elkarrizketa

«Ez zidan arantzarik utzi T2Tko bigarren postuak»

Laiane Arrospide mendi korrikalaria T2T lasterketako helmugan. IRATI SAIZAR

Euskal Herriko hainbat lasterketa irabazi ditu Laiane Arrospidek; 2019. urtean lehiatzen hasi zenetik maila asko igo dela dio, eta hori ona dela uste du.

Tolosaldeko mendi korrikalaririk emankorrenetakoa bihurtu da azken urteetan Laiane Arrospide. Euskal Herriko hainbat lasterketa irabazi ditu tolosarrak, eta, aurten, Zegama-Aizkorri korritzeko aukera ere izan du lehenbizikoz. Tolosaldeko Bi Tontorrak (24 kilometro, +1.600 metro) lasterketa jokatu, eta gutxira hitz egin du ATARIA-rekin.

Aste batzuk pasa dira Tolosaldeko Bi Tontorrak lasterketa jokatu zenetik. Askotan jarri al zara pentsatzen lasterketan lortutako bigarren postuarekin?

Gehiegi ere ez, gustura gelditu nintzen egindako lasterketarekin. Denek esaten didate pena handia izan zela, baina nik ez nuen horrela sentitu.

Zure denboraldi honetako helburuetako bat zen?

Ez zen helburuetako bat. Herriko lasterketa bat da, eta oso polita da bertan parte hartzea, baina, aurtengo helburu nagusia Zegama-Aizkorri korritzea zen. Obsesionatu ere egin nintzen Zegamarekin, eta hori lortu arte borrokan ibili nintzen. Behin bertan ateratzeko aukera izanda, Zegama bihurtu zen helburu bakarra. Egia da, gero, ekainean hiru lasterketa jarraian korritzeko izen emanda nengoela, eta, hor bai, garrantzia T2Tri eman nion.

Zein asmorekin irten zinen?

Banekien podiumean egon nintekeela, edo seigarren amaitu nezakeela. Hasiera batean lasterketa nola zihoan ikusi nahi nuen, eta horren arabera aukeratuko nuen, edo hanka altxa eta gozatzea, edo postu on bat egiten saiatzea. Abiatu orduko, sentsazio onak sentitu nituen, eta dena ematea erabaki nuen. Aurrean ibili nintzen, eta une txiki batean lehen postuan ere joan nintzen, baina konturatzerako berriro ere aurreratu egin ninduen Nerea Iturriaga lasterketako irabazleak. Handik aurrera, ezin izan nuen berriro aurreratu, eta ez zen posible izan irabaztea.

Uzturreko (18,5 kilometroa) kontrol gunetik ia batera pasa zineten. Uneren batean lasterketa irabaz zenezakeela sinistera iritsi zinen?

Bai. Elduaindik (10,3 kilometroa), ni baino bi minutu lehenago pasa zen Iturriaga. Uzturrerako bidean hura harrapatzera iritsi nintzenean, pentsatu nuen, agian, bera, azkarregi atera zela. Baina, egia da, aldi berean, aldapa beherak ez direla nire alderako izaten. Pisuagatik gora dagoen aldapa txikian berriro ere aldea jan nion, baina ordurako jada berandu zen.

Sailkapenean bigarren amaitu zenuen arren, orokorrean gustura gelditu zinen egindako lasterketarekin?

Bai, oso gustura. Arantzarik ez dit utzi lasterketak. Pena pixka bat eman zidan, baina nik ezin nuen gehiago egin. Egindako denborarekin ere oso gustura gelditu nintzen, ez bainuen espero horrelako denbora egitea. Iazko denborari bost minutu kendu nizkion. Neukan guztia eman nuen, eta egia da oso gertu izan nuela lasterketako irabazlea, baina ez nintzen hura aurreratzera iritsi.

T2Tren aurreko astean Leitzan (Nafarroa) Euskal Herria Mendi Erronka (65 kilometro, +3.600 metro, bikoteka) lehiatzetik eta irabaztetik zentozen.

Hala izan zen, bai. Astebete lehenago 32 kilometro egin nituen Leitzan, eta ibilbideko zatirik gogorrenean aritu nintzen. Nekea pilatuta nentorren, baina lasterketan zehar ez nuen askorik nabaritu.

Azken urteetan, bi aldiz bigarren, eta beste behin laugarren sailkatu izan zara. Jende askok galdetu al dizu, garaipena noiz Laiane?

Irabaztea oso zaila da. Hori, batek bakarrik lortzen du. Saiatzen jarraitu nahi dut, baina ez dakit inoiz irabaztetik hain gertu izango naizen. Agian, ibilbide zaharra niretzat egokiagoa da garaipena lortzeko. Ziur nago aurten egin dudan denbora beste norabidean balitz, askoz ere hobea izango zela niretzat.

Denboraldia orokorrean nola zenuen aurreikusita?

Denboraldiaren hasiera, Berastegiko Negu Trail lasterketan egingo nuela bakarrik neukan garbi. Hura jokatu eta gero, badaezpada Zegama-Aizkorri lasterketarako prestatzen hasi nintzen. Ez nekien ziur azkenean bertan egoteko aukera izango nuen, baina, hala balitz, prestatuta egon behar nuen. Zegama-Aizkorri jokatu baino bi aste lehenago ziurtatu zidaten dortsala azkenean. Hura jokatu ondoren, ez neukan egutegi zehatzik.

Estreinakoz izan zara aurtengoan Zegama-Aizkorrin. Nola bizitu zenuen lehen aldia?

Izugarrizko esperientzia izan zen, baina eguraldiagatik arantza moduko bat gelditu zait. Zegoen eguraldiarekin ikustekoa zen bertan zegoen jendetza! Ez nuen asko gozatzeko aukerarik izan haien animoez, nahiko lan banuelako erorketekin. Esaterako, Saint Spiritun zegoen jendetzaz ia ez naiz gogoratu ere egiten. Oso kontzentratuta joatea tokatu zitzaidan ibilbide guztian zehar. Ez dut itzultzeko esperantza galdu nahi. Lasterketa bezala oso polita da, gehienbat lehen zatia, baina, amaierarako, azken zatia oso luzea eta gogorra egiten da. Zapore gazi-gozoa utzi dit 2023ko Zegama-Aizkorrik.

Euskal Herrian lasterketa asko jokatzen dituzu urtean zehar. Munduko onenekin lehiatzea beste kontu bat da?

Izugarrizko jauzia dago haien eta geure artean! Hemen, jendeak askotan esaten digu: «a ze makinak zareten!». Haien ondoan gu ez gara ezer. Jendeak zenbat korritzen duen ikustea ikaragarria da. Baina Euskal Herriko emakume onenekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Beste maila batean daude, eta irteera eman orduko beste lasterketa bat jokatzen dute gurekin alderatuta.

Iñaki Olanok bost lasterketa jokatu zituen jarraian maiatzean eta ekainean. Zuk ere ekainean hiru lasterketa jokatu dituzu jarraian, eta aurretik ere lasterketa batzuk jokatutakoa zinen jada. Ez zaizu iruditzen gaur egun lasterketa gehiegi jokatzera ohitzen ari zaretela?

Agian bai. Ez da normalena hainbeste lasterketa jarraian eta hainbesteko luzerakoak jokatzea. Askotan, lasterketan noanean buruari galdezka hasten naiz; baina zer behar neukan nik lasterketa honetan egotekoa? Nork agindu dit niri hona etortzea? Baina egia da azkenean burua estutzearekin batera, norbera animatzen joaten dela. Agian gaixotzen ari gara lasterkekin.

Emakumeen maila orokorrean asko igo dela iruditzen zaizu?

2019an mendi lasterketetan korrika hasi nintzenetik, maila asko igo dela iruditzen zait. Geroz eta jende gazteagoa dator atletismotik, eta hori asko antzematen ari da mendi lasterketetan. Hori ona da denontzat.

Azken urteetan lasterketa asko irabazi dituzu. Euskal selekzioaren deia espero al duzu?

Nik zain jarraitzen dut! Orain artean behintzat, eta korrika daramatzadan urte hauetan guztietan ez dut inorren deirik jaso. Ez dakit egunen batean iritsiko den dei hori. Niri asko gustatuko litzaidake gutxinez lasterketa batera joatea, baina, hori, jada, ez dago nire esku.

Orain artean maratoi arteko distantzian ikusi zaitugu lehiatzen. Maratoiaz haragoko distantzia luzeetara pasatzeko asmorik baduzu etorkizunean?

Gaur gaurkoz ez naute batere erakartzen. Nahiz eta lau mendi maratoi jokatuta ditudan, distantzia bera hori ere kosta egiten da. Hogeita hamar kilometrora arte nahiko ondo erantzuten dit gorputzak, baina handik aurrera nekez joaten da gorputza, eta ez dut batere gozatzen. Halere, ez dakit etorkizunean zer egingo dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!