Elkarrizketa

«Aurtengo helburu nagusia Euskal Herriko Kopa izango da»

Duela zazpi urte hasi zen Oihana Zubillaga anoetarra mendi lasterketetan parte hartzen; Tolosaldeko Soronea Ammma taldearekin ari da aurtengo denboraldian, eta une honetan, Euskal Herriko Kopako liderra da

Mendi lasterketetako sentsazioetako bat izaten ari da azken urteetan Oihana Zubillaga (Anoeta, 1998). Iaz lortutako postuei jarraipena emateko asmoarekin ekin dio denboraldiari. Orain artean jokatutako hainbat lasterketatan podiumean amaitu du. Azkena, iragan asteburuan, Loatzo Igoera-Jaitsiera proban. Gaur gaurkoz, Euskal Herriko Kopako liderra da emakumeen sailkapenean.

Ez da denbora asko pasa denboraldiari hasiera eman zenionetik. Nola daramazu?

Urtarrilean hasi nuen denboraldia Negu Trail (Berastegi) lasterketara begira. Herri Ametsa (Donostia) lasterketa jokatu nuen, eta egia esan ondo joan zen garaipena lortuz. Ondoren, Negu Trailera oso fresko iritsi nintzen. Oihana Kortazarrengandik oso gertu gelditu nintzen bigarren postuan. Ondoren jokatutako lasterketetan ere oso gustura amaitu dut orokorrean.

Denboraldia bikain hasi duzu emaitzak kontuan hartzen baditugu. Horrela imajinatzen al zenuen denboraldi hasiera?

Egia esan ez. Iazko irailetik aurrera, lagun batekin gehiago entrenatzen hasi nintzen, eta hobekuntza hori nabarmentzen hasi naiz. Denboraldi hasiera honetan hori da ikusi nahi nuena, ea aldaketak zer zekarren. Bi lasterketetan ez ezik, jokatutako lasterketa gehienetan oso gustura sentitu naiz fisikoki.

«Gehiago entrenatzen» horrek zer esan nahi du?

Gehiago baino, ezberdin entrenatzen hasi naizela. Lehen, ia entrenamendu gehiena mendian osatzen nuen, baina, orain konturatu naiz oso garrantzitsua dela errepidean entrenatzea, serieak egitea, edo indar ariketak jorratzea. Gauzak espezifikoago entrenatzen hasi naizela adierazi nahi nuen. Gutxinaka hobekuntzak ikusten hasi gara.

Txip aldaketa bat egin duzula esan dezakegu?

Bai, nik uste dut baietz. Askotan esan izan dut errepidean ibiltzea ez dudala batere gustuko, baina, egiten ari naizen aldaketa honetarako inoiz baino gehiago nabil errepidean. Gustua eta dena hartzen ari naiz [barrezka]. Oso garrantzitsua iruditzen ari zait entrenamendu aldaketa.

2023 urterako zer egutegi edo helburu zenituen buruan?

Aurtengorako Euskal Herriko Kopa neukan begiz-jota. Iaz, Goierriko Kopa jokatu nuen, baina, aurten, beste inguru batzuk eta beste lasterketa batzuk ezagutu nahi nituen. Azken urteetan lasterketa gehienak Gipuzkoan jokatu ditut, eta alde horretatik ere aldaketa bat egin nahi nuen. Euskal Herriko Kopako egutegian zortzi lasterketa daude, eta, hasiera batean, bostetan parte hartu beharra daukat puntuak pilatzeko. Kopaz harago, beste lasterketa batzuk ere jokatuko ditut. Iaz, lasterketa gehiegi jokatu nituenaren sentsazioa izan nuen askotan, baina, aurten, gehienez ere bi lasterketa jokatuko ditut hilean.

Noiz hasi zinen mendian korrika?

Zazpi urte inguru izango dira jada lehen lasterketa jokatu nuenetik. Hasi nintzenean, korrikalari gazteenetakoa izaten nintzen lasterketa gehienetan. Oso gazte gutxi ikusten nituen lasterketetan. Garai haietan, bi edo hiru lasterketa besterik ez nituen jokatzen urtean.

Herrian bazenuen erreferenterik?

Osaba izan dut erreferenterik gertukoena. Berako (Nafarroa) edo Zegama-Aizkorriko lasterketara askotan joaten ginen hura animatzera. Gurasoak ere mendian asko ibilitakoak dira. Baina, bai, bat esatekotan, osaba azpimarratuko nuke erreferente gisara.

Gogoan duzu jokatutako lehen mendi lasterketa?

Urte askotan ikustera joanda nintzen Berako lasterketa izango zen jokatu nuen lehena. Osabari esanda nion biok hartuko genuela parte bertan, baina, azkenean, osabak ezin izan zuen parte hartu. Oso gustura amaitu nuen lasterketa. Neukan ilusioagatik edo izango zen. Oso lasterketa berezia da hura niretzat. Loatzoko (Amasa-Villabona) lasterketa ere urte berean jokatu nuen. Aurten, zortez, lasterketa irabazteko aukera izan dut.

Iaz eta aurten lasterketa batzuk irabazi dituzu, baina, gogoratzen zara irabazitako lehen lasterketaz?

Uste dut Arbizuko (Nafarroa) kanpinean jokatzen den Tritoiena izan zela 2021ean. Ilusio handia egin zidan garaipen hark. Ordura arte ez zen batere ohikoa ni lehen postuetan sailkatzea. Halere, sailkapenak edo txapelak baino gehiago baloratzen ditut gustura amaitutako lasterketak, edo aurreko urtetik hobetu ditudan denborak.

Azken urteetan izandako gorakadak, euskal selekzioaren deia ere ekarri zuen iaz.

Inoiz ez nuen pentsatuko selekzioarekin aritzeko aukera izango nuenik! Iaz egon nintzen estreinakoz euskal selekzioan. Andorran jokatzen den Comapedrosa lasterketan izan zen, eta oso esperientzia polita izan zen. Familia ere gerturatu zen lasterketa ikustera, eta bertan topatu nituen taldekideekin ere bikain pasatu nuen. Oso pozik nago izandako aukerarekin. Ez nintzen emaitzei begira joan, eta, niretzat, parte hartze hutsa nahikoa izan zen. Oso lasterketa gogorra da Comapedrosakoa, eta nahiko larri amaitu nuen arren, oroitzapen polita utzi zidan. Orain dela gutxi, bigarrengoz izan naiz euskal selekzioarekin Espainiako txapelketan Kordoban (Andaluzia, Espainia). Oso eskertua nago emandako aukerarekin.

Lasterketa batzuetan, Oihana Azkorbebeitia edo Oihana Kortazar bezalako korrikalari handiak izan dituzu aurkari zuzen. Haiekin alderatuta, non ikusten duzu zeure burua?

Biak ere izugarrizko korrikalariak dira. Azken hamarraldian punta-puntan ibili dira, eta oraindik ere beste maila batean ikusten ditut. Halere, Negu Trail bezalako lasterketa batean Kortazar hain gertu eduki izanak asko poztu ninduen. Jendeak aipatzen zidan lasterketan zehar oso gertu neukala, baina nik ez nien sinisten.

Aurtengo denboraldia Tolosaldean sortu den Ammma Soronea talde berrian ariko zara. Talde berriak ilusioa ere areagotu dizu?

Iazko Camp Base taldetik ez dira gauzak asko aldatu, agian, izena bakarrik. Lehen aldiz taldean sartzeko aukera eman zidatenean, ilusio handia egin zidan. Ordura arte, bakarrik aritzen nintzen entrenatzen, eta, orain, aldiz, lagun berriak egin ditut entrenatzeko eta lasterketetara joateko. Asko eskertzen dut laguntza hori. Oso giro ona daukagu taldean. Korrikalari gehienak Tolosaldekoak garen arren, beste herrietako jendea ere batu da aurten, eta hori ona da. Denok pasio berdina partekatzen dugu. Orain aste gutxi, Mendaron, Euskal Herriko txapelketa jokatu dugu taldeka, eta irabaztea lortu genuen emakumeetan. Irailean, berriro ere, taldekako Espainiako txapelketara joateko asmoa daukagu Soriara (Gaztela-Leon, Espainia). Oso talde indartsua dugula iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!