2022ko mendi lasterketak amaitu eta atseden hartzen ari da Hasan Ait Chaou (Todgha, Maroko, 1977) azken hilabetean. Iaz, euskal selekzioa uzteko erabakia hartu zuen billabonatarrak, baina, erabaki hark ez dio mendian korrika egiten jarraitzeko pasioa alboratu.
2022ko denboraldia ezberdina izan al da?
Ez. Nik, betetzen nauten gauza antzekoak eginez jarraitzen dut, alegia, mendira gerturatzen, lasterketak lagunekin jokatzen, eta lasterketa aurreko eta ondorengo uneetan lagunartean gozatzen. Lehen ere horrela ibiltzen nintzen, eta alde horretatik gauzak ez dira asko aldatu. Ez diot askorik eskatzen nik mendi lasterketei.
Aurten ere denboraldi bikaina osatu duzu.
Bai, ni ere harrituta nago oraindik. Aurtengo denboraldia beste filosofia batekin hartu dut. Gutxiago entrenatu dut, baina, entrenamenduak kalitatezkoak izan dira. Lortutako emaitzak eta sentsazioak bikainak izan dira, eta gorputzak ere ondo erantzun du. Urte batzuetan behintzat lehiatzen jarraitzeko aukera izatea espero dut.
Azken hamar urteetan euskal selekzioarekin lehiatzen aritu zinen iaz arte. Gogorra izan zen selekzioa uzteko erabakia hartzea?
Gogorrena, selekzioa utzi genuen bezala uztea izan zen. Urte asko egin nituen selekzioan, asko gozatu dut urte hauetan guztietan, eta lagun mordo bat utzi dit mendiak. Eta niretzat hori da garrantzitsuena. Baina selekzioa utzi genuen moduan utzi beharra, oso gogorra izan zen gu guztiontzat. Nik, nire bidea amaitutzat ematen nuen, baina, hautatzaileek nire esperientzia baliatu nahi zuten gazteenganako trasmisioa egiteko. Baina, ez genuen aukerarik izan. Horrek pena handia eman izan dit.
Nola amesten zenuen euskal selekzioko agurra?
Uste dut beste amaiera bat merezi genuela. Minduta gaude erabaki hura hartu genuen guztiak. Ulertzen dut zuzendaritza berrikoak gauza berriak egin nahi izatea edo aldatzea, baina, moduak ez ziren batere onak izan. Iruditzen zait beste bide batzuk bazeudela gauzak ondo egiteko. Nire agurra, aldiz, bazkari batean agur esanez, eta lagunartean amesten nuen. Zoritxarrez, beste modu batean agurtu behar izan dut.
Urte batzuk badira korrika egiteari utzi egin behar zeniola esaten zenuela. Gorputzez sasoiko al zaude?
Lehen iturgin bezala aritzen nintzen lanean, eta eguna oso oso nekatuta amaitzen nuen. Askotan, hamar edo hamaika ordu lanean ibili, eta entrenatzera joan behar izaten nuen, eta hori oso gogorra zen. Lanez aldatu nuenean berriz, gauzak asko aldatu ziren. Orain, denbora gehiago daukat familiarentzat eta niretzat, eta, gainera, alaba ere koskortuta daukat. Alde horretatik askoz ere lasaiago nabil.
Etxean, emaztea eta alaba ere kirolariak dira.
Bai, eta esan dezaket emaztea ni baino askoz ere kirolariagoa dela. Kirolik gabe ezingo luke bizi! Txikitatik familian oso kirolariak izan dira, eta gure alabak ere ez du beste erremediorik izan [barrezka]. Bizikletan eta igeri ibiltzen da, eta triatloi batzuk ere egin nahi dituela esaten digu. Oraingoz gustura dabil, eta, nik, besterik ez diot esaten; kirolean gozatzen jarraitzeko! Kirola, ondo pasatzeko eta lagunak egiteko da, eta balore horiek ezin ditugu galdu. Nik hori transmititu nahi diot alabari ere. Gainera, kirola bere neurrian egitea oso ona da. Jarrai dezala!
Baloreak aipatuta, iruditzen zaizu azken urteetan mendiko baloreak galdu egin direla?
Ez nuke esango. Egia da, mendi lasterketetako korrikalari kopurua handitu egin dela. Lehen, askoz ere jende gutxiago ibiltzen zen mendian korrika. Geroz eta jende gehiago aritu, gauzak edo balioak gutxiago errespetatzeko portzentaia areagotu egin daiteke. Halere, gure esku ere badago mendiko balore horien transmisioa ondo egitea.
Gaur egungo gizartean kirola egitea ohikoa da, baina, zu gaztea zinenean, Marokon ez omen zegoen ondo ikusita korrika ibiltzea.
Bai, hala zen! Orain gauzak asko aldatu dira han ere, baina, gure gazte garaietan horrela zen. Ni, orduan, gehienbat futbolean aritzen nintzen, eta entrenatzera goizeko lauetan joaten ginen inork ez ikusteko. Eta baten batek ikusten bagintu, halaxe esaten zigun: «Ez al daukazue zeregin hoberik? Erotuta al zaudete?» Oso ezberdina zen egoera, baina, Euskal Herrian ere aipatu izan didate orain dela urte dezente antzeko zerbait zela.
Futbola aipatu duzu, baina, han korrika egiten al zenuen?
Ez, bereziki! Halere, egunero hamabi kilometro egiten nituen eskolara joateko, bi joan-etorritan, beraz, ia egun guztia korrika pasatzen genuen. Gaur egun, egoera ezberdina da. Bertan bizi diren askok ez dute ezer egiten, ia ez dute kirolik egiten, eta asko eta asko gizenak daude. Europako ohitura txarrak ere azkar hedatzen dira hara. Alde horretatik ez dut uste gauzak onerako aldatu direnik.
Behin korrika hasi zinenetik, ez zara asko gelditu. Lehenik errepidean aritu zinen, eta ondoren mendiko lasterketetara egin zenuen jauzi. Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen mendi lasterketa luzea?
Gogoratuko ez dut ba! 2010 urtea izango zen, eta Camille Extreme (Izaba, Nafarroa, 31,6 kilometro, +2.044 metro) lasterketan izan zen. Hura entrenatzeko, Loatzoko igoerako lasterketa egin nuen. Nahiko ondo amaitu nuen. Izabakoa beste kontu bat izan zen. Lasterketa amaitu nuen, baina, helmuga zeharkatu bezain laster, anbulantzian sartu ninduten Iruñeko ospitalera eramateko. Izugarrizko deshidratazioarekin amaitu nuen. Handik hiru urtera, berriro ere itzuli nintzen, eta irabazteko aukera izan nuen.
Korrika egiteaz gain, aurten, Villabona-Amasako Triku Harri mendi lasterketan ere ikusi zaitugu antolatzaile gisara. Zer moduz ikusten dira lasterketak beste aldetik?
Beste aldea ere oso gogorra da! Dena ondo ateratzea espero izaten da, eta horrek ere urduritasuna ekartzen du. Beti dago ardura, eta lasterketa amaitu arte ez da bat lasai egoten. Tentsio handia izaten da, baina, ilusioa gainezka daukagu.
Euskal Herrian jada errotuta zauden arren, faltan botatzen duzu oraindik Maroko?
Hango gauza batzuk oraindik ere faltan botatzen ditut, batik bat, ama eta familia, lagunak, eta bertako lurra. Halere, ezin naiz kexatu. Euskal Herrian familia bat osatu dut, eta oso gustura nago hemen. Leku ederrean amaitu dut!