, nabari izaten zen nire mahaian, beti izaten baitziren arkatz markak.
Gari: Nik futbolerako bai! Etxean gainera ni baino bi urte zaharragoa zen anaia izatea, ikasketa handia izan zen niretzat. Beti esan izan dut Arkaitzekin asko ikasi nuela, bera ere oso ona zelako futbolean. Margotzen, aldiz, oso txarra izan naiz! Arkaitzek egiten zituen marrazkiak ikusten nituenean… Saiatzen nintzen, baina ez dut pazientziarik izan horretarako.
Umetako zein oroitzapen duzue batak bestearengatik?
Arkaitz: Bat eginda geunden beti! Beti batera, eta beti kalean genbiltzan. Nahiko trauskilkeria egindakoak gara biak ere Irunen. Beti oso elkartuta egon izan gara.
Gari: Gurasoen lanagatik, Irunen egon ginen bizitzen txikitan, eta kalekumerik izan bada, horiek gu ginen! Egun guztia kalean pasatzen genuen. Biak denbora askoan bakarrik egon izanaren oroitzapen hori daukat nik.
Zuk Gari, nola gogoratzen dituzu futbol munduko hastapenak?
Gari: Gogoan dut anaia ikusten nuela futbolen, eta nik ere beti helduagoekin jokatzen nuela. Nahigabe eta gutxinaka, ikusten nuen oso gustuko nuela, agian, ondo jokatzen nuelako edo. Ondoren, apurka joan nintzen. Lehenik Tolosan hasi nintzen hondartzan, eta gero hamaika urterekin Realak fitxatu ninduen. Ez nintzen asko ohartzen gauzez, baina esfortzu handiarekin gauzak lortzen joan nintzen.
Eta zu Arkaitz, noiz konturatu zinen zeurea marraztea zela?
Arkaitz: Nirea ez da Gariren kasu berbera. Bera oso txikitatik ikusten nuen futbolari izateko nahiarekin. Niretzat luxu bat izan da bere ibilbidea jarraitzea. Nik, aldiz, ez neukan ezer argi! Margotzeko gaitasuna nuela edo, hogei urterekin ohartu nintzen. Ordura arte, nire zaletasuna zen. Delineazioa ikasi nuen, eta planoak egitea ere gustuko nuen. Ez nuen halere enpresa munduan amaitu nahi, eta autonomo egin nintzen. Langabezian nengoela, zer bide hartu nahi nuen erabaki behar nuen. Gaur egun nire bikotekidea den Eider Epelde ezagutu nuen orduan. Horma irudiak egiten aritzen zen, eta berak erakutsi zidan koloreak nahasten. Berak gomendatu zidan honetan hastea. Azkar batean konturatu nintzen horretan saiatu behar nuela. Ikastaro batzuk egin ostean, tranpantojo ikastaroa egin nuen Victor Goikoetxearekin. Gomendio onak eman zizkidan, eta asko ikasi nuen harekin. Maisu handia izan da niretzat.
Gogoan duzu Realarekin debutatu zenuen eguna?
Gari: Bai, 1999ko urtarrilaren 7an izan zen. Ostiralean lagun batzuekin taberna batean nengoen 20:00ak aldera, eta telefonoz deitu zidaten. Aurretik, agian jauzia emango nuenaren aitzakiarekin, mugikor bat erosteko gomendatu zidaten. Telefonoa hartu nuenean, John Benjamin Toshack zela aipatu zidan. Ez nion sinistu, eta telefonoa eskegi nion. Orduan jende askok antzeratzen zuen bera, eta nik ere batenbat txantxetan ari zela pentsatu nuen. Bigarrengoz deitu zidan, eta orduan aipatu zidan berriro ere eskegitzen banion, ez nintzela joango. Ordubetera, Donostiako Arantzazu hotelean nengoen taldekideekin. Hurrengo egunean egin nuen estreinakoa Sevillaren aurka. Ordu erdi inguru jokatu nuen, eta 3-3 amaitu zen partida. Nahigabean etorri zen debuta, nahiz eta oso txikitatik neukan futbolari izateko grina.
Eraikuntzan ibili zinen lehenik zu Arkaitz margolari bezala, baina noiz erabaki zenuen horma irudietan margotzen hastea?
Arkaitz: Gaur egun ez dut oraindik erabat utzi eraikuntza, eta noizean behin etxeak ere margotzen ditut. Eskaintza eta beharraren arabera aritzen naiz. Horma irudietan eskaintza handia banu, ziur nago horretan bakarrik ariko nintzela, baina ez dago hainbesteko eskaintzarik. Asko igo da eskaintza azken bost urteetan, baina oraindik zerbait falta du. Agian, geure esku ere badago lan mota hori eskaintzea. Nire asmoa zera da, pintura artistikoa kontuan hartuta eskaintza desberdinak egitea. Produktu ona izanez gero, bezeroa konbentzitzea errazagoa izaten da.
Realean debuta egin ondoren, lehenik Eibarrera eta ondoren Getafera (Madril, Espainia) joan behar izan zenuen utzita. Nola gogoratzen duzu Getafeko urtea?
Gari: Nire kirol ibilbidea markatu zuen urtea izan zen. Eibarren sei hilabete eman ondoren, Realera itzuli nintzen, baina, talde berdina zegoela ikusita, argi ikusi nuen zaila izango nuela jokatzea. Ez nuen jokatu gabe egon nahi, eta Getaferen aukera etorri zen. Izugarrizko urtea izan zen. Partida guztiak jokatu nituen, gol garrantzitsuak sartu nituen, eta mailaz ere igotzeko aukera izan genuen. Bertan lagun handiak egin nituen, besteak beste Ivan Amaya. Ausart jokatu nuen Madrilera joanda, nahiz eta lehen hilabeteetan negar asko egin nuen. Handik itzulita, Realak lehen mailako kontratua egin zidan.
Anaiaren kirol ibilbidea asko jarraitu izan duzu zuk Arkaitz?
Arkaitz: Bai, alde horretatik, pribilegiatua izan naiz. Berak bizi izan dituen gauza asko, nik ere bizi izan ditut. Niretzako espektakulu bat izan da bera ikustea. Oso txikitatik ikusi nuen jauziak ematen, eta asko gozatu dut bere kirol ibilbidearekin. Amak gaizki pasatzen zuen moduan, nik, alderantziz, oso ondo pasatzen nuen. Askotan zera esaten nion amari: «Ez ezazu gaizki pasa! Hau ez da betirako izango, eta saiatu gozatzen!».
Zure kirol ibilbidean, askotan jo izan zenuen anaia zaharragoarengana aholku edo gomendio bila?
Gari: Txarretan eta onetan beti izan da babes bat niretzat Arkaitz. Futboleko lorpenak, berak ere gozatu ditu, eta haien parte izan da. Babesik gabe oso zaila da futbola bezalako mundu batean irautea. Hamaika urtez izan nintzen futbolari profesionala, eta haietatik bitan bakarrik gozatu nuen erabat. Momentu onak gozatzen ikasi behar da. Kanpotik oso polita ikusten da dena, baina, futbolariak gizakiak ere bagara edo badira, eta gauzak gaizki doazenean obsesionatzeko arazoak etor daitezke. Eliteko kirolak gauza onak baditu, baina, presioagatik psikologikoki asko sufritzen da, eta jendeari kosta egiten zaio hori ulertzea.
Gogoan duzu Arkaitz enkarguz eskatu zizuten lehen lana?
Arkaitz: Bai! Lehen Tolosako Laskorain kalean zegoen Aralar Kirolak dendak eskatu zidan. Outlet moduko denda bat jarri zuten, eta bertarako zen lana. Horma-irudi dezentea zen, eta lau marrazki ezberdin ziren. Ia 20 urte baino gehiago pasa dira hartatik. Orain dela sei urte edo ezabatu zuten. Pena pixka bat eman zidan hura kentzeak. Ondoren egindako lan batzuk ere ezabatu izan dituzte, baina normala ere bada. Urteen poderioz gauzak aldatzen doaz. Marraztutako horma irudi asko gaur egun beste modu batera marraztuko nituzke.
Ezabatzeak tristura ematen du, baina propio lan bat eskatzen dizutenean, zer sentitzen da?
Arkaitz: Poz handia nirekin kontatzeagatik! Motibazio guztiarekin hartzen ditut proiektu guztiak. Oso gustuko dut ideiak garatzea. Askotan izugarrizko hormak dira, eta ezerezetik hastea izugarria izaten da. Ideia sortu behar da. Nik inspirazioa askotan eskalatzen edo naturan topatzen dut. Lana ematen didanari, hasiera puntu bat edo ideia bat eskatzen diot. Hortik aurrerako prozesua ikaragarria da. Obsesiboa ere bihurtu daiteke lan hau.
Zuk Gari, anaiaren horma irudiak ikusten dituzunean, zerbait imajinatzen duzu?
Gari: Niri betidanik egin zait oso zaila Arkaitzen lana. Lehen aipatu duen lehen lan hura ikusi nuenean, eta niri marraztea zein gaizki ematen zitzaidan ikustean, miretsi egiten nuen bere lana. Izugarrizko gaitasuna du, eta, nik, horrelako lan baten hasiera ere ez dut imajinatzen. Berrobin egin duen bere azken murala nola marrazten zuen ikusten nuenean, txundituta gelditzen nintzen aldiro. Askotan pentsatzen nuen; baina nondik hasi da marrazten Arkaitz? Nola amaitu zuen ikustea izugarria izan zen. Ez dut pentsatu ere egin nahi bere burutik zer pasatzen ariko den horrelako irudi bat hain ondo irudikatzeko. Hori da bere dohainetako bat!
Gaur egun Euskadi Irratian ari zara lanean esatari lanetan euskal taldeak jarraituz. Beste aldean egotea oso ezberdina al da?
Gari: Beste lasaitasun batekin ikusten dira gauzak orain. Niri ere gertatzen zait askotan pentsatzea jokalari batek egindakoa nola egin dezakeen, baina ondoren ni zelaian nengoenean zer egiten nuen gogoratzean… Ederki dakit gauzak egitea zenbat kostatzen den. Saiatzen naiz jokalarien ikuspegitik hitz egiten, eta haiek defendatzen, gehienbat etxekoak badira. Jokalariek egiten dutena balioan jartzen saiatzen naiz, eta aurten gainera, bai Reala eta baita Athletic bikain ari dira lehiatzen. Jendeari kosta egiten zaio pentsatzea jokalariek beti onena eman nahi dutela, baina askotan zaila izaten dela hori lortzea.
Arkaitz, zein horma irudi marraztearekin amesten duzu?
Arkaitz: Uf… Ez dut inoiz pentsatu horretan. Ez daukat amestutako leku bat, baina gustuko ditudan hormetan marraztea gustatzen zait. Askotan tokatu izan zait gustuko ez izatea horma bat, eta bezeroari beste leku bat bilatzen saiatzen naiz. Gehienetan lortzen dut bezeroa gustura gelditzea aukeratutako horma berriarekin.