Saioa indartsu hasi zen zortziko handiko ariketarekin. Nereak eta Unaik oso bertsokera sinesgarria erabili zuten jangelako begiraleen paperetik. Felix eta Itturriren ofizioa irristadek narrastu zuten apur bat, erbestean bizi diren biren lekutik aritu ziren etxera itzultzeko aukerari buruz. Handiko hiru bertsoalditan txalotuena Jonek eta Beñatek osatu zutena izan zen, agian. Gaiak honela zion: Asteburu oro irteten zarete elkarrekin bizikletaz ibiltzera, joan den astean txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasatu berri zarete». Nabarmentzekoa amasarraren bigarrena. Honela amaitu zuen: «Istripu hauxe istripua da/ ta hola hartu beharko / bestela askotan gure etxetik / ez ginake aterako».
Zortziko txikiko ofizioetan eta puntu erantzunetan saioa erori egin zen. Jon Martin izan zen puntu erantzuneko ariketa ondo egin zuen bakarra. Hamarreko txikian fin aritu ziren guztiak eta Felixek eta Beñatek egin zuten umorezko ofizioarekin barreak entzun ziren publikoaren txalo artean. Kartzelako gaiak honela zion: «Prentsaurreko bat ematen ari zara, galderen tartean azken galdera bat egin dizute, erantzun gabe alde egin duzu». Gaia txapelketan entzuten ohituta gauden kartzelako gaiak baino estuxeagoa, bertsolariari bere istorioa asmatzeko aukera gutxiago ematen ziena. Hala ere, bide ezberdinak hartu zituzten. Beñatek txalo uholdea bereganatu zuen Mikel Goñiren azalean jarrita, pertsonaiaren goitik beherako deskribapena umorez eginez.
Eta amaieran epaile talde honek epaitutako saioetan bertsokera lirikoa beste bertsokerekin alderatuz gehixeago baloratzen denaren sentsazioa. Iritziak iritzi eta sentsazioak sentsazio Beñatek finalaurrekoetan sartzeko aukera handiak ditu, eta bertsozaleok datorren asteburuan jarrita dauzkagu begiak.