Azken urteak Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldean aritu ondoren, 2024ko denboraldian Kern Pharma talde nafarrarekin lehiatuko da Unai Iribar (Ibarra, 1999). Iazko denboraldi amaieran izandako gaixotasuna tarteko, ezin izan zuen berak nahi bezala amaitu denboraldia. Arantza ateratzeko asmoz, indarberrituta eta ilusioz gainezka ekin dio denboraldi berriari hain oroitzapen onak ekartzen dizkion Mallorcako (Herrialde Katalanak) Challengean. Bere kirol ibilbideaz eta etorkizun laburraz hitz egiteko elkartu gara berarekin.
Urte asko igaro dira jada, baina gogoan duzu noiz hasi zinen lehiatzen?
Benjamin mailan hasi nintzen lehiatzen, nahiz eta garai hartan denetik egiten nuen. Aita ere txirrindularia izandakoa zen, eta aukeraketa ez zen oso zaila izan. Gaur gaurkoz esan dezaket asmatu nuela.
Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Futbolean eta txirrindularitzan batera ibili nintzen, eta, asteburu batzuetan, biak ere egun eta ordu berean izaten genituen. Askotan txirrindularitza utzi egiten nuen futbolarengatik, baina gero partidura joan eta askotan jolastu ere ez nuen egiten. Amorrua sortzen zidan horrek, eta txirrindularitza ere gustukoa nuenez, futbola utzi nuen. Ondo entrenatuz gero banekien lasterketan ateratzeko aukerak izango nituela, eta gainera emaitza onak lortzen nituen. Lasterketa asko irabazteko lehian ibiltzen nintzen, eta horrek kateatu ninduen kirol honetara.
Betidanik izan omen zara irabazlea.
Bai, nahiz eta orain asko kostatzen zaidan garaipenak lortzea! [barrezka]. Kirolaria berez da lehiakorra, baina, behin profesionaletara iristean, azken hamar urtetako txirrindularirik onenekin lehiatzea tokatzen da, eta hori beste kontu bat da. Gutxinaka progresio onean noala iruditzen zait, eta ea egunen batean eskuak altxatzeko aukera dudan profesional mailan. Amesten jarraitu nahi dut.
Juniorretan garaipen asko pilatu zenituen.
Bai, baina orduan pistan ere ordu asko pasatzen nituen. Espainiako Kopa bi aldiz ere irabazi nuen, Espainiako txapelketa batzuk ere bai, baina batez ere pistan Portugalen Europako txapelketan lortutako hirugarren postuarekin gelditzen naiz. Ondoren Munduko txapelketan parte hartzeko aukera ere izan nuen, eta bertan jokatutako scratch modalitatean zazpigarren amaitu nuen. Oso momentu politak izan ziren jubenil mailako urte haiek.
Txirrindularitza maila guztietan da oso kirol gogorra, baina profesional izatea beste kontu bat al da?
Bai. Ordura arte zaletasuna izandakoa lana bihurtzen denean, gauzak aldatu egiten dira. Enpresa bateko langilea bihurtzen zara, eta zaila izaten da jakiten enpresa horretan zenbat urtez ariko zaren lanean. Lan honetan jarraitzeko gauzak oso ondo egin behar dira, bestela azkar bukatu daitezke kontuak. Aldagai asko daude jokoan; gaixotasunak, erorketak… Gaur egun oso leku gutxi dago profesional taldeetan. Konstantea izan behar da, eta ez da batere mundu erraza txirrindularitzarena.
Uste duzu geroz eta zailagoa jartzen ari dela profesionaletara iristea?
Baietz esango nuke! Lehen askoz ere talde gehiago zeuden, eta txirrindulari gehiago ere bai. Gaur egun, aldiz, Afrika bezalako kontinenteetatik ere ateratzen ari dira txirrindulariak, besteak beste Binian Girmay eritrearra. Baina ez handik bakarrik, orain artean hain ezagunak ez ziren herrialdeetatik ere iristen ari dira, Danimarkatik eta Norvegiatik esaterako. Geroz eta egitura indartsuagoak dituzte herrialde haietan, eta txirrindularitza asko aldatzen ari da.
Profesionaletan jokatu zenuen lehen lasterketaz gogoratzen zara?
Jubeniletatik afizionatuetara jauzia eman nuen lehen urtean izan zen. Espainiako pistako selekzioarekin Mallorcako Challengea jokatu nuen. Pistako Munduko txapelketarako prestatzeko bertan izaten zen selekzioa, eta urtero lehiatzeko aukera izaten zuen. Afizionatuen taldearekin baino lehenago estreinatu nintzen profesionalekin [barrezka]. Esprinteko etapa bat izan zen, eta John Degenkolb alemaniarrak irabazi zuen.
Zer egin zitzaizun zailena egun hartan?
Ihesaldia osatzea zenbat kosta zen gogoratzen naiz! Ordura arte oso azkar joan ginen, baina, ondoren, erabat jaitsi zen erritmoa eta jendea txiza egitera gelditzen zen edozein lekutan! Lasterketak bere gidoia jarraitu zuen, eta amaieran berriz hegan egin zen. A zer abiadura! Han konturatu nintzen zenbat falta zitzaidan haien mailara iristeko.
Euskaltel-Euskadi taldera iritsi zinenean amets bat bete al zenuen?
Bai. Euskaltelekin ere Mallorcan egin nuen estreinakoa. Orduan bai, orduan benetako profesionala nintzen. Jada ez zitzaizkidan hain urruti gelditzen besteak. Ez nuen oso estreinako ona izan, baina taldean amaitzeko aukera izan nuen.
Bi urte bertan pasa ondoren, aurten taldez aldatu eta Kern Pharma taldearekin lehiatuko zara.
Halaxe da, bai. Ekaina eta uda hasiera bitartean interes handia erakutsiz etorri zitzaizkidan, oso proiektu interesgarri bat aurkeztuz. Nire inguruko jendearekin batera, bai Kern Pharmaren eta baita Euskaltel-Euskadiren aukerak aztertu ondoren, pausoa ematea erabaki genuen. Oso gustura nago orain artean izandako lehen harremanarekin. Bi urteko kontratua sinatu dugu, eta etorkizunean gauzak ondo joatea espero dut.
Gustura egon al zara Euskaltelen?
Bai, oso gustura gainera. Oso eskertua nago profesionaletara jauzi egiteko eman zidaten aukerarengatik. Oso oroitzapen onak dakartzat. Lagun asko egin ditut, bai txirrindulari, mekaniko edo prestatzaileen aldetik. Bi urte hauetan Euskal Herriko lasterketa guztiak lehiatzeko aukera izan dut marea laranja horren barruan. Oso oroitzapen eta une gozoak etortzen zaizkit lasterketa horietatik.
Zer nolako balantzea egin duzu taldean egon zaren bi urteez?
Oso ona. Lehen urtean gehiago eskatzen zidaten ihesaldietako borroka horretan sartzea, eta, uste dut, asko harrapatu nituela. Denera hamar ihesaldi inguru harrapatzeko gai izan nintzen. Asturiasko Itzulian eta Eslovenian etapa politak egin nituen, eta Ordiziako eta Donostiako Klasika ere jokatu nituen. Urte polita izan zen. Azken urtean aldiz, puntu gehiago eskatu dizkidate, eta horretan saiatu naiz gehienbat. Uste dut lortu dudala UCI puntu horiek lortzea. Ruandako (Afrika) itzulian hirugarren amaitzea etapa batean oso polita izan zen, eta, Eslovenian, esaterako, lehen hamabostetan sartzeko borrokan nengoela, bizikletak lapurtu zizkiguten, eta ezin izan genuen jokatu azken etapa.