Elkarrizketa

«Gaur gaurkoz ez daukat lasterketarik jokatzeko motibaziorik»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko uzt. 12a, 16:00

Orkatilako lesioaren ondorioz, mendi lasterketatik at izan da Ion Azpiroz berastegiarra, baina, mendian korrika ibiltzeko ilusioa ez du galdu.

Mendi lasterketetan hasi zenetik, gorakada etengabean ibili zen Ion Azpiroz (Berastegi, 1980). Baina 2019an izandako orkatilako lesio bat medio, ibilbide gorabeheratsuan dabil azken urteetan. Iaz, tunelaren amaieran argi izpi batzuk ikusten hasi zen arren, berriro ere geldialdi txiki batean dago. Halere, ez du goi mailara itzultzeko ilusioa galdu nahi.

Gogoan al daukazu jokatutako lehen mendi lasterketa?

Bai bai, ederki gogoratzen dut! 2004an izan zen, Lakuntzan (Nafarroa) jokatzen den Lakuntza-Aralar lasterketa. Lehen unean izugarrizko beldurrarekin ibili nintzen, eta helmugara iristea ere kosta egin zitzaidan. Asko sufritu nuela gogoratzen dut, baina, hurrengo astean berriz ere korritzeko irrika sartu zitzaidan. Kateatuta gelditu nintzen mendi lasterketekin.

Noiz erabaki zenuen mendi lasterketak serioago hartzea?

Hamar urte inguru izango dira, eta Luis Lasa lagunaren bitartez hasi nintzen ni ere hobeto prestatzen. Chamonixera (Frantzia) joan behar zutenaren aitzakiarekin, entrenatzaile batekin hasi zirela aipatu zidan. Urte hartan, bai Luis Lasak, eta bai Iker Zurutuza idiazabaldarrak, izugarrizko urtea osatu zuten. Haien ibilbidea ikusita pentsatu nuen agian hori izan zitekeela nire bidea. Biak ere erreferente ziren niretzat. Beasaingo Jon Aranbururekin hastea erabaki nuen, mendi korrikalari batzuk entrenatzen baitzituen.

Gogorrak izan al ziren hastapenak?

Bai, oso garai gogorra izan zen. Oso entrenamendu gogorrak eta diziplinatuak ziren niretzat. Ez nengoen ohituta, eta gauzak asko aldatu ziren. Ia egunero entrenatu behar izaten genuen zerbait. Lehen erronka nagusia, Zegama-Aizkorri izan zen, eta ikusirik oso ondo atera zitzaidala, jarraitzea erabaki nuen. Oso denbora gutxian aldaketa nabaria sentitu nuen.

Azken hamar urteetan ibilbide oparoa daramazu, eta podiumak eta garaipen batzuk ere pilatu dituzu. Gogoan duzu irabazitako lehen lasterketa?

Bai, ez dakit oso oparoa den, baina, ni, gustura nago egindakoarekin. Eta nola ez, oso gogoan daukat lehen garaipena. 2016an, Gironan (Herrialde katalanak) izan zen, Emmona (129 kilometro, +10.194 metro) izena hartzen zuen lasterketan. Hamalau kilometroren faltan, bero kolpea eman zidan, eta emazteari deitu beharrean suertatu nintzen. Emazteak, bertan dugun lagun bati deitu zion, eta hark niri deitu zidan esanez, bera, aurkako noranzkoan abiatuko zela nire bila. Ni motibatzeko izan zen dei hura. Konturatzerako, gorputza berriz aktibatu egin zen, eta helmugaraino iristeko gai izan nintzen. Ziur nago, une hartan bosgarren postuan joan izan banintz erretiratu egingo nintzela, baina lehen postuan joateak ematen duen indarrarengatik iritsi nintzen.

2019an Leitzan (Nafarroa) irabazitako Euskal Herria Mendi Erronkak (67 kilometro, +3.600 metro) ere ilusio berezia egin omen zizun.

Leitzako lasterketa, etxekoa bezala sentitzen dut. Antolakuntzakoak ere lagunak ditut, eta, bai, agian, lortutako garaipenik politena da, Beasainen Goierriko Bi Handietan (88 kilometro, +6.000 metro) lortutakoarekin batera. Urte askotan borrokatutako lasterketak izan ziren. 2017an Chamonixko TDS lasterketan lortutako laugarren postua ere ez dut ahazteko. Asko markatu naute hiru emaitza hauek.

TDS (119 kilometro, +7.200 metro) lasterketak ere arrasto berezia utzi zuen zugan.

Bai, agian, oihartzun handiena izan dezakeen lasterketa batean eta leku batean izan zelako. Chamonixko UTMB festaren barruan jokatzen den lasterketa bat da, munduko korrikalari onenekin lehiatzen zara, eta izugarrizko maila dago. Inoiz egindako lasterketarik osoena jokatu nuen han, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Lehen hiruetan sartzeko bost minutu falta izan zitzaizkidan, eta arantza txiki bat gelditu zitzaidan.

Chamonixko lasterketan ez dira denak gozotik joan. Kolpe handia izan zen 2019ko UTMBn (170 kilometro, +10.000 metro) erretiratu behar izatea?

Oso kolpe gogorra izan zen hura. Oraindik ere frustrazioa sentitzen dut. Nire kirol ibilbideko denboraldirik osoena eginda nindoan, eta bertarako aurreikuspen handiak nituen. Baina, lasterketa jokatu baino hiru egun lehenago orkatila okertu nuen entrenamendu batean, eta nire bizitzako ilusioa, esperantza eta udako sakrifizio guztiak pikutara joan ziren. Lasterketako irteeran egon nintzen arren, ezin izan nuen ezer gozatu. Hogeita hamargarren kilometroan etxerako bidea hartu behar izan nuen. Ez zuen zentzurik beste 140 kilometro herrenka ibiltzeak. Han egindako negarrak ez ditut ahaztuko.

Ia lau urte beranduago, ez zara osorik osatu orkatilako lesio hartatik. Guztia uztea askotan pentsatu al duzu?

Ez. Nahiz eta korrika egiteko aukerarik ez izan, ahal dudan guztietan joan izan naiz mendira, bai paseatzera, bai umeekin… Ebakuntza egin zidatenean, eta nahiz eta makuluekin ibili, mendira joateko aukera ez nuen galtzen.

Bidean hiru urte joan ziren, 2022ko udan berriro ere dortsal bat jarri zenuenean Aneto-Posets mendi lasterketan. Nola sentitu zinen berriro?

2022ko martxoan azido hialuronikoa sartu zidaten orkatilan, eta lehenengo hiru asteetan izugarri sufritu nuen. Ezin nuen entrenatu, min handiarekin ibili nintzen… Berriro ere frustrazio handia sentitu nuen. Baina behin azidoak efektua egin zuenean, ekainean gustura sentitzen hasi nintzen. Entrenamenduetan gustura nenbilen, eta lasterketan parte hartzea pentsatu nuen. Berriro ere sentsazio onak izan nahi nituen. Hiru egun lehenago joan nintzen Benasquera (Aragoi, Espainia), eta bakarrik gainera. Pentsatzeko denbora gehiegi izan nuen, eta inoiz baino urduriago egon nintzen lasterketa bezperan. Izugarrizko ilusioa neukan berriro ere.

Parte hartu bakarrik ez, irabazi egin zenuen.

Bai. Asko lagundu zidan batere presiorik gabe joateak. Ibilbidearen erdialdean, fisikoki hustuta nengoen, baina buruz oso indartsu sentitzen nintzen. Jarraitzeko hautua egin nuen, eta, amaierarako, bai gorputza, eta baita burua ere, aldeko izan nituen. Gorakada handia eman zidan.

Hura amaituta, berriro ere Chamonixera itzuli zinen TDS lasterketa jokatzeko asmoarekin, baina hura beste kontu bat izan zen.

Bai, eta errealitatea hura da. Nahiz eta Anetokoa irabazita bertaratu, banekien ez nengoela hiru urte lehenago bezain ondo. Berriro ere orkatilarekin asko sufritu nuen lasterketan, agian, egiten zuen hotzarengatik edo. Ez zen 2019an jasotako kolpea bezain gogorra izan, baina hark ere ez zidan onurarik egin.

Handik itzulitakoan aipatu zenuen oraindik ere 20 urteko gazte baten ilusioa zenuela. Berdin jarraitzen duzu?

Baietz esango nuke. Mendian korrika ibiltzeko ilusioa ez dut galduko inoiz, baina, agian, ez daukat hainbeste sufritzeko gogorik.

Gaur gaurkoz zein egoeratan zaude?

Azken hogei urteetan ez bezala, lasterketarik jokatzeko asmorik gabe. Neguaren amaieran gustura hasi nintzen entrenatzen, baina, ez daukat lehiatzeko batere motibaziorik. Denbora batean lasai ibiltzea erabaki dut. Abuztu amaieran badira lasterketa batzuk ondo entrenatuz gero jokatzeko modukoak, baina nire buruari ez diot presiorik jarri nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!