Azken hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko mendi korrikalari onenetakoa izan zen Leire Agirrezabala (Ibarra, 1990). Garaipenez eta laudorioez gain, kirolaren beste aldea ezagutzea ere egokitu zitzaion. Orain, dortsalaren presiorik gabe gozatzen jarraitzen du mendian. Andeak ezagutzeko aitzakian egindako bidaia luze batetik itzulita elkartu da Ataria-rekin.
Hilabete batzuk kanpoan pasa dituzu. Nondik barrena ibili zara?
Betidanik izan dut bidaia luze bat egiteko gogoa. Une egokia eta bidelagun egokia tokatu zaizkit oraingoan, eta behingoz ametsa betetzeko aukera izan dut. Hego Amerikan barrena ibili gara. Lehen asmoa, Peru, Ekuador eta Bolivia bisitatzea zen, eta, ondoren, eta denbora bagenu, beste herrialderen batzuk. Joanerako txartela hartu genuen, baina itzulerakoa ez. Nahi genuena eginez ibili gara.
Zein asmorekin joan zineten?
Herrialdeak ezagutzeaz gain, mendian ere ibili nahi genuen. Konturatu nintzen ez zela jendeak askotan egindako bidaia bat, eta bidean aurkitutako jendeak galdetzen zigun ea nola moldatu ginen mendiko materialarekin. Oso bidaia positiboa izan da, eta uste baino hobeto moldatu gara. Azkenean, hiru hilabete inguru pasa ditugu kanpoan.
Zer bilatzen zenuen bidai honekin?
Esperientzia berri baten bila joan naiz lehenik, eta leku berriak deskubritzeko ilusioa neraman gainera. Beti gustatu izan zait asko bidaiatzea, eta bertako kultura eta leku ezberdinak ezagutzea. Asmo horrekin joan ginen, eta Andeetan ibiltzeko ere irrika generaman. Zoragarriak iruditu zaizkit Andeak. Mendi ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, eta paisaia antzeko batzuk bai, baina, oso ezberdinak ere aurkitu ditugu.
Pirinioak, Alpeak, eta orain Andeak. Noizko Himalaia?
Gaur gaurkoz ez daukat Himalaiarako asmorik. Altuerak ezberdintzen ditu mendikate hauek, eta, esaterako, Andeetan, lau milako, bost milako eta sei milako mendiak aurkitu ditzakezu. Alpeetan, aldiz, gehienez ere bost mila metrora iritsi zaitezke. Andeetan ere konturatu naiz, zailtasuna bilatzen duenak baduela zer igo, ez dago Himalaiara joan beharrik.
Horrelako bidaia bat egiteko ezinbestekoa al da bidelagun ona aukeratzea?
Bai, ezinbestekoa da. Nire kasuan, bidaiaren gauzarik onena bidelaguna bera izan da. Bidelagun on batek asko markatzen du bidaia bera, eta bertan bizitakoa.
Zer aurkitu duzu Hego Amerikan?
Konturatu naiz jende askok biziraun egiten duela. Jende heldu asko bizi da oraindik ere lanean, erretirorik gabe, ahal duena saltzen. Bizi osoan lanean aritu arren, oraindik ere horrelako irudiak ikustea oso gogorra egin zait. Pribilegiatu bat sentitu naiz. Bolivian oso hotzak dira turistekin; Ekuadorren aldiz, begirune handiagoa dute turistekin, nahiz eta mendian arazo batzuk izan genituen. Perun berriz, askoz ere ohituagoak daude turistekin. Diru- iturri bezala ikusten gaituzte. Koronabirusak min handia egin die orokorrean, eta bertako mendietan asko nabaritu dute.
Bederatzi urte dira jada mendian korrika hasi zinenetik. Denok gogoan daukagu oraindik ere 2013ko Leitzako Euskal Herria Mendi Erronkan (65 kilometro, +3.600 metro) egin zenuen erakustaldia.
Ederki gogoratzen dut, nire urtebetetze bezpera baitzen. Orduan ez nengoen ohituta mendian korrika ibiltzera, eta are gutxiago egun hartan egin zuen eguraldiarekin. Nire lehen asmoa, Lekunberrira (42. kilometroa) iristea zen. Aurretik maratoia ere egindakoa nintzen, eta banekien hara behintzat iristeko aukerak banituela. Azkenean, helmugara iristeko eta irabazteko aukera izan nuen. Oso egun surrealista izan zen. Lehen postuan ipini nintzenean, oso barneratuta neukan ez nuela lehen postuan amaituko. Dena ondo atera zen.
Garaipena lortu eta ordu gutxira, euskal selekziotik deitu zizuten.
Bai, ez nuen garaipena barneratzeko aukerarik ere izan. Ezin nuen sinistu ere egin! Beste mundu batean sartzera nindoan. Mendian lasaitasuna aurkitzen nuen, baina, garaipen hark kontrako efektua eragin zuen.
Hiru hilabete beranduago, Espainiako Kopako txapeldun izan zinen.
Bai, eta hura oraindik ere surrealistagoa zen! Helburua izatera ere ez zen iritsi hura. Oso sentsazio arraroa izan zen. Oraindik ere askotan pentsatzen dut gertaera hartaz. Inoiz imajinatuko ez nukeen gertaera izan zen. Konturatzerako, nazioartean lehiatzen ari nintzen, eta, gainera, emaitza nahiko txukunekin. Sinesgarritasun pixka bat eman zidaten emaitza haiek, ordura arte kasualitatez lortutakoak zirela pentsatzen bainuen. Mundu berria zen hura niretzat.
Oso denbora gutxian, gehienek, Oihana Kortazarren oinordeko izendatu zintuzten. Nola kudeatu zenuen hura?
Ez nuen ezertarako denborarik izan. Halere, zailena, hurrengo urtea izan zen. Aurreko urteko emaitzak mantentzea ez da batere erraza izaten. Oso zaila izan zen urte hura.
Ordura arteko exijentzia asko areagotu al zen?
Bai. Nire buruari gehiago exijitzen hasi nintzen, eta hori ere ez da batere erraza ondo kudeatzen. Ez nuen jakin hura ondo eramaten. Ez nengoen prestatuta. Ziur nago, orain dudan esperientziarekin ezberdin jokatuko nukeela, baina orduan hala egin nuen. Korrika hasi eta bost hilabetera, lau edo bost talderen eskaintzak nituen. Ezin sinisturik ibili nintzen. Euskal selekzioan gelditzea erabaki nuen, eta ondo hartutako erabakia izan zen.
Kanpoan lehiatzen hasteak onura baino kalte gehiago egin al zizun?
Ez dakit. Beti pentsatu izan dut nik nahi nuena, onenekin lehiatzea zela. Nik nahi izan nuen maila horretan lehiatu, nahiz eta jakitun nintzen asko exijituko ninduela. Geroz eta emaitza hobeak lortu, gauza asko zalantzan jartzen hasi nintzen. Jendeak gehiago sinisten zuen nigan, nik sinisten nuena baino. Goi-mailako kirolaria izateko fisikoaz gain beste gauza asko ere kontrolatu behar izaten dira.
Ia hamar urte igaro dira urte haietatik. Nola gogoratzen dituzu?
Ez ditut une txarrak bakarrik gogoratzen. Gauza asko ikasteko balio izan zidan, eta horrek bizitzarako ere asko balio du.
Denbora baterako dortsalak ezkutatu zenituenean, pisu handia kendu al zenuen gainetik?
Lehiaketarekin beti izan dut zalantza gustuko nuen edo ez. Lehiakorra naizela konturatu naiz, nahiz eta askotan neure buruari hori ez sinestarazi. Publikoari begira lasaitasuna sentitu nuen. Lehiaketak utzi eta lehen urtea oraindik ere gogorra izan zen. Gaur egun, beste modu batzuk aurkitu ditut nire burua estutzeko.
Gaur egun zerekin gozatzen duzu?
Gauza askorekin. Besterik gabe, lasai egotearekin, liburu bat irakurtzearekin, korrika egitearekin, mendira joatearekin…
Zer eskatzen diozu bizitzari?
Osasuna eskatzen diot gehienbat, bai niretzat eta baita ingurukoentzat ere. Gauzak egiteko ilusioari ere eutsi nahi diot.