Eta zer ez da (ez)berdin

«Ez dugu imajinatzen etxea musikarik eta kirolik gabe»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko abe. 7a, 07:59

Isabel Dumall eta Iñaki Mujika ama-semeak.

Jacan korrika eta eskiatzen hasi zen, eta ordutik, kirolarekin lotutako bizitza izan du amak; semeak, berriz, musikari heldu zion txikia zenetik, beretzat, adierazteko modua delako eta askatasuna ematen diolako.

Kirolari amorratua da Isabel Dumall (Jaka, Aragoi, 1966) ama; musikazale amorratua, aldiz, Iñaki Mujika (Asteasu, 2002) semea. Betidanik izan dituzte musika eta kirola ezinbesteko etxean, eta hala jarraitu nahiko lukete aurrerantzean ere. Bien ibilbide oparoari begiradatxo bat bota nahian elkartu nahi izan ditugu ATARIA-n.

Gogoan al dituzue zuen alorrean emandako lehen urratsak?
Isabel Dumall: Nire bizitza beti egon da kirolaren inguruan, eta beti egin izan dut kirola. Nire herrian, Jacan (Aragoi, Espainia), korrika eta eskiatzen hasi nintzen. Ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean egin nituen ikasketak Madrilen, eta gaur egun ere kirolaren inguruan jarraitzen dut Asteasuko kiroldegian. Nire zaletasunik handiena da kirola.

Iñaki Mujika: Etxeko guztiak musikariak izan dira, amonatik hasi eta arrebaraino. Arreba helduagoa, Andoaingo Musika Eskolan hasi zen, eta nik ere hura nahi nuen. Lehenik, pianoarekin hasi nintzen, eta, ondoren, bateriarekin, gitarrarekin, eta baxuarekin ere ibilitakoa naiz.

Amona piano irakaslea izan zenuen zuk Iñaki. Gogoan duzu lehenbizikoz piano baten aurrean noiz jarri zinen?
Mujika: Ez dut oso ondo gogoratzen, baina sei urte inguru izango nituen. Amona askotan ikusten nuen pianoa jotzen, eta niri ere hura probatzeko gogoa sartuko zitzaidan [barrezka]. Aitaren aldetik ditudan osaba-izeba eta lehengusu guztiak jotzen dugu instrumenturen bat, eta amaren aldetik ere baten batek jotzen du instrumenturen bat.

Zuk ere, Isabel, jotzen omen duzu zerbait.
Dumall: Ni ere Iñakirekin batera hasi nintzen pianoarekin. Izugarri gustatzen zait musika niri ere, baina txikitan ez nuen aukerarik izan ezer ikasteko. Basteroko (Andoain) kultur gunera joaten ginen batzuetan biak batera klaseak hartzera. Denborarekin utzi egin nuen. Euskarari bultzada bat eman nahi nion, eta aukeratu egin behar izan nuen. Euskara aukeratu nuen. Pianoa zain daukat geroztik.

Inoiz imajinatu duzue zuen etxea musikarik gabe?
Mujika: Ez! Ni gaur egun ez naiz Asteasun bizi, baina joaten naizen aldiro baten bat beti dago zerbait jotzen, edo bestela beti dago musika jarrita.

Eta kirolik gabe?
Dumall: Ezta ere! Iñakiri musikarekin gertatzen zaiona, niri kirolarekin gertatzen zait. Etxean beti daude oinetakoren batzuk lehortzen, edo mallaren bat. Etxea zatituta daukagu ehuneko berrogeita hamarrean musikarekin eta beste berrogeita hamarra kirolarekin.

Zerk kateatu zintuzteten kirolera eta musikara?
Dumall: Natura oso gogoko dut, eta lagunekin hasi nintzen eskiatzera joaten. Leku bikaina da Jaca eskiatzeko, eta lagunak ondoan izanda ezin nuen gehiago eskatu. Geroztik kateatuta jarraitzen dut.

Mujika: Musika adierazteko dagoen modu oso on bat da, eta niri musikak askatasuna ematen dit. Musika jotzen ari naizenean beste munduan batean banengo bezala sentitzen naiz.

Zergatik da ezinbesteko kirola zuen bizitzan?

Dumall: Ez nuke jakingo esaten. Amonak seme-alabak zaletu zituen bezala, etxeko bostok beti egin izan dugu kirola. Gaur egun esan dezaket, kirola bizitzeko modu bat bihurtu dela gure etxean. Kirola egitera gonbidatu izan ditut seme-alabak, baina inoiz ez ditut derrigortu. Gure zaletasunak transmititzen saiatu izan gara, eta zortez hirurak dira kirolariak. Oso natural sentitzen dugu kirola etxean.

Zu jaiotzerako, Iñaki, ama jada Espainiako txapeldun izandakoa zen iraupen eskian hainbat urtetan. Zer kontatu izan dizute amaren inguruan?
Mujika: Txapelketa asko irabazi zituen amak ni jaiotzerako, eta niretzat normala izan da berari buruzko kontakizunak entzutea. Lagunei kontatu izan dizkiedanean, denak harrituta gelditu izan dira egin duen ibilbideaz. Etxean askotan ikusi izan ditut bere argazkiak eta bideoak, eta haiek ikustean argazki haietako kontakizunak ere kontatu izan dizkigute.

Urte asko pasatu dira goi mailako kirola utzi zenuenetik. Askotan begiratu izan duzu atzera?

I.D. Ez naiz atzera begiratu zalea. Aurrera begiratzea gehiago gustatzen zait. Egia da noizean behin argazki zaharrak berrikusten ditudala, baina gehienbat motibazioa eta poza eragiten dizkidatelako egiten dut.

Semeak amarena ez, baina amak semearen ibilbide guztia jarraitzeko aukera izan du. Zer jarraipen egin izan diozu bere ibilbideari?
Dumall: Beste bi seme-alabei egin izan diedan berbera egin diot Iñakirenari ere. Asko inplikatu izan gara berarekin ere, bai kirolean aritzen zenean, eta baita musikarekin ere. Judon aritzen zenean, txapelketa askotara joan izan ginen. Beste biekin ere antzera ibili izan gara. Beti lagundu izan diegu, baina agobiatu gabe. Inoiz ez gara fanatikoak izan, itzalean egotea gustukoago izan dugu.

Ikasketak egiteko garaian, argi izan zenuten zer ikasi nahi zenuten?
Dumall: Nik oso argi izan nuen beti. Garai haietan Madrilen bakarrik zegoen nik nahi nuena ikasteko aukera. Etxean zer ikasi nahi nuen esan nuenean, erotzat hartu ninduten ! Ez zeuden batere ados nirekin. Ez zuten ulertzen kiroletik bizimodua atera zitekeenik. Gaur egun oso arrunta da soin hezkuntzako ikasketak egitea, baina orduan ez zen ohikoa.

Mujika: Nik, aldiz, ez neukan hain argi. Banekien musikarekin zerbait egingo nuela, baina, Batxilergoko bigarren maila bukatu arte ez nuen argi ikusi zer ikasi nahi nuen. Gauza asko nituen buruan, eta hasiera batean ingeniaritzako ikasketak egin nahi nituen. Gurasoekin izandako elkarrizketa batean esan zidaten zergatik ez nituen musikako ikasketak egiten. Gaur egun horretan dihardut.

Zuk, Isabel, argi ikusten zenuen Iñakik musikarako balio zuela?
Dumall: Asko sufritu nuen garai hartan ! Senarrari askotan esaten nion, etxeko baten batek musika ikasketak egin behar bazituen, horrek Iñaki behar zuela. Gaia aipatzen genionean, berak azkar esaten zigun ingeniaritzarekin probatu nahi zuela. Azkenean, eta nire pozerako, amore ematea lortu genuen [barrezka]. Beste behin aipatu zidan, bikoizketa-aktore izateko ikasketak egin nahi zituela. Eta nik esaten nion: «baina zuk badakizu zein arrisku duen horrek?». Iñakiri buruan zerbait sartuz gero, zaila izaten da hortik ateratzen.

Inoiz damutu izan zarete egindako ikasketez?
Dumall: Ni behintzat ez naiz inoiz damutu. Bete-betean asmatu nuela iruditzen zait.

Mujika: Ni oraindik karreraren erdibidean nago, baina gaur gaurkoz oso gustura nago aukeratutako ikasketekin. Musikenerako sarbidea ez nuen erraza izan, gehienbat oso plaza gutxi daudelako. Behin barruan egonda, argi neukan gozatu egin behar nuela, eta ikasketei gogor eutsi behar niela.

Iñaki, zu telebistan ere ikusi izan zaitugu azken bi denboraldietan 'Goazen' telesailean. Egia al da inori ez zeniola aipatu castingera aurkeztu behar zenuenik?
Mujika: Bai, inori ez nion esan aurkeztu behar nuenik. Proba huts bat zela banekien, eta, gainera, ez nuen uste inondik inora hautatua izango nintzenik. Nire pertsonaia antzezteko, 80 pertsona inguru aurkeztu ginen, eta bakarra aukeratu behar zuten. Batere esperientziarik ez nuen telebistan, baina gutxinaka aurrera nindoan castingean. Azkeneko probetako batean, beste azterketa bat ere banuen, eta denboraz gaizki ibili behar nuenez, etxean esan egin behar izan nuen.

Dumall: Halaxe izan zen bai! Taxista lanak egin behar genituelako kontatu zigun etxean. Azterketa eta castingaren artean oso denbora gutxi zeukan, eta guri esan izan ez baligu, ez zen iritsiko. Musikeneko probak prestatzen ari zen garai hartan, eta nik esaten nion arreta jar zezala horretan. Behin telesailerako hartu zutenean, gure babesa besterik ez diogu eman. Beste mundu bat ireki zaio Iñakiri, eta guk ere asko gozatu dugu Goazen-en aitzakian! Bera oso gustura ikusi dugu. Ezin dugu gehiago eskatu.

Zer nolako esperientzia izan da oro har?
Mujika: Oso ona, batez ere ezagutu dudan jendearengatik. Gaur egun asko egoten naiz haiekin. Haietako batekin, gainera, proiektu batean ere murgildu naiz. Nahigabe, ate asko irekitzen dira telebistatik igaro ondoren. Etxekoek asko lagundu didate, eta esperientziaz gozatzeko esaten zidaten aldiro. Jada amaitu dut Goazen-eko lana. Oso esperientzia gogorra izan zen, baina izugarri gozatu nuen.

Amak nola bizi izan du esperientzia?
Dumall: Niri beldurra ematen zidan famaren kudeaketak. Egun batetik bestera, gure etxeko Iñaki izatetik, pertsonaia ezagun izatera pasa zen. Kalean umeek asko gelditzen zuten, eta alde horretatik errespetua ematen zidan. Oso natural bizi izan du esperientzia. Bera nolakoa den ezagututa, pentsatzen nuen ez zitzaiola txorakeria burura igoko, eta halaxe izan da. Umeekin zintzoa eta tratu onekoa izatea eskatzen nion, eta, bai, horretan ez du hutsik egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!