Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Oholtzapetik: Final-laurdenen amaieran

Txapelketa Nagusiko final-laurdenak amaitzeko saio bakarra falta den honetan orain artekoari buruzko iritzia eta datorrenaren inguruko ikuspegia eskatu dizkidate Atariako lagunek.

Egia esan, orain artekoari buruzko nahiko irudi lausoa daukat. Batetik, ez dudalako saio guztietan egoterik izan eta internetez jarraitzean, gehienek bezala, bertan egondako lagunek ahotan izandako bertsoaldiak entzuteko joera dudalako. Eta bestetik, denborak ere momentuko pertzepzioan jasotako irudiak distortsionatzen dituelako.

Joan den asteburuko saioei begira jarrita Zallan Miren Amurizak ez zuen hutsik egin. Aldiz, Odei Barrosok eta Onintza Enbeitak puntu gehixeago lortuko zituztela esperoko zuen zenbaitek. Zumaian, berriz, Nerea Ibarzabalek harrituko zituen zenbait bertsozale,  txapelketan faltan botatzen den bertsokera eta jarrera freskoarekin puntu mordoxka eta saioko lehen postua eraman baitzituen. Bigarren sailkatu zen Nahikari Gabilondo beti bezain seguru, eta Miren Artetxek hirugarren postua lortu zuen saioari distira puntu politak jarrita. Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan zen bere mailaz koska bat azpitik ibili zena, gaiek ere ez zioten asko lagundu oiartzuarrari eta txapelketari agur esan behar izan zion azken Gipuzkoakoan finalista izan zenak.

Orain artekoa ikusita zera esango nuke: hain izen handirik ez duten bertsolariek edo, nolabait esanda, eurengandik hainbesteko maila espero ez zen bertsolariek erakutsi dutela txapelketarako prestakuntza serioa egin dutela. Etxekoei dagokienean uste dut gustura egoteko moduan garela. Mikel Artola da oraingoz final erdietatik kanpo geratua dagoen bakarra. Beñat Iguaran Tolosako saioan gertatzen denaren zain dago, baina ausartuko nintzateke esatera ondo-bidean barruan izango dela. Eta zer esanik ez Oihana iguarani buruz, final-laurdenetako puntuazio altuena lortu baitu.

Tolosako saioaren ostean jakingo dugu zeintzuk izango diren final erdietan kantatuko duten bertsolariak. Sarrera denak saldu dira eta Tolosako Beotibar pilotalekuak aspaldiko urteetan falta izan duen bertso giroz gainezka egingo du etziko saioarekin.

Txapelketak aurrera darrai eta galbahea pasa duten bertsolariengandik euren onena espero dut. Normala den bezala, finalaurrekoetan saio hobeak izango direnaren ustea dut. Ikuskizunak. beraz, aurrera darrai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!