Eta zer ez da (ez)berdin

Oihana eta Beñat Iguaran aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko urt. 4a, 11:58

Oihana eta Beñat Iguaran lehengusuak jarri ditu 'Ataria'-k aurrez aurre.

Zer da Oihana/Beñat zuretzat?

Oihana: Mundu guztiari zuzendu izan diot nire lehengusua dela, baina zentzu askotan anaia ere bada.

Beñat: Niretzat ere lehengusua da. Txikitan askotan egoten ginen elkarrekin, bata bestearen gainean bizi ginelako. Arreba izan zitekeen lehengusua da, eta lagun handi bat ere bai aldi berean.

Nola definituko zenuke Oihana/Beñat?

Oihana: Esango nuke pertsona lasaia dela, eta baretasuna mantentzeko gaitasun handikoa egoera ezberdinetan. Asko egokitzen den pertsona da Beñat, aldaketa bilatzen duena, langilea eta umila. Lan handia egiten du bigarren planoan egoten den arren, bai antolatzen, zaintzen edo babesten.

Beñat: Langilea oso eta egoskorra. Beti laguntzeko eta esku bat botatzeko prest dagoen pertsona bat da Oihana.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Oihana: Moldatzeko daukan gaitasuna eta umorea. Aipatzekoa bere jarrera zaintzaile hori ere, batzuetan oso kontzienteki egiten du, eta beste batzutan konturatu gabe ere bai. Inork deitu beharrik gabe azaltzen da.

Beñat: Langilea. Ez dakit oraindik zenbat gauza batera egiteko erraztasuna daukan! Bi ume ditu, lana, ez dakit zenbat saio urtean… Ni ailegatuko ez nintzatekeen gauza askotara iristen da.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Oihana: Ni ere ez naiz oso puntuala, baina Beñatek edozein errekor apurtuko luke horretan. Bere zain igarotako galdutako denbora elkartuko bagenu, gauza asko egingo genituzke. Denbora asko zor dit!

Beñat: Lanari ezetz esaten ez dakiela.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Oihana: Egin izan ditugun gauza guztietara itzuliko nintzateke berarekin. Oraindik ere leku askotara joango garela badakit, bai parrandara edo baita edozein bidaietara ere.

Beñat: Edozein mendi buelta egitera joango nintzateke berarekin.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Oihana: Bat baino gehiago ditut. Barre asko egin izan dugu elkarrekin, bai saioren bateko pasarte bereziren batean, edo etxerako bidean izandakoren batekin ere, baina ez ditugu hemen kontatuko [barrezka]. Durangon egindako parranda bat daukat gogoan bereziki. Ez hain une politak igarotzea ere gertatu izan zaigu, baina beti gogoratuko ditut hor egoten jakin izan zuelako. Biak barrez lehertzen egon gineneko irudi bat ere badaukat buruan, baina ez dut gogoratzen non eta noiz izan zen.

Beñat: Txikitatik leku askotan eta denbora askoan elkarrekin egon izanaren oroitzapena daukat, bai etxean, bai mendian, eskiatzen ere bai… Ez nuke horietako egun soil bat bakarrik aukeratuko. Parranda batzuk ere egindakoak gara batera, eta barre asko egindakoak ere bai!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!