«Pena handiz, baina ez naiz Mendiko Triatloiko Munduko Txapelketan izango»

Igeriketan aritu ostean, futbolean aritu zen gaztetan, eta mendi lasterketetarako jauzia eman zuen ondoren, emaitza onak lortuz; triatloietan ere lehiatu da azken urtean.

Azken hamarraldian mendi lasterketetan murgilduta ibili da Luis Lasa (Ibarra, 1977), eta Goierriko Bi Handietan (Beasain, 88 kilometro, +6.000 metro) ere podiuma zapaldutakoa da bi urtetan. Azken urtean berriz, mendiko triatloietara egin du jauzi, emaitza bikainak lortuz.

Azken urteak mendiari emanak daramatzazun arren, zure kirol ibilbidea zein kirolekin hasi zen?

Umetan igeriketan ibilitakoa naiz, nahiz eta beste hainbat kiroletan ere ibiltzen ginen. Ondoren, hamalau urterekin, futbolean hasi nintzen. Ia hamalau urte eman nituen futbolean, eta, besteak beste, Amarozko, Tolosaldeko, Beasaingo, Hernaniko, eta Tolosako taldeetan jokatu nuen. Zorionez, bigarren mailarako igoera fase bat jokatzeko aukera ere izan nuen Beasainekin bigarren B mailan. Futbolaren beste alderdia ere ezagutu nuen, eta, egia esan, ez zitzaidan batere gustatu. Jende asko ezagutu dut futbolean, eta oraindik ere erlazio handia mantentzen dut bereziki Hernanin ibilitako jendearekin.

Futbola utzi ondoren, mendirako jauzia egin zenuen.

Bi urteko etenaldi bat egin nuen futbolean, eta tarte horretan triatloi batzuk ere jokatu nituen. Ordurako jada mendian ere hasita nengoen Berako (Nafarroa) lagun baten bitartez. Bertan antolatzekoak ziren maratoi erdia lehenbizikoz, eta bertan atera behar nuela esaten zidan. Ondo moldatu nintzen mendian, eta gustuko nuela konturatu nintzen. Geroztik, Berako maratoi erdiko edizio guztiak jokatu ditut [barreak]. Handik aurrera, distantzia luzeetara egin nuen jauzia.

Mendi lasterketetan ezagun, Goierriko Bi Handietan (Beasain, 88 kilometro, +6.000 metro) bigarren eta hirugarren postuan amaitu ondoren egin zinen.

Hala da, bai! Iker Zurutuza lankidearen eskutik hasi nintzen distantzia luzean lehiatzen. Orduan ez zegoen lasterketa luze askorik, eta hasiera batean bikoteka atera behar genuen. Aukerarik ez zegoenez, banaka ateratzea erabaki genuen. Txukun ibili ginen biak. Zurutuzak bigarren eta nik hirugarren amaitu genuen. Guretzat ere sorpresa handia izan zen hura, eta hurrengo urtean berriro ere ateratzea erabaki genuen. Bigarrengoan, aldiz, ni bigarren, eta bera hirugarren sailkatu ginen.

Bi aldiz lasterketa bera egin ondoren, inoiz ez zitzaizun burutik pasa Ehunmilaken (Beasain, 166 kilometro, +12.000 metro) probatzea?

Ondo prestatzeko exijentzia handia eskatzen du, ordu asko, eta gauza asko utzi behar dira albo batera. Nahiz eta noizbait ere burutik pasa zitzaidan norbaitekin ateratzea, inoiz ez nuen serio pentsatu bertan lehiatzeko aukera.

Ehunmilaken ez, baina, Chamonixko (Frantzia) UTMB jaiaren barruan jokatzen den CCC (100 kilometro) lasterketan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen hura?

2012 urtean hartu nuen parte lasterketa horretan. Izugarrizko oroitzapena daukat bertan pasatako egunez. Bost lagun izan ginen bertan, eta nahiz eta eguraldiak ez zuen asko lagundu lasterketan zehar, oso gustura aritu nintzen. Hamalaugarren postuan amaitzeko aukera izan nuen. Oso lasterketa gogorra izan zen, baina oso berezia den lasterketa da. Han ezin da txorakeriatan ibili materialarekin. Oso altuera handian jokatzen da, eta eguraldia azkar batean aldatzen da.

Mendian lasterketa askotan parte hartu ondoren, iaz triatloian lehiatu zinen. Nondik sortu zen aukera?

Urte askotan izena emandakoa nintzen Zarauzko triatloian, baina inoiz ez zitzaidan dortsala tokatzen. Niretzat, hiru kirol uztartzea berezia izan da beti. Beti gustatu izan zaidan modalitatea da triatloia, eta Euskal Herrian bi lasterketa berezi baldin badaude, bat Zegama-Aizkorri da, eta bestea Zarauzko triatloia. Urtero joan izan naiz triatloiaren egunean proba ikustera, eta askotan esaten nion neure buruari, «egunen batean hemen egon behar dut!». Zortez, iaz parte hartzeko aukera izan nuen. Egia da, aurretik begiz jota neukan beste lasterketa baterako prestakuntza moduan ere ikusten nuela. Ondo prestatu nuen, eta hura ere oso esperientzia polita izan zen.

Berriz itzultzeko asmorik ba al duzu Zarauzko triatloira?

Aurten berriz ere izena eman nuen, baina ez zitzaidan tokatu. Ez dakit berriro itzuliko naizen. Behin probatu dut, eta ikusi dut han zer dagoen. Ez dut baztertzen itzultzea, baina ikusle gisara ere oso gustura egoten naiz [barrezka].

Errepideko triatloia gutxi ez, eta mendiko triatloia probatu zenuen, Hispaman Xtreme: 3,8 kilometro igeri, 180 kilometro (+3.400 metro) bizikletaz, eta 42,2 kilometro (+2.000 metro) korrika.

Oporretara joaten naizen ondoko herrian, Peñiscolan (Castello, Herrialde Katalanak), jokatzen den proba da. Lau edo bost urtez egona nintzen hura ikusten, eta Zarauzko triatloiaren antzera, bertan egotearekin amesten nuen. Ironman distantziako neurriak dira, baina korrikako saioa mendian egiten da, eta bizikletako eremua oso oso gogorra da. Lasterketa honek niri gustatzen zaizkidan gauza guztiak biltzen ditu, baina, mota honetako lasterketak prestatzea ez da batere erraza.

Zer oroitzapen utzi zizun?

Abentura baten antzera bizi izan nuen. Bidean zehar ez dago anoa gunerik, eta bakoitzak kudeatu behar du edana, jana, eta beste guztia. Uretatik, laugarren postuan atera nintzen, eta, bizikletako eremua bukatu genuenean, bigarren nindoan. Handik aurrera, postua mantendu nuen amaitu arte. Halere, korrikako eremuan eta une batzuetan, oso gaizki pasa nuen karranpengatik. Izugarri sufritu nuen! Espero ez genituen gauzak jan behar izan genituen. Orotara, ia 13 ordu joan zitzaizkidan ahaleginean. Mundu guztitik etorritako jendearekin lehiatzea izugarrizko esperientzia izan zen.

Bertan lortutako bigarren postuak Mendiko Triatloiko Munduko Txapelketa jokatzeko aukera eman zizun. Joateko asmorik baduzu?

Lasterketa amaitu eta hurrengo egunean, sari banaketa zegoen. Bigarren postuan amaitu nuelako Norseman Xtreme Triathlon (Norvegia) Munduko Txapelketa jokatzeko aukera eskaini zidaten. Ez nekien bazenik ere! Behin begira jarrita konturatu nintzen zer zen hura. Beste lasterketa batzuetan lortutako postuek ematen dute bertan egoteko aukera, bestela ez dago izen ematerik. Arazo bat neukan halere, iazko azarorako baiezkoa edo ezezkoa eman behar nuela. Kontrako faktore gehiago ikusten nizkion aldekoak baino. Ez dakit berriro ere aukerarik izango dudan horrelako proba batean parte hartzeko, baina, azkenean ez joateko hautua egin nuen. Izugarrizko pena ematen dit bertan ez egoteak, eta agian, betirako geldituko zait arantza hori, baina, oraingoan, horrela beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!