Elkarrizketa

«Ilusio berezia egiten dit berriro ere Behobian parte hartzeak»

Lesioak tarteko, ia hiru urteko etenaldia egin beharra izan zuen Iraitz Arrospide billabonatarrak; aurtengo Behobia-Donostian parte hartzeko prest dago.

2017an hasi eta hiru urtetan aparretan ibili zen Iraitz Arrospide (Amasa-Villabona, 1988) maratoilaria, Behobia-Donostia lasterketan egindako erakustaldien ondorioz. Bere kirol ibilbideko gailurrean zegoenean, eta lesioak medio, geldialdi batean murgildu zen. Errekuperazio luze bat igaro ondoren, berriro ere argia ikusten hasita dago. Oinak lurrean dituen arren, bere aurreko sasoira itzultzearekin amesten du.

Urte asko pasa diren arren, gogoan daukazu korrika hasi zinen garaia?

Igeriketa utzi eta korrika hasi nintzeneko garai hura datorkit gogora. Trantsizio urtea izan zen. Unibertsitatean ere hastera nindoan, eta igeriketan jarraitzeko arazo handiak nituen, oso zaila baitzen igeriketa eta unibertsitateko ikasketak uztartzea. Azkar egin eta denbora gutxi kenduko zidan zerbait aurkitu nahi nuen, eta aldi berean lehiatzen jarraitzeko aukera izango nuena. Horretarako korrika egiten hastea erabaki nuen.

Jada hamabost urte joan dira zure lehen Behobia-Donostia jokatu zenuenetik. Zein oroitzapen gordetzen duzu lehen proba hartaz?

Oso urruti gelditzen den arren, gogoan daukat ez nintzela ondo prestatuta iritsi probara. Aurreko hilabeteetan neurriz kanpo aritu nintzen entrenatzen, alegia, gehiegi entrenatu nuen, eta lesioak agertzen hasi ziren. Lasterketako lehen kilometroetan, Gaintxurizketan (7,5 kilometroa) esaterako, oinez ere ibili behar izan nuen belauneko minarengatik. Gehiago egiteko gai nintzela banekien arren, ez nengoen ondo prestatuta. Nahiz eta fisikoki prest egon, beste hainbat aldagai sartzen dira jokoan, eta alde horretatik niretzat dena berria zen.

Oso oroitzapen onekin amaitu ez zenuen arren, berriro ere itzuli zinen.

Bai. Lehen urte hartako arazoak ahaztuta, banekien prestakuntza asko hobetu behar nuela. Lesioak zaindu behar nituela ere ohartu nintzen, eta ondo prestatu behar nuela ikusi nuen.

Lau urtez jarraian lehiatu zinen lehen garai hartan, eta azken urtean jada marka handia ezarri zenuen; ordu bat eta 11 minutu.

Urtero denbora asko hobetzen nuen, baina prozesu natural bat izan zen. Txikitan ere banituen korrikarako dohainak, eta nahiz eta urte askoan igeri ibili, zerbait geratuko zitzaidala pentsatzen dut [barrezka]. Konstantzia handiko mutila izan naiz beti, eta uste dut horregatik joan nintzela hobetzen.

Ondoren, Sheffieldera (Ingalaterra) joan zinen Erasmusa egitera. Korrika egitetik utzi egin omen zenuen.

Bai. Leku berria zen niretzat, eta ez nuen inor ezagutzen. Oso leku iluna da hura, eta korrika egiteari utzi nion. Halere, kirola egiten jarraitu nuen, gehienbat gimnasioan aritzen nintzen. Erasmusa amaitzean, etxera itzuli nintzen, baina, gutxira, gaur egun emaztea denarekin berriro ere itzuli egin ginen beste herri batera. 2013ko urria zen, eta hara iristearekin batera, berriro ere korrikari ekin nion. Lehen egunean asko kosta zitzaidan, baina halere hurrengo egunean berriro ere atera egin nintzen. Geroztik, ez naiz gelditu. Orduan ez nuen pentsatzen Behobiara itzultzea, baina Ingalaterran maratoi erdiren batean parte hartu nuen.

Itzuleran, bertako talde batekin entrenatzen hasi zinen, eta oso gutxira marka handiak egiten hasi zinen berriro ere.

Hala izan zen bai. Ingalaterran parkeetan jokatzen dira lasterketa asko, eta nik haietan jartzen nuen proban nire gorputza. Hamar kilometroko lasterketaren batean ere parte hartu nuen, baina, bertan jokatutako maratoi erdi batean ordubete eta 11 minutuko denbora egin nuen, eta orduan konturatu nintzen, agian, honetara serio jarrita, eta entrenatzaileren baten eskuetan egonda gauzak asko hobetu nitzakeela. Entrenatzaile gogor bat izan nuen han, baina hark eraginda hasi nintzen nire maila igotzen. Lau edo bost urteko lan gogorra izan zen.

2017ko Behobia-Donostia lasterketan egin zenuen lehen erakustaldi handia Euskal Herrian.

Ezusteko handia izan zen hura! Ordura arte neraman hobekuntza lasterketa hartan islatu nuen. Behobia hartan, azken urteetan lan handia egindakoak ziren Carlos Castillejo edo Jaume Leiva ziren lehiatzen, eta nahiz eta izugarri sufritu nuen, podiumean amaitzeko aukera izan nuen. Lehia ikaragarria izan nuen azken metroetan Leivarekin, baina podiumean amaitzen ikusteak ematen duen indarrarengatik hartu nion aurre. Oiartzun handia izan zuen lasterketa hark, eta askorentzat erakusleihoan jarri nintzen.

2017an eta 2018an hirugarren eta bigarren amaitu ondoren, 2019ko ediziorako faborito argi bezala azaltzen zinen leku guztietan. Presio bereziarekin atera zinen?

Jendeak lasterketa irabazteko gai ikusten ninduen, eta nik ere lasterketa irabazteko lehian ikusten nuen nire burua. Aurreko hilabeteetan oso indartsu ibili nintzen, eta munduko txapeldun ere izan nintzen 50 kilometroko distantzian. Eta Behobian banekien irabazteko aukerak nituela. Presioa sentitzen nuen, eta jendeari eskatzen zuena eman nahi nion. Ezin izan nuen irabazi, nahiz eta inoizko lasterketarik onena eta nire markarik onena egin. Irabazteko gaitasuna banuen, baina askotan ez du onenak irabazten. Taktikak ere zeresana izaten du, eta ustekabean Chakir marokoarrak denei aurre hartu zigun. Kirola hori da. Halere nire kirol ibilbideko urterik onena izan zen.

Arantzak oraindik hor jarraitzen du?

Bai, arantza hori ez dut inoiz kenduko. Hain gertu izan nuen… Niretzat asko suposatzen zuen garaipen hark. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, baina, halere, egunen batean garaipena lortzeko gai izanda ere, arantzak hor jarraituko du.

Kirol ibilbide aparta zeneraman lesioak iritsi ziren arte.

Bai, halaxe izan zen. Pubisean izandako arazoek ez zidaten ia urte eta erdian korrika ibiltzen utzi. Lesio berezia da pubisekoa. Nahiz eta mina izan, hasieran korrika egiten uzten duen lesioa da, baina arazoak areagotzen joaten dira gutxinaka. Korrika hasi bezain pronto, berriz ere gelditzera behartzen zaitu, egun batean dena apurtzen den arte. Hezurretako hausturarik ez nuen izan, baina, giharrak eta tendoiak apurtu nituen. Umearekin jolasten nengoela gertatu zitzaidan. Hasiera batean ez zirudien ezer, baina, handik bi egunera ohetik mugitu ere ezin nuela geratu nintzen. Bi aste igaro nituen ohean batere mugitu gabe. Oso oso gogorra izan zen! Mediku batzuek ebakuntza egiteko aipatu zidaten, baina, aldi berean, bi fisio ezberdinek bestela ere sendatu zitekeela aipatu zidaten. Bigarrena aukeratu nuen.

Zer nolako errekuperazioa egin zenuen?

Helburu guztiak albo batera utzi behar izan nituen. Oso errekuperazio luzea izango zela banekien, baina beste aukerarik ez zitzaidan geratzen. Ez nekien berriro ere korrika ibiltzeko gai izango nintzenik. Ariketa asko eginez, fisiora askotan joanez, eta lasai hartuz hasi nintzen errekuperatzen. Gutxinaka osatzen joan nintzen, baina oso bide luzea eta gogorra izan da.

Lesioak albo batera utzi ondoren, berriro ere ilusio handiarekin omen zabiltza.

Iazko irailean hasi nintzen berriro lehiatzen, baina hasiera ez zen batere erraza izan. Burua eta gorputza ez zihoazen erritmo berean, baina jarraitu egin behar nuela pentsatzen nuen. Kostatzen ari zait lehengora itzultzea. Egia da ia hiru urteko lehortea eta gero, orain oso zaila dela sei hilabetetan berriro ere ehuneko ehunean egotea. Prozesua luzea izango dela mentalizatuta nago.

Aurtengo Behobia-Donostiarako gogo bereziarekin zaude?

Bai, oso gogotsu nago, baina, ez dut 2019 urtean izan nuen presiorik izango. Denbora asko pasa da hartatik. Ilusio handia egiten dit irteeran egoteak. Pasa den urtean oraindik oso goiz zela ikusi nuen Behobian parte hartzeko, baina aurtengorako prest nagoela iruditzen zait. Ea zer ateratzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!