«Izugarrizko esperientzia izaten ari da komikiena»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko ots. 8a, 11:59

Cesar Llaguno marrazkilariarekin batera hitzaldia eskainiko du gaur Ramon Olasagasti berrobitarrak bidaiarien txokoan; azken urteetan itzulpengintzan aritu ostean, 'Berria.eus'-eko 'Ibilkari' kanala kudeatzen hasiko da laster.

Mendiko kazetaritzaren ikurretako bat izan zen Ramon Olasagasti berrobitarra 90eko hamarkadan eta ondorengo urteetan. Bereak dira, besteak beste, Mendiminez; Everest, herri oso bat gailurrean edo Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak. Hain justu, komikiak dira azken biak, Cesar Llaguno marrazkilariaren irudiekin eta bere testuekin osatuak, eta gaur biak Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan izango dira Nola bihurtzen da istorio bat komiki? izenburupean solasean, 19:30etik aurrera.

Nondik datorkizu kazetaritzarako grina?

Nahiko gaztetatik datorkit zaletasuna. Hizkuntzak beti gustatu izan zaizkit, eta euskara lantzeko aukera ere izan dut. Egunerokoa idazten hasi nintzen oso gaztetan, eta olerkiek ere izaten zuten bere lekua. Uxola sarian ere aipamen bat egin zidaten. Kazetaritza ikasketak egitea erabaki nuen gerora, eta hirugarren mailan nengoela, Euskaldunon Egunkaria-tik deitu zidaten praktikak bertan egiteko. 1993an hasi nintzen han bekadun bezala lanean. Ondoren, bertan gelditzeko aukera eman zidaten.

Zein zen zure lana hastapenetan?

Udan, festetako eta kulturako egitarauak osatzen hasi nintzen 1993an. Hurrengo urtean, mendiko informazioa jorratzen hasi ginen. Ordurako, Egin egunkarian jada osatzen zuen mendiko informazioa Antxon Iturrizak, eta Martxelo Otamendik aipatu zidan ea nik ere mendiko informazioa jorratu nahi nuen. Baiezkoa eman, eta lanean hasi nintzen. Karrerako azken bi urteetan, biak uztartu nituen, lana eta ikasketak.

Gogoan duzu mendiari buruzko lehen informazioa zein izan zen?

Bai. Euskal Mendi Federazioko presidentea zen Pako Iriondori egindako elkarrizketa bat izan zen. Felix Iñurrategi zenak ere artikulu txiki bat idatzi zuen aldi berean.

Mendiari buruzko zenbat orri idaztera iritsi zineten Egunkaria-n?

Hastapenetan, orri bakarra idazten genuen, baina, segituan pasa ginen bi orri idaztera. Aldi berean, kolaboratzaileekin ere lanean hasi ginen. Gutxika, orriak igotzen joan ginen, eta Egunkaria itxi aurreko lau urteetan, Mundumira gehigarria osatzen hasi ginen. Ez zen mendiko informazio soila, bertan, abenturarako ere izaten zen tartea. Azkenerako, zortzi orrialde osatzera iritsi ginen mendia ardatz hartuta. Gaur egun, eta perspektiban begiratuta, iruditzen zait lan handia egin genuela. Egunean eguneko gaiak izaten ziren gainera. Mendiak informazio handia eragiten zuen garai haietan Euskal Herrian. Egunkaria-ren itxierarekin batera, Mundumira bertan behera gelditu zen, nahiz, eta, Berria-n mendiko informazioarekin jarraitu genuen.

Zoritxarrez, besteak beste, Felix Iñurrategiren heriotzari buruz idatzi behar izan zenuen garai haietan.

Bai, eta ez dut berehalakoan ahaztuko egun hura! Goizean goiz, Gasherbrum II (Pakistan, Himalaia, 8.034 metro) mendia igo zutela iritsi zitzaigun. Horri buruz idazten ari ginela, arratsaldeko lehen orduan iritsi zitzaigun zoritxarreko albiste hura. Denbora gutxian dena aldatu behar izan genuen. Andoni Urbistondorekin batera idatzi behar izan nuen albistea. Oraindik ere ez dakit nola idatzi genuen! Hura amaitu genuenean, gogoan dut, etxera itzuli eta lehertu egin nintzela. Izugarrizko kolpea izan zen hura guztiontzat. Oso bikote ederra osatzen zuten bi anaiek, eta miresmen handia sortu zuten Euskal Herri osoan. Mendizaletasunaren profesionalizazioa haien eskutik heldu zela esango nuke. Oso aurrerakoiak izan ziren mendian. Eta, bai, Felixena oso gogorra izan zen, baina, ez nituzke ahaztu nahi, besteak beste, Alberto Zerain bera, edo Benantxio Irureta. Mendiak hori dauka, jarduera ederra dela, baina, bere arriskuak ere badituela.

Kazetari bezala, espedizio batean egoteko aukera ere izan zenuen.

Alberto Iñurrategiren eskutik iritsi zitzaidan gonbita. 2009an izan zen, Everesteko (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) Hornbein bidetik egin zuten saiakera batean izan zen. Albertorekin batera ziren Juan Vallejo, eta Mikel Zabalza ere. Tibetetik joan ginen. Oso esperientzia ederra bezain gogorra izan zen. Orduan konturatu nintzen teknologiaren zein menpe bizi garen! Denetik pasa zitzaigun. Gaur egun gauzak errazagoak dira, baina, orduan, ez zegoen hain garatuta teknologia. Satelite bidezko seinalea genuen, baina, sorgailu batekin funtzionatzen zuen, eta arazo handiak ematen zizkigun aldiro. Une batean, bateria guztiak erre zizkigun! Egun batzuetan salduta egon ginen. Berriak ekarri zizkiguten, eta ahalik eta ondoen ateratzen saiatu ginen estualditik. Azkenean, ez zuten gailurra zapaldu, baina, nik, asko ikasi nuen espedizio hartan. Musean ere partida batzuk jokatzeko aukera izan genuen bertan [barrez].

Liburu batzuk idatzitakoa zara, besteak beste, 'Mendiminez'.

Bai. Mendiko informazioa hainbat urtetan jorratzen aritu eta gero, mendian hil direnei buruzko liburua da. Egunkaria-n askotan tokatzen zitzaigun horrelakoak idaztea, baina, nik, biografia goxoagoak idatzi nahi nituen haiei buruz. Beka baterako aurkeztu nintzen, eta saritua izan zen. Hamazazpi mendizaleren biografiak jasotzen dituen liburua da. Oso ariketa gogorra izan zen, baina, gertukoen bizipenak jasotzea ederra izan zen. Istripuaren momentua oso gutxitan aipatzen dut, eta, bestalde, askotan azpimarratzen dut bizitzaren beste alde hori. Haiek mendian bizitza bilatzen zuten, eta alde hori aipatzea gustatzen zitzaidan. Liburu hura idaztean bizitako pasarte asko ez ditut sekula ahaztuko.

Azken urteetan, eta, Bilboko Mendifilmaren egitarauaren barruan, berriro ere mendian murgildu zara komiki batzuen aitzakian. Nondik etorri zen ideia?

Jabier Baraiazarra Mendifilmeko zuzendariaren ideia izan zen. Hasiera samarretik nabil Mendifilmekin lanean filmen azpidatziak euskaratzen, eta, berak aspalditik zeukan buruan zerbait egitea. Poloniarrek idatzi izan dituzte komiki batzuk Himalaiako pasarte batzuei buruz, eta hemen ere antzeko zerbait egin genezakeela iruditu zitzaion. Niri ere asmo polita iruditu zitzaidan, eta hasieratik bat etorri ginen lehenengo komikia zein izango zen; Everest, herri oso bat gailurrean. Euskaldunak lehenbizikoz Everestera iritsi zireneko istorio harekin hasi ginen. Gerora etorri dira, Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak, edo Andres Espinosa, bakarrik eta libre. Cesar Llaguno ilustratzailearen, eta Felipe H. Navarro koloreztatzailearen laguntza ere izan dut komiki hauek garatzeko orduan. Oso esperientzia polita izaten ari da.

Orain, berriro ere 'Berria' egunkarira itzultzera zoaz. Zer egingo duzu bertan?

Ezustean harrapatu nauen gauza bat izan da. Martxelo Otamendirekin topo egin, eta berak bota zidan ideia. Berria-k, mendiari buruz duen Ibilkari kanalean ariko naiz interneten edukia osatuz. Azken boladan nahiko geldirik egon den kanala izan da, eta bultzadatxo bat emateko asmoarekin hasiko gara bertan. 1994an hasi ginen lekura itzuliko naiz berriro, eta oso gogotsu nago ideiarekin. Gauza berriak ikasteko aukera paregabea izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!