Elkarrizketa

«Gure lehentasuna bezeroaren segurtasuna bermatzea da»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2022ko aza. 2a, 09:45

Eskiatzea maite du Iraitz Ezkergain tolosarrak eta bere pasioa ogibide bihurtzeko aukera izan zuen duela urte batzuk. Tolosa, Baqueira Beret eta Norvegiako Lofoten irla ditu bizitoki.

Tolosan harrapatu du ATARIA-k Iraitz Ezkergain (Tolosa, 1978). Bere mendiko gidari lanagatik, denbora asko pasa behar izaten du Euskal Herritik kanpo. Bere gaur egungo ogibideaz hitz egiteko aukera izan dugu 'Ataria Irratia'-ko Mendikatea saioan. Benetako pasioaz bizi du bere lana.

Ez da erreza zu etxean harrapatzea.
Ez, nahiz eta orain aita naizenetik, geroz eta denbora gehiago pasatzen dudan etxe inguruan. Urte askotan, denboraldi gehiena etxetik kanpo pasatzen nuen, baina, orain, uda eta udazkena etxean igarotzen saiatzen naiz ahal dudan heinean.

2009an hartutako bizi erabaki baten ondorioz hasi zinen mendi gidari lanetan. Nondik etorri zen erabakia?
Oso gaztetatik pasa nahi izan dut negu osoa eskiatzen, nire ametsa izan da. Mendi gidari izan aurretik, elektrikari lanetan aritu nintzen. Hasierako urteetan gainera, autonomoa izan nintzen, eta horrek badakigu zer dakarren, alegia, lan asko eta opor gutxi egitea. Eskiatzea pasioa zen niretzat eta negua motz gelditzen zitzaidan beti. Haietako urte batean, La Grave (Alpeak, Frantzia) eski estazioan pasa nuen denboraldi bat lagun batzuekin. Han konturatu nintzen hura zela nire lekua. Handik etxerako bidean, jada erabaki nuen dena emango nuela berriro itzultzeko.

Eta itzuli zinen.
Bai. Urte oso bat lanean pasa eta gero, hara itzuli nintzen berriro. Ingelesik eta frantsesik jakin gabe joan nintzen hara. Urtebeteko eszedentzia izango zela pentsatzen nuen, eta, ondoren, berriro ere lanera itzuliko nintzela. Baina han ikusi nuen jendeak gustuko gauzak egiten bizimodua aurrera ateratzen zuela. Nik ere horrela bizi nahi nuela erabaki nuen. Jada ez nintzen lanera itzuli.

Han erabaki zenuen mendi gidari izan nahi zenuela?
Bai, baina konturatu nintzen ingelesa eta frantsesa ikastea ezinbestekoa zela. Titulu guztiak Espainian atera nituen, gehienbat, hizkuntzarekin errazagoa egingo zitzaidalako. Benasquen (Aragoi, Espainia) eta Herrialde Katalanetan egin nituen ikasketa guztiak. Tituluekin batera, bi hizkuntzak menderatzeko adina ikasi nuen.

La Graveko egonaldia biziki gogoratzen omen duzu.
Bai, zortzi urte izan ziren guztira, eta, haietatik sei furgonetan eta autokarabanan bizitzen pasa nituen. Teleferikoko aparkalekuan egon nintzen, eta oraindik, askotan faltan botatzen dut hura. Ikasten nengoen bitartean, askotan pentsatzen nuen, egunen batean dena okertuz gero, bi hizkuntza behintzat ikasi nituela [barreak]. Hori ere bizitzaren zati bat da. Gaur egun konturatu naiz hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua dela. La Grave oso gustuko dudan lekua da. Oroitzapen bikainak ditut leku hartaz.

Askotan itzuli al zara?
Saiatzen naiz, ahal dudan guztietan joaten naiz. Urtero joan izan naiz, pandemiako urtea kenduta. Bertan lagun asko dauzkat, eta haien beharra ere badaukat askotan.

Ez dakien bati, nola esplikatuko zenioke zein den mendi gidari baten lana?
Gure lehen puntua, bezeroaren segurtasuna bermatzea da. Askok uste dute, mendi gidari bat kontratatuta, joan nahi duzun leku horretara ziur iritsiko zarela. Bezeroari berme bat eman behar dio gidariak, eta hori da lehen pauso garrantzitsua. Mendiko baldintzak interpretatzea oso garrantzitsua da, eta bezeroaren ahalmena zein den ikustea ere ezinbestekoa da. Askori iruditzen zaie edozer gauza egiteko prestatuta daudela, baina, gero martxan jartzen direnean ez da horrela izaten. Pentsatuta zeukaten erronka egiteko gaitasunik ez daukatela esan behar izaten dugu batzuetan.

Hori al da gauzarik gogorrenetakoa?
Ez zait askotan tokatu egia esan, baina, bai, hori da gauzarik gogorrenetako bat. Eskiatzen inoiz ez diot inorri horrelakorik esan, baina Norvegian baten bati esan behar izan diot. Batzuek ulertzen dute, baina asko dira ulertu nahi ez dutenak. Beste batzuetan, bezeroa bera konturatzen da ezinezkoa izango duela amestutako lekura iristea. Horrelakoetan lasaitasuna sentitzen da.

Bezeroek helburuak lortzen dituzteneko poz hori partekatzea ere ederra izango da.
Bai, hori ederra da! Beteta sentitzen gara. Askok, negar ere egiten dute helburuak lortzean. Ez dago Himalaiaraino joan beharrik barne poz hori lortzeko. Bakoitzak bere helburu xumeak izaten ditu, eta hori lortzeko laguntza emateak izugarrizko gorakada ematen digu. Une horiek bizitzeko aukera izatea da lan honetan hastearen arrazoietako bat. Momentu horietan lortzen dugu benetako zoriontasuna.

Gaur egun, nola antolatzen duzu lana?
2016. urtean hanka apurtu nuen eta ordutik beste modu batera ari naiz lanean. Orain, abendutik otsailaren amaierara arte, Baqueira Bereten (Lleida, Herrialde Katalanak) egoten naiz lanean. Ondoren, martxoaren lehen astea eta gero, Norvegiako Lofoten irlara joaten naiz. Apirilaren amaierara arte egoten naiz bertan.

Zure lanak zenbat dauka fisikotik eta zenbat psikologikotik?
an honetan hastera nindoanean uste nuen ehuneko handi batean lan fisikoa izango zela. Denborarekin, ordea, konturatu naiz aurkakoa dela. Psikologikotik dezente gehiago dauka fisikotik baino. Batzuetan, psikologikoki zeharo hustuta gelditzen gara. Denboraldi baten amaieran, eta lan asko egin ondoren, umorea ere aldatzen da. Askotan ez da brometarako gogorik ere izaten.

Zuen lanarekiko pasioa izatea ezinbestekoa dela diote mendi gidari askok. Zuk ere berdin pentsatzen al duzu?
Bai, zalantzarik gabe! Egun guztian jendearekin kontaktuan gaude, dena partekatzen dugu, eta denak ez gara berdinak. Arriskua kudeatzeko estresa ere eramaten jakin behar izaten da, eta, bai, langintza honetan pasioa izatea nahita nahiezkoa da. Pasioa galtzen duzunean oso arriskutsua izan daiteke. Bezeroari ez diozu emango kalitaterik, eta arriskua ere asko areagotu daiteke. Pasioa galtzen dudanean onena erretiratzea izango da.

Aipatu duzu pasioz bizi duzula ogibidea, baina nola bizi dute etxekoek?
Gaur egungo bikoteak jada ogibide honetan ezagutu ninduen. Aita ere izan nintzen, eta denbora baterako kanpora noanean ez dute ondo pasatzen. Oraindik ere behar handia dauka semeak gurekiko, eta oso gogorra izaten da zama guzti hori batek bakarrik eraman behar izatea. Gurasoek eta bikoteak beldurra pasatzen dute ni kanpoan nagoenean, baina, badakite, gaur egungo ogibide hau gabe ez nintzela ni izango. Gaur gaurkoz horrela jarraitzeko asmoa daukat.

Mendiko gidarien lana ondo ordaindua izaten da, baina horretarako lana egin behar da.
Hala da bai. Baqueiran, esaterako, inor ez da eztabaidan sartzen diruagatik. Euskal Herrian berriz, dena tratua izaten da. Oso barneratua daukagu prezioekin tratuan aritzearena eta badira urte batzuk erabaki nuela joko horretan ez sartzea. Gaur egun, erreserba egiterako %30 aurreratzea eskatzen diet bezeroei. Erabaki hura hartu nuenetik, dena hobeto doa. Filtro ona da dirua aurreratzearena. Azken unean atzera botatzen badira ere, dirurik behintzat ez duzu galduko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!